128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

209/2021 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpena; ebazpen horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean antolatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ebazpen horretan ezarri zen zer egunetik aurrera egiten ahalko ziren kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletako lehiaketa ofizialak Nafarroan, kadete kategoriara arte.

Gero, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 10eko 129/2021 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen lehiaketa ofizialak egiten hasteko Nafarroan, haur eta kimuen kategorietan.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 25eko 163/2021 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen gainerako lehiaketa ofizialak egiten hasteko Nafarroan, eta otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren zenbait alderdi aldatu ziren.

Orduz geroztik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Zaintza Epidemiologikoaren asteroko txostenetan emandako datuen arabera, gora egin du kutsatze kopuruak Foru Komunitate osoan, eta alerta eta larritasun maila areagotu egin da, ospitaleratze gehiago eraginez. Azken 14 egunean metatutako intzidentzia 408 kasukoa da 100.000 biztanleko. Horrek esan nahi du Foru Komunitateko egoera arrisku oso handikoa dela, halakoa baita kalifikazioa 250 kasuko intzidentziaren langa gainditzen denean. Era berean, azken 7 egunean pilatutako intzidentziari dagokionez, Nafarroan 179 kasu daude 100.000 biztanleko, hots, arrisku oso altua dakarren 125 kasuren kopurutik gora. Horrez gain, ospitaleetako presioa oso handia da oraindik. Hala ere, azken astean Nafarroan izan diren koronabirus kasu positibo berrien kopuruak % 21 egin du behera.

Nolanahi ere, ez da agerpenik edo arriskurik atzeman kirol jarduera betetzean. Hori horrela, eta txertatze kanpainaren garapena ere kontuan hartuta, aukera dago kirol esparruan hartutako neurriak pixkanaka malgutzen segitzeko, zuhurtziaz betiere. Nafarroako lehiaketa ofizial guztiak behin hasita daudela, bidezkoa da orain lehiaketa ez ofizial mota guztiak antolatu eta egiteko baimena ematea, bai kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan bai bestelakoetan, baldin eta horien antolatzaileak nortasun juridikoa duten entitate publiko eta pribatuak badira eta jarduketa protokolo bat badute, osasun arriskuak saihesteko hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Proposatutako neurri guztiek bai Nafarroako Foru Komunitateko presidenteak, bai Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitakoak errespetatzen dituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskineko 9. apartatua, testu hau izan dezan:

“9. Nafarroako lehiaketa ez ofizialak egitea.

9.1. Mota guztietako kiroletan, Nafarroako lehiaketa ez ofizialak egiten ahalko dira, baldin eta antolatzaileak nortasun juridikoa duten entitate publikoak edo pribatuak badira.

Nafarroako Foru Komunitatean kirol lehiaketa ez ofizial bat antolatu eta egin nahi duen entitateak aldez aurretik jarduketa protokolo bat igorri beharko du Nafarroako Kirol Institutura. Protokolo horretan, inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun agintariek ezarritako irizpideekin bat. Nafarroako Kirolaren Institutuak, aurkeztutako protokoloa ikusita, lehiaketa egiteari baiezkoa edo ezezkoa ematen ahalko dio, eta, bigarren kasuan, entitate antolatzeari eskatu egokitu ditzala inplikatutako guztien osasuna babesteko beharrezkoak diren alderdiak.

9.2. Lehiaketa ez ofizialei aplikatuko zaizkie lehiaketa ofizialetarako parte-hartzaileen aforoari dagokionez ezarritako neurriak (Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskineko 3. eta 4. puntuak). Halaber, aplikatuko dira ikusleen aforoari, ordutegiei eta aldagelen eta dutxen erabilerari dagozkien neurriak ere, hain zuzen ere Osasun Departamentuak kirol lehiaketetarako onesten dituenak.

Kirol instalazioetako aldagela eta dutxak erabiltzea baimenduta dagoen kasuetan, bermatu beharko da erabiltzaile bakoitzak gutxienez 4 metro koadroko tokia duela, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal dela.

9.3. Proba eta lehiaketa ez ofizialak egiten diren bitartean, entitate antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek betetzen dituztela Osasun Departamentuak onetsi dituen prebentzio neurri guztiak. Horien artean hauek daude: maskarak behar bezala erabiltzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea; eskuak garbitzea soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz, bai eta jatekoak eta edatekoak debekatzea ere.

Proba eta lehiaketa ez ofizialak egiten ari diren bitartean kirolariek ezin izanen dute bertaratutakoekin inolako kontaktu fisikorik izan, eta momentu oro pertsonen artean eskatutako distantzia errespetatu beharko dute.

2. Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirolaren Zuzendariordetzara eta Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2106693