128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2021 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez mugatzen baita Lodosan (Nafarroa) dagoen “Velascoren dorrea” izeneko higiezinaren babes eremua –“Radaren dorrea” edo “Sartagudako dorrea” ere esaten zaio– eta epea irekitzen baita haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Arkitektonikoaren Atalak proposatzen du mugatzea Lodosan dagoen “Velascoren dorrea” izeneko higiezinaren babes eremua –“Radaren dorrea” edo “Sartagudako dorrea” ere esaten zaio–, dorrea interes kulturaleko ondasun deklaratu baitzen 1949ko apirilaren 22ko Dekretuaren bidez (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak berronetsia).

Arnedoko jauna zen Sancho Fernández de Velascok eraiki zuen Velascoren dorrea 1487an, eraikin handi eta iraunkor gisa, defentsarako, Velascotarren leinuak Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan zeukan ezarpenaren ikur. “Radaren dorrea” izenak erreferentzia egiten dio XX. mendean dorrean bizi izan zen kolono familia bati, eta “Sartagudako dorrea” izenak, berriz, herri horren aurrean kokatua egoteari.

Dorrea oinplano karratukoa da eta eskualdeko hareharriz eta kareharriz eraiki zen. Inguruko murruak harlanduxkoak eta harri-hormakoak dira, eta izkinetan harlandua dute. Matakanak zituzten erremate gisa, eta horien babesa (estalkia eta gezileihoak zituena) biribilki formako modiloien gainean zegoen. Horien aztarnak daude hego-ekialdeko altxaeran batez ere, garai horretako defentsa-dorre batzuetan gertatzen den bezala. XVI. mendearen bigarren zatiko kapera bat dago, aurritan, hego-ekialdeko fatxadari atxikita. Oinplano angeluzuzenekoa da eta hiru horma-bular ditu, bat erdian eta beste biak izkinan biraturik. Egun ez du estalkirik, baina barnealdean badaude oraindik txantiloiko adreiluen abiatzeak, eraikina estaltzen zuten adreiluzko gangen nerbioekin bat egiten zutenak.

Dorrea Udalaren titulartasunekoa da eta Lodosako 11. poligonoko 837. lurzatiaren B azpilurzatian dago. Honako hauek dira dorrearen UTM koordenatuak: x: 576.294; y: 4.692.588.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Lodosako udalerrian dagoen Velascoren dorrearen babes eremua zehazten dute, batetik, lurzati hauetako bakoitzaren zati batek: 837. lurzatia (dorrea bera izan ezik) eta 838., 947. eta 964. lurzatiak, Lodosako udalerriko 11. poligonokoak; bestetik, lurzati hauek oso-osorik: 830., 842., 843., 849., 850., 851., 852., 950. eta 951. lurzatiak, horiek ere Lodosako udalerriko 11. poligonokoak; eta, azkenik, muga horien barnean dauden herri bideen eremuak. Erantsitako planoan jasotzen da eremuaren mugaketa grafikoa.

Hau da ukituen zerrenda:

–Lodosako Udala.

–La Torre ureztatze sindikatua.

–Regina Martínez Gómez.

–Francisco Javier Aguirre Rojas, María Jesús Aguirre Rojas, María Teresa Aguirre Rojas eta Alfredo Escudero Ricote.

–Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAU.

–José Antonio Benito Martínez.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko eta, bestetik, bertatik ikusten den panoramika babesteko.

Eremu horretarako honako babes neurriak proposatzen dira:

1. Dorreari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, nahitaezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea higiezinean esku hartzeko.

2. Inguruari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, nahitaezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea mugatutako eremuan esku hartzeko, eta ezartzen da babes eremu gisa mugatutako esparruan ez dela eraikinik ez instalaziorik jarriko.

14/2005 Foru Legearen 19.1.d) artikuluarekin bat, aditzera emanen da espedientea irekitzearekin batera bertan behera utziko direla ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak, baita emanak daudenen ondorioak ere. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

Hortaz, proposatzen da Velascoren dorrearen –Radarena edo Sartagudakoa ere esaten zaio– behin-behineko babes eremua mugatzea eta horren tramitazioari hasiera ematea”.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Mugatzea Lodosan (Nafarroa) dagoen Velascoren dorrearen babes eremua –Radaren dorrea edo Sartagudako dorrea ere esaten zaio–, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen ataleko hitzez-hitzeko deskribapenarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Lodosako Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak, bai eta emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d) artikuluan xedaturikoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 15ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Dokumentazio grafikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2106154