128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

446E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Milagroko Udal Planaren (SI-1 sektorea, SI-1.1 lurzoru urbanizagarriko azpisektorea) aldaketa egituratzaile” bati buruzko ingurumen txosten estrategikoa ematen duena. Gelagri Ibérica SL sozietatea da aldaketaren sustatzailea.

Milagroko Udalak 2021eko otsailaren 2an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5f eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Udal Planaren Aldaketaren xedea honako hauetan datza: lehenik, SI 1.1 lurzoru urbanizagarriaren azpisektorearen mugaketa zabaltzea, sarbideko tokiko errepidearen mugakideak eta Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak diren lurzoruak barne hartuta; bigarrenik, eremua bi azpisektoretan banatzea, SI-1.1a eta SI-1.1B azpisektoreetan, garapen independentea izan dezaten; eta hirugarrenik, A azpisektorearen zenbait determinazio egituratzaile aldatzea.

Aldaketaren eraginpeko eremua lurzoru urbanizagarri sektorizatugabearen Industria Sektorean (SI-1.1) sartzen da. Sektore hori aldez aurretik jasota zegoen Udal Plan Orokorrean (indarrean 2011az geroztik), eta industria eremuaren mendebaldeko muturrean dago kokatuta; industria eremua herrira sartzeko NA-8713 errepidean dago oinarrituta. 3. poligonoko 270., 271., 272., 273., 265. eta 266. lurzati osoak eta 238. lurzatiaren zati bat biltzen ditu. Aldaketak 320. lurzatia sartzea proposatzen du. Lurzati hori SI-1 sektorekoa bada ere, gaur egun urbanizatu gabe dago, eta sustatzailearen egungo instalazioak handitzeko eremuaren parte da.

SI-1.1 sektoreak 62.193 m²-ko azalera du, eta bi azpisektoretan zatitzea eta mugatzea proposatzen da. Egungo NA-8713 errepidearen mugarainoko lurzoru zerrenda barne hartzen da horietan, nahiz eta indarreko planeamenduan sektoretik kanpo utzita dauden.

Aldaketaren ingurumen eta paisaia integrazioa lortzeko, ingurumen determinazioak bildu behar dira proposatutako azpisektoreen hirigintza fitxan. Eremua errege altxonbidearen (Ebroko Iraganbide Nagusia) eta Aleppo pinuen basoen artean dago, iparraldean ingurumen aldetik balioa duen baso lurzoru gisa. Aldaketak bi elementuei zuzenean eragiten ez badie ere, kontuan hartu behar da, batetik, errege altxonbidetik zortasunak eratortzen direla, eta bestetik, baso eremu baten mugakidea dela eraginpeko sektorea; izan ere, baso eremu mugakide hori oso zaurgarria da, sute arrisku handia baitakar, eta, gainera, Arreta Bereziko Paisaiaren parte da, 5. LAPeko Paisaiari buruzko dokumentuetan jasota dagoen bezala, eta paisaia kalitatearekin loturiko helburu batzuk ditu ezarrita.

Bi azpisektoreetako Plan Partzialetan sartu beharreko beste alderdietako bat euri uren kudeaketa da, drainatze jasangarriko azterlan batetik abiatuta, lurzoruaren iragazgaiztea minimizatzeko neurriak garatu ahal izateko (aparkalekuak, berdeguneak, etab.).

Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du, plan partzialetarako eta geroagoko garapen baliabideetarako ingurumen neurri lotesleak sartzeko baldintza ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean: “Milagroko Udal Planaren (SI-1 sektorea, SI-1.1 lurzoru urbanizagarriko azpisektorea) aldaketa egituratzaile” bat. Gelagri Ibérica SL sozietatea da aldaketaren sustatzailea.

2. Bi azpisektoreetako Plan Partzialek eta urbanizazio proiektuek ingurumena eta pasaia integratzeko neurri hauek jasoko dituzte determinazio lotesle gisa:

–Azpisektorearen ipar muga. Lurzoru industrialaren eta Aleppo pinuen basoen arteko interfasean, 3. poligonoko 238. lurzatiko pinudiak berdegune gisa mantentzeko aukera baloratuko da. Ezpondak paisaian integratzeko prebentzio neurriak hartu behar dira, lurren betiere mugimendua minimizatuta eta euste ormak edo ezponda bertikalak agertzea saihestuta. Urbanizazio prozesua paisaian integratzeko, ezponden egonkortasuna bermatu behar da, bai eta horiek berriz landareztatzea ere.

Sute arriskuari dagokionez, inguruko babes zerrenda bat instalatuko da, suteekin loturiko kalteberatasuna txikiagotze aldera.

–5. LAParen 71. artikulua –euri urei buruzkoa– aplikatuz, derrigorrean egin beharko da drainatze jasangarriari buruzko azterlan bat. Ondorioz, azpisektoreak garatzeko Plan Partzialek neurri lotesleak jasoko dituzte urbanizazio proiektuetarako, lurzoruaren iragazgaiztea minimizatze aldera (aparkalekuak, berdeguneak, etab.).

–SI-1.1B azpisektorearen mendebaldeko mugan, errege altxonbidearen (Ebroko Iraganbide Nagusia) mugakide den horretan, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoa beteko da, 3 metroko zortasun-eremuari dagokionez, abelbidearen ekialdeko mugatik aurrera zenbatzen hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Milagroko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2107757