127. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/2021 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baitira araudi indardunak justizia arloan Justiziako zuzendari nagusiari ematen dizkion administrazio eskumen batzuk.

Hala ezartzen baitu bere 32.1 d) artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, zuzendari nagusiek ahalmena dute, besteak beste, beharrezkoak diren ebazpenak emateko bere departamentuaren eskumenekoak izanik egitura organikoan zuzendaritza nagusiari esleituta dauden gaietan, baldin eta foru lege horrek ez badizkio gai horiek beste organo bati esleitu.

Otsailaren 10eko 9/2021 Foru Dekretuak, bere artikulu bakarraren zazpigarren apartatuan, Justizia Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra zuzendu, kudeatu eta mantentzeko eginkizuna. 9/2021 Foru Dekretuaren bidez, urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua aldatu zen (horren bidez ezarri zen Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa).

Bestalde, hala ezartzen baitu bere 11. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute esleituta dituzten eskumenen erabiltzea kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Lotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Justizia Zuzendaritza Nagusiko jarduerak arintasunez eta eraginkortasunez egiteko, bidezkotzat jo da Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko araudiak Justiziako zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Horiek horrela, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez emandako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrari dagozkion administrazio-prozedurak ebazteko eskumena. Erregistro hori apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuaren bidez sortu zen.

2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Justiziako zuzendari nagusiak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Justiziako Gizarte Zerbitzuari eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 24an.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

Iragarkiaren kodea: F2108547