126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

130E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Baztango udal mugartean, ura hartu eta Oronoz Mugairiko Mandazenea baserrira eramateko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Maria Concepción Vertiz Osacar da.

2020ko otsailaren 26an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da ur horniketarako azpiegitura bat egitea, Baztango 9. poligonoko 120. lurzatian (Oronoz Mugairi) dagoen Mandazenea baserriari zerbitzua emateko, ura Etxetoko errekatik hartuz (Saraspilleta ingurua, 10. poligonoko 1. lurzatia, baserritik 960 metro ipar-ekialdera). Ibilbidean, Baztango 9. poligonoko 121. lurzatian, 5000 litro ur hartzen dituen andel bat jarriko da, lur azpian.

Jarduketa egiteko, zanga bat irekiko da, eta, bertan, 25 mm-ko diametroa duen polietilenozko hodi bat ezarriko da, 1000 metro luze dena, aipatu baserrira arte.

Trazadurak Etxetoko errekako urak hartzen ditu, 50x50x50 cm-ko bilketa kutxatila baten bidez. Kutxatila horrek ibilgu horretatik kanpo dagoen banaketa kutxatila baterako lotura du, eta, haren barruan, hiru konpartimentutan biltegiratzen eta banatzen da, “Saraspilleta ur erabiltzaileen komunitatea” osatzen duten hiru baserrien adarretarako. Horietako bat Mandazenea baserrira eramanen da. Ura bere ibilgura itzultzen da banaketa kutxatila horretatik igaro ondoren. Hartune horretatik, trazadurak tarte labur bat egiten du pistatik; gero, eskuinetara uzten du, eta haizetearen eraginez eroritako haritz handien arteko bidezidorretik igarotzen da. Pisten bidegurutze batean, eskuineko hegalerantz doan bidea utziko du, belardi zelaian, eta handik, baserriraino joanen da, lurraren sestra kurbei jarraituz, gutxi gorabehera; bertan, belardiak, iralekuak, txilar larreak eta, azkenik, haritz kandudunaren (Qurecus robur) zuhaitz masak zeharkatuko ditu. Zuhaitz horietako batzuek oso oinarri sendoa dute.

Eremu horretako natur baliabideak, bai eta landaredi naturala ere, ez dira nabarmen kaltetuko jarduketa gauzatzean. Oin barreiatuko Quercus robur espezieko zuhaiztietan, zuhaitz horietatik behar bezain urrun proiektatu da trazadura, horien sustraiak eta enborrak ez kaltetzeko beste. Hala ere, lanek eragina izanen dute bi otaditan (Ulex sp.), gutxi gorabehera 20 m²-ko azalerako ukipen eremuarekin. Horrez gain, txilardiak ez diren espezieetako landaredia ukituko da, larre eremutik igarotzean.

Espedientean, Baztango Udalaren txostena, 2020ko otsailaren 6koa, eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostena, 2021eko martxoaren 29koa daude. Ingurumen Inpaktuaren Atalak aldeko txostena egin du, Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Baztango udal mugartean, ura hartu eta Oronoz Mugairiko Mandazenea baserrira eramateko proiektuari. Sustatzailea Maria Concepción Vertiz Osacar da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–2021eko apirilean aurkeztutako dokumentazioan deskribatutako ingurumen neurri zuzentzaileak hartuko dira.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Proiektuak ukitutako zuhaixka naturaleko landarediaren gainazalak lehengoratuko dira, inguruko belar eta zuhaixka formako espezieen nahasketa bat landatuz.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (landaredi naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, eta abar) sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Bidasoako Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 608245812; helbide elektronikoa: gmabidasoa@navarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Baimena emateko, eraikuntzak eta haren erabilerek hirigintza legezkotasuna izan beharko dute. Udalaren eskumenekoa izanen da legezkotasuna duten ala ez erabakitzea.

–Bide publikoen ukipenari dagokionez, lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea bermatuko dira, eta kontuan izanen da lursailaren sestraren gainean azpiegiturari lotutako elementurik egonez gero, horiek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik.

–Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak espedientean, ukitutako ingurumen eta paisaia gaietan, ezartzen dituen neurri eta baldintzak.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean kokatu nahi diren beste jarduera batzuk azpiegitura honekin lotzea.

–Herri-lurren eraginari dagokionez, Herri-lurren Atalaren 2020ko uztailaren 29ko txostena hartuko da kontuan; honela dio txostenak: “instalazioa egin eta lan-baimena eman aurretik, Baztango Batzar Nagusiak okupazioari buruzko espediente bat tramitatu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezartzen denaren arabera. Foru dekretu horrek Nafarroako entitate lokalen ondasun arautegia onetsi zuen. Espedienteak jendaurreko informazioaren tramitea behar du, gutxienez 15 egunez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Halaber, azpiegitura gauzatzean ukitzen ahal diren lurzatien titularrekin adostu beharreko akordioak, baimenak eta abar lortu beharko ditu sustatzaileak.

–Iturburuko ura giza kontsumorako aprobetxatzeko emakidari eta baserriaren isurtzeko baimenari dagokienez, Kantauriko Ur Konfederazioaren baimena izan beharko da, uren arloan indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bortz urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretatik, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Bidasoako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2107620