Iragarkia
126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
44/2021 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez sarrera-proba espezifikoak arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako eta horietarako deialdia egiten baita 2021-2022 ikasturterako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kasuan kasuko titulua eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko direla, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.
Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.
Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.
Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen dituzte Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko probak eta baldintzak ere.
Azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuak Kirol-teknikari eta Goi mailako Kirol-teknikari tituluak ezartzen ditu Arroila-jaitsieraren, Mendi-kirolen eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen ditu.
Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto-futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
Uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuak diziplina hipiko hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen ditu: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik.
Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa), martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifak sortzen dituena, hain zuzen ere, araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa eta “Mendi-kirolak eta eskalada”, “Futbola”, “Diziplina hipikoak” eta “Atletismoa” modalitateetako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa.
Ikusita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2021-2022 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiari buruzkoa, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Errege Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak,
EBAZTEN DUT:
1. Sarrera-proba espezifikoak arautzea, 2021-2022 ikasturteari dagozkionak, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta ukitutako ikastetxeei.
Iruñean, 2021eko maiatzaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Emilio Rodríguez Garraza.
1. ERANSKINA
OINARRIAK
Alderdi orokorrak
1.–Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen bidez, 2021. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2021-2022 ikasturterako.
2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetara sartzeko egiten dira:
a) Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera-zikloa.
b) Erdi Mailako Mendiko erdi mailako bigarren ikasmaila.
c) Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmaila.
d) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.
e) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako hasiera-zikloa.
f) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloa.
g) Atletismoko erdi mailako hasiera-zikloa.
2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.
1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.
2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera-proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.
3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.
3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera-probak.
1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera-proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.
2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai ote diren irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.
3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera-proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako definitzen diren helburuak ere.
Inskripzioa
4.–Sarrera-proba espezifikoetarako inskripzioa.
1. Inskripzioa honela egiten ahalko da:
a) Bertaratuta: aukeratutako kirol ikasketak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboetan.
b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:
–“Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Mendi-kirolak eta Eskalada”.
–“Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Futbola”.
–“Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Atletismoa”.
–“Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Hipika”.
c) Posta elektronikoaren bidez, helbide hauetara igorriz:
IKASTETXEA / HELBIDE ELEKTRONIKOA | KIROL IRAKASKUNTZAK |
Altsasuko “FP Sakana LH” IBP iestexer@educacion.navarra.es | Mendi-ibilietako erdi maila, hasiera-zikloa |
Erdi Mailako Mendiko kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | |
Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | |
Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua) padeportivas@navarra.es | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila Atletismoko kirol teknikaria, hasiera-zikloa Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera- eta bukaera-zikloa |
3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, 2. eranskineko eredua erabiliz. Eredu hori aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan eskura daiteke.
Eskabidea hartzen duen ikastetxeak inskripzioa eskatu izanaren frogagiri bat emanen du.
4. Taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:
EPEA | KIROL IRAKASKUNTZAK |
2021eko ekainaren 3tik 11ra (14:00ak arte), biak barne | Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera-zikloa |
Erdi Mailako Mendiko bigarren maila | |
Eskaladako bigarren maila | |
2021eko ekainaren 1etik 8ra (14:00ak arte), biak barne | Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa |
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako kirol teknikaria, bukaera-zikloa | |
2021eko abuztuaren 30etik irailaren 3ra (14:00ak arte), biak barne | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
2021eko irailaren 2tik 5era (14:00ak arte), biak barne | Atletismoko kirol teknikaria, hasiera-zikloa |
5.–Dokumentazioa.
Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:
–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.
–Erdi mailako edo goi mailako kirol ikasketetan sartzeko eskakizun akademikoa, eskatzen denaren arabera, betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.
–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.
6.–Inskripzio tasak.
Hauek dira probetan inskribatzeko tasak, martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasak eta prezio publikoak, eta abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatu zuen, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzekoak):
a) Sarrera-proba Futboleko erdi mailako lehen ikasmailara eta Atletismoko erdi mailako hasiera-ziklora:
–Tarifa arrunta: 45 euro.
–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 22,50 euro.
–Familia ugari bereziko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera-probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez) edo 2. kategoriako familia ugariko kideak: doan.
b) Sarrera-probak Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera-ziklora, Erdi Mailako Mendiko erdi mailako bigarren ikasmailara, Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmailara, eta Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako hasiera- eta bukaera-zikloetara:
–Tarifa arrunta: 80 euro.
–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 40 euro.
–Familia ugari bereziko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera-probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez) edo 2. kategoriako familia ugariko kideak: doan.
Onartu eta baztertuen zerrenda
7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.
1. Deitutako probetan izangai kopuru hau onartuko da gehienez:
- 35 izangai Mendi-ibilietako hasiera-zikloko probetan.
- 25 izangai Erdi Mailako Mendiko bigarren ikasmailan.
- 15 izangai Eskaladako bigarren ikasmailan.
- 60 izangai Futboleko lehen ikasmailako probetan.
- 25 izangai Hipikako hasiera-zikloko eta Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako bukaera-zikloko proban.
- 25 izangai Atletismoko hasiera-zikloko proban.
2. Inskribatzen diren izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:
a) Sarrera-probak Mendi-ibilietako hasiera-ziklorako, Atletismoko hasiera-ziklorako, Futboleko lehen ikasmailarako eta Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako hasiera- eta bukaera-ziklorako:
–Lehenbizikoa: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Nafarroako Futbol Federazioak, Nafarroako Atletismo Federazioak eta Nafarroako Hipika Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.
–Bigarrena: Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Futbol Federazioak, Atletismo Federazioak eta Hipika Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.
–Hirugarrenik: Federazio lizentzia indardunik ez duten izangaiak.
Irizpide horiek aplikatu ondoren lortutako taldeen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2021-2022 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.
b) Sarrera-probak Erdi Mailako Mendiko bigarren ikasmailarako eta Eskaladako bigarren ikasmailarako.
–Lehenbizikoa: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila Altsasuko “FP Sakana LH” IBP ikastetxean egin duten ikasleak.
–Bigarrena: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila beste ikastetxe batzuetan egin duten ikasleak.
Irizpide horiek aplikatu ondoren lortutako taldeen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2021-2022 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.
3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.
Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena.
4. Erreklamazioak kasuan kasuko ikastetxean aurkezten ahalko dira, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.
5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.
6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:
KIROL IRAKASKUNTZAK | PROZEDURAREN FASEA | EGUNAK |
Mendi-ibilietako erdi mailako kirol teknikaria, hasiera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2021eko ekainaren 17an |
Erreklamazioak | 2021eko ekainaren 18tik 22ra | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko ekainaren 29an | |
Erdi Mailako Mendiko kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2021eko ekainaren 17an |
Erreklamazioak | 2021eko ekainaren 18tik 22ra | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko ekainaren 29an | |
Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2021eko ekainaren 17an |
Erreklamazioak | 2021eko ekainaren 18tik 22ra | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko ekainaren 29an | |
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2021eko ekainaren 9an |
Erreklamazioak | 2021eko ekainaren 10etik 14ra | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko ekainaren 16an | |
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako kirol teknikaria, bukaera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2021eko ekainaren 9an |
Erreklamazioak | 2021eko ekainaren 10etik 14ra | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko ekainaren 16an | |
Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2021eko irailaren 7an |
Erreklamazioak | 2021eko irailaren 8tik 10era | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko irailaren 13an | |
Atletismoko kirol teknikaria, hasiera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2021eko irailaren 7an |
Erreklamazioak | 2021eko irailaren 8tik 10era | |
Behin betiko zerrenda | 2021eko irailaren 13an |
Sarrera-proba espezifikoak
8.–RAE-MOSE101 sarrera-proba espezifikoa, Mendi-ibilietako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailan sartzeko.
Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen hasiera-zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren X. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroila-jaitsierako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta ikasketa horietara sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.
9.–Erdi Mailako Mendiko erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Erdi Mailako Mendiko erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
10.–Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
11.–RHE-HIHI101 sarrera-proba espezifikoa, Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako hasiera-zikloan sartzeko.
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako ikasketen hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
12.–RAH-HISD-201 sarrera-proba espezifikoa, Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako bukaera-zikloan sartzeko.
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako ikasketen bukaera-ziklora sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren IX. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
13.–Futboleko kirol teknikarien ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
14.–RAE-ATAT101 sarrera-proba espezifikoa, Atletismoko erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko.
Atletismoko erdi mailako ikasketen hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuaren VII. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Atletismoko kirol teknikariaren tituluak, bai eta ikasketa horietara sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculumak ere.
15.–Informazio bilera.
Sarrera-proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.
Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuz.
16.–Izangaientzako informazioa eta orientazioa.
Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.
17.–Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.
Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.
Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egun hauetan eginen dira:
DATAK (1) | KIROL IRAKASKUNTZAK |
2021eko irailaren 6an | Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera-zikloa |
2021eko irailaren 7an eta 9an | Erdi Mailako Mendiko kirol teknikariaren bigarren ikasmaila |
2021eko irailaren 7an eta 10ean | Eskaladako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila |
2021eko ekainaren 21ean | Diziplina hipikoetako hasiera-zikloa |
2021eko ekainaren 28an | Diziplina hipikoetako bukaera-zikloa |
2021eko irailaren 15ean | Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila |
2021eko irailaren 22an | Atletismoko hasiera-zikloa |
(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto webgunean dago fitxa hori). | |
Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, bai, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta baita kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan, behar den denborarekin.
Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi bat lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.
18.–Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.
1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.
2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.
3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera-proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake.
4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera-proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.
5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera-probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.
6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.
7. Epaimahaiek proposatzen ahalko diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da, baita ere, aholkulari horiek izendatzeaz.
8. Epaimahaiei dagokie sarrera-proba espezifikoak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.
9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileei dagokie.
10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.
Proben emaitzak eta erreklamazioak
19.–Azken kalifikazioa.
Sarrera-proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.
20.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.
1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeetako iragarki-taulan eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.
Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera-proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.
2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera-probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.
3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatzen denetik kontatzen hasita, bai kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan, bai kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan.
Behin betiko emaitzak argitaratzearekin beteko da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.
Egiaztagiriak
21.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.
Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.
Interesdunek hartzen ahalko dituzte, inskripzioa egin zuten ikastetxean, ebazpen horren xede diren kirol irakaskuntza ezberdinetarako sarrera-proba espezifikoak gainditu izanaren gaineko egiaztagiriak behin betiko emaitzak argitaratu ondoko zazpi eguneko epea iragandakoan. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, aurretik ezarritako epean.
Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.
Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.
2. ERANSKINA
Inskripzio eskabidea (DOC).
Iragarkiaren kodea: F2108051
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
