126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

424/2018 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 424/2018 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 141/2020 epaia eman da 2020ko ekainaren 16an eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“141/2020 epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: Raquel Hermela Reyes Martínez andrea eta Antonio Sánchez Ibáñez jauna.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, 424/2018 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Errekurtso hori Hezkuntzako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 350/2018 Ebazpenaren eta abuztuaren 10eko 418/2018 Ebazpenaren aurka jarri zen. Lehen ebazpenaren bidez, onesten ziren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2018-2019 ikasturtean arautzeko jarraibideak; bigarren ebazpenaren bidez, berriz, SKOLAE programa onesten da, Nafarroako ikastetxe guztietara urratsez urrats hedatzeko. Honakoek parte hartu dute: batetik, A B C D E F G, demandatzaile gisa, Jaime Ubillos Minondo auzitegietako prokuradoreak ordezkatuta eta Arturo del Burgo Azpíroz letraduak zuzenduta, eta bestetik, Nafarroako Foru Gobernua, demandatu gisa, Foru Komunitateko aholkulari juridikoak eta letraduak ordezkatu eta defendatuta.

Epaitza:

Partez baiesten da Jaime Ubillos Minondo auzitegietako prokuradore jaunak, A B C D E F G-en izenean eta haiek ordezkatuz, jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Horrenbestez, erabaki behar dugu:

1. Ez onartzea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 350/2018 Ebazpenaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Ebazpen horrek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2018-2019 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten ditu.

2. Baiestea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 10eko 418/2018 Ebazpenaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta deklaratzea errekurritutako ebazpena zuzenbide osoz deuseza dela. Ebazpen horrek Skolae programa onesten du, Nafarroako ikastetxe guztietara urratsez urrats hedatzeko.

3. Hori guztia alderdietako inori prozesuko kostuak ordaintzera berariaz kondenatu gabe.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 107 artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoa betetzeko.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 21ean.–Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2108442