126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: “Toki entitateentzako dirulaguntza, hirigintzaren arloko ekintza berritzaileetan dokumentuak, proiektuak eta inbertsioak lantzeko”. DDBN identifikazioa: 562232.

2019-2023 legegintzaldirako Nafarroako Gobernu Programan jasotakoaren arabera, legegintzaldi horretako ekintza politikoaren funtsezko ardatzetako bat 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) osorik eta modu transbertsalean bultzatzea da, erronka global berrien aurrean aitzina egite aldera: klima aldaketaren aurkako borroka, ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa eta garapen jasangarria.

Gutxieneko programa edukien artean, honako hauek ditugu: lurralde kohesio eta iraunkortasunarekin lotutako alderdiak, hala nola hiri-berroneratzea bultzatzea; existitzen den bizitegi-lurzorua aztertzea; hiri trinkoak eta jasangarriak lortzeko; hiri ingurunea hobetzeko eta lehendik dauden guneak lehengoratzeko jarduketak sustatzea; eta toki entitateei laguntzeko beste neurri batzuk, toki mailan GJH lortzeko.

Nazioarteko, Europako eta Espainiako agendekin elkartutako ardatzak eta edukiak: 2030 Agenda (2015), Hiri Agenda Berria (NBE 2016); eta Espainiako Hiri Agenda (2019); izan ere, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Garapen Iraunkorraren 2030 Agendaren bitartez, agenda horien aldeko konpromisoa hartzen du bere gain, horien xedeak lehenetsita eta horiek lortzeko politikak bideratuta.

Testuinguru horretan, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren ekimenez, 2020an hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzetarako lehen deialdia egin zen, hirigintzaren arloan ekintza berritzaileak abiarazteko, toki administrazioek hirigintza jarduerak erraztu eta sustatzeko, udalerrien garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntze eta Nafarroako herri eta hirietako biztanleen bizi kalitatea hobetze aldera.

2021eko ekitaldirako Nafarroako gastuen aurrekontuetan, iazko laguntzen deialdiari jarraipena ematea aurreikusi da; halaber, laguntza horien xedea zabaldu eginen da eta aurreko urteotan egindako dokumentuen ondoriozko ekintzen obrak gauzatuko dira 201eko ekitaldian, helburu berarekin betiere. Hauek dira gaitutako aurrekontuko partidak:

–310000 31100 4609 261700 partida, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” deiturikoa, 50.000 euroko zuzkidura batekin.

–310000 31100 7609 261703 partida, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” izenekoa, 200.000 euroko zuzkidura batekin.

Nafarroa Suspertu Planaren esparruan kokatuta daude ekimen horiek, eta lurraldea egituratzeko eta despopulazioaren aurka borrokatzeko misioa biltzen du arestian aipaturiko planak. Horretarako, behar diren azpiegituretan inbertitu behar da, eskualdeen eta udalerrien zeregina indartu, eta landa garapenerako aukera berriak sortu behar dira.

Azkenik, hirigintzako lege esparruaren barruan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 5. artikuluan ezartzen du, hirigintzako planeamendu eta jarduketa guztietan jasangarritasun helburuak sartzea, hiri trinkoaren eredurako, lurraldearen produkzio ahalmenerako eta sistema naturalen egonkortasunerako mesedegarri izan daitezen eta Nafarroako udalerrietako ingurumen kalitatea eta hiri kalitatea hobetu ahal izateko.

Gainera, Lege horren 52. artikuluak honako helburu hauek ezartzen ditu, hirigintza planeamenduak garapen jasangarriari buruz jaso beharreko zehaztapenen artean: dauden biziguneen hazkunde konpaktua sustatzea; eragimen energetikoa hobetzeko jarduketak diseinatzea; mugikortasun jasangarriari buruzko zehaztapenak ezartzea; irisgarritasuna hobetzea; eta paisaiaren babesa bultzatzea.

Lege esparru hori eta Gobernuaren programa printzipioak –arestian aipatuak– betetzeko, Zuzendaritza Nagusi honek proposatu du 2021an, eta deialdi honen bitartez, hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak egiteko dirulaguntzen araubidea arautuko duten oinarriak ezartzea eta argitaratzea. Oinarri horiek barne hartzen dute nola dokumentuak lantzea hala obrak gauzatzea, baldin eta horien helburua Nafarroako udalerrien hiri-garapen jasangarriari laguntzea bada.

Adierazitakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdia onestea, 2021eko ekitaldian “hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak” eta “hirigintzaren arloko ekintza berritzaileetan inbertsioak” finantzatzeko.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea, deialdiak sortutako konpromisoei aurre egiteko, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” izeneko 310000 31100 4609 261700 partidaren kargura (dokumentuak lantzea), 2021ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik.

4. 200.000 euroko gastua baimentzea, deialdiak sortutako konpromisoei aurre egiteko, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” izeneko 310000 31100 7609 261703 partidaren kargura (obrak gauzatzea), 2021ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

7. Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 5ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

2021-EAN HIRIGINTZAREN ARLOKO EKINTZA BERRITZAILEETAN DOKUMENTUAK, PROIEKTUAK ETA INBERTSIOAK LANTZEKO TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

I. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea 2021eko ekitaldian honako ekintza hauek finantzatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da:

1. Tokiko hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak identifikatu eta zehazteko esparru gisa balio duten estrategiak, azterlanak, gidak eta antzekoak lantzea, eta esparru dokumentuen ondoriozko proiektuak idaztea gune publikoetarako.

2. Esparru dokumentu baten ondorioz hirigintza arloan ekintza berritzaileetarako obrak gauzatzea, gune publikoetan inbertitze aldera.

Deialdi honen ondorioetarako, ekintza berritzailetzat hartzen dira lehendik daudenen aldean hobekuntzak edo ikuspegi berriak dakartzaten ekintzak, hiri eredu jasangarri, efiziente eta bidezkoak sustatzen dituztenak, horiek lantzeko eta erabakiak hartzeko atazan parte-hartzea biltzen dutenak, eta, orobat, herri, auzo eta hirietan gauzatu beharreko hirigintzako esku-hartzean genero ikuspegia, zahartzea eta dibertsitate funtzionala biltzen dituztenak.

Nola dokumentu eta proiektuak lantzeko prozesuak hala obrak gauzatzeko ekintzak helburu hauek izanen dituzte: hiri garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntzea eta Nafarroako herri eta hirietako biztanleen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 52. artikuluan eta/edo 53. artikuluan adierazitako helburuetako bat betetzera bideratuta egonen dira, eta Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikuluko lurralde eta hiri garapen iraunkorraren printzipioekin bat etorriko dira.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen lehen oinarrian deskribatutako xedearen eta helburuaren arabera, honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

1. Dokumentuak lantzea.

Diruz lagungarriak izanen dira tokiko hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak identifikatu eta zehazteko esparru gisa balio duten estrategiak, azterlanak, gidak eta antzekoak lantzeko eta esparru dokumentuen ondoriozko proiektuak (gune publikoetarako) idazteko gastuak, betiere udalerrietan garapen jasangarrian laguntzeko jomuga badute.

2. Obrak gauzatzea.

Diruz lagunduko da, halaber, hirigintza arloan ekintza berritzaileetarako obrak gauzatzea, gune publikoetan inbertitzeko xedea izanik, baldin eta obra horiek toki entitateek onetsitako edo landutako esparru dokumentu baten ondorio badira eta partaidetzako prozesuen bidez gauzatu badira.

Ekintza diruz lagungarrien helburua, bai dokumentuak lantzeko, bai obrak gauzatzeko, multzo hauetakoren batean kokatuta egon beharko da:

A. Hirigintza jasangarria eta inklusiboa.

Diruz laguntzen ahalko dira udalerriaren garapen jasangarrirako lagungarriak diren eta hiri, auzo eta herrietan hirigintzako esku-hartze zehatzak zehazten edo gauzatzen dituzten dokumentuak, betiere ikuspegi ugari elkartzen badituzte (adinekoak, generoa, gazteak, desgaitasuna duten pertsonak, etab.); hona hemen adibide batzuk:

a) Parte-hartze bidezko Hiri Diagnostikoak, udalerrian beharrezkoak diren neurriak eta ekintzak identifikatu eta zehazteko baliabide gisa, lurralde eta hirigintza ereduan txertatzeko ez ezik, zuzenean udalerrian aplikatzeak diren planak gauzatzeko ere bai.

b) Hiria birgaitu, berroneratu eta berritzeko jarduketetarako dokumentu, proiektu eta inbertsioak, arreta berezia jartzen dutenak hiriko gune kalteberetan, gune huts edo gutxiegi erabiliak berreskuratzeko atazan eta irisgarritasun unibertsaleko kondizioetan. Halako guneen funtzionaltasuna eta kualifikazioa hobetzeko, erabilera eskakizun berriei erantzuteko lanak.

c) Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun ereduak ezartzeko dokumentu, proiektu eta inbertsioak, herri eta hirien plangintzan eta diseinuan mugikortasun jasangarriari buruzko zehaztapenak sartzeko, betiere ibilbideen diseinuan txertatuta segurtasunaren, irisgarritasunaren, zahartzearen eta generoaren kontzeptuak.

d) Gune publikoetan esku hartzeari dagokionez, klima aldaketara egokitzeko neurriak zehazten edo garatzen dituzten dokumentuak, proiektuak eta inbertsioak.

e) Tokiko ondare historikoari eta/edo natura eta kultura ondareari balioa emateko dokumentu, proiektu eta inbertsioak (hiriguneak eta bide historikoak, ibilbideak eta toki garrantzia duten lekuak, hala nola iturriak, zubiak, ermitak, ikuztegiak, ontziralekuak).

f) Hiri eremuan eta hiri inguruetako eremuan azpiegitura berdearen funtzionamendua hobetzeko dokumentu, proiektu eta inbertsioak, hala nola hauek: jada eraikita dauden guneak naturalizatzea; ekologia urbanizazioen diseinuan integratzeko soluzio espezifikoak; hiriaren eta haren inguruko landa eremuaren arteko irisgarritasuna sustatzea, eta antzekoak.

B. Hirigintza eta paisaia.

Paisaiaren Europako Hitzarmenean zehaztutako printzipioen ildo beretik, Nafarroan paisaiaren arloan sortutako ezagutzan oinarrituta, diruz laguntzen ahalko dira paisaien babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatzeko jomuga duten dokumentu, proiektu eta inbertsioak, hala nola honelakoak:

a) Toki mailan paisaiaren ezagutza garatzeko, paisaiaren dinamika eta bilakaera aztertzeko eta paisaiaren balioak eta izaera zabaltzeko jomuga duten dokumentuak; esate baterako, diagnostikoak, inbentarioak, eremuen ezaugarrien zehaztapena, paisaien mugaketa eta/edo antzekoak.

b) Toki mailan paisaia baliabideak planifikatzera bideratutako dokumentuak, hala nola: paisaiaren kalitate helburuak zehaztea, tokiko paisaietan esku hartzeko ekintza planak. Tokiko paisaietako esku-hartzea arautzeko irizpideak lantzea.

c) Paisaiaren integrazioa hobetzeko edo tokiko paisaiak berreskuratzeko proiektuak idaztea eta esku hartzeko proposamenak egitea.

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira diruz lagungarriak izanen obren hirigintza planeamenduko tresnak.

Kanpo geratzen dira, halaber, ingurumen eraginaren azterketak, trafiko azterketak, isuriei buruzko azterketak eta abar; izan ere, zehaztutako multzoekin lotuta egon arren, parte-hartzean oinarritu gabeko lan teknikoak dira halakoak, esparru dokumentuaren edo proiektuaren aurrekoak.

Hirugarrena.–Baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Dokumentu jakin batzuek (hala nola estrategiak, azterlanak, gidak eta antzekoak) hirigintza ekintza berritzaileak identifikatzeko edo zehazteko esparru dokumentu bat osatu beharko dute, lehenengo oinarrian jasotako definizioaren arabera.

–Proiektuak idazteko eta inbertsio obrak gauzatzeko lanak derrigorrean izan behar dira toki entitateek gauzatutako esparru dokumenturen baten ondoriozkoak.

–Dokumentu, proiektu edo inbertsioen helburuak bigarren oinarriko A multzoan edo/eta B multzoan jasotako helburuen artean egotea.

–Toki entitate batek edo gehiagok gauzatzea 2021eko azaroaren 15a baino lehen.

–Parte hartzeko prozesuak biltzea edo halako prozesuak txertatu dituen estrategia, azterlan edo gida batetik etortzea.

Oinarri honetako baldintzak betetzen ez badira, eskabidea ez da onartuko.

Laugarrena.–Entitate onuradunak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean adierazitako Nafarroako toki entitateak.

Toki entitate bakoitzak banaka edo toki entitate batzuen artean antolatzen ahal ditu jarduketak. Azken kasu horretan, toki entitate bat ordezkari izendatuko da ondorio guztietarako, eta entitate bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak adieraziko dira.

Toki entitateek ezin izanen dute jarduketa diruz lagungarri bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez beste batzuekin batera. Entitate batek jarduera bat baino gehiago aurkezten badu deialdian, horietako bati uko egin beharko dio.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte entitateek.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Dokumentuak lantzeari dagokionez, honako hauek joko dira gastu diruz lagungarritzat:

a) Laguntza teknikoa. Diruz lagundutako jarduketaren dokumentazio teknikoa prestatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioari emanen zaio dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

c) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo proiektuari lotutako jarduerak garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

2. Obrak gauzatzeari dagokionez, honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarria:

a) Laguntza teknikoa. Obrak gauzatzeko dokumentazio teknikoa lantzeko pertsona fisiko edo juridikoak kontratatzeko emanen da dirulaguntza.

b) Obren gauzatze teknikoa.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo proiektuari lotutako jarduerak garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

Kanpoan geratzen dira haurreko kontzeptuetan bildu gabeko gastuak.

Seigarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa

1. Deialdi honen bidez emanen diren dirulaguntzak bi partidaren kargura finantzatuko dira:

–310000 31100 4609 261700 partida, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” deiturikoa, 50.000 euroko zuzkidura batekin, 2021erako. Gehienez ere 10.000 euro (BEZa barne), eskatutako jarduketa bakoitzeko.

–310000 31100 7609 261703 partida, “Nafarroa Suspertu Plana: Hirigintza arloan ekintza berritzaileetan inbertsioak egiteko toki entitateentzako dirulaguntzak” izenekoa, 200.000 euroko zuzkidura batekin 2021erako. Gehienez 25.000 euro (BEZa barne) eskatutako jarduketa bakoitzeko.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ekintza diruz lagungarriek sortutako gastuaren %90 izanen da gehienez.

Lortutako puntuazioaren arabera lagunduko dira jarduketak, handienetik txikienerako hurrenkeran, deialdiaren bederatzigarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu edo jarduketarako behar beste kreditu ez badago horrentzat onartutako aurrekontuaren %90 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, lortutako puntuazioari dagokionez diruz laguntzen ahal den gehienekora iritsi ez diren edo, bestela, dirulaguntzarik gabe geratu diren proiektuetarako izanen da erabilgarri dagoen zenbatekoa.

Aurkeztutako eskabideei erantzun ondoren, partidetako batean aurrekontua eskuragarri egonez gero, soberako partidaren aurrekontu erabilgarria esleitzen ahalko zaio dirulaguntzarik gabeko eskabideekin geratu den partidari.

Zazpigarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak dirulaguntza eskatzen duen toki entitateko alkatetzak edo lehendakariak sinatu beharko ditu.

Toki entitate batek baino gehiagok batera aurkezten dituzten jarduketa diruz lagungarrien kasuan, eskabideak toki entitate eskatzaile guztietako alkate edo lehendakariek sinatuko dituzte.

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus/www.navarra.es), eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura bideratuko dira.

Eskabidea lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago telematikoki aurkeztu ahal izatea. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

1. Jarduketa diruz lagungarria deskribatzeko dokumentazioa, II. eranskineko ereduaren araberakoa. (A eredua bigarren oinarriko 2.1 puntuan deskribatutako jardueretarako; eta B eredua bigarren oinarriko 2.2 puntuan deskribatutako jardueretarako).

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bat bera ere ez duelako erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinari jarraikiz.

3. Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizuneko aitorpena, IV. eranskinaren arabera.

4. Obrak egiteko aurkezten diren eskabideetan, hirigintza bateragarritasunari buruzko udal txosten bat aurkeztuko da (txosten edo baimen sektoriala eman beharra baloratzen duela jaso beharko du berariaz udal txosten horrek). Hala bada, toki entitateak erakunde eskudunari gauzatu nahi duen obra gauzatzeko baimena emateko edo haren aldeko txostena emateko egin dion eskabidearen kopia bat aurkeztu beharko du.

5. Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo akatsik hautematen bada, entitateari 10 egun balioduneko epea emanen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Epe horretan eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez badu, ez zaio berriz eskaera hori eginen, eta, beraz, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Zortzigarrena.–Ebaluazio organoa eta ebazpena.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta bideratzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “bideratze organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Bideratze organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideei jarraikiz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskabideari uko egin zaien.

3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Bederatzigarrena.–Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea baliatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Proiektuak behean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazio hurrenkerari jarraikiz lagunduko dira diruz, betiere aurrekontu kreditua amaitu arte:

1. Dokumentuak idazteko balorazio irizpideak:

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (70)

Proposatutako dokumentua: Baloratu eginen da proposamena koherentea ote den eta deialdiaren xede eta helburuekin bat ote datorren, bai eta esparru dokumentu bat den ere, garapen jasangarrirako hirigintza planeamenduaren helburuak lortzeko lagungarriak izanen diren hirigintza ekintzak identifikatzeko balioko duena, ikuspegi integrala emanen duena eta interes publikoko jarduketa bat ekarriko duena, jasangarritasuneko, genero ikuspegiko eta dibertsitate funtzionaleko irizpideak jasoko dituena.

40

Proposamenaren berritasun maila: Baloratu eginen da hobekuntzen edo ikuspegi berrien ekarpena (existitzen direnekin alderatuta), baita proposamenak toki esparruan izanen duen eragina eta beste entitate batzuetara transferitzeko aukera.

15

Parte-hartzea eta hedapena. Baloratu eginen dira parte hartzeko programa eta aurreikusitako baliabideak, biztanle talde ugarik aktiboki parte hartzea eta jarduera hedatzeko eta jakinarazteko aurreikusitako jarduerak.

15

2. Obrak gauzatzeko balorazio irizpideak:

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (70)

Proposatutako obra. Baloratu eginen da obrak koherenteak ote diren eta deialdiaren xede eta helburuekin bat ote datozen, ikuspegi integrala ematen ote duten, interes publikoko jarduketa ote dakarten eta garatzen duten esparru dokumentuko helburuei ekarpena egiten ote dieten, bai eta obrak gauzatzeko prozesuak jasangarritasuneko, genero ikuspegiko eta dibertsitate funtzionaleko irizpideak txertatzen ote dituen ere.

40

Obren berrikuntza maila. Baloratu eginen da hobekuntzak edo ikuspegi berriak (existitzen direnekin alderatuta) ekartzen ote dituzten, toki esparruan izanen duten eragina eta beste entitate batzuetan ere gauzatzeko aukera.

15

Parte-hartzea eta hedapena. Baloratu eginen da jarduketa zehaztu eta gauzatzeko orduan herritarrek parte-hartze aktiboa ote duten, bai eta proiektuarekin hedapen, komunikazio eta sentsibilizazio jarduerak egiteko aukera ere.

15

3. Bi deialdietarako balorazio orokorrerako irizpideak

GEHIENEKO PUNTUAZIOA (15)

Balorazio irizpideak:

KOPURUA:

1. 6 puntu: guztira 300 biztanle baino gutxiago dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

2. 4 puntu: guztira 301-2.000 biztanle dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

3. 2 puntu: guztira 2.001-5.000 biztanle dituzten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteak.

1. 0 puntu: beste kasu batean.

NOLAKOTASUNA:

2. 3 puntu: gutxienez 65 urte dituzten biztanleen ehunekoa % 28tik gora duten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteetako jarduketak.

3. 3 puntu: gehienez 15 urte dituzten biztanleen ehunekoa % 19tik gora duten udalerri, kontzeju edo toki entitateen elkarteetako jarduketak.

4. 0 puntu: beste kasu batean.

12

Kudeaketa irizpidea: 3 puntu gehienez.

1. 3 puntu: toki entitate batek baino gehiagok batera proposatutako jarduerak.

2. 3 puntu: kontzejuek modu independentean sustatutako jarduerak.

3. 0 puntu: beste kasu batean.

3

Biztanleriari buruzko datuak Nafarroako Estatistika Institutuaren webguneko “Biztanleria sexuaren eta adin taldeen arabera, udalerri eta zonaka, Nafarroa 2000” taulan kontsultatuko dira:

https://administracionelectronica.navarra.es/GN.InstitutoEstadistica.Web/informacionestadistica.aspx?R=1&E=1

Ez dute dirulaguntzarik jasoko 30 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek. Zenbaketa horretatik kanpo geratuko da balorazio orokorreko irizpideen atalean lortutako puntuazioa, nahiz eta aurrekontu erabilgarria geratu.

Berdinketa gertatuz gero, ebazteko irizpideak behean adierazitakoak izanen dira, eta elkarren segidan aplikatuko dira berdinketa hautsi arte:

1. Balorazioaren 1. apartatua: Proposatutako dokumentu edo obra.

2. Balorazioaren 3. apartatua: Parte hartzea.

3. Balorazio orokorrerako irizpideak.

Hamargarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Diruz lagundutako jarduketa bukatu ondoren, entitate onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte 2021eko azaroaren 15a baino lehen:

Epe hori bete ezean, emandako dirulaguntza galduko da.

1. Dokumentuak lantzea.

a) Kontratuaren adjudikazioaren aurrekontua, aplikatutako BEZa adierazita.

b) Kontratuaren esleipen-hartzailearen izena edo sozietate-izena eta identifikazio fiskala.

c) Bankuko ordainketen frogagiriak

d) Egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturen kopiak.

e) Entitatearen ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:

–Ekintzen finantzaketa, berariaz adierazita beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emandako edo ebatzi gabeko dirulaguntzak.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu dirulaguntza honi dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Udalak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitako betebeharrak.

–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

f) Egindako parte-hartze eta hedapen jarduerak (jardunaldiak, tailerrak edo parte hartzeko saioak) eta horietara bertaratutakoak justifikatzen dituen parte-hartze dosierra eta ondorioen laburpena.

g) Azken dokumentuaren kopia.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada edo egindako gastu guztiak ez badira justifikatzen, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Diruz lagungarriak ez diren ekintzak sartzen badira gastuen justifikazioan, lan horiei dagokien zatia gutxituko da dirulaguntzaren zenbatekotik.

Egiaztagiriak azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo akatsik hautematen bada, entitateari 10 egun balioduneko epea emanen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Epe horretan eskatutako dokumentazioa egokiro aurkezten ez badu, ez zaio berriz eskaera hori eginen, eta, beraz, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

2. Obrak gauzatzea.

a) Egindako esku-hartzearen fakturak.

b) Faktura horien bankuko ordainagiriak.

c) Esku-hartzearen argazkiak, obrak gauzatu baino lehen eta gauzatu ondoren.

d) Entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:

–Obren amaiera.

–Ekintzen finantzaketa, berariaz adierazita beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emandako edo ebatzi gabeko dirulaguntzak.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aurreikusitako legezko aginduak bete direla, hala badagokio.

–Udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu dirulaguntza honi dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Udalak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitako betebeharrak.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Hala badagokio, egindako parte-hartze eta hedapen jarduerak (jardunaldiak, tailerrak, auzolana, etab.) eta horietara bertaratutakoak jasoko dituen parte-hartze txostena.

Hamaikagarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzeko jardueren finantzaketa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

Ondoriozko dokumentuek agerian utzi beharko dute Nafarroako Gobernua proiektuaren finantzatzaileetako bat dela, eta deialdi honen kontura egindako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko dute.

Nafarroako Gobernuak inbertsioetan egindako baterako finantzaketa ikusgai eginen da, gutxienez udalaren webguneko informazioan eta/edo, hala badagokio, parte hartzeko eta komunikatzeko saioetan.

b) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

c) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, bestela, kopuru jakin bat itzuli beharko da.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, entitate onuradunak dirulaguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide jakinarazi beharko du, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin.

Hamahirugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Toki entitateek kontratatzen dituzten lanak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari jarraikiz eginen dira.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamabosgarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hamazazpigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

ESKABIDEAK AURKEZTEKO EREDUAK

II. eranskina.– Jarduketa deskribatzen duen dokumentazioa.

A eredua.–Bigarren oinarriko 2.1 puntuan deskribatutako jarduketak.

B eredua.–Bigarren oinarriko 2.2 puntuan deskribatutako jarduketak.

III. eranskina.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bat bera ere ez duelako erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu eredu guztiak doc formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2107513