126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Kultura eta Kiroleko kontseilariak martxoaren 18an emandako 26E/2021 Foru Agindua. Azken horren bidez, 2021eko deialdia onetsi zen dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren martxoaren 18ko 26E/2021 Foru Aginduaren bidez, 2021. urteko deialdia eta hura arautzen duten oinarriak onetsi ziren Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik.

Deialdiaren 1. eranskineko 3. oinarrian identifikatzen da zer lehiaketak jaso dezaketen dirulaguntza, eta bi mota bereizten dira: A eta B motak. 4. oinarrian, berriz, zenbateko bat esleitzen zaio mota bakoitzari:

–A motako lehiaketak: 76.500 euro.

–B motako lehiaketak: 22.500 euro.

Ez da aipatzen talde batean dagoen soberakina beste taldera pasa daitekeenik. Horrek ekar lezake dirulaguntzaren helburua guztiz ez betetzea.

Horregatik, deialdiaren oinarriak aldatzeko proposatu du Nafarroako Kirolaren Institutuak, paragrafo bat gehituta 2. eranskinaren “Dirulaguntzaren kalkulua” izeneko apartatuaren bukaeran. Hona testua:

“Bi taldeetako batean dirua sobera geratzen baldin bada, soberan den kantitate hori gehituko zaio beste taldean banatzeko dagoen zenbatekoari”.

Aldaketa horrek ez du aldatzen, inola ere ez, deialdiaren martxa, ez baitu eraginik ez dirulaguntza eska dezaketen erakundeen kopuruan, ez eskabideak baloratzeko irizpideetan, ez eta emanen diren gehieneko zenbatekoetan ere. Beraz, ez da beharrezkoa eskabideak aurkezteko epea luzatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera, eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1.–Onestea Kultura eta Kiroleko kontseilariaren martxoaren 18ko 26E/2021 Foru Aginduaren aldaketa. Foru Agindu horren bidez, 2021. urteko deialdia onetsi zen Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubidean, hain zuzen, 2020ko irailaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte oso-osorik Nafarroan jokatzen diren kategoria absolutuko liga erregular nazional ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeak izateagatik.

Zehazki, paragrafo bat gehitutzen da 2. eranskinaren “Dirulaguntzaren kalkulua” izeneko apartatuaren bukaeran; hori da aldaketa. Hona testua:

“Bi taldeetako batean dirua sobera geratzen baldin bada, soberan den kantitate hori gehituko zaio beste taldean banatzeko dagoen zenbatekoari”.

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ezen haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

3.–Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2021eko apirilaren 26an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2106722