126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen den Mendabiako Udalak Mendabiako 4. poligonoko 1845 eta 1846 lurzatiak lehengoratzeko proiektuaren epea berriro luzatzeko egindako eskaera. Proiektuak ingurumen ukipenetarako baimena du, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 8ko 14E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2021eko urtarrilaren 26an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena luzatzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartzen da. Foru Dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

1845 eta 1846 lurzatiak 1. fasean eta hurrengoetan lehengoratzea lortzeko eskatu da luzapena, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 28ko 31E/2019 Ebazpenaren bidez emandako beste luzapen baten gainean. Ebazpen horren bidez, bi urtera luzatu zen eraikuntza eta eraispen hondakinen eta indusketa lurren hondakindegi zahar batek ukitutako eremua lehengoratzeko gehieneko epea, 2016ko azaroaren 8ko 14E/2016 Ebazpen bidez emandako ingurumen ukipenetarako baimena zuena.

Proposamena justifikatzeko, Mendabiako Udalak, lehengoratzen ari den eremuaren egoera aztertu ondoren eta hainbat planotan jasotzen den azterketa topografikoa egin ondoren, eremu horren egungo egoeraren deskribapena aurkeztu du, eta orain arte egindako lur mugimenduen berri eman du.

2016an ingurumen ukipenen baimena eman zenetik, 3.089 m³ eta 1.016 m³ eraman da –azkena 2019-2020 aldian–, proiektuaren 1. eta 2. faseen arabera. 1. fasean 5.611 m²-ko azalera itxuratu da, aurreikusitako 342 kotara iritsi da eta, fase hau amaitzeko, eremu horretan zabaltzeko materiala badago.

2. fasean 4.975 m²-ko azalera itxuratu da, aurreikusitako 341 metroko kotara iritsi da eta, 1. fasean bezala, ustez nahikoa material badute fase hori amaitzeko. 5. eta 6. faseak amaitutzat eman dira.

Eremu guztiaren lehengoratzea amaitutzat emateko, eta lehengoratzeko onartutako azken epea amaituta (bi urte 2019tik), Mendabiako Udalak epea luzatzea eskatu du, proiektua burutu ahal izateko.

Lehengoratzen ari diren eremuan izan ondoren, egiaztatu da degradatutako eremua lehengoratzeko lanen aurrerapena motel doala, kanpotik lur gutxi ekarri delako, ziur aski. Horrelako eremuak lehengoratzeko jarduera guztietan errepikatzen ari den egoera horren ondorioz, administrazio honek eremu horiek berreskuratzeko aplikatu beharreko irizpideak aldatu ditu.

Horrela, landa inguruneetako erauzketa jarduerei eta espazio degradatuen hondakinei dagokienez, asmoa ez da jatorrizko topografia berreskuratuz lehengoratzea; izan ere, lur soberakinak eta indusketa harriak sortzen dituzten obra gutxi daudenez, ez dago helburu hori lortzeko behar beste material. Horren ordez, gomendatzen da aurretiko erabilerak lehengoratzea, lurzoruaren topografian partzialki betetako zuloetan, baldin eta perimetro mugetako indusketa ezpondetan birlandatzeko moduko malda sortzen bada (3H/2V neurriko gehieneko erlazioa ezpondetan, eta, ahal dela, txikiagoa).

Ingurumen Inpaktuaren Atalak txostenean adierazten duenez, Mendabiako 4. poligonoko 1845 eta 1846 lurzatien degradazio egoera ikusita, eta betelana egiteko material gutxi dagoela jakinda, uste da behin betiko lehengoratzeari ekin behar zaiola, lurzati horietan dagoen materiala baliatuz; hori dela eta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 28ko 31E/2019 Ebazpenean lehengoratzeko finkatutako azken epea luzatzeko eskaeraren aurka egin du.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Mendabiako Udalak Mendabiako 4. poligonoko 1845 eta 1846 lurzatiak lehengoratzeko proiektuaren epea berriro luzatzeko egindako eskaera ukatzea. Proiektuak ingurumen ukipenetarako baimena du, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 8ko 14E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2. Hondakindegi zaharra behin betiko ixteko eta lehengoratzeko, irizpide hauei jarraitu behar izanen zaie:

–Lehengoratu beharreko gainazal osoan zehar pilatutako landare lurra bereizi eginen da, eta aparteko eremu batean gordeko da, lehengoratze lanetan azken estalki gisa erabil dadin, eta material sakonagoekin nahas ez dadin; material horiek kalitate txarragokoak dira, materia organikoaren edukiari eta hazien gordailuari dagokienez.

–Lurzatietan dauden material guztiak zabalduko dira (LER 191209 kodea duten lurrak eta harriak, eta substantzia arriskutsurik ez duten lurrak eta harriak, LER 170504 kodea dutenak). Zabaltzeko jarduerak egiten hasi aurretik, eraikuntzako eta eraisketetako hondakinen harrizko zatiak eta indusketa lurren definizioarekin bat ez datozen hondakin guztiak kendu direla egiaztatuko da.

–Topografia homogeneoa lortu beharko da lehengoratu beharreko gainazal osoan, haren ipar-mendebaldeko muturrean dagoen lur pilaketa handia erabiliz. Lehengoratutako gainazaletan doitze fisiografiko egokia lortzea izanen da helburua, eta litekeena da topografia aldatzea, multzo guztian emaitza fisiografiko egokia lortzeko, eta gainazaleko urak drainatzeko aukera emateko.

–Landare lurra zabaldu ondoren, gainazaleko harriak kenduko dira, lurra landuko da, eta ereiteko eta landatzeko prestatuko da.

–Ezponda perimetralak ereinen dira, bertako berezko hazien nahasketa batekin.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Mendabiako Udalera eta Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra Hegoaldeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2107633