1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
131E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: autokontsumorako 33 kW-eko eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzea Milagroko hondakin uren araztegian, Milagroko udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da (NILSA).
2020ko irailaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuko jarduketaren xedea da autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzea, sortutako energia soberakinen isuririk gabea, Milagroko 5. poligonoko 421. lurzatian, Las Rozas inguruan, Milagroko hondakin uren araztegiaren (HUA) barruko lurzoruan.
Aipatutako HUA hori ibaiaren polizia eremuan dago, Aragoi ibaiaren eskuinaldeko alubioi terrazan; Aragoi ibaiak Ebro ibaira isurtzen ditu urak, 1,5 km igaro ondoren. Milagroko hirigunearen hegoaldetik 600 metrora dago, NA-134 errepidetik (Ebroko ardatza) 100 metro hegoaldera; hortik du sarbidea, zabor-legarrezko bide batetik.
Instalazioa iparraldeko izkinan proiektatu da, HUAren esparru hesituaren barruan, eta 380 Wp-ko 96 modulu fotovoltaiko izanen ditu, hormigoiz betetako zuloetan lurzoruari ainguratutako altzairuzko 6 egituren gainean banatuta; horien bidez, lurzoruaren mailatik 50 cm-ra egonen dira moduluak. Gainazala, azkenean, egun dagoen balasto geruzaz estaliko da. Instalazioa inbertsore bati konektatuko zaio, eta bertatik zuzenean injektatuko da energia instalazioko koadro nagusira. Lanak egiteko, ez da lur mugimendurik aurreikusi.
HUAren iparraldean eta ekialdean, instalaziora sartzeko pista dago, Aragoi ibaiaren paralelo doana. Pista horrek muga egiten du Aragoi eta Arga ibaien behealdeko ZEC ES2200035 kontserbazio bereziko eremuarekin; proiektuak ez du eremu horretan eraginik izanen.
Iparraldean, 200 metrora baino gehiagora, Milagro eta HUA artean, Ebroko iraganbide nagusia deritzon abelbidea dago; iraganbide horretan ere ez du eraginik izanen proiektu honetako jarduketak. Hegoaldean, lehorreko laborantzako lursailak daude, ureztatzeko zenbait ubide dituztenak. Horietako batek, HUAren hegoaldeko hesia kanpotik inguratu eta makaldi bat zeharkatu ondoren, Aragoi ibaira isurtzen ditu urak, HUAtik 150 metro egin ondoren. HUA barruko jarduketa eremuko lursailak malda du mendebaldeko inguratze hesirantz; beraz, kontuan hartu behar da hori, hegoaldean, metro gutxira, dagoen ureztatze ubidean ukipenik gerta ez dadin.
Espedientean Milagroko Udalaren 2020ko abenduaren 29ko aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du 2021eko apirilaren 8an.
Bestalde, Ingurumen Inpaktuaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, ebazpen honetan jasotako baldintzekin, kontuan hartuta proiektuak ez duela ingurumenean ondorio nabarmenik sortuko eta ez duela eraginik izanen bertatik hurbil dagoen Aragoi eta Arga ibaien behealdeko ZEC ES2200035 eremuaren osotasunean.
Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: autokontsumorako 33 kW-eko eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzea Milagroko hondakin uren araztegian, Milagroko udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.
2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Materialak biltzeko eremua Aragoi ibaiaren erriberatik ahalik urrutien jarriko da, eta obrako lan guztiak ere bertatik urrun eginen dira. Gainera, arreta berezia jarriko da makinen joan-etorriekin, bai jarduketa eremuak bai HUAren sarbideek muga egiten baitute Aragoi eta Arga ibaien behealdeko ZEC ES2200035 eremuarekin. Era berean, behar diren neurri guztiak hartuko dira HUAren mendebaldera lurrak edo bestelako materialak bota ez daitezen eta, horrela, instalazioaren mugatik doan ureztatze ubidean eragin ez dezan.
–Espresuki debekatuta dago ibaian edo ureztatze ubideetan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, arrain fauna berehala hilko litzateke.
–Aurrekontuan jaso bezala, araztegiaren barruko lorategiaren parte diren sei zuhaitz oinak beste leku batean landatzen ahalko dira, araztegiaren barruan bertan edo inguruan. Kokapen berri horien bidez, ibaiaren ondoko sarbidetik begiratzean sortzen den inpaktu bisuala gutxitzea lortu nahi da.
–Proiektuak ukitutako gainazaletan, prebentzio, zuzentze eta lehengoratze neurri guztiak beteko dira, bai eta Ingurumen Zaintzarako Plana ere; horiek guztiak Ingurumen ukipeneko azterketan sartuta daude.
–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
–Lanak gauzatu aurretik, Ebroko Ur Konfederazioaren dagokion baimena eskuratuko da.
–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredi naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, eta abar) sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Tuterako 2. Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 609904957; helbide elektronikoa: gmatudela@navarra.es).
Hirigintza arlokoak:
–Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzea hondakin-uren araztegian (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emandako 2004ko urriaren 29ko 1958 Ebazpenaren bidez baimendutakoan), aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimenak berak ezarritako zehaztapenak kontuan harturik. Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea, ez eta energia isurtzea ere.
–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
–Kontuan hartuz proposamenak herri-lurrei eragiten diela, Herri-lurren Atalak 2020ko azaroaren 9an emandako txostenean jasotakoak bete beharko dira (txostena erantsi da).
–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Aragoi ibaiaren polizia eremua ukitzen duenez, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Milagroko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), Herri-lurren Atalera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Klima Aldaketaren Atalera eta interesdunari.
Iruñean, 2021eko maiatzaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.
Iragarkiaren kodea: F2107625