126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

27/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 14koa, zeinaren bidez sortzen eta arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra.

ATARIKOA

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren edo Foru Berriaren 106. Legean (Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko 21/2019 Foru Legean emandako idazketaren arabera) zera dago ezarrita: ezkontzaren pareko bizitza-elkarte afektiboan bizi diren bi adin nagusiko pertsonak edo adingabe emantzipatuk Konpilazio horretan aurreikusten diren efektuekin bikote egonkorra eratu nahi badute, hori egin ahal izanen dutela beren borondatea agiri publikoan adieraziz. Halaber, aipatutako 106. Legearen bigarren paragrafoan xedatuta dago bikote egonkorrak Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatu beharko duela erregistro hori eraentzen duen arauan aurreikusitako froga- eta publikotasun-efektuak izateko, bai eta beste lege-xedapen batzuetan ezarritako efektuak ere izateko.

Azkenik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen azken xedapenetatik lehenbizikoan ezarrita dago hura argitaratzen denetik urtebeteko epean, Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortu beharko dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikia, publikotasun-ondorioetarako.

Manu hori bete beharrez, bada, dekretu honen bitartez sortzen eta arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra. Bikote egonkorra borondatez eta askatasunez eratzeko printzipioa osatzen da froga- eta publikotasun-ondorioetarako inskribatzeko aukerarekin. Inskripzioa, hain zuzen, berme bat da ez bakarrik bikotekideentzat, baizik eta baita hirugarrenentzat ere, eta deklaraziozko izaera soila badu ere, zinez garrantzitsua da trafiko juridikoaren segurtasunerako.

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra arautzen duen erregelamenduak hiru kapitulu dauzka.

Lehendabiziko kapituluak hiru atal dauzka. Lehendabiziko atalean, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren sorrera eta haren araubide juridikoa arautzen dira. Erregistro publikoa da, izaera administratiboa dauka, eta hartan inskribatzen ahalko dira, boluntarioki, Nafarroako Foru Berriaren arabera eratutako bikote egonkorren egintzak, publikotasuna emateko eta haien froga modura. Bigarren atala Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa da. Hartan xedatzen da inskripzioak euskarri eta prozedura telematiko egokietan eginen direla. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean agertu behar duten datu guztiak biltzeko eta zalantzarik ez sortzeko moduko euskarriak erabiliko dira, eta berme juridiko egokiarekin, kontserbazio-segurtasunarekin eta haietan sartu eta ulertzeko erraztasunarekin. Orobat, ezartzen da neurriak hartu beharko direla, elkarreragingarritasuna bermatzeko bikote egonkorren beste erregistro batzuekin. Hirugarren atalean jorratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren inskripzioetako edukia (bikotearen eraketa, hitzarmen arautzaileak, bikote egonkorra azkentzea eta erregistroan baja ematea bikotea azkendu gabe). Inskripzioek eraginkortasun deklaratiboa izanen dute.

Bigarren kapituluan inskripzioak eta erregistratzeko prozedura arautzen dira. Kapitulu horrek lau atal dauzka. Lehendabiziko atalean jasotzen dira inskripzio eskaeren xedapen orokorrak, eta zehazten da zer datu eta dokumentazio aurkeztu behar diren eskaeretan. Halaber, aurreikusita dago lankidetzan aritzea notarioen bulegoekin horiek aurkezteko. Bestalde, xedatzen da erregistroa zer organo eskuduni atxikitzen zaion, organo horrek eskaeretarako eredu normalizatuak sustatuko dituela, herritarrentzat errazagoa izan dadin eskaerak aurkeztea. Bigarren atalean zehazten da berariazko zer baldintza bete behar diren inskripzio eskaeren mota bakoitzean. Mota horiek dira, hain zuzen, bikotearen eraketaren berri ematekoa, bikoteak sinatu dituen hitzarmen arautzaileen gainekoa eta bikotea azkendu dela jakinaraztekoa. Hirugarren atalean inskripzio prozedura deskribatzen da. Prozedura amaitzeko, ebazpen bat eman beharko du hiru hilabeteko epean, erregistroa zer organo eskuduni atxikitzen zaion, organo horrek. Laugarren atalean jorratzen dira inskripzioen aldaketa, haien baja erregistroan eta ezeztapena.

Azkenik, hirugarren atala erregistroaren publikotasunari eta ziurtagiriak emateari buruzkoa da. Hain zuzen, ziurtagiriok zer eduki eta indarraldi duten arautzen du. Erregistroaren publikotasunak honako hauei soilik eragingo die: bikote egonkorreko kideei, haien kausadunei, interes legitimoa frogatzen duten hirugarrenei, epaitegi eta justiziako auzitegiei eta, beren eskumenak erabiltzeko, administrazio publikoetako organoei. Erregistroko espedienteari dagokionez, bikote egonkorra osatzen duten kideek eta epaitegi eta auzitegiek soilik eskuratzen ahalko dute.

Hori horrela, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluari entzunda eta Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 14an egindako bileran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra

LEHEN ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren
Erregistro Bakarraren sorrera eta araubide juridikoa

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren sorrera eta izaera.

1. Sortzen da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra, Nafarroako Foru Berriaren arabera eratu eta erregistro horretan inskribatzen diren bikote egonkorren egintzei publikotasuna emateko eta haien froga modura.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra publikoa da eta izaera administratiboa du, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera, eta justiziaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari atxikiko zaio.

3. Borondatezkoa da bikote egonkorra Erregistro Bakarrean inskribatzea. Hori hala izanik ere, bikote egonkorrak inskribatu beharko du Erregistro Bakarrean erregelamendu honetan aurreikusitako publikotasun-ondorioetarako, bai eta beste lege xedapen batzuek ezarritako ondorioetarako ere.

2. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrari dagokio eginkizun hauek gauzatzea:

a) Bikote egonkorren inskripzio eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

b) Erregistroan utzitako agiriak artxibatzea eta zaintzea.

c) Erregistroan inskribatzen diren egintzen publikotasuna eta froga.

d) Datu estatistikoak ematea, Nafarroako Estatistika Planean sar daitezen, eta txosten teknikoak egitea, erakunde publikoek hala eskatzen badute.

3. artikulua. Egintza inskribagarriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatuko dira:

a) Agiri publiko baten bidez Nafarroako Foru Berriaren arabera eratutako bikote egonkorra.

b) Harremanaren alderdi pertsonalei, familiakoei eta ondarekoei eta bikote horretako kideen eskubideei eta beharkizunei dagozkien hitzarmenak.

c) Inskribatutako bikote egonkorraren azkentzea.

d) Bikote egonkorrak erregistroan baja ematea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean egindako inskripzioak borondatezkoak eta doakoak izanen dira. Hori hala izanik ere, bikote egonkorreko edozein kidek adierazi beharko dio Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrari inskribatutako bikotea azkendu dela.

BIGARREN ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren antolaketa eta funtzionamendua

4. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren egitura.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean honako liburu hauek izanen dira:

a) Liburu nagusia, zeinetan sartuko baitira foru dekretu honetan araututako inskripzioak.

b) Ordezko liburua, zeinetan agertuko baitira liburu nagusian inskribatutako kideak, deituraren araberako hurrenkera alfabetikoan emanak. Kide bakoitzaren nortasun-agiria aipatu beharko da, eta adierazi liburu nagusian behar diren inskripzioak zein orrialdetan egin diren.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean gordeko da bikote egonkor berari dagozkion inskripzioak egiteko aurkeztutako dokumentazioa. Dokumentazio hori erregistroko espedientean sartuko da eta liburu nagusian zenbaki bat emanen zaio, zeina bikote egonkorraren eraketa inskribatzean emandako berbera izanen baita.

5. artikulua. Erregistroaren kudeaketa.

Inskripzioak euskarri eta prozedura telematiko egokietan eginen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean agertu behar duten datu guztiak biltzeko eta zalantzarik ez sortzeko moduko euskarriak erabiliko dira, eta berme juridiko egokiarekin, kontserbazio-segurtasunarekin eta haietan sartu eta ulertzeko erraztasunarekin.

6. artikulua. Elkarreragingarritasuna bikote egonkorren beste erregistro batzuekin.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lankidetza eta elkarlanerako behar diren harremanak izanen ditu izatezko bikoteen, bikote egonkorren edo antzekoen erregistroak sortu dituzten beste administrazio publiko batzuekin, inskripzio bikoitzak saihestearren.

2. Horretaz gainera, behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren teknologiak erabiliko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra eta beste eskumen-esparru batzuetan dauden bikote egonkorren edo izatezko bikoteen beste erregistro batzuekin lotzeko. Xedea da informazioa elkarri trukatzeko komunikazio sare bat sortzea, erregistro horien xedeak betetzearren.

3. Edonola ere, erregistroen arteko elkarreragingarritasuna gauzatzean eta haien artean datuak komunikatzean, legedia betetzen dela eta datu pertsonalen babesaren eta informazioaren segurtasunaren arloan exijitzekoak diren bermeak zaintzen direla bermatuko da.

HIRUGARREN ATALA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren edukia

7. artikulua. Inskripzioen edukia.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren idazpenek eduki hau izanen dute:

1.1. Eratutako bikote egonkorra.

–Bikotea eratu duten kideen izena eta deiturak.

–Bikotea eratu duten kide bakoitzaren jaioteguna eta jaioterria, eta haien nazionalitatea.

–Bikotea eratu duten kide bakoitzaren sexua.

–Bikotea eratu duten kide bakoitzaren egoera zibila.

–Bikotea noiz eratu den.

–Bikotearen bizileku komuna.

–Bikotekideen nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

–Bikote egonkorrak eratzeko borondatea duela biltzen duen agiri publikoaren identifikazioa.

–Eskaera eta inskripzioa zein egunetan aurkeztu ziren.

–Hala behar denean, bikote egonkorra osatu aurretik bikotekideek zenbat denbora daramaten elkarrekin bizitzen.

–Bikote egonkorra inskribatzearen ondorioetarako, adierazgarria izan daitezkeen bestelako aipamenak.

1.2. Bikote egonkorraren alderdi pertsonalak, familiarrak eta ondarekoak arautzen dituzten hitzarmenak.

–Bikote egonkorraren inskripzio zenbakia.

–Inskripzioa batera eskatu duten bikote egonkorreko kideen identifikazioa.

–Hitzarmenak formalizatzeko agiri(ar)en identifikazioa.

–Eskaera eta inskripzioa zein egunetan aurkeztu ziren.

1.3. Bikote egonkorra azkentzea.

–Bikote egonkorraren inskripzio zenbakia.

–Inskripzioaren ondorioetarako, bikote egonkorra azkendu dela adierazi behar du(t)en kide(ar)en identifikazioa; hori oinarritzeko zergatiaren arabera.

–Zergatia.

–Azkentze data.

–Eskaera eta inskripzioa zein egunetan aurkeztu ziren.

1.4. Alderdi batek eskaturik eta bikote egonkorra azkendu gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean baja emateko inskripzioak.

–Bikote egonkorraren inskripzio zenbakia.

–Inskripzioa batera eskatu duten bikote egonkorreko kideen identifikazioa.

–Eskaera eta inskripzioa zein egunetan aurkeztu ziren.

2. Inskripzio prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez erabakiko balitz aurreko inskripzio horietako edozein ez egitea, dela ukatzeagatik, dela atzera egiteagatik, behar den idazpena eginen da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean, zeinetan identifikatuko baitira eskatutako inskripzioa, ebazpenaren eguna eta zergatik ez den inskribatu.

3. Inskribatutako egintzak ukitzen dituzten ebazpen judizialak izanez gero, behar den idazpenean adieraziko dira ebazpen horien daturik adierazgarrienak.

8. artikulua. Inskripzioen eraginkortasuna.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean egindako inskripzioek eraginkortasun deklaratiboa izanen dute.

2. Nafarroako Foru Berriaren arabera eratu diren bikote egonkorrek, behin haien existentzia egiaztatu ondoren, Nafarroako Foru Berriak haiei onartutako eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, inskripzioa egina izan edo ez, eta, hala behar denean, aplikagarria zaien araudiko gainerako legeek onartutako eskubide eta betebeharrak, baldin eta horretarako exijitutako betebeharrak betetzen badituzte.

II. KAPITULUA

Inskripzioak eta erregistroko prozedura

LEHEN ATALA

Inskripzio eskaeren xedapen orokorrak

9. artikulua. Inskripzio eskaeren beharkizun orokorrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra organo eskudun bati atxikiko zaio eta hark sustatuko du eredu normalizatuak onestea, dela inskripzio eskaerenak eta, hala behar denean, harremanari dagozkion alderdi pertsonalak, familiakoak eta ondarekoak arautzeko hitzarmenenak eta bikotekideen eskubide eta beharkizunenak, herritarrei inskripzio eskaerak modu presentzialean zein telematikoan aurkeztea errazagoa gerta dakien.

2. Inskripzio eskaeretan bildu beharko dira bikote egonkorra osatzen duten bi kideen datu hauek:

a) Izen-deiturak.

b) NANaren, atzerritarraren nortasun txartelaren edo pasaportearen zenbakia.

c) Jaioteguna eta jaioterria.

d) Nazionalitatea edo nazionalitateak.

e) Sexua.

f) Egoera zibila.

g) Bikote egonkorrak adierazi duen bizileku komuna.

h) Eskaera non eta noiz aurkeztu den.

i) Bikotea osatzen duten bi kideen sinadurak edo haietako batena, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua. Inskripzio eskaera guztiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inskripzio eskaera guztiei nahitaez gehitu behar zaie dokumentazio hau:

a) Bikote egonkorra osatzen duten kideen nortasunaren edo, zenbait kasutan, eskatzailearenaren egiaztapena.

b) Inskripzio mota bakoitzerako hurrengo artikuluetan xehakatzen diren agiriak.

c) Bikotea osatzen duten kideen edo eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adieraziko baitute:

–Egiazkoak direla eta aplikatu beharreko araudiarekin bat heldu direla eskaeran eta hari erantsitako dokumentazioan ageri diren datuak.

–Badakitela zein diren eskatzen den inskripziotik eratorritako ondorioak.

11. artikulua. Atzerriko agirien betebeharrak.

Atzerriko agiriak itzuli eta legeztatu beharko dira arlo honetan aplikatzekoa den legedi orokorreko xedapenen arabera.

BIGARREN ATALA

Inskripzio eskaera bakoitzaren berariazko beharkizunak

12. artikulua. Eratutako bikote egonkorra inskribatzea.

1. Eratutako bikote egonkor bat Nafarroan inskribatzeko, bi bikotekideek behar bezala sinatutako inskripzio eskaera aurkeztuko da eta hari dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Agiri publikoa, zeinetan adieraziko baita bikote egonkorra eratzeko borondatea dagoela Nafarroako Foru Berriaren arabera. Agiri horretan agertuko dira bikotea osatzen duten kideak nor diren, bikotea eratzeko aski ahalmen dutela dioen adierazpena, eta ez daudela debeku egoeretako batean, ez eta denborazko baldintza edo iraupenaren mende ere.

b) Erroldatze ziurtagiria bizileku berean, Foru Komunitateko edozein udalerritan. Ziurtagiri hau ez da eskatuko, Nafarroako Foru Berriaren arabera eratu den bikote egonkorreko kideek erantzukizunpeko adierazpena egiten badute, bi bikotekideek nafar izaera zibila gordetzen dutela, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizi badira ere.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaerarekin batera egina, zeinetan esanen baita Nafarroako Foru Berriko 106. legeko betebeharrak betetzen direla eta bikotekideak ez daudela 107. legeko debekuen artean.

2. Notarioen bulegoek bikote egonkorraren inskripzio eskaera aurkez dezakete, baldin eta agiri publikoan adierazi badute Nafarroako Foru Berriaren arabera bikote egonkorra eratzeko borondatea dutela, eta, hala behar denean, bikote hori arautzeko hitzarmenen inskripzioa. Ondorio horietarako, foru dekretu honetan jasotako dokumentazio osoa bidali beharko dute behar diren inskripzioak egin daitezen eta, orobat, egiaztatu eskaera hori egiten dela bikote egonkorra osatzen duten bi kideek berariaz hala eskaturik.

13. artikulua. Bikote egonkorraren hitzarmen arautzaileak inskribatzea.

1. Nafarroako Foru Berriaren arabera eratu diren bikote egonkorrek noiznahi eska dezakete harreman pertsonalak, familiakoak eta ondarekoak arautzen dituzten hitzarmenak inskribatzea eta, gainera, haietan bikote egonkorra osatzen duten bi kideen eskubideak eta beharkizunak zehaztea.

2. Inskripzio eskaerarekin batera ondoko agiri hauek ere nahitaez aurkeztu beharko dira:

a) Bikote egonkorraren hitzarmen arautzaileak formalizatzeko agiria.

b) Bikote egonkorra osatzen duten bi kideen erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adieraziko baitu, Nafarroako Foru Berriaren arabera, bikote egonkorra izateko lege betebehar guztiak dituztela hitzarmenak inskribatzeko eskaera egiten duten egunean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak zainduko du hitzarmen horien aginduzko arauak edo ordena publikokoak ez direla urratzen, baina ez du erranen ordenamendu juridikoaren gainerako arauei egokitzen zaizkienetz.

14. artikulua. Bikote egonkorraren azkentzea inskribatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatutako bikote egonkor bat azkendu dela jasota gera dadin, inskripzio eskaera aurkeztu beharko da, eta harekin batera, azkentzea egiaztatzen duten agiriak, foru dekretu honetan xedatutako moduan.

2. Eskaeran adierazi beharko da azkentzearen arrazoia, bat etorriz Nafarroako Foru Berriaren 110. legean ezarritakoarekin.

3. Bikote egonkorraren azkentzea inskribatzeko eskaerari nahitaez erantsi beharko zaizkio agiri hauek, azkentzearen arrazoiaren arabera betiere:

a) Bikote egonkorra osatzen duten kideetako baten heriotzagatik: heriotza ziurtagiria edo heriotzaren deklarazio judiziala, bikotean bizirik gelditu den kideak edo hirugarren pertsona interesdun batek aurkeztua. Azkentze data heriotzaren edo heriotzaren deklarazioaren eguna izanen da; datu hori heriotza ziurtagirikoa edo heriotzaren deklarazio judizialekoa izanen da.

b) Bikote egonkorra osatzen duten kideen ezkontzagatik: ezkontzaren hitzez-hitzezko ziurtagiria. Azkentze data ziurtagiri horretan agertuko den ezkontza eguna izanen da.

c) Bikote egonkorra osatzen duten kideetako edozeinen ezkontzagatik: ezkontzaren hitzez-hitzezko ziurtagiria. Azkentze data ziurtagiri horretan agertuko den ezkontzarena izanen da.

d) Bikote egonkorra osatzen duten kideen borondateagatik:

–Bikote egonkorraren azkentzea formalizatu den agiri publikoa.

–Inskribatutako bikote egonkorra osatzen duten bi kideak Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean batera agertzearen gaineko akta. Genero indarkeriako egoeraren bat bada, bereizita ager daitezke erregistroan.

–Inskribatutako bikote egonkorra osatzen duten kideetako bat Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean agertzearen gaineko akta, aurretik bikoteko beste kideari agerraldi horren komunikazio fede-emailea eginez.

e) Bizikidetza amaitzeagatik, bizi-erkidegoaren egiazko haustura gertatuta: zuzenbidean onartutako edozein bitartekoren bidez, bizikidetza amaitu dela eta, horrenbestez, bizi-erkidegoa hautsi dela egiaztatzen du(t)en agiria(k).

15. artikulua. Bikote egonkorraren azkentzea ofizioz inskribatzea.

Bikote egonkorraren azkentzea ofizioz inskribatuko da, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak modu fede-emailean baldin badaki bikote egonkorreko kideetako bat honako inguruabarretako batean dagoela:

a) Heriotza edo heriotza deklarazioa.

b) Ezkontza.

c) Beste bikote egonkor bat eratzea.

d) Bikote egonkorrak irautearen ondorioetarako garrantzitsua izan daitekeen edozein zergati objektibo.

HIRUGARREN ATALA

Inskribatzeko prozedura

16. artikulua. Abiaraztea.

Inskripzio eskaerak aurkeztuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan, aurrez aurre edo telematikoki, salbu eta, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera, norbera agertzea ezinbestekoa denean.

17. artikulua. Instrukzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren ardura duen unitateak jaso eta egiaztatuko ditu aurkeztutako inskripzio eskaerak.

2. Aurkeztutako eskaerak akatsen bat baldin badu edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriren bat ez bada aurkeztu, hogei egun balioduneko epea emanen da akatsa zuzendu edo falta den dokumentazioa ekartzeko.

Ofizioz edo alderdi batek eskaturik, epe horri beste hamar egun baliodun gehituko zaizkio, zailtasun bereziak daudenean okerra zuzentzeko edo eskatutako agiriak edo datuak ekartzeko.

Atzerritarrek dokumentazioa haien jatorrizko herrialdeetan eskatu behar badute, okerrak zuzentzeko epea gehienez ere hilabetez handitu daiteke.

3. Errekerimendua ez bada oso-osorik betetzen, usteko da bikote egonkorrak atzera egiten duela eskaeran eta eskaera artxibatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra atxikita dagoen organo eskudunak aldez aurretik ebazpena eman ondoren.

18. artikulua. Ebazpena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra zer organo eskuduni atxikita dagoen, organo horrek eman eta jakinaraziko du ebazpena, eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartu eta hiru hilabeteko epean.

2. Beti arrazoitua izanen den ebazpenean erabakiko da eskatutako inskripzioa gauzatzea edo ukatzea eta, hala behar denean, erregistroan baja ematea. Halaber, eskaeran atzera eginez gero, eskaera artxibatzea erabakiko da.

3. Ebazpenaren epea igarotzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera onartutzat joko da.

4. Bikote egonkorraren inskripzio ebazpenean erregistroko zenbaki bat emanen zaio eta zenbaki hori berbera izanen da bikote horren gainean aurrerantzean eginen diren inskripzio desberdinetako bakoitzean.

5. Inskripzio bat egiteko, hura aldatzeko edo hartan baja emateko aldeko ebazpena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarreko liburu nagusian idatziz jaso beharko da.

6. Ebazpenak bikote egonkorreko kideei jakinaraziko zaizkie eta haien kontrako errekurtsoak jar daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko apirilaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

19. artikulua. Bikote egonkorreko kideek edo haietako batek beren borondatez bikotearen azkentzea inskribatzeko prozedurako berezitasunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatutako bikote egonkorrek eska dezakete bikotearen azkentzea inskribatzea, dela bikoteko bi kideek hala nahi dutelako, dela bikoteko kideetako batek hala nahi duelako. Horretarako, agiri publiko bat aurkeztu beharko dute non agertuko baita bikotea azkendu dela Nafarroako Foru Berriaren arabera edo Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean agertu beharko dute eta han berariaz adierazi bikote egonkor horri bukaera emateko erabakia hartu dutela eta hura azkendu nahi dutela.

2. Inskribatutako bikote egonkorra osatzen duten kideetako batek bakarrik eskatzen badu bikotearen azkentzea inskribatzea, azkentze egunaren ondorioetarako egiazta dezake bikote egonkorreko beste kideari erabakia adierazi diola, modu fede-emailean eta zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz.

3. Azkentzearen inskripzioa aurkezten duen kidea genero indarkeriaren biktima bada, Erregistroak izendatutako bikotekideari dagokio, azkentze egunaren ondorioetarako, bikoteko beste kideari aldez aurretik eta modu fede-emailean adieraztea bikotea azkendu nahi dela eta horren agertze akta egitea, hala eskatuz gero eta eskaerarekin batera egoera hori egiaztatuz gero ondoko bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Babes agindua, eskaera egiten denean indarrean dagoena.

b) Genero indarkeriako egintzengatiko zigor-epaia, zeinetan erabakitzen baitira biktima babesteko neurriak, hots, eskaera egiten den unean indarrean daudenak.

c) Babes agindurik edo zigor-epairik izan ezean, genero indarkeriaren egoera egiaztatzeko aski izanen da Fiskaltzaren txostena, zeinetan adieraziko baita genero indarkeria jasaten ari den zantzuak dituela eskatzaileak, babes agindua ematen den bitartean.

d) Egoera hori egiaztatzen duten bestelako agiri publikoak.

4. Azkentzea agiri publiko batean gauzatzen bada, agiri horretan adierazi beharko da nork osatzen duen bikote egonkorra, haien gaitasuna, bikote egonkorra bi kideek azkendu nahi dutela edo bikote horretako kide batek hala egin nahi duela. Bigarren kasu honetan beste alderdiari modu fede-emailean adierazi beharko zaio bikotea azkendu nahi dela.

5. Azkentzea erregistroan agertuz gauzatzen bada, ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak bere langileen artetik bat izendatuko du agertze akta egin dezan.

6. Agertze aktan jasoko dira bikote egonkorreko kideen datu hauek, bai eta eduki hauek ere:

a) Bikote egonkorreko kideen izena eta deiturak.

b) NANaren, atzerritarraren nortasun txartelaren edo pasaportearen zenbakia.

c) Nazionalitatea edo nazionalitateak.

d) Sexua.

e) Egoera zibila.

f) Bikote egonkorrerako ezarritako bizilekua.

g) Bikote egonkorraren inskripzio zenbakia, bikote egonkorraren eraketa eta inskripzio egunak eta, hala behar denean, hitzarmen arautzaileak izatea edo ez.

h) Berariaz adieraztea bikotea azkendu dela, ondorio horietarako Nafarroako Foru Berrian ezarritakoaren arabera.

i) Hala behar denean, beste alderdiari modu fede-emailean komunikatzea beste alderdiak erabaki duela bikote egonkorra azkentzea bikoteko kide horrek berak edo akta egiten duen Erregistroko langileak, genero indarkeriako biktima baldin bada alderdietako bat.

j) Agertze eguna.

k) Azkentzearen eguna, halakorik bada.

l) Eskatzailearen edo eskatzaileen sinadura(k) eta Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak akta egiteko izendatutakoarena.

7. Behin akta eginik, akta irakurri eta sinatuko du(te) bikote egonkorraren azkentzea inskribatzea eskatu duen kideak edo kideek. Hala behar denean, akta notarioari igorriko zaio; bikote hori eratzeko agiri publikoa formalizatu zuenari, alegia.

8. Hala behar denean, bikote egonkorraren azkentzea inskribatzeko ebazpena igorriko zaio notarioari –hots, bikote hori eratzeko agiri publikoa formalizatu zuenari– eta bikote egonkor horretako kideei, legezko ondorioak izan ditzan.

20. artikulua. Bikote egonkorraren azkentzea ofizioz inskribatzeko prozeduraren berezitasunak.

1. Bikote egonkorraren azkentzea ofizioz inskribatuko du Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak, foru dekretu honetako 15. artikuluan ezarritako kasuetan. Aldez aurretik jakinaraziko die bikote hori osatzen duten kideari edo kideei, kasuan kasu, alegazioak egin ditzaten.

2. Alegazioak aztertu ondoren edo alegaziorik ez badago, bikote egonkorraren azkentzea inskribatzearen gaineko ebazpena emanen da, atal honetan ezarritako prozeduraren arabera.

3. Hala behar denean, bikote egonkorraren azkentzea inskribatzeko ebazpena igorriko zaio notarioari –hots, bikote hori eratzeko agiri publikoa formalizatu zuenari– eta bikote egonkor horretako kideei, legezko ondorioak izan ditzan.

LAUGARREN ATALA

Inskripzioen aldaketa, baja eta ezereztea

21. artikulua. Inskripzioaren datuak aldatzea.

1. Bikote egonkor baten erregistro inskripzioetan dauden datuak alda daitezke ofizioz edo alderdi batek eskaturik, akatsak izateagatik edo Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean bikote egonkorra inskribatzearen ondorioetarako garrantzitsua den edozein inguruabar aldatzeagatik.

2. Ondorio horietarako, inskribatutako bikote egonkorra osatzen duten kideek Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrari aditzera emanen diote bikote horri dagozkion inskripzioetarako ekarritako datuetan izandako aldaketak eta, hala behar denean, datu horietan dagoen akatsa edo egin nahi den aldaketa egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak ofizioz eginen ditu bikote egonkorreko kideetako edozeini buruzko datuak aldatu direla modu fede-emailean frogatzen duenean eta Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean bikote horren inskripzioen ondorioetarako garrantzitsuak direnean datu horiek.

4. Datu eta/edo agiri berri horiek ezaguturik, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak jakinaraziko dizkie bikote horretako kideari edo kideei, alegazioak egin ditzaten.

5. Behin datu eta/edo agiri berriak azterturik eta, hala behar denean, alegazioak, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak ebatziko du aldatzeaz edo aldatu gabe uzteaz bikote egonkorraren inskripzioak, kapitulu honetako hirugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera.

6. Behar den ebazpena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak bikote egonkorreko kideei jakinaraziko die erabakia, legezko ondorioak izan ditzan.

22. artikulua. Bikote egonkorrari baja ematea erregistroan.

1. Inskribatutako bikote egonkorrek Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean egindako inskripzioan baja eman dezakete, inskripzio hori azkendu ez bada ere.

2. Inskribatutako bikote egonkorrari erregistroan baja emateko eskaerak bikoteko bi kideek sinatutako eskabidearen bidez eginen dira.

3. Inskripzio eskaerarekin batera, nahitaez erantsi behar da erantzukinzunpeko adierazpen bat, bikotea osatzen duten bi kideek batera eta berariaz egina. Adierazpen horretan esanen dute:

a) Bikote egonkorra ez dela azkendu eta bikote egonkorra izateko legezko beharkizun guztiak betetzen dituztela, Nafarroako Foru Berriaren arabera.

b) Hori hala izanik ere, bikote egonkorreko kideek erabaki dutela bikotea inskribaturik ez jarraitzea Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean.

c) Egiazkoak direla eta aplikatu beharreko araudiarekin bat heldu direla eskaeran eta hari erantsitako dokumentazioan ageri diren datuak.

d) Badakitela zein diren bikote egonkorrari Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean baja ematearen ondorioak.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak erregistroan baja emateko eskaeraren gainean ebatziko du, kapitulu honetako hirugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera.

5. Behar den ebazpena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak bikote egonkorra osatzen duten kideei jakinaraziko die, legezko ondorioak izan ditzan.

23. artikulua. Bikote egonkorraren inskripzioa ezereztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak noiznahi eta ofizioz espedientea ireki dezake eta hartan inskripzioak ezereztu, baldin eta kasu faltsuak badira edo legezko beharkizunak betetzen ez badira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak, faltsutasuna edo ez-betetzea ezagutu eta egiaztatu ondoren, jakinaraziko die bikotea osatzen duten kideei, alegazioak aurkez ditzaten.

3. Behin egintzak eta, hala behar denean, alegazioak azterturik, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak bikote egonkorraren inskripzioak ezereztearen edo ez ezereztearen gaineko ebazpena emanen du, kapitulu honetako hirugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera.

4. Behar den ebazpena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak jakinaraziko die, hala behar denean, bikote hori eratzeko agiri publikoa formalizatu zuen notarioari eta bikote egonkor hori osatzen zuten kideei, legezko ondorioak izan ditzan.

5. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak automatikoki ezereztuko ditu inskribatutako bikote egonkor bati dagozkion erregistro inskripzioak, erregistroari ofizialki jakinarazten zaionean edozein ebazpen irmo, dela administrazioak, dela epaileek hartua, inskribatutako egintza(k) baliogabe deklaratzen dituena; ezereztea jakinaraziko zaio, hala behar denean, bikote hori eratzeko agiri publikoa formalizatu zuen notarioari, bai eta bikote egonkor hori osatzen zuten kideei ere, legezko ondorioak izan ditzan.

III. KAPITULUA

Erregistroaren publikotasuna eta ziurtagiriak ematea

24. artikulua. Datu pertsonalen araudiaren mende jartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarreko datu pertsonalak bildu, landu eta gordeko dira, unean-unean indarra duen gaiari buruzko araudian xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren publikotasuna.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarreko datuak soilik emanen zaizkie bikote egonkorreko kideei, haien kausadunei, legezko interesa egiaztatzen duten hirugarrenei, Justiziako epaitegi eta auzitegiei eta administrazio publikoetako organoei beren eskumenak erabil ditzaten.

2. Inskripzioen edukia egiaztatuko da organo eskudunak emandako ziurtagiriaren eta ohar soilaren bidez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren arduradunak egin eta sinatuko ditu ziurtagiri eta ohar horiek.

3. Erregistroko publikotasun-egintzetan, kasuan kasu, datu hauek bilduko dira:

a) Bikote egonkorraren existentziaren publikotasuna: bikotea existitzen dela esatea eta noiz inskribatu zen, bikoteko bi kideen identifikazio-datuak, harreman pertsonalak, familiakoak eta ondarekoak arautzen dituzten hitzarmenak dauden edo ez, eta inskripzioen aldaketak, bajak eta ezerezteak noiz inskribatu ziren.

b) Bikote egonkorraren azkentzearen publikotasuna: bikote egonkorraren inskripzio eguna; bikoteko bi kideen identifikazio-datuak; harreman pertsonalak, familiakoak eta ondarekoak arautzen dituzten hitzarmenak dauden edo ez adieraztea, ezereztearen zergatia eta eguna, eta ezereztearen inskripzioaren eguna.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren publikotasun-egintzek hiru hilabeteko balioa izanen dute, egiten direnetik hasita.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrak publikotasunaren gainean dituen eskumenen erabilerak, hartara, bermatu behar du datu pertsonalak babestearen eta informazioaren segurtasunaren arloan exijitu daitezkeen bermeak eta legeak beteko direla.

26. artikulua. Erregistro espedientean sartzea.

Bikote egonkorraren erregistro espedienteko agirietan sar daitezke:

a) Bikote egonkorra osatzen duten kideak.

b) Epaitegiak eta auzitegiak.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hitzarmenak Nafarroako Notarioen Elkargoarekin.

Nafarroako Gobernuak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Nafarroako Notarioen Elkargoarekin, elkargoko kideek Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean bikote egonkorrekin zerikusia duten erregistro inskripzioak eskatzen dituztenean, telematikoki igor ditzaten agiri publiko notarialak, bikote egonkorrak eratu, arautu edo, hala behar denean, ezereztekoak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eraketaren agiri publikoa eta hitzarmen arautzaileak.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren esparruan berean sustatuko du eta, hala behar denean, lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, herritar guztien eskura egon daitezen bikote egonkorraren eraketa jasotzen duen agiri publikoa eta hura arautzen duten hitzarmenak.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Justiziaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2106044