125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRIBE-ATALLU

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arribe-Atalluko Kontzejuko Kudeaketa Batzarrak 2020ko abenduaren 1ean egindako bilkuran hasiera batean onetsi zen Arribe-Atalluko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia jarrita 2021eko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 14an, eta Kontzejuko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta, horrenbestez, ordenantza behin betiko onetsi da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Arribe-Atallu, 2021eko martxoaren 8a.–Presidentea, Jose María Amundarain Aranalde.

ORDENANTZA, ARRIBE-ATALLUKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuko herri-lurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, babesa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituzten arauak ordenantza bakar batera biltzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan xedatzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Arribe-Atalluko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Arribe-Atalluko Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola erabileraren lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak. Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Arribe-Atalluko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Hasierako prezioari esleipenaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen litzateke itzultzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Arribe-Atalluko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzeko transakzioak egin asmo dituenean.

11. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta berak ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da 6/1990 Foru Legean zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

14. artikulua. Debekatuta dago edozein eraikuntza herri-lurretan. Ordenantza honek indarra hartu baino lehen ziren eraikuntzetan mantentze lanak egiten ahalko dira, Arribe-Atalluko Kontzejuak aldez aurretik baimena emanda eta behar den obra lizentzia ordainduta.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Epaitzen aprobetxamenduak.

d) Larre hesituen aprobetxamenduak mendiko herri-lurretan.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

17. artikulua.

1. Orokorrean, Arribe-Atalluko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den edo judizialki gaitua dagoen adingabea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Arribe-Atallun bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian eta egiazki, gutxienez.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Arribe-Atalluko Kontzejuan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-aprobetxamenduen onuradunentzat.

f) Hogei ardi buru edo gehiago edo horren baliokidea izatea Nafarroako Gobernuko animalien abeltzaintza zentsuan erregistratuak, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurren aprobetxamenduen onuradunentzat. Bestelako azienda izanez gero, hala nola erleak, zerriak, hegaztiak eta beste batzuk, Batzordeak kasu bakoitza baloratuko du. 4

g) Eskaera egin aurreko lau urtean erabilera berdintsuko lur partikularrak saldu dituztenei ez zaie herri-lurretako aprobetxamendurik emanen.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Arribe-Atalluko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

18. artikulua. Zuzenean esleitutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Arribe-Atalluko Kontzejuak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokaera, eta izandako aldaketak.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren eta euntzeen aprobetxamendua

19. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.

20. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Arribe-Atalluko Kontzejuak berdintasunaren eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia unitatearen titularrak diren herritar hauei:

a) Diru iturri nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenei.

b) Jabetzan edo beste modu batez antzeko lurrik ez dutenei.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenei.

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu mota horretarako, Arribe-Atalluko Kontzejuak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen kanona aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen arabera.

2. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

22. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea 8 urte izanen da, 5 urtez luza daitekeena, Arribe-Atalluko Kontzejuak aurretik berrikusita. Kontzejuak 5 urtetik behin berrikusiko ditu emandako aprobetxamenduak, eta bertan behera uzten ahalko ditu abandonatzen badira edo, zertarako eman ziren, bestetarako erabiltzen badira.

2. Aprobetxamendurako epea bukatzean, partikularrek ez dute izanen kalte-ordainik batere jasotzeko eskubiderik herri-lurretan egindako gastuengatik. Berdin gertatuko da, baldintzak ez betetzeagatik bertan behera gelditzen denean ere.

23. artikulua.

1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

2. a) Aprobetxamenduak esleitzeko garaian lehentasuna izanen dute diru-sarrera nagusia abeltzaintzatik hartzen dutenek.

b) 20.000 m²-tik gorako esleipenetan, 10.000 m²-ko tarte bakoitzeko ordaindu beharreko kanona igo eginen da (20.000 m², 30.000 m²). 40.000 m²-tik aurrera, beste igoera altuago bat aplikatuko da, mailaz maila, 10.000 m²-ko tarte bakoitzeko.

c) Emandako lur eremua Kontzejuak markatuko du eta gastuak adjudikaziodunaren kontura izanen dira.

3. Arribe-Atallu Kontzejuak honelako baliokidetzeak finkatu ditu azienda mota bakoitzeko:

a) Behi azienda bakoitzeko 10 ardi.

b) Behor azienda bakoitzeko 0,75 behi.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

24. artikulua.

1. Arribe-Atalluko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren, mendien zeladorearen edo Arribe-Atalluko Kontzejuaren txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenen kasuan.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenen kasuan, horretara beharturik egonik.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenen kasuak.

e) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodunak izanik, aziendak Udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenen kasuan.

25. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.

26. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Arribe-Atalluko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.

27. artikulua.

1. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko Arribe-Atalluko Kontzejuaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak zurezkoak izan daitezke edo taketak burdin hariekin eta landareekin ere. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, hormigoi blokezkoak edo antzekoak, eta dagokion txaparekin identifikatuko dira.

2. Pasabideak eta bideak errespetatuko dira. Atakak jartzeko baimena ematen ahalko da interesdunak hura eskatu eta justifikatu ondoren eta kasu bakoitza mendien batzordean aztertuta.

28. artikulua. Herri-lurrak jabego pribatuko lurrekin batera ixten ahalko dira, betiere mugarriekin behar bezala seinalatuta eta herri-lurrak direla adierazten duten txapak jarrita.

29. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Arribe-Atalluko Kontzejuak baimenik ematen ez badu.

30. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen badu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

31. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuaren herri-lurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren baitan kontzejuaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.

32. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko esleipen bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

33. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

34. artikulua. Herri-lurretako larreen adjudikazioan, Arribe-Atalluko Kontzejuak abeltzaintza, nekazaritza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko ditu. Lehentasuna emanen zaie jarduera nagusia abeltzaintza edo nekazaritza duten familia unitateei eta ekonomikoki apalenak direnei.

35. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu bezala, familia unitateen maila ekonomikoa zehazteko, irizpide objektiboak erabiliko ditu Arribe-Atalluko Kontzejuak, hala nola pertsona fisikoen errenta, nekazaritzaren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

36. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Hori dela eta, Arribe-Atalluko Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Nafarroako Gobernu animalien abeltzaintza zentsutik.

37. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen (Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzkoa) 1. artikuluan eskaturiko baldintzak, eta bete beharko ditu, halaber, Foru Lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

38. artikulua. Debeku da zerriek larreak erabiltzea.

39. artikulua.

1. Arribe-Atalluko Kontzejuak urtero ezarriko du larreen onuradunek abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko kanona, azienda motaren arabera. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen kanona aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen arabera.

2. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

3. Arribe-Atalluko Kontzejuak, Nekazaritza Politika Erkideko laguntzetarako ematen dituen herri-lurretako larreen aprobetxamenduen ziurtagiriengatik, tasa bat kobratuko du hektarea bakoitzeko.

IV. KAPITULUA

Egur epaitzen aprobetxamendua

40. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arribe-Atalluko Kontzejuak egur epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

41. artikulua. Arribe-Atalluko Kontzejuak urtero ezarriko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

42. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

43. artikulua. Esleitu diren epaitzetatik kanpora, botatzeko arbolak adjudikatuko ditu, urtero, Arribe-Atalluko Kontzejuak.

44. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du egur epaitzak aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, epaitzak markatzeak, bideak konpontzeak eta lanek ekartzen dituzten beste gastu batzuk kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean epaitzei egozten ahal bazaizkie. Kanonik finkatzen ez bada, aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona izanen da egun bateko auzolana egitea, Kontzejuak onuradunei eskatzen dien egunean eta tokian.

45. artikulua. Zozketa bidez adjudikatuko dira epaitzak. Behar adina epaitza ez badago, daudenak zozketatuko dira, eta hurrengo epaitzetan zerrendako gainerako eskatzaileek izanen dute lehentasuna.

46. artikulua.

1. Epaitza biltzeko epea zortzi hilabete da zozketaren egunetik hasita, Kontzejuak baimen esplizitua eman ezik.

2. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Kontzejuak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Debeku da zaborrak mendian botatzea (plastikoak, latak etab.). Horiek bildu eta dagozkien zaborrontzietara bota beharko dira.

3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu honen kontzesioa, eta %100eko errekargua izanen dute kanonean edo bi egun gehiago auzolanean.

4. Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa esleituko zaio, moztu gabeko epaitza bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste epaitzarik eskatu, eta moztu gabeko hori zozketatik kanpo geldituko da.

5. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

6. Aspaldiko ohitura denez, baliaezintasun iraunkorra duten bizilagunek gaitz egurra eskatzeko eskubidea izanen dute. Kontzejuak erabakiko du izandako eskaeren arabera.

V. KAPITULUA

Mendiko herri-lurretako aprobetxamenduak

47. artikulua.

1. Arribe-Atallun dauden bordak, aurri egoeran ez badaude, aprobetxamendu historikotzat joko dira. Borda berriak eraikitzeko aprobetxamendurik ez da emanen.

2. Arribe-Atallun dauden bordek, aurri egoeran badaude, aprobetxamendurako eskubidea galduko dute. Osoko Bilkurak borda horien inbentarioa onetsiko du.

47.bis artikulua.

1. Erabilera pribatiboko gainerako eraikinak, etxebizitzarako, aisialdirako edo industriarako erabiltzen direnak, aldi baterako aprobetxamendutzat joko dira, kasuan kasuko kanonaren arabera, beren egoera erregularizatzen den arte.

2. Energia elektrikoa ekoizteko instalazioak, eguzkitiko energia iturri natural alternatiboetan oinarrituta daudenak, aprobetxamendutzat joko dira, kasuan kasuko kanonaren arabera.

48. artikulua. Auzokide batek ere ezin izanen dizkio bere eskubideak ezezagun bati besterendu, hots, auzokide ez den bati. Hala egiten badu, Arribe-Atalluko mendiko herri-lurren gaineko edozein aprobetxamendu egiteko eskubide oro galduko du.

49. artikulua. Bordaren eta erantsitako lursailen gozamen eskubidea auzokide batetik bestera eta gurasoengandik seme-alabetara laga edo eskualdatzeko egintza orok Arribe-Atalluko Kontzejuaren aurretiazko baimena beharko du.

VI. KAPITULUA

Larre hesituen aprobetxamendua mendiko herri-lurretan

50. artikulua.

1. Arribe-Atalluko Kontzejuak abeltzaintza karga egokia esleituko du, lurrak larre gisa duen gaitasunaren arabera eta kontuan hartuta dedikazio esklusioko abeltzainentzako % 50eko ehunekoa eta beste batzuentzako % 50eko ehunekoa.

2. Arribe-Atalluko Kontzejuak ezarriko ditu aziendak larreetara sartzeko eta handik ateratzeko datak.

3. Azienden gehieneko kopurua ezarriko da larre gisa erabiltzeko lurrak duen gaitasunaren arabera, eta kontuan hartuko da behar den azienda karga badagoela, lurrak aprobetxamendu egokia izan dezan.

4. Onuradunek urtean kanon adostu bat ordaindu beharko dute abelburu bakoitzeko. Diru kopuru horretatik ordainduko dira abonu lanak, larreen azterketak eta sor daitezkeen gainerako gastuak. Abeltzainak arduratuko dira larreak eta itxitura mantentzeaz, auzolan bidez.

51. artikulua.

1. Azienda orok indarrean diren osasun arauak bete beharko ditu eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ez da azienda ibiltaririk onartuko.

2. Orobat, debeku da azienda berria, batez ere ferietatik datorrena. Nahitaezkoa da berrogeialdia edo segurtasun neurriak betetzea, gaixotasunik ez kutsatzeko edo zabaltzeko.

52. artikulua. Osoko Bilkurak tasak onestean ezarri duen kanona kobratuko dio Arribe-Atalluko Kontzejuak abeltzain bakoitzari. Kanon hori urtero eguneratzen ahalko da.

53. artikulua.

1. Larreak ongi mantentzeko, lanak auzolanean eginen dira, abelburuen kopuruaren arabera, honako proportzio honetan:

–Ardiak: Auzolaneko egun 1, 1 eta 50 ardi bitarteko artaldeen kasuan.

  • Auzolaneko 2 egun, 51 eta 100 ardi bitarteko artaldeen kasuan.
  • Auzolaneko 3 egun, 101 eta 150 ardi bitarteko artaldeen kasuan.
  • Auzolaneko 4 egun, 151 eta 200 ardi bitarteko artaldeen kasuan.

–Behiak/Behorrak: Auzolaneko egun 1, 1 eta 5 buru bitarteko taldeen kasuan.

  • Auzolaneko 2 egun, 6 eta 10 buru bitarteko taldeen kasuan.
  • Auzolaneko 3 egun, 11 eta 15 buru bitarteko taldeen kasuan.
  • Auzolaneko 4 egun, 16 eta 20 buru bitarteko taldeen kasuan.

2. Auzolana bakarrik egiten ahalko da, baldin eta aldez aurretik jakinarazten bazaio Jarraipen Batzordeko arduradunari.

3. Auzolana beti izanen da larreak mantentzeko. Abeltzainak makinak erabiltzen baditu, auzolanaren zenbatespena bikoitza izanen da.

4. Urte naturala amaitzean, auzolanean egindako lanen kopurua zenbatuko da. Kontzejuak isuna jarriko die lanegun bakoitzeko huts egin dutenei, ordenantza hauetan ezarritako isunen arabera. Arribe-Atalluko Kontzejuaren ardura da auzolana betetzen den kontrolatzea.

Abeltzainek, urte bakoitzeko abenduaren hasieran, Arribe-Atalluko Kontzejuari orri bat emanen diote, sinatuta, egindako lanak jakinarazten dituena.

Auzolanean egin beharreko lanak egin ez dituzten abeltzainek dagokien zenbatekoa ordaindu beharko dute; hots: auzolanean aritu ez diren egun bakoitzeko, D mailako langile baten lanaldiaren soldatari dagokion zenbatekoa.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

54. artikulua.

1. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

2. Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

V. TITULUA

Adjudikatzeko prozedura

55. artikulua. Aprobetxamendu eskabideei honako hauen zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Arribe-Atalluko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Betebehar fiskalak ordainduta izatea bai udal honekin bai beste toki entitateekin ere, eskatzailea haiei loturik badago.

c) Udal honetan zein besteetan, jabetzan duen lurraren azalera eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).

d) Errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrak.

e) Abelburuen kopurua eta haien espeziea; larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Aipatutako zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Arribe-Atalluko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

56. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

e) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.

h) Edozein eraikuntza mota eraikitzea.

i) Auzolanean ez aritzea, horretarako betebeharra dagoenean.

j) Ordenantza honetan eta indarreko araudian xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

57. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak jartzeko aukera. Gainera, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–g) eta h) letretako arau-hausteengatik egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaindu beharko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eta 12.000 euro artekoa.

–i) letrako arau-hausteengatik 40 euroko isuna jarriko da huts egindako lan egun bakoitzeko

Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria

Erregelamendu honetan aipatzen den kanona IV. tituluko III. kapituluan aipatutako herri-larreen aprobetxamenduagatiko kanonaren osagarri izanen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Arribe-Atalluko mendiko herri-lurretako lurzatiak emateko Kontzeju honen Erregelamendua, Nafarroako Gobernuak 1929ko martxoaren 20an onartutakoa, bai eta testu bategin honen kontra doazen xedapen eta ordenantzak ere.

I. ERANSKINA

Tarifen eranskina

a) Labore lurrak (ortuak, eremuak): 0,06 euro/m². Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 0,03 euro/m².

b) Larreak: Hesiak: 53,84 euro/ha. Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 26,92 euro/ha.

c) Artegia herri-lurretan: 1,00 euro/m².

–Eraikinaren azalera osoa aziendaren heiarako ez bertzetarako erabiltzen denean, 0,1 euro ordaindu beharko du metro koadroko.

–Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 0,05 euro/m².

–Eraikuntzaren azaleraren zati bat bakarrik erabiltzen bada abereen korta moduan, 0,5 euro/m²-ko kanona ordainduko da. Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 0,25 euro/m².

d) Erabilera pribatiboko eraikuntzengatik, baldin eta etxebizitzarako, aisialdirako edo industriarako erabiltzen badira: 5 euro/m².

e) Zuhaiztiak: Zuhaiztiak: 49,85 euro/ha. Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 24,92 euro/ha.

f) Euntzeak: 79,76 euro/ha, 2 hektareara arte. Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira, kanonak % 50 murriztuko dira.

g) Erlauntzak: 1,15 euro unitate bakoitzeko. Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 0,58 euro unitate bakoitzeko.

h) Energia elektrikoa ekoizteko instalazioengatik, eguzkitiko energia iturri natural alternatiboetan oinarrituta badaude: 0,20 euro/m²,

i) Belarrak eta urak. Herri-lurretan bazkatzen den ardi edo ahuntz bakoitzeko: 1,2 euro.

–Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 0,6 euro.

–Herri-lurretan bazkatzen den behi edo zaldi bakoitzeko: 11,96 euro.

–Horien titularrak gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda dauden pertsonak badira: 6,00 euro.

j) –Europar Batasunaren Nekazaritza Politikarako ziurtaturiko hektarea bakoitzeko:

–Oro har: 3,00 euro/ha.

–Nagusiki nekazari direnak, erregistroaren arabera: 0,00 euro/ha.

k) Egur epaitza:

–Auzolaneko egun bat edo D mailako langile baten lanegun baten soldataren pareko ordaina.

–Emandako epetik kanpo eskatzen bada: auzolaneko bi egun edo D mailako langile baten bi lagunen soldataren pareko ordaina.

l)

–Aprobetxamenduen batura 2 hektareatik gorakoa bada eta, era berean, 7 hektareatik beherakoa, aurreko tarifa igo eginen da, geometrikoki dagokionaren arabera: hektarea osagarriko tarte bakoitzeko % 10, zehazki.

–Aprobetxamendua 7 hektareakoa edo altuagoa bada, aurreko tarifa igo eginen da, geometrikoki dagokionaren arabera: hektarea osagarriko tarte bakoitzeko % 30, zehazki.

–Tarifa hori aplikatzean, lehenik eta behin larreen azalera hartuko da kontuan.

Iragarkiaren kodea: L2107514