125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2021 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eman, deialdi bat onesten duena Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin dezaten. DDBN identifikazioa: 554824.

1994ko abenduaren 9an egindako bilkuran Ministroen Kontseiluak hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen uholde arriskuaren aurkako babes zibileko plangintzarako oinarrizko jarraibidea; 3.4.4 artikuluan xedatzen duenez, autonomia erkidegoko planak jarraibideak ezarriko ditu bere lurralde esparruan toki esparruko jarduketa planak egiteko, eta antolaketarako esparru orokorra zedarrituko du, toki mailako planek autonomia erkidegoko planean integrazio operatibo erabatekoa izatea ahalbidetuko duena.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako babes zibileko planean egindako azken aldaketan (Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez onetsia) jasotzen da ezen, Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuari aurre egiteko babes zibileko planak ukitutako udalerri edo toki entitateetan, organo eskudunek egin eta onetsi beharko dituztela uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planak, eta baliabide eta zerbitzu berekien antolaketa eta jarduketak ezarriko dituztela uholdeek eragindako larrialdiei nork bere lurralde esparruan aurre egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako babes zibileko planaren “Uholdeen analisia” izeneko eranskinean ageri da zein diren Nafarroako Foru Komunitatean uholde arriskua duten udalerriak; eranskin horretan aipatzen diren udalerrietan kasuan kasuko udal jarduketa plana egin behar da, baina horrek ez du eragotziko uholdeen kontrako defentsari buruz geroago egiten diren azterketek edo aldaketek plan horretan ere aldaketak ekartzea, eta beste udalerri batzuek horrelako planak prestatu eta izateko ahalmena ezertan ukatu gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako babes zibileko planean zehaztuta dago zein diren udal jarduketa planetan bildu beharreko gutxieneko edukia eta jarraibideak, besteak beste politika sektorial hauek koordinatzeko behar direnak barne: lurraldearen antolamendua, babes zibila, nekazaritza, basogintza, meatzaritza, hirigintza edo ingurumena, uholdeen ebaluazioari, prebentzioari eta kudeaketari dagokien guztian.

Uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluaren arabera, uholde arriskua kudeatzeko planek honako alderdi hauek hartuko dituzte kontuan: kostuak eta etekinak, uholdearen hedadura eta uholdeetako aterabideak, uholdeetan atxikitze-ahalmena duten eremuak, alubioi lautada naturalak, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 92 bis artikuluan adierazitako ingurumen helburuak (errege dekretu horren bidez Uren Legearen testu bategina onetsi zen), lurzoruaren eta uraren kudeaketa, lurzoruaren erabilera, lurraldearen antolamendua, naturaren kontserbazioa, nabigazioa eta portuetako azpiegiturak.

Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako babes zibileko planean Nafarroako toki entitateei dagokienez eskatzen den guztia betetzeko, bidezkoa da entitate horiei aukera ematea jaso ditzaten Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan herriguneetan uholdeei aurrea hartzeko planak prestatzeko dauden laguntzak.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutako eskumen banaketa erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako udalentzako dirulaguntza deialdi bat onestea herriguneetan uholdeei aurrea hartzeko planak egin ditzaten.

2. Deialdi honetako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

3. 62.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Udalentzako dirulaguntzak uholdeen aurkako prebentzio planak prestatzeko” izeneko 210001 21300 7609 942300 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko betebeharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Gastu baimen hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean sartzea.

6. Ebazpen hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura.

7. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen aurka, toki entitateek, espedientean interesa izanik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 23an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

NAFARROAKO UDALENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, UHOLDE ARRISKUAREN AURKAKO UDAL JARDUKETA PLANA EGIN DEZATEN. OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da behar diren oinarriak ezartzea 2021. urtean uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egiteak sortutako gastuak finantzatze aldera Nafarroako udalei emanen zaizkien dirulaguntzak arautzeko.

Diruz lagunduko diren jarduera horiek onura publikoko helburua dute; izan ere, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planak garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe, herrietan halako larrialdien aurrean informazio, alerta eta jarduketarako tresna iraunkor eta eguneratua ezartzen duten bitartekoak diren aldetik, mehatxatutako populazioa babesteko ahalmena dutelako eta gerta daitezkeen kalteak saihesten edo, bederen, gutxitzen lagundu dezaketelako.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Udalentzako dirulaguntzak uholdeen aurkako prebentzio planak prestatzeko” izeneko 210001-21300-7609-942300 partidaren kargura finantzatuko dira, aurrekontuan dagoen kontsignazioa agortu arte, hots, 62.000 euro.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:

a) Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana izatera behartuta dauden udalerrien zerrendan sartuta egotea, “Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako Babes Zibileko Planean”, 2.5 eta 5.2 eranskinetan ezarritakoarekin bat. Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zuen plan hori.

b) Europako LIFE-NADAPTA proiektuan oinarritutako ekintzen onuraduna ez izatea, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planak prestatzeari dagokionez. Proiektu hori Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen du.

c) Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planik ez izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egitearen kostuaren %80 (BEZa barne) finantzatzeko behar adinakoa izanen da; 6.850 eurokoa, gehienez, onuradun bakoitzeko.

5.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko lanean bete beharreko baldintzak.

Diruz lagungarriak dira uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planak erredaktatzeko gastuak, Nafarroako udalek egin eta ordaindu dituztenak deialdi hau argitaratzen den egunetik hasi eta 2021eko azaroaren 19ra bitarte, egun hori barne. Ondorio horietarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.

Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egiteko moduak bat etorri beharko du Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako Babes Zibileko Plan Bereziaren aldaketan ezarritakoarekin. Aldaketa hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa).

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak Toki Azpiegituren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen den dokumentazioa, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

7.1. Epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkezteko modua.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua), edo Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi buruzko fitxan dagoen esteka erabiliz.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaerak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

7.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, dokumentazio hau nahitaez erantsita:

a) Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egitearen kostua (BEZa barne) zehazten duen aurrekontua, edo adjudikazioaren erabakiaren ziurtagiria.

b) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak deialdi honetako 3. oinarrian adierazitako betebehar guztiak betetzen dituela.

7.4. Zuzenketa.

Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean okerra zuzen dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.–Dirulaguntzak emateko prozedura, irizpideak eta eskaeren balorazioa.

8.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, ohiko prozedura erabiliko da, norgehiagokako araubideari jarraikiz. Horren arabera, dirulaguntzak ematen dira aurkeztutako eskaerak konparatuz, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretiaz finkaturiko irizpideei jarraituz lehentasun hurrenkera bat ezartzeko. Gero, dirulaguntzak esleitzen zaizkie irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortzen duten eskatzaileei, ezarritako diru muga gainditu gabe eta eskuragarri dagoen kredituaren arabera.

8.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Udalerria zeharkatzen duen ibai-tartean uholdeak izateko arrisku maila: 14 puntu gehienez ere. Aipatutako irizpidea erabiliz puntu kopuru bat emanen zaio udal bakoitzari, honela:

ARRISKU MAILA

PUNTU KOPURUA

Arrisku handi nabarmena

14

Arrisku handi larria

8

Arrisku handi ez hain larria

6

Arrisku arina

3

2. Udalerri bakoitzean, herrigunearen eta azpiegituren gaineko ukipen maila (soziala, hidraulikoa eta sanitarioa eta errepideak): 18 puntu gehienez ere. Uholde arriskuko Eremuen Kartografia Sistema Nazionaletik lorturiko datuak oinarri hartuta, udal bakoitzari puntu kopuru bat emanen zaio behean agertzen diren taulen arabera, kontuan harturik, batetik, nolakoa den aipatutako elementuen gaineko ukipena urak hartzen ahal dituen eremuetan, eta bestetik, errepikatze-denbora (10, 100 eta 500 urte), hiru tauletako balioak batuz:

URAK HARTUTAKO AZALERA
(ha) T=10

PUNTU KOPURUA

>7 ha

9

3-7 ha

6

0-3 ha

3

0 ha

0

URAK HARTUTAKO AZALERA
(ha) T=100

PUNTU KOPURUA

>20 ha

6

9-20 ha

4

0-9 ha

2

0 ha

0

URAK HARTUTAKO AZALERA
(ha) T=500

PUNTU KOPURUA

>30 ha

3

12-30 ha

2

0-12 ha

1

0 ha

0

3. Udalerri bakoitzean urak hartzen ahal duen eremuaren arabera, eraginpean gelditzen ahal diren biztanleen kopurua: gehienez ere 18 puntu. Uholde arriskuko Eremuen Kartografia Sistema Nazionaletik lorturiko datuak oinarri hartuta, udal bakoitzari puntu kopuru bat emanen zaio behean agertzen diren taulen arabera, kontuan harturik, batetik, nolakoa den aipatutako elementuen gaineko ukipena urak hartzen ahal dituen eremuetan, eta bestetik, errepikatze-denbora (10, 100 eta 500 urte), hiru tauletako balioak batuz:

BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=10

PUNTU KOPURUA

>200 biztanle

9

40-200 biztanle

6

0-40 biztanle

3

0 biztanle

0

BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=100

PUNTU KOPURUA

>400 biztanle

6

70-400 biztanle

4

0-70 biztanle

2

0 biztanle

0

BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=500

PUNTU KOPURUA

>500 biztanle

3

90-500 biztanle

2

0-90 biztanle

1

0 biztanle

0

8.3. Eskaeren balorazioa:

Instrukzio organoak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri hauetan ezarritako irizpide eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak modu egokian baloratzeko, instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituen datu guztiak eskatuko dizkie erakunde ofizialei, erreferentzia gisa hartuta Uholde arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 903/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaz baliatuz egindako azterketak, bai eta Uholde arriskuko Eremuen Kartografia Sistema Nazionaletik lorturiko informazioa.

Udal guztiek aurkeztutako eskaerak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.

Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko ataleko 1. balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, berriz, 2020ko urtarrilaren 1ean biztanle gehien dituen eskatzailearen alde, Estatistikako Institutu Nazionalak 2020rako argitaratutako populazio zifra ofizialarekin bat. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

9.–Dirulaguntza ematea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea aurreko oinarrian ezarritako irizpideen arabera puntuazio handiena lortu duten eskatzaileen alde, aurrekontuko kontsignazioa agortu arte. Aurrekontuan diru kontsignazio aski ez badago eta, horren ondorioz, erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, organo kudeatzaileak partidan gelditzen den diru kopurua esleituko dio, partida agortu arte.

Ebazpen arrazoitu batean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek, Administrazioak duen ebazteko betebeharra ukatu gabe.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute; horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

10.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1. Horretarako, 2021eko azaroaren 19a baino lehen, entitate onuradunek honako informazio hau aurkeztuko dute modu telematikoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez, Nafarroako Gobernuko Toki Azpiegituren Zerbitzuari zuzendua:

1.–Egindako planaren kopia digitala.

2.–Egindako gastuaren faktura.

3.–Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.

4.–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du udal planean ongi jaso direla Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako babes zibileko planean adierazitako gutxieneko jarraibideak eta edukia, eta horren gaineko txostena eginen du. Eskatutako edukia eta gutxieneko jarraibideak jasotzen ez badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10.2. Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Benetan egin eta justifikatzen den gastua diruz lagundutako gastua baino txikiagoa baldin bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

b) Laguntza erabiltzea soilik uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egiteko. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Toki Azpiegituren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

c) Toki Azpiegituren Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Toki Azpiegituren Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

h) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo partikularrenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza osoa edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da eta, hala badagokio, kobratutako dirua itzuli beharko da, hori guztia bat etorriz foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarrita dagoena, baina kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean araututako berezitasunak.

15.–Errekurtsoak.

Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.-Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaera-orria.

II. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

Deskargatu I. eta II. eranskinak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105764