123. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

65E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietara proposamenak aurkezteko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 561458.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Horrez gain, Legearen 21. artikuluan, Foru Lege horren xedea eta helburuak betetzeko jasotako neurriak zehazten ditu, besteak beste, “Bikaintasuna sustatzen duten [...]” (21.1 artikulua, g) letra).

2017-2020 Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatu Planaren barruan, I+G+b Sistemaren Ezagutza Sortzeko eta Zientzia eta Teknologia Sustatzeko Estatuko Programa jasotzen du, Erakundeen Sustapenerako Estatuko Azpiprograma, eta haren helburuetako bat da Espainian dauden ikerketa zientifikoko erakundeak (zentroak eta unitateak) indartzea, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistema osoan duten trakzio-funtzioa ere.

Marko horren baitan sartzen da “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioen eta akreditazio horiei lotutako laguntza publikoen deialdia, sektore publikoko eta irabazi asmorik gabeko ikerketa erakunde pribatuetako bikaintasun zentro eta unitateei zuzendua, hain zuzen ere, lidergo zientifikoa nazioartean egiaztatuta dutenei, eta ezagutzaren mugan aurrera egiten eta inpaktu handiko emaitzak sortzen, bai eta talentua erakartzen ere, modu erabakigarrian laguntzeko gaitasuna dutenei.

Nafarroako erakundeek akreditazio hori lortzea helburu, “Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietara proposamenak aurkezteko laguntzen” deialdia egin da, zehazki, goian aipatu diren horietara: “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea”. Deialdi honen xedea da akreditazio hori lortzeko proposamenak prestatzen laguntzea, baliagarria izanen baita akreditatutako erakundeek gure ikerkuntza sistema osoaren gaitasunak eta nazioartean duen proiekzioa gidatu eta dinamizatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietara proposamenak aurkezteko laguntzen 2021eko deialdia onartzea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko kreditua baimentzea, “Suspertu plana. Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietara proposamenak aurkezteko laguntzak” izeneko G20001 G2100 4819 467306 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2021eko maiatzaren 3an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen xedea da Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortzeko egiten dituzten proposamenak hobetzen laguntzea.

2. oinarria.–Helburua.

Laguntza hauen helburua da nazioartean lidergo egiaztatua duten SINAIko eragileek garatutako ikerkuntzaren bikaintasuna, kalitatea, garrantzia eta nazioarteko inpaktua bultzatzen laguntzea, ezagutzaren mugan aurrera egiten eta inpaktu handiko emaitzak sortzen modu erabakigarrian laguntzeko gaitasunak dituztenei.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahal dira SINAIren Erregistroan akreditatuta dauden eragileak.

2. SINAIko eragileek beren kide diren edo eurei atxikitako “zentro” edo “unitateetarako” laguntza eskatzen ahalko dute, Estatuko Ikerketa Agentziako Lehendakaritzaren Ebazpenaren 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioak eta horiei dagozkien laguntza publikoak emateko 2020ko deialdia onesten da (2020ko abenduaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, 325. zenbakian, argitaratutako Ebazpenaren laburpena; 536804 DDNS kodea).

3. Zentro edo unitate horiek Estatuko Ikerketa Agentziaren aipatu deialdiaren 7. artikuluan eskatutako baldintzak bete beharko dituzte edo betetzeko moduan egon beharko dute, deialdi horretara eskaerak aurkezteko unean.

4. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.

5. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

6. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

4. oinarria.–Exekuzio aldia eta diruz laguntzen al diren jarduerak.

1. Diruz lagundutako jardueren exekuzio aldia 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 bitartekoa izanen da.

2. Laguntza jasotzen ahalko dute erakunde eskatzaileek aurkeztutako memoria zientifiko-teknikoan jasotzen diren jarduerek, zentro eta unitateen garrantzia, lidergo zientifikoa eta nazioarteko eragina handitzea xede dutenek, “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioen hurrengo deialdian aurkeztuko diren proposamenen prestaketa indartzen laguntzeko.

3. Aipatutako jarduera horiek erakunde eskatzaileak gauzatzen dituen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikotzat hartzen da Europako Batzordeak hala definitzen duena «Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzen esparruan» (2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratu zen).

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa; hau da, ez da estatu laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

5. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta memoria zientifiko-teknikoan deskribatutako jardueretan badaude:

a) Langileria. Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak sartzen dira, langile berriak kontratatzea barne, bai eta “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioen hurrengo deialdian aurkeztu beharreko proposamena kudeatu eta prestatzeko lan tekniko-administratiboak eginen dituztenak ere.

b) Informazioaren kudeaketa sistemak,horretarako behar diren programa informatikoak barne.

c) Proposamenak prestatzeko eta indartzeko aholkularitza.

d) Erakundeak egin behar dituen bestelako gastuak:

–“Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioen deialdira aurkeztuko den proposamenaren itzulpena.

–Ikertzaileen prestakuntza.

–Material bibliografikoa lortu eta kontsultatzea.

–Iraupen laburreko ikastaroetan, kongresuetan eta jardunaldietan izena emateko kuotak.

–Artikulu zientifikoak itzultzea eta argitaratzea.

–Estatu mailako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

–Patenteak erostea edo horien lizentzia lortzea.

–Aurreikusitako jarduerekin edo proiektuekin lotutako transferentzia, hedapen eta dibulgazio zientifikoko jardueren antolaketa gastuak, hala nola kongresuen, sinposioen, ikastaroen, mintegien, jardunaldien, foroen eta erakusketen antolaketakoak, webguneenak eta jarduketatik zuzenean eratorritako beste edozein, jarduketarako beharrezko direnak.

–Antzeko beste gastu batzuk, baldin eta benetan beharrezkoak badira memoria zientifiko-teknikoan jasotako jarduerak behar bezala gauzatzeko.

e) Auditoretza-txostena ere diruz lagungarria da; 1.500 euro emanen dira, gehienez ere.

2. 1. puntu horretako a), b), c) eta d) atalen arteko mugimenduak onartzen ahalko dira, baldin eta onartutako laguntzaren zenbateko osoa inola ere aldatzen ez bada. Mugimendu horiek onartutako laguntza osoren %10 izanen dira gehienez (e atala kenduta). Aldaketa horiek egiteko, ez da behar organo eskudunaren aurretiko baimenik, baina behar bezala arrazoitu beharko dira jardueren gauzatze txostenean.

3. Unibertsitate publikoen kasuan eta aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten eragileen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

b) Langileriaren kostuei dagokienez, aurreikusitako jarduerak gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da hautagarria izanen, eta ezin izanen dira finantzatu bertako langileen gainerako gastuak.

4. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsiko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitu bat eduki beharko da nahitaez.

4. Eskaera bat aurkeztu beharko da “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” edo “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortzeko hautagai den zentro edo unitate bakoitzeko.

7. oinarria.–Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

1. Eskaera telematikoa, 3.5 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

2. B) Memoria zientifiko-teknikoa, eduki hau izanen duena:

a) Egikaritze-laburpena.

b) Jarduketaren helburu zientifikoak eta justifikazioa.

c) Metodologia eta lan-plana, kronograma barne.

d) Espero diren emaitzak.

e) Aurrekontu zehatza eta horren justifikazio teknikoa.

3. Erakunde eskatzailea “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” edo “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortzeko 2019ko deialdira aurkeztu bazen, ebaluazioaren txosten zientifiko-teknikoa eta hainbat irizpidetan eta azpi-irizpidetan lortutako puntuazioa aurkeztu beharko dira.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo eskudunak entitateari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Emanen den laguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko.

2. Emanen den laguntza diruz lagungarria den aurrekontuaren %100ekoa izanen da. Laguntza kudeatzen duen organoak onartuko du, aurkeztutako memoria zientifiko-teknikoak berrikusi ondoren.

9. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, eta eskatzaileen arteko lehentasuna honela ezarriko da:

1. Lehenbizi, “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” akreditazioa lortzeko 2019ko deialdira aurkeztu ziren eskaerei emango zaizkie laguntzak, akreditazioa lortu ez zutenei eta azken kalifikazioan 75 puntu edo gehiago lortu zituztenei, hain zuzen.

Eskaera horiek deialdian lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, eta memoria zientifiko-teknikoan aurkeztutako aurrekontuaren arabera emanen da laguntza, 8. oinarrian ezarritako mugekin.

Berdinketa izanez gero, aipatu ebaluazioaren 2.a) azpi-irizpidean (“Ikerkuntzaren helburu estrategikoak eta programa/plan estrategikoaren bideragarritasuna”) lortutako puntuazioa hartuko da kontuan lehenbizi Berdinketak jarraitzen badu, 1.a) azpi-irizpidean (“Antolaketa eredua, giza taldea, baliabide materialak eta ikerkuntza eta kudeaketa gaitasunak”) eta 1.b) azpi-irizpidean (“Ikerkuntzaren emaitzak”) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

2. Bigarren, eta kreditua izanez gero, “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortzeko 2019ko deialdira aurkeztu ziren eskaerak hartuko dira kontuan, akreditazioa lortu ez zutenak eta azken kalifikazioan 75 puntu edo gehiago lortu zituztenak, hain zuzen.

Laguntzak aurreko puntuan adierazitako irizpideei jarraikiz emanen dira.

3. Hirugarren, eta aurreko puntuetako eskaerei erantzun ondoren kreditua geldituz gero, gainerako eskaeren artean hainbanatuko da kreditu hori.

4. Erakunde onuradun batek onartu zaion laguntzari uko eginez gero edo laguntza kobratzeko eskubidea galdutzat ematen bada, onartutako laguntza aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa izan den eskaerak osatzeko erabiltzen ahalko da kreditu hori. Horretarako, 9. oinarri honetan laguntza emateko prozeduran zehaztutako ordenari eta irizpideei jarraituko zaie.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Elikakatearen arloko I+G+b Atalak, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta horretan adieraziko du erakunde onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduera justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak:

a) Gastu aitorpena: 2021eko abenduaren 9 arte. Abenduari dagozkion gastuak aurreikuspen bat izanen dira.

b) Dokumentu bidez justifikatzea: 2022ko apirilaren 30 arte.

2. Gastu aitorpenean aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Memoria zientifiko-teknikoan sartutako jardueren gauzatzearen laburpena.

b) Aldi bakoitzean egindako gastuen aitorpena, jardueren eta kontzeptuen arabera banakatuta.

3. Gastuak dokumentu bidez justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditoretza-txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 89. zk., 2013ko maiatzaren 13koa).

b) Memoria zientifiko-teknikoan sartutako jardueren gauzatze txostena.

c) “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioen deialdian eskaera aurkeztu dela egiaztatzen duen agiria, 13.1.c) oinarrian zehaztutako betekizuna betez.

4. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden inprimakiei jarraituz.

5. Onuraduna behartuta dago dirulaguntzen organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Aurkeztutako gastu aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, eta eskaera aurkeztu denetik hiru hilabeteko epean, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.

2. Dokumentu bidez justifikatu behar diren gastuak aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena. Ebazpen horrek espedientea itxiko du, eta bertan adieraziko da jarduerak ez gauzatzeagatik edo behar baino gutxiago gauzatzeagatik proportzionalki dagozkien zenbatekoak itzuli beharko direla, hala den kasuan.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 11. oinarrian dokumentu bidez justifikatzeko adierazitako moduan eginen da.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Estatuko Ikerketa Agentziak “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioak eta horiei dagozkien laguntza publikoak emateko egiten duen hurrengo deialdira aurkeztu beharko dute.

d) Erakunde onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

e) Erakunde onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen kasu guztietan. Bereziki jakinarazi beharko da 2020ko deialdian “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” edo “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortu izana, hala badagokio.

g) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

a) 3.3 oinarrian ezarritako baldintzari dagokionez, dirulaguntza hauen onuradun batek akreditatzeko eskaera aurkezten badio Estatuko Ikerketa Agentziari eta erakunde horrek baloratzen badu eskatzaileak ez dituela betetzen “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” eta “María de Maeztu Bikaintasun Unitatea” akreditazioa lortzeko deialdiaren 7. artikuluan eskatutako baldintzak, %5 murriztuko zaio dagokion laguntza.

b) 1. puntuko c) betebeharra betetzeari dagokionez, arau hauek ezarri dira:

a. Hurrengo deialdia ez bada argitaratzen gastuak dokumentu bidez justifikatzeko epea (2022ko apirilaren 30a) amaitu baino lehen, betebehar hori eskaera aurkeztu arte atzeratuko da, eta, gehienez ere, 2013ko apirilaren 30era arte.

b. Hurrengo deialdia gastuak dokumentu bidez justifikatzeko epea (2022ko apirilaren 30a) amaitu baino lehen argitaratzen bada, eta onuradunak ez badu eskaerarik aurkezten, %10 murriztuko da dagokion laguntza.

c. Eskatzaileak 2020ko deialdian eskaera aurkeztu bazuen eta azken kalifikazioan 75 puntu baino gutxiago lortu bazituen, betebehar hori eskatzaileak aukera duen hurrengo deialdian eskaera aurkeztu arte atzeratuko da.

14. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2107172