123. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

85/2021 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako udalentzako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten 2021ean. DDBN identifikazioa: 557485.

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema – SITNAren 2016-2019 eperako Plan Estrategikoak ezarri zuen, bere ildo estrategikoen artean, Helpbidea izeneko web aplikazioa sortzea, hots, web bisore geografiko bat, SITNA APIan oinarritua, ahalbidetzen duena Nafarroako posta helbide bat aurkitzea, hainbat irizpide konbinatuz: udalerria, entitate bakana, bidea, ataria, etxearen izena edo helpbideako IDa (helbidearen identifikatzaile unibokoa).

Hura ezartzearen ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean hainbeste eraikin sakabanatu izanik, beharrezkoa da udalak bultzatzea beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten, azkeneko helburua izanik eraikin horiek errazago aurkitu ahal izatea, bereziki larrialdi zerbitzuek.

Horretarako, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek honako partida hau jaso dute: 054001 02500 4609 134102, “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea”. Haren xedea da finantzatzea udalek beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko egiten dituzten jarduketak, betiere 2021ean gauzatzen badituzte.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako udalentzako dirulaguntzen deialdi bat beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten 2021ean. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 40.000 euroko gastua baimentzea, guztira, 2021erako Nafarroako Gobernuaren Gastu-aurrekontuko honako partida honen kargura: 054001 02500 4609 134102, “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea”.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute interesdun diren administrazio publikoek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2021eko apirilaren 14an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

NAFARROAKO UDALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, BEREN ERAIKIN SAKABANATUAK LOKALIZATZEKO ETA SEINALEZTATZEKO JARDUKETAK EGIN DITZATEN 2021EAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da deialdi honi aplikatu beharreko araudia ezartzea: Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdia, beren eraikin sakabanatuak lokalizatzen eta seinaleztatzen laguntzeko jarduketak egin ditzaten, betiere jarduketa horiek 2021. urtean gauzatzen badira.

Deialdi honen ondorioetarako, eraikin sakabanatutzat jotzen dira biztanleguneetako katastroko lurzatietan kokaturik ez dauden eraikin habitatuak edo habitagarriak.

Diruz lagundutako jardueraren helburuak honako hau du oinarri: dudarik gabeko garrantzia du, pertsonen eta beren ondasunen segurtasunaren ikuspuntutik, eraikin sakabanatuak aurkitzen eta horietara iristen laguntzeak, bereziki larrialdi zerbitzuentzat.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak honako honen kargura finantzatuko dira: Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekitaldirako gastu-aurrekontuko “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea” izeneko 054001 02500 4609 134102 partida, 40.000 euroko zuzkidura duena.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako udalak izan daitezke deialdi honetako dirulaguntzen onuradun, baldin Nafarroako Gobernuaren Posta Helbideen Kudeatzailean sartuta badituzte beren eraikin sakabanatuen helbideak deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko jarduketek bete beharrekoak.

Gastuak diruz lagungarriak izateko, nahitaezkoa izanen da ondoren zehazten diren jarduketetakoak izatea, eta jarduketa horiek 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egitea, biak barne, eta justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduak izatea. Ondorio horietarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.

Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) Eraikin sakabanatu bakoitzaren identifikazio plakak egitea. Gutxienez ere 200 mm x 120 mm-ko neurria izanen dute. Handiagoak jarriz gero, garaieraren eta zabaleraren arteko proportzio hori errespetatu beharko da. Aire zabalean eusteko moduko materiala izanen da (euriari, eguzkiari, izotzari eusteko modukoa), gutxienez ere dibond aluminioak duen kalitatea daukana. Honako hauek izanen ditu gutxienez: “helpbidea-112” logotipoa, gorriz eta grisez, goiko aldean, ezkerreko izkinan, eta eraikin sakabanatu bakoitzaren helpbidea-identifikatzailea, beltzez, Liberation Sans Bold letra motarekin. III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Diruz lagungarri diren identifikazio plaken kopuruak ezin izanen du gainditu kasuko udalak Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartuta dituen eraikin sakabanatuen kopurua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denekoa alegia.

Kontzeptu hau dela-eta aurreko deialdietan onuradun izan diren udalei dirulaguntza emango zaie soilik plaka hauetarako: beren eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten Nafarroako udalentzako dirulaguntzen deialdi bateko onuradun izan eta deialdi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean altan eman dituzten plaketarako.

b) Metrobaserriren diseinua. Deialdi honen ondorioetarako, Metrobaserri mapa topologiko bat da, zeinak metroko planoen itxura erabiliz ahalbidetzen baitu azkar eta aise aurkitzea udal baten eraikin sakabanatuak, baita horietara iristea ere. Gutxienez ere adieraziko ditu ibilbidea eta gune sakabanatu bakoitzaren helpbideako identifikadorea. Planoak gutxienez ere PDF formatua izanen du.

Betiere, deialdi honetatik kanpo gelditzen dira mapa hori inprimatzeko edo banatzeko gastuak.

Aurreko deialdietan diruz lagundutako Metrobaserri duten udalek ezin izanen dituzte laguntzak berriro jaso kontzeptu honengatik, ez eta Metrobaserrin egindako eguneraketengatik ere.

c) Bidegurutzeetan seinaleak jartzea, multzokatzaileetarako eta/edo eraikin sakabanatuetarako norabidea agertzeko. Eraikin sakabanatuak lokalizatzeko seinaleen kasuan, gutxienez eraikin sakabanatuaren izena(k) eta helpbidea identifikatzailea agertu beharko dituzte. Seinaleen ereduak daude IV. eranskinean.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.

Diruz lagungarria izanen da dirulaguntzaren xede diren jarduketei dagokien BEZa, baldin eta ezin bada jasanarazi, ez eta berreskuratu edo konpentsatu ere.

Betiere, deialdi honetatik kanpo gelditzen dira elementu horietako edozein ezartzeko edo paratzeko gastuak.

“helpbidea-112” logotipoa helbide hauetan dago eskuragarri:

https://pcsitna.navarra.es/proyectos/helpbidea/Documentos%20compartidos/Logotipos/logohelpbidea112.png

https://pcsitna.navarra.es/proyectos/helpbidea/Documentos%20compartidos/Logotipos/logohelpbidea112incr.svg

Nafarroako Gobernuaren Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari eskatuko zaizkio helpbidea kodeak, mezu elektroniko bat bidaliz sitna@navarra.es helbidera.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

6.1.–Epea:

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2.–Aurkezteko epea:

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura zuzenduko dira.

Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

6.3.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.4.–Zuzenketa:

Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua egin biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskaerak baloratzeko irizpideak.

7.1.–Dirulaguntzak emateko prozedura:

Dirulaguntza hauek prozedura arruntaren bidez emanen dira, norgehiagokako araubideari jarraikiz, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

7.2.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1.–Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako eraikin sakabanatuen portzentajea, kontuan harturik udalak kudeatzaile horretan sartutako eraikin guztiak. Udal bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

ERAIKIN SAKABANATUEN PORTZENTAJEA

PUNTUAK

%50etik gora

30 puntu

%40 eta %50 artean

25 puntu

%30etik %39ra bitarte

20 puntu

%20tik %29ra bitarte

15 puntu

%10etik %19ra bitarte

10 puntu

%10 baino gutxiago

5 puntu

2.–Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako eraikin sakabanatuen kopurua. Udal bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

ERAIKIN SAKABANATUEN KOPURUA

PUNTUAK

300 baino gehiago

70 puntu

250etik 300era

60 puntu

200dik 249ra

50 puntu

150etik 199ra

40 puntu

100dik 149ra

30 puntu

50etik 99ra

20 puntu

20tik 49ra

10 puntu

20 baino gutxiago

5 puntu

Behin balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, lehenetsiko da Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean eraikin sakabanatu gehien duena. Hala eta guztiz ere berdinketak badirau, 2020ko urtarrilaren 1ean biztanle gehien duen eskatzailearen alde eginen da, Estatistikako Institutu Nazionalak 2020rako argitaratutako populazio ofizialarekin bat. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

8.–Diru-laguntzaren zenbatekoa:

Eskaeren ordena ezarrita, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion onuradun bakoitzari 4. oinarrian azaldutako jarduketengatik, jarraian ematen den ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kontsignazioaren gehieneko mugara iritsi arte.

–Identifikazio plakak egiteak ekarritako gastuen %80 lagunduko da diruz, gehienez ere 4,50 euro identifikazio plaka bakoitzeko.

–Metrobaserri diseinatzeak ekarritako gastuen %80 lagunduko da diruz, gehienez ere 9,50 euro deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean kasuko udalak Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sarturik dituen eraikin sakabanatu bakoitzeko.

–Bidegurutzeetako seinaleak egiteak ekarritako gastuak proportzioan finantzatuko dira, aurreko kontzeptuengatiko esleipenaren ondorioz gelditzen den kredituaren eta kontzeptu honetarako eskatutako zenbatekoen arabera. Kontzeptu honetarako aurrekontuan jasotakoaren %80 izanen da diruz lagungarria, gehienez ere.

9.–Dirulaguntza ematea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Barne Zuzendaritza Nagusiko titularrak ebatziko du dirulaguntzak ematea aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera, aurrekontu-kontsignazioaren gehieneko mugara arte.

Ebazpen arrazoitu batean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek, Administrazioak duen ebazteko betebeharra ukatu gabe.

Dirulaguntzak onartzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.navarra.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdun diren administrazio publikoek; horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

10.–Epeak, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1.–Oro har, laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Jarraian aipatzen diren agiriak igorri behar zaizkio Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, 2021eko azaroaren 5era bitartean, egun hori barne, telematika bidez nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez:

1.–Egindako jarduketen memoria, non zehaztuko baitira deialdi honen kargura egindako jarduerak.

2.–Fakturak eta horiek ordaindu izanaren ziurtagiriak.

3.–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.

10.2.-Benetan egin eta justifikatzen den gastua onartutako gastua baino txikiagoa baldin bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

10.3.–Dirulaguntza eskaeran aurkeztutako aurrekontuko gastu guztiak justifikatu ezean, dirulaguntzaren ordainketa gutxitu eginen da egiaz egindako gastuaren proportzioan, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako portzentajeekin bat.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

b) Dirulaguntza zertarako ematen den, xede zehatz horretarako bakarrik erabiltzea.

c) Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

h) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo partikularrenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da osorik, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

15.–Errekurtsoak.

Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

III. eranskina.–Eraikin sakabanatu bakoitzaren identifikazio plaken diseinua eta gutxieneko edukia.

IV. eranskina–Bidegurutzeetako seinaleen ereduak.

Deskargatu eranskin guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106257