123. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

37E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana; horren bidez, estalita edo aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren klubei eta estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren elkarteei (Nafarroako Foru Komunitatearen eskumendeko kirol kluba dutenei) zuzendutako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dira, jarduera fisikoko eta osasuneko 2021eko programak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 559505.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki entitateen bidez eta helburu nagusi kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez.

Bestalde, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a, 3.f eta 3.t artikuluetan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea denek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirolean modu jarraituan aritzeko, josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko.

f) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

t) Kirola sustatzea, osasun ohitura gisa, eta hura bultzatzen duten kirol modu guztiei bulkada ematea.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33 a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste.

Estalitako edo/eta aire zabaleko igerilekuak dituzten kirol klubei eta elkarteei (azken horietan Nafarroako Foru Komunitatearen eskumendeko kirol klubak daudenean) zuzendutako laguntza ekonomikoen kontzesioan sartzen da horietan eskainitako kirol jarduera fisikoetan erregulartasunez parte hartzen duten pertsonen ehuneko handi bat.

Halaxe adierazi du “Nafarroako kirol eta aisia entitateen elkartearen gizarte eraginari” buruzko txostenak, 2020an argitaratutakoak. Bertan adierazten denez, dirulaguntza honen onuradun izan daitezkeen eta kirol azpiegitura handia duten 10 erakundetan biltzen da Iruñeko biztanleriaren % 35. Hala, kirol, gizarte eta kulturako 100 mota baino gehiagoko jardueretan parte hartzen dute, erregulartasunez.

Diruz lagundutako jarduera fisikoko eta osasuneko programek kirol jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzea izanen dute helburu, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetze aldera.

Hori dela eta, diruz lagundutako programa guztietan jarduera mota asko sartuko dira, eta jarduera horiek partaidearen adinaren eta egoera fisikoaren arabera egokituko dira, kontuan hartuta profesionalek zuzendutako praktika erregularrak eragin positiboa izanen duela egoera fisikoa eta psikikoa hobetzeko orduan.

Hori dela kausa, eta jarduera fisikoko eta osasuneko programak garatzeko laguntzak errazte aldera estalitako edo/eta aire zabaleko igerilekuen titular diren kirol klubei eta elkarteei (azken horietan eskumendeko kirol klubak daudenean), guztiak ere kasuan kasuko erregistroetan izena emanda badaude, Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntza horien deialdiko oinarriak arautzen dituen Foru Agindua onartzeko proposatu du.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren klubei eta estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren elkarteei (Nafarroako Foru Komunitatearen eskumendeko kirol kluba dutenei) zuzendutako dirulaguntzen deialdia , ariketa fisikoko eta osasuneko 2021eko programak finantzatzeko.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, Foru Agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

A50002-A5110-4819-336108: Igerilekuen jabe diren klubetan jarduera fisikoko eta osasuneko programen laguntzak suspertzeko plana

2021

100.000,00

4. Foru Agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean.

5. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñean, 2021eko apirilaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Foru Agindu honen helburua estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren klubei eta estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen jabe diren elkarteei (eskumendeko kirol kluba dutenei), guztiak ere Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan izena emanda badaude, zuzendutako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea da, jarduera fisikoko eta osasuneko programen antolakuntza, kudeatzea eta betearazpena finantzatzeko 2021ean.

2. Helburua.

Deialdi honen helburua jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzeko laguntza ekonomikoak ematea izanen da, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetze aldera.

Egindako jarduera fisikoa adinaren eta egoera fisikoaren arabera egokituko dira, kontuan hartuta profesionalek zuzendutako praktika erregularrak eragin positiboa izanen duela egoera fisikoa eta psikikoa hobetzeko orduan.

3. Onuradunak.

3.1. Dirulaguntzen araubide honetan parte hartzen ahal dute:

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titularrak diren kirol klubek, Nafarroako Kirol Erregistroan izena emanda badaude.

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titular diren elkarteek, eskumendeko kirol klub bat txertatuta badute eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan kasuko erregistroetan eskumendeko klub moduan nahiz elkarte moduan izena emanda badaude.

3.2. Erakunde onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan oro har ezartzen diren betebeharrak, bai eta oinarri arautzaile hauek aurreikusten ahal dituztenak ere.

4. Diruz lagundutako jarduerak.

4.1. Diruz lagungarriak izanen dira 2021eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era arte garatutako jarduerak.

4.2. Erakunde eskatzaile bakoitzak jarduera fisikoko eta osasuneko programa bakarra aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako jarduera hauek sartzen ahal dira:

A) Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol jarduera fisikoak:

–Jarduerak muskulazio aretoan.

–Jarduerak uretan:

  • Aquagyma.
  • Aurreigeriketa.
  • “Igerian ikasteko” eskolak.
  • Haurdunentzako igeriketa.
  • Adinekoentzako igeriketa.
  • Desgaitasuna dutenentzako igeriketa.

–Kirol jarduera fisikoak aretoan:

  • Aerobika.
  • Body Tonic-a, Body Balance-a, Body Combat-a, Body Pump-a, Cross fit-a.
  • Box-a.
  • Cross Training-a.
  • Core-a.
  • Dantza eta antzekoak.
  • EasyTone-a.
  • Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.
  • Mantentzeko gimnasia.
  • Hipopresiboak.
  • Pilatesa.
  • Jarreraren berrantolaketa.
  • Spinning-a.
  • Stretching-a.
  • Taichi-a.
  • Tonifikazioa.
  • TRX-a.
  • Yoga eta Yogilatesa.
  • Zunba.

Uretako eta aretoko kirol jarduera fisikoen zerrenda hau adierazpide moduan ematen da; ez da mugatzailea. Hori dela eta, aipatutako horien helburu berak izan arren beste izen bat duten jarduerak ere sartzen ahal dira.

B) Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko gazteentzat, Aste Santuan eta Udan soilik eskaintzen direnak.

5. Jardueren ezaugarriak.

5.1. Klubaren berezko instalazioetan egin beharko dira.

5.2. Kirol espezialitate batekin (atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, gimnasia, judoa, igeriketa, tenisa, padela, patinajea eta abar) lotuta dagoen, hobetzea edo etekina ateratzea xede duen eta lehiara bideratzen den edozein jarduera hemendik kanpo geldituko da.

5.3. Federazioko lizentzia beharrezko duten jarduera guztiak hemendik kanpo geldituko dira.

5.4. Diruz lagundutako jarduera guztiak langile kualifikatuek zuzenduko dituzte.

5.5. Jarduerak hartzaileen beharrizan eta ezaugarrien arabera egokituko dira, eta ez dute mugarik izanen parte hartzen duten pertsonen adina, sexua, egoera fisikoa, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa dela eta.

5.6. Osasuneko eta kiroleko agintari eskudunek COVID-19aren arloan ezarri dituzten neurriak eta baldintzak bete beharko dira, bai eta jarduerok egin bitartean indarrean dauden bestelako horiek ere.

5.7. Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa gehienez ere 100.000 eurokoa izanen da eta A50002 A5110 4819 336108 aurrekontu partidara egotziko da: “Jarduera fisikoko eta osasuneko programen laguntzak suspertzeko plana, igerilekuen jabe diren klubetan”, 2021eko aurrekontu orokorretan.

7. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagundutako programen izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:

–Aurkeztutako programaren kudeatzailearen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jarduerak kontrolatzen eta antolatzen ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako jardueren begiraleen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako jardueren kirol jarduera suntsikorra. Atal honetan ez dira sartzen musika tresnak eta tresna informatikoak.

–COVID gastuak; gehienez 2.500 euro:

  • Prebentzio eta segurtasun neurriekin lotutako seinaleak eta kartelak.
  • Garbiketako eta desinfekzioko produktuak.

8. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

8.1. Dirulaguntza eskaerak eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun natural igaro arte, egun hori barne.

8.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

8.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8. eta 66.6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

9. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak.

9.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: http://www.deporte.navarra.es.

9.2. Aurkeztu beharreko agiriak:

1. II. eranskina.–Eskabide-orria.

2. III. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programa.

3. IV. eranskina.–Begiraleak. Zerrenda eta titulazioak.

V. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programako diru sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

4. VI. eranskina.–Gardentasunaren adierazpena (dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean), 19. oinarri arautzailearen arabera.

5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena klubak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

6. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena klubak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

10. Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak ez baditu betetzen, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

12. Balorazio irizpideak.

Jarraian, balorazio irizpideak zehaztu dira, zein bere haztapenarekin, eta, hartara, lehentasun hurrenkera bat ezartzen ahalko da:

a) Programan jasotako kirol jarduera fisiko zuzenduen kopurua, guztira (kanpoan geratzen dira 18 urtera bitarteko gazteentzako kirol eta jolaseko jarduera fisikoak, Aste Santuan eta Udan baino eskaintzen ez direnak): 1 puntu/jarduera. 20 puntu arte.

b) Programan sartzen diren eta 60 urtetik gorakoei soilik zuzentzen zaizkien kirol jarduera fisikoak: 0,50 puntu/jarduera.

c) Programan sartzen diren eta 14 eta 30 urte bitarteko –biak barne– gazteei soilik zuzentzen zaizkien kirol jarduera fisikoak (kanpoan geratzen dira 18 urtera bitarteko gazteen kirol eta jolaseko jarduera fisikoak, Aste Santuan eta Udan soilik eskainitakoak): 0,50 puntu/jarduera.

d) Programan jasotako eta desgaitasunen bat duten pertsonei soilik zuzendutako kirol jarduera fisikoak (kanpoan geratzen dira 18 urtera bitarteko gazteentzako kirol eta jolaseko jarduera fisikoak, Aste Santuan eta Udan baino eskaintzen ez direnak): 0,50 puntu/jarduera.

e) Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko gazteentzat, Aste Santuan eta Udan soilik eskaintzen direnak.

Azken kasu horretan, kanpaleku, campus edo dena delako bakoitza baloratuko da, haurrak egunean parte hartzen duen kirol jarduera fisikoaren iraupena kontuan hartuta:

–Partaide bakoitzak egunean kirol jarduera fisikoan emandako 3 ordura arte: 3 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

–Partaide bakoitzak egunean kirol jarduera fisikoan emandako 3 ordutik gorako aldirako: 5 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

(Adibidez, xakeko campus batean partaide batek ordubeteko saioa badauka, campusa goiz guztian zehar eman arren, “xakeko campusak” 3 puntu izanen ditu.

Hiriko kanpaleku batean partaideak kirol jarduera fisikoa 9:00etan hasi eta 14:00etan amaitzen badu, hiriko kanpaleku horrek 5 puntu izanen ditu).

Azken postuan berdinketa izanez gero, 12. oinarriko a) atalean puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

13. Dirulaguntzak emateko prozedura, balioespena eta zenbatekoa.

13.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, hartara haien artean lehentasuna ezarriko baita 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

13.2. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 12. oinarrian agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.3. Erakunde onuradun bakoitzari adjudikatutako kopurua ezin izanen da izan aurkeztutako jarduera fisikoko eta osasuneko programaren defizita baino altuagoa. Era berean, programa bakoitzari emandako kopurua ez da izanen 12.000 eurotik gorakoa, hurrengo atalean ezarritako kasuan salbu.

13.4. Ez bada agortzen multzo eskuragarrian dagoen kreditua, gainerako saldoa banatuko da lehentasun ordenaren arabera puntuazio handiena duten entitate onuradunen artean, aplikatuz kreditu erabilgarriaren ehuneko hauek: lehenengoari %40, bigarrenari %30, hirugarrenari %20 eta laugarrenari %10. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 12.000 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere izan aurkeztutako defizita baino altuagoa, ez eta diruz lagun daitezkeen gastuen zenbatekoaren %100 baino altuagoa ere.

13.5. Diruz lagundu beharreko zenbatekoak A50002 A5110 4819 336108 aurrekontu partidara egotziko dira: “Jarduera fisikoko eta osasuneko programen laguntzak suspertzeko plana, igerilekuen jabe diren klubetan”, 2021eko aurrekontu orokorretan.

14. Ebazpenak.

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

14.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

14.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek –estatukoak nahiz atzerrikoak– ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gaindituko inola ere garatu beharreko jardueraren kostua.

14.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, Nafarroako Kirolaren Institutuko iragarki taulan jarriko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda.

15. Justifikatzeko dokumentazioa eta programaren memoria.

15.1. Programaren frogagiriak aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 25a izanen da.

15.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Bereizita aurkeztuko dira agiriok, eta izenaren bidez behar bezala identifikaturik. Honako hauek jasoko dira haietan:

1. VII. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programaren memoria.

2. VIII. eranskina.–Programak sortutako diru sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

3. IX. eranskina.–Gastuen justifikazio kontua:

Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztiak (ez diruz laguntzeko moduko gastuak bakarrik) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna.

4. Ordaindutako fakturen fotokopiak soilik, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasota. IX. eranskinean aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da fakturetan, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5. X. eranskina.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6. IX. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.

7. XII. eranskina.–Azpikontratazioa egiteko inprimakia.

15.3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

16. Dirulaguntza ordaintzea.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 15. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori 2021eko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

17. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

18. Betebeharrak.

18.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko ditu eta haiek egin daitezen lagunduko.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen kasu guztietan.

18.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

18.4. Onuradunek adierazten dute ez direla ari betetzen zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik, edo, edonola ere, ez daudela zehapen eta kondena epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (II. eranskinean geratuko da adierazita –Eskaera–).

18.5. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko debeku egoeretan. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. (II. eranskinean geratuko da adierazita –Eskaera–).

18.6. Begiratuko da betetzen dela Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), programa zein udaletan garatzen den, hango hondakin kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera, ez da erabiltzen ahalko plastikozko poltsarik, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ez dira doan ematen edo banatzen ahalko.

Halaber, ez da erabiliko plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespen izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, ezin badira birziklatu prozesu organiko edo mekanikoen bidez.

18.7. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

18.8. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

18.9. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan osasun eta kirol agintaritza eskudunek COVID-19aren arloan ezarritako neurriak eta baldintzak errespetatzera, eta, halaber, beharturik egonen dira datozen hilabeteetan ezar daitezkeenak betetzera ere.

18.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

18.11. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.

18.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

19. Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek, eskabidearen inprimakiaren VI. eranskinaren bidez, telematikoki aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, eta, behartuta badaude, hilabeteko epean– dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita– aurkeztuko dute eskatutako dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, zeinaren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baitira. (VI. eranskina).

20. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

20.1. Azpikontratazioa:

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitate onuradunek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

20.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa:

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, ez badago merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.

21. Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta, ondorioz, jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun printzipioari jarraituz zehaztuko da.

22. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

22.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

22.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

23. Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da.

Deialdi honen XIII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

24. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei. Era berean, deialdi hau onesten duen Foru Agindua aplikatzean Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

25. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F2106851