122. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Leitzako Herri Aretoko erabilera eta prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza. Behin-betiko onespena

Leitzako Udalak, 2021eko urtarrilaren 26ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako Herri Aretoko erabilera eta prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza.

Erabaki hori 2021eko otsailaren 22an argitaratu zen, 2021eko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Epe hori iragandakoan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2021eko apirilaren 29an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.

“LEITZAKO HERRI ARETOA”ren ERABILERAK ETA PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua.–Definizioa

1.1. “Leitzako Herri Aretoa” hurbiltasuneko kultura-ekipamendua da, eta Leitzako Udalari dagokio horren funtzionamenduaren ardura.

1.2. “Leitzako Herri Aretoa” bi helbururekin sortu da: batetik, kulturarako aukera erraztuko duten zerbitzuak eta jarduerak sustatzeko, eta, bestetik, herritarrek herriko kultura-garapenean parte har dezaten eta horretan inplika daitezen bultzatzeko.

1.3. “Leitzako Herri Aretoa”k arterako espazio espezializatuak eskaintzen dizkie erakundeei eta artistei.

1.4. “Leitzako Herri Aretoa”ren ikuspegia kulturgune berezi bat egituratzea da, kalitatekoa eta interesekoa, gizarte-eragileen arteko lankidetzan eta parte-hartzean oinarrituta, Leitzako gizartearen beharrei eta itxaropenei erantzute aldera.

1.5. 500 pertsonarentzako lekua du, harmailak erabat tolestuta, eta 254 leku harmailak erabat zabalduta.

2. artikulua.–Kudeaketa.

2.1. Leitzako Udala, kultur teknikariaren bitartez, herri-aretoan eginen diren jardueren funtzionamenduaz, antolaketaz, kudeaketaz eta koordinazioaz eta jarraipenaz arduratuko da.

2.2. “Leitzako Herri Aretoa”rekin lotuta, teknikariaren eginkizunak izanen dira:

–Funtzionamendu egokia zaintzea eta aretoa erabiltzeko ezarritako araudia betearaztea.

–Eraikineko administrazio-, garbiketa-, gela teknikoko, armairu- eta mantentze-zerbitzuak koordinatzea.

–Erabilera-eskaerak jasotzea eta egunen eta orduen banaketaren plangintza egitea.

–Ekimen komunitarioko jarduerak aretoak berak dituen jarduerekin koordinatzea.

–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamen guztiei harrera egitea, horiek orientatzea eta, hala badagokio, proposamen horiek Udalari helaraztea.

–Erabiltzaileen, taldeen eta erakundeen parte-hartzea sustatzea aretoaren jardunean.

3. artikulua.–Erabiltzaileak.

3.1. “Leitzako Herri Aretoa”ren erabiltzaile gisa definitzen dira jarduerak egiten dituzten erakundeak edo pertsonak, edo egin litezkeen jardueren eta ikuskizunen ikusle edo parte-hartzaile gisa joaten direnak.

3.2. Erakunde eta pertsona erabiltzaile guztiek eskubide berdinak dituzte:

–“Leitzako Herri Aretoa”ren espazioak erabiltzea eta horiez gozatzea.

–Aretoak dituen bitarteko materialak erabiltzea eta horiez gozatzea.

–Erreklamazio, kexa edo iradokizun bat egiteko eskubidea, Udalak horretarako emanen duen eskabidean.

3.3. “Leitzako Herri Aretoa” ez da ezein erakunderen edo talderen egoitza izanen.

3.4. Erakunde eta pertsona erabiltzaileen betebeharrak dira:

–Egin zaizkien erreserbak errespetatzea.

–“Leitzako Herri Aretoa”ren espazioak garbi edukitzea.

–Ekipamendua eta altzariak behar bezala erabiltzea.

–Udaleko langileek egin ditzaketen argibideak kontuan hartzea.

–Udalak espazio bakoitzerako ezarriko dituen erabilera-arauak betetzea.

–Aretoa erabili ondoren, argia itzalita eta atea itxita dagoela ziurtatzea.

–Sortutako edo antzemandako kalteak Udaleko langileei jakinaraztea.

3.5. Ezin da eraikinera animaliekin, bizikletekin, patinekin, patineteekin edo antzekoekin sartu. Laguntzarako diren animaliekin edo “txakur gidariekin” izan ezik.

3.6. Salbuespen gisa, beste erabilera batzuk ere baimendu ahal izanen dira, Leitzako Udalak hala irizten dionean, kultura- edo gizarte-intereseko arrazoiengatik, betiere aldez aurretik eskatuta eta justifikatuta.

4. artikulua.–Jarduerak.

4.1. “Leitzako Herri Aretoa”n garatuko diren jarduerak, funtsean, arte, kultura, hezkuntza arlokoak eta arlo soziokulturalekoak izanen dira, alegia:

–Ikastaroak eta lantegiak.

–Bertsolaritza.

–Batzarrak, hitzaldiak eta eztabaida-mahaiak.

–Mintegiak, jardunaldiak eta kongresuak.

–Antzerki- eta dantza-emanaldiak.

–Kontzertuak eta entzunaldiak.

–Erakusketak.

–Proiekzioak eta ikus-entzunezkoak.

–Liburuak eta literatura sustatzeko ekintzak.

–Musika-, antzerki eta dantza-taldeen entseguak.

–Arte plastikoen, ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren jardunak.

–Elkarteen, taldeen eta erakundeen batzarrak.

–Ezkontza zibilak, hiletak edo agur zibilak eta omenaldiak.

–Egoitza artistikoak.

–Eta abar.

5. artikulua.–Ordutegia.

5.1. “Leitzako Herri Aretoa”k ez dauka ordutegi finkorik. Ordutegia antolatu eta/edo baimenduko diren ekintzen premien arabera finkatuko da. Udalak aretoa erabiltzen dutenei eman diezaieke aretoa irekitzeko eta ixteko ardura.

6. artikulua.–Espazioak.

6.1. “Leitzako Herri Aretoa”n honako espazio horiek bereiz ditzakegu, horien ezaugarriei erreparatuta:

–Jokaespazioa.

–Erabilera anitzeko espazioa.

–Kontrol-aretoa.

–Aldagela.

–Txartel-leihatila.

–Antzokia (jokaespazioa + erabilera anitzeko espazioa + galeria).

–Jokaespazioa:

Funtsean, honako jarduera-mota hauek hartzen dituen espazio gisa definitzen da:

Arte-hedapena (musika, antzerkia, dantza, zinema eta ikus-entzunezkoak) eta kultura-hedapena (hitzaldiak, jaialdiak, sari-banaketa eta abar).

–Erabilera anitzeko espazioa:

Erabilera anitzeko espazioak dira ikastaroak, bilerak, hitzaldiak eta gisakoak egiteko diseinatutakoak.

Funtsean, honako jarduera-mota hauek hartuko ditu:

• Batzarrak, hitzaldiak eta eztabaidak.

• Elkarteen, sindikatuen eta alderdi politikoen batzarrak eta ekitaldiak.

• Ikastaroak eta lantegiak.

• Prozesu parte-hartzaileak.

• Erakusketak.

–Kontrol-aretoa:

Proiekzioetarako eta soinua eta argia kontrolatzeko espazioa.

Aretoko teknikariak eta zentroko langileak edo kanpoko teknikariak soilik sartuko dira, betiere zentroko teknikariak gainbegiratuta.

–Aldagela:

Gune honen helburua da erabiltzaileentzat eta artistentzat prestatzeko, janzteko, makillatzeko, egoteko eta erlaxatzeko leku bat izatea. Publikoa ezin izanen da bertara sartu. Bainugela dutxarekin, esekitokia, ispilua eta dagozkion altzariak ditu.

Espazio hori erabiltzeko kultura-teknikariaren baimena behar da.

–Txartel-leihatila:

Ekitaldietarako sarrerak saltzeko gunea.

Espazio hori erabiltzeko kultura-teknikariaren baimena behar da.

–Antzokia:

Eremu hori jokaespazioak, erabilera anitzeko espazioak eta galeriak osatzen dute.

Funtsean, honako jarduera-mota hauek hartuko ditu:

• Ikastaroak eta lantegiak.

• Bertsolaritza.

• Batzarrak, hitzaldiak eta eztabaida-mahaiak.

• Mintegiak, jardunaldiak eta kongresuak.

• Antzerki- eta dantza-emanaldiak.

• Kontzertuak eta entzunaldiak.

• Erakusketak.

• Proiekzioak eta ikus-entzunezkoak.

• Liburuak eta literatura sustatzeko ekintzak.

• Musika-, antzerki eta dantza-taldeen entseguak.

• Arte plastikoen, ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren jardunak.

• Elkarteen, taldeen eta erakundeen batzarrak.

• Ezkontza zibilak, hiletak edo agur zibilak eta omenaldiak.

• Egoitza artistikoak.

7. artikulua.–Uztea, baldintzak eta irizpide orokorrak

7.1. Kultura teknikariaren erantzukizuna izanen da espazioen plangintza eta banaketa egitea.

7.2. Espazioak erabiltzeko baimena Udalak emanen du, kultura-teknikariaren bitartez, eta baimen hori Leitzako Udaleko administrazioko langileei edo ordezkari hautetsiei eskuordetu ahal izanendie.

7.3. Ez da espazioak erabiltzeko baimenik emanen genero, arraza, ideologia edo orientazio sexualagatik bereizkeria ekarriko duten jarduerak egiteko.

7.4. Espazioak erabiltzeko baimenak Leitzako Udalak izanen dituen erabilera-beharren mende egonen dira.

7.5. Espazioak erabiltzeko, dagokion prezio publikoa kobratuko da, ordenantza arautzaileak I. eranskinean ezarriko duen indarraldiko tarifaren arabera.

7.6. Ezarritako tasen gaineko hobariak ezarri edo tasak salbuetsi ahal izanen dira, Leitzako Udalak kultura edo gizarte-interesagatik hala irizten dionean; horretarako, aldez aurretik eskatu eta justifikatu beharko dira

7.7. Eskaerak:

–Eskaerak idatziz eginen dira udaletxean, edo udalaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://leitza.egoitzaelektronikoa.eus/info.0).

–Eskaerak gutxienez 10 egun natural lehenago eginen dira. (Hiletak, agur zibilak edo salbuespenezko beste kasu batzuk izan ezik; horiek, gutxienez 24 orduko epean eskatu ahal izanen dira).

–Eskatzaileak araudi honetako 3.4 atalean xedatutako betebeharrak bete beharko ditu.

–Dagokion prezio publikoa dagokion ebazpenean ezarritakoaren arabera ordainduko da.

7.8. Adierazitako aretoak uzteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, aplikazio-ordenaren arabera zerrendatuta:

Lehena: eskatutako ordurako aretoa erabilgarri egotea.

Bigarrena: Egun bererako eskaera bat baino gehiago baldin badago eta horiek ebatzi gabe badaude, lehentasuna izanen dute Udalak eta herriko elkarteek eta taldeek antolatutako jarduerak, hurrenkera horretan, gainerako eskaeren aurrean.

7.9. Erakundeei edo pertsonei aldizka espazio bat esleitu ahal izanen zaie entseguetarako edo ikastaroetarako. Nolanahi ere, erabilera horiekiko lehentasuna izanen dute herritarrei bideratutako jarduerek.

7.10. Leitzako Udalak, ekipamenduari kultura-errentagarritasun handiagoa emateko xedearekin, erakundeekin, taldeekin edo artistekin adostu ahal izanen du zentroaren erabilera lagatzea kontraprestazio baten truke.

7.11. Erakunde antolatzaileak ikuskizun publikoak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean xedatutakoa zorrotz betetzen dela zainduko du, eta eskatzaileak zein horrek ordezkatzen duen erakundeak erantzunen dute lege horretan adierazitakoak ez betetzeagatik. Nolanahi ere, erakunde antolatzailearen betebeharrak izanen dira baimena lortzea eta jarduera garatzetik erator daitezkeen jabetza intelektualeko eskubideak gauzatzea jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen erakundearen aurrean. Erakunde antolatzaileak, halaber, jardueraren ondoriozko edozein gertakizun estaliko duen erantzukizun zibileko poliza bat kontratatu beharko du.

7.12. Ikuslearen erabilera-arauak:

–Puntualtasuna: emanaldia hasita, ezin izanen da aretora sartu.

–Nahitaezkoa da sarrera erakustea aretoan sartzean, hala eskatzen bazaio.

–Publikoak isilik egon behar du ikuskizunak irauten duen bitartean.

–Kultura teknikariak eta Udaleko langileek beretzat gordetzen dute sartzea ukatzeko eskubidea.

–Seinale akustikoak: aretoan sartzean sakelako telefonoak eta alarma-mota oro deskonektatu beharko dira.

–Grabazioak eta argazkiak: debekatuta dago, guztiz, esparruen barruan filmatzea edo grabatzea, zuzendaritzak horretarako baimena eman ezean.

–8 urtetik beherakoek: heldu batekin sartu beharko dute.

–Debeku da edaririk edo inolako janaririk sartzea, berariaz baimentzen denean izan ezik.

–Debekatuta dago erretzea.

–Ezin izanen da aretoan sartu ardura duten langileek horretarako baimena eman arte.

–Sarrerek eta irteerek zein larrialdietarako ateek irisgarriak izan behar dute, eta ez dute inolako trabarik edukiko ikuskizunak irauten duen bitartean.

–Ez da onartuko edukiera gisa zehaztutakoa baino jende gehiago sartzea (500 lagun harmailak erabat tolestuta eta 254 lagun harmailak erabat zabalduta).

–Aldaketak programazioan: egoerak hala eskatuko balu, udalak iragarritako datak, ordutegiak, programak eta interpreteak aldatu ahal izanen ditu.

–Udaleko langileek arau horiek betearazteko baimena dute.

7.13. Aurreikusi gabeko guztian, eta arau hauen interpretazioak sor ditzakeen zalantza edo auzi guztietan, Leitzako Udalak ebazten duenak aginduko du.

11. artikulua.–Euskara.

Leitzako Udalak euskara erabiliko du lehentasunez “Leitzako Herri Aretoa”n antolatzen eta egiten dituen jarduera eta ekitaldi guztietan, euskararen erabilera arautzen duen udal ordenantzan eta Udalaren erabilera-planean onartutako irizpideetan ezarritakoa betez.

Halaber, Leitzako Udala ez diren erakundeek edo bestelako erabiltzaileek, “Leitzako Herri Aretoa” erabiltzen dutenean, euskararen erabilera arautzen duen udal-ordenantzan xedatutakoa eta udalaren erabilera-planean onartutako irizpideak errespetatu beharko dituzte.

I. ERANSKINA

“Leitzako Herri Aretoa” erabiltzeagatik ordaindu beharreko
prezio publikoak

1 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Irabazi asmorik ez duten Leitzako erakundeak eta taldeak.

4 ORDURA ARTE

4 ORDUTIK GORA

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

0

0

25 euro/ordua

2 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Irabazi asmoa duten Leitzako erakundeak, profesionalak, taldeak eta merkataritza-erakundeak.

4 ORDURA ARTE

4 ORDUTIK GORA

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

100 euro

200 euro

30 euro/ordua

3 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Irabazi asmorik ez duten Leitzatik kanpoko erakundeak eta taldeak.

4 ORDURA ARTE

4 ORDUTIK GORA

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

125 euro

250 euro

30 euro/ordua

4 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Irabazi asmoa duten Leitzatik kanpoko erakundeak, profesionalak, taldeak eta merkataritza-erakundeak.

4 ORDURA ARTE

4 ORDUTIK GORA

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

250 euro

500 euro

30 euro/ordua

6 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Arte-egoitzak eta antzekoak.

EGUNEKO

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

700 euro

30 euro/ordua

7 tarifa.

Nori aplikatuko zaion:

–Ospakizunak: ezkontza zibilak, hiletak edo agur zibilak eta omenaldiak.

EKITALDIKO

TEKNIKARIAREKIN

TARIFA

50

25 euro/ordua

Prezio horien barnean sartzen da: alokatutako espazioaren erabilera, klimatizazioa urteko sasoiaren arabera eta espazioa erabili ondorengo oinarrizko garbiketa, baldin eta aparteko garbiketarik ez badakar.

Teknikariarekin: proiekzio-gela, soinua eta argia erabiltzea; “Leitzako Herri Aretoa” guneko teknikariak baino ez du erabiliko. Antolatzaileak bere teknikaria balu, hura ere kontrol-gelara sartu ahal izanen da, baina, betiere, aretoko teknikariak gainbegiradapean.

Goian jasotako teknikaridun tarifak jarduera edo ekitaldi publikoaren egunari egiten dio erreferentzia. Entseguak egiteko teknikaria egotea beharrezkoa ikusten bada, entsegu bakoitzeko 150 euroko tarifa ordaindu beharko da.

Ezarritako tasen gaineko hobariak ezarri edo tasak salbuetsi ahal izanen dira, Leitzako Udalak kultura edo gizarte-interesagatik hala irizten dionean; horretarako, aldez aurretik eskatu eta justifikatu beharko dira.

Fidantza: Ez da fidantzarik kobratuko “Leitzako Herri Aretoa” erabiltzeagatik. Alabaina, instalazioen egoera egiaztatzean kalteak daudela edo aparteko garbiketa behar dela ikusiz gero, horiek eragindako kolektibo edo pertsonari dagokion aparteko konponketaren edo garbiketaren zenbatekoa kobratuko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2106945