122. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43/2021 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2021-2022 ikasturterako prozeduraren jarraibideak eta egutegia Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduan arautzen dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako Lanbide Heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” deituak, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak. Foru agindu horren II. kapituluan, “Inskripzioa, prozedura eta onartzeko irizpideak” izenekoan, ezartzen denez, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (NHBBZ) esku-hartzea beharrezkoa da onarpen prozedura ezartzeko, izena emateko epeak, jarraibideak eta ikastetxeetarako joan-etorriak barne. Aipatutako guztia Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean adierazi behar da.

Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleak onartzeko prozedura arautzea, Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin ditzaten, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko, eta oinarrizkoa da hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

NHBBZk Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeari dagozkion gai guztiak ezarri ondoren, eta ikusirik Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariaren eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta beste alderdi batzuk onestea 2021-2022 ikasturterako. Hori guztia ebazpen honen eranskinetan dago jasota.

2. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 12an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak-A modalitatea. 2021-2022 ikasturtea

1.–Onarpen prozesuaren garapena, jarraibideak eta taldeak osatzeko irizpideak.

1.1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onarpen prozesuak epe bakarra du, epe arrunta deitua, eta hartan aplikatzekoa izanen da eranskin honen 8. jarraibidean (Inskripziorako lehentasuna) inskripziorako ezartzen den lehentasuna.

1.2. Maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduaren 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, taldeak, oro har, gehienez ere hamar ikaslerekin eta gutxienez ere bost ikaslerekin antolatuko dira, salbu eta ikasleek maila desberdineko hezkuntza beharrak dituztenean, talde horiek gehienez ere zortzi ikasle eta gutxienez lau ikasle izanen baitituzte.

Ikasleen kopurua oro har ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, Hezkuntza Departamentuaren adostasuna beharko da.

2.–Tramitazioa.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak eta ikastetxeek eginen dute eskolatze prozesuaren tramitazioa.

3.–Eskaerak aurkeztea onarpen prozesuan. Onarpen prozesuaren epe arrunteko onartutakoen zerrenda.

3.1. Eskatzaile bakoitzak inskripzio eskabide bakarra aurkeztuko du, behar den moduan betea, eta gehienez ere lehentasun hurrenkeraren arabera zehaztutako 10 aukera dakartzala. Eskabidearen eredua 2. eranskinean dago. Inskripzio eskabidea eredu ofizialaren araberakoa izanen da, zeina jasota baitago Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren webgunean, esteka honetan:

https://creena.educacion.navarra.es/web/eu/2021/04/29/lanbide-heziketa-bereziko-ikastaroen-zikloak-21-22/

NHBBZk Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko fitxa batean ere argitaratuko du inskripzio eskabide eredu hori.

3.2. Izena emateko eskabidea aurkezteko epea ebazpen honen 3. eranskinean dago jasota: 2021eko maiatzaren 10etik 21era bitarte (14:00ak arte).

3.3. Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egiteko inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Inskripzio telematikoa, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako inskripzioa” tramiteen fitxako estekatik. Esteka hori helbide honetan dago:

https://creena.educacion.navarra.es/web/eu/2021/04/29/lanbide-heziketa-bereziko-ikastaroen-zikloak-2021-2022/

b) Inskripzio presentzialaren eskabidea Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko bulegoetan aurkeztu beharko da (Taxoare kalea 14-B, 31006, Iruña).

2021-2022 ikasturtean onartzeko prozesuan, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaritzak NHBBZri atxikitako langile batzuei eskatzen ahalko die lagun dezatela Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako inskripzio prozesuaren antolaketa eta kudeaketa lanetan.

Inskripzio eskaera NHBBZk balidatu beharko du, eta horretarako kontuan hartuko diren irizpideak hauek izanen dira, besteak beste: ikasleen orientazio txostenak, hurbiltasuna, eskualde bati atxikitzea eta garraioa izatea. NHBBZk zigilua daraman fotokopia emanen dio eskatzaileari, eskabide balidatuaren inprimakia zein egunetan sartu den adierazita duela.

Balidatu gabeko eskabideak ez dira sartuko Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan ikasleak onartzeko prozesuan.

3.4. Eskatzaileak daturen bat oker ematen badu edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

3.5. Inskripzio eskabideak aurkezteko epe arrunta bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik beste eskaerarik egin edo eskaerak aldatu, ezta bertan eskatutakoen lehentasun ordena ere.

3.6. Onarpen prozesuko epe arrunta amaitu ondoren, maiatzean onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta ekainean behin betikoa, 3. eranskinean ezarritako egutegiaren arabera.

Zerrenda horiei eranskin honen 7. jarraibidean, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan ikasleak onartzeko baremazioa eta irizpideak ezartzen dituen horretan, ezarritako onarpen irizpideak aplikatuko zaizkie, bai eta eranskin honetako 8. jarraibidean (“Inskripziorako lehentasuna”) ezarritakoa ere.

3.7. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean. Ikastetxearen aldaketa eskatzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloari igorri behar zaio eskaera-orri bat, aldaketa justifikatzen duen dokumentazioa erantsita. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimen horren berri emanen dio NHBBZri.

4.–Ikasle adingabeak inskribatzeko eskabideak aurkeztea, eta banantze eta dibortzio kasuetan nola jokatu.

4.1. Ikasle adingabeak inskribatzeko eskaerak eta banantze eta dibortzio kasuetakoak baliagarriak eta eraginkorrak izateko, baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

–Bi gurasoen sinadura agertu behar du inskripzio eskabideak.

–Gurasoetako baten sinadura bakarrik agertzen badu inskripzio eskabideak, laukitxo honek markatuta egon behar du: “zin egiten dut gurasoak/tutoreak bat gatozela eskaera honekin”.

–Inskripzio orrian guraso bakar baten sinadura agertzea, laukitxo hau markatuta: “Deklaratzen dut gurasoak/tutoreak banantze, dibortzio edo desadostasun egoeran gaudela, eta ebazpen judiziala edo indarra duen dokumentazioa aurkezten dut, non ondorioztatzen baita niri baizik ez dagokidala semearen edo alabaren ikastetxea aukeratzea”. Horretaz gain, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta hartatik ondorioztatuko da erabakia berari baizik ez dagokiola.

Dokumentazio horretatik ez bada ateratzen bati bakarrik dagokiola erabakia hartzea, eskabidea tramitatuko da baldin eta ulertzen bada bi gurasoek onartzen dutela Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 13ko 112/2013 Foru Aginduaren 1. eranskineko 1. jarraibidean ezarritako irizpideak erabiliz (foru agindu horren bidez jarraibide batzuk onetsi ziren unibertsitatekoak ez diren ikastetxe publikoentzat banantze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden guraso edo tutoreei dagokienez), eta, orobat, ondorioztatzen bada aurkeztutako dokumentazioarekin hori frogatuta gelditu dela.

4.2. Gainerako kasuetan, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak eskatu beharko dio eskatzaileari inskripzio eskabidea osa dezala, ohartaraziz eskaera bertan behera geldituko dela baldin zehazten zaion epean osatzen ez badu.

5.–Inskripzio eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

5.1. Izena emateko eskaeraren ereduan adierazten dena izanen da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman espainiarren baldintza berberetan sartzeko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

5.2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan inskribatzeko eskabideari honako dokumentazio hau atxiki behar zaio inskripzioa egiteko epean:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Derrigorrezko bigarren hezkuntza Curriculum Bereziko Unitate batean ikasi duten ikasleen kasuan, hala dela frogatzen duen ziurtagiria, ikasleen jatorrizko ikastetxeak emandakoa. Ziurtagiri horrek ikastetxeko zuzendariak eta orientatzaileak sinatuta egon beharko du.

–“Inskripziorako lehentasuna” muga handiak eragiten dituen zentzumenetako edo mugimenduko desgaitasuna izateagatik eskatzen bada, hala dela frogatzen duen egiaztagiriaren kopia eta hura berresten duten txosten profesionalak.

5.3. Horrez gain, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da 2021eko ekainaren 17ra bitarte (14:00ak arte): Bigarren Hezkuntzaren amaierako laburpen txostena, desgaitasuna izanik, Curriculum Bereziko Unitate batean ikasi duten ikasleei buruzkoa, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako, bertan curriculum gaitasunaren mailak jasota daudela, heziketa arlo guztietakoak. Ikaslea zer ikastetxetan dagoen onarturik, hango orientatzaileari bidali behar zaio aipatu txostena.

Era berean, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da 2021eko ekainaren 16ra bitarte (14:00ak arte): Txosten psikopedagogiko bat, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza behar bereziak izanik, bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen esanguratsuekin egin duten ikasleei buruzkoa, eta beste bat, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza-premia bereziak izanik, beste irakaskuntza batzuk egin dituzten ikasleei buruzkoa. Txosten horiek NHBBZra bidali beharko dira.

Ebazpen honen 4. eranskinean txosten horren eredua dago.

6.–Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzeko baldintzen garapena.

Maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduaren 5. artikuluan orokorrean ezarrita dauden baldintzak garatzeko, desgaitasunarekin lotutako hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleenak zehazten dira, foru agindu horren 4. artikuluan xedatzen diren Lanbide Heziketa Bereziko zikloen modalitate guztietarako:

–A modalitatea (LH Bereziko zikloak, ikastetxe arruntetan ematen direnak): adimen-desgaitasun arina eta/edo ertain altuak eragindako hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak, baldin eta, egokitze-jokabideei dagokienez, beste inoren mendeko izan beharrik ez duen autonomia pertsonala badute, beren jokabidea taldean erregulatzeko gai badira eta ez badute etengabe behar beste norbaitek gainbegiratzea. Horretarako, jatorrizko ikastetxeetako orientatzaileek behar diren txostenak eginen dituzte, 4. eranskinean dagoen ereduaren araberakoak.

–B modalitatea (LH Bereziko zikloak, hezkuntza bereziko ikastetxeetan ematen direnak): adimen-desgaitasun arina eta/edo ertainak eragindako hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak, baldin eta, egokitze-jokabideei dagokienez, autonomia pertsonalik ez badute, edo beren jokabidea taldean erregulatzeko gai ez badira, jokabide oso disruptiboak izanik, eta etengabe beste norbaitek gainbegiratu beharra badute Ikasle horiek unitate berezietan sartzen ahalko dira, Hezkuntza Bereziko ikastetxeen alternatiba gisa. Horretarako, jatorrizko ikastetxeetako orientatzaileek behar diren txostenak eginen dituzte, 4. eranskinean dagoen ereduaren araberakoak.

7.–Onarpenerako baremazioa eta irizpideak Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan.

7.1. Ikasleak onartzeko prozesuaren epe arruntean, zuzenean derrigorrezko hezkuntzatik datozen eta Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzea eskatzen duten ikasleen hurrenkera zerrenda ezartzeko, kontuan hartuko dira jarraibide honen 7.2 apartatuan ezarritako lehentasun irizpideak.

Eskolatu gabe dauden eta Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzea eskatzen dutenen kasuan, ikaspostu hutsik ez dagoenean, Eskolatze Batzorde Nagusiak ebatziko ditu eskaera horiek.

7.2. Zuzenean derrigorrezko hezkuntzatik datozen ikasleak irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:

–Lehen multzoa: adimen-desgaitasuna duten ikasleak, derrigorrezko bigarren hezkuntza Curriculum Bereziko Unitateetan egin dutenak.

–Bigarren multzoa: adimen-desgaitasuna duten ikasleak, derrigorrezko bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen garrantzitsuekin egin dutenak.

–Hirugarren multzoa: beste irakaskuntza batzuk egin dituzten ikasleak.

7.3. Jarraibide honen 7.2 apartatuan adierazitako irizpideak aplikatzearen ondorioz egiten diren azpimultzoak honen arabera ordenatuko dira:

–Lehenbizikoa: eskatzailearen adinaren arabera, gazteenetik zaharrenera, urte, hilabete eta egunetan kontatuta.

–Bigarrena: kasuan kasuko ziklorako inskripzio eskabidean adierazitako lehentasun ordenaren arabera.

–Hirugarrenik: Berdinketarik bada, hura ebazteko aplikatuko da Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2021-2022 ikasturteko onarpen prozeduraren barnean egindako zozketaren emaitza.

7.4. Aurreko irizpideetan oinarrituta egindako hurrenkera zerrendan ageri diren ikasleei tokiak esleitzeko, adierazitako zikloen lehentasun ordena hartuko da aintzat. Horrela, inskripziorako eskabidean adierazitako lehentasun ordena kontuan harturik, toki betegabeak zer ziklotan dauden, ziklo horretan esleituko da tokia.

8.–Inskripziorako lehentasuna.

8.1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan beste irizpide guztien gainetik lehentasuna duten irizpide batzuk daude, hain zuzen ere “Inskripziorako lehentasuna” izenekoak, zeinek eskatzailea jartzen baitute 7. jarraibidean (Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko baremazioa eta irizpideak) adierazitako lehen lehentasun multzoaren aurretik.

8.2. “Inskripziorako lehentasuna” eskatzen duenak lehentasun hori duela frogatzen duen desgaitasun egiaztagiriaren kopia erantsi beharko dio inskripzio eskabideari, bai eta apartatu honetan ezarritako inguruabar guztiak berresten dituzten txosten profesional ofizialak ere.

8.3. “Inskripziorako lehentasuna” delako baldintza onartzeko eskumena Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari (NHBBZ) dagokio.

Baldintza hori salbuespenez emanen zaie ikasleei, honako kasu honetan:

–Ikasle horiek mugak eragiten dituen desgaitasun larria badute, lehentasuna izanen dute desgaitasunak dakartzan hezkuntza behar berezietarako egokiak diren zikloetan inskribatzeko, baldin eta horietan ematen den berariazko curriculuma egokia bada haientzat. NHBBZko profesionalek txosten tekniko bat eginen dute eskolatze proposamenari buruz, eta Eskolatze Batzorde Nagusiak hartuko du azken erabakia.

–Eskolatua egotea Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egiteko inskribatu nahi den ikastetxe berean. Egoera hori frogatzeko, curriculum bereziko unitate bat egin ez duten ikasleek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute inskripzio eskabidearekin batera, inskripzio eskabide horiek aurkezteko ezarrita dauden epeetan.

Nolanahi ere, 7. eta 8. jarraibideetan finkatutako onartze irizpideei jarraikiz, inskripzioan aukeratutako ikaspostu bat bizilekutik kanpo dagoen kasuetan hartuko dira kontuan lehentasun irizpideak (hurbiltasuna, eskualde bati atxikitzea eta garraioa izatea), bat etorriz eranskin honen 3. jarraibidean xedatutakoarekin.

9.–Ikasleak onartzeko irizpideak jendaurrean jartzea.

9.1. NHBBZren egoitzan eta web-orrian jendaurrean egon beharko dute, bai ikasleak onartzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

9.2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira onartze irizpide gisa.

10.–Ikasleak onartzeko prozesuaren epe arrunta. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

10.1. Onartuen zerrendak, behin-behinekoak nahiz behin betikoak, izanen dira baliabide ofiziala onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko. Zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) iragarki oholean eta web-orrian, helbide honetan:

https://creena.educacion.navarra.es/web/eu/2021/04/29/lanbide-heziketa-bereziko-ikastaroen-zikloak-21-22/

NHBBZk Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko fitxan batean ere argitaratuko ditu emaitzak.

10.2. Onartutakoen behin-behineko zerrenda 2021eko maiatzaren 27an argitaratuko da.

10.3. Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak NHBBZko Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio, 2021eko maiatzaren 27tik 31ra bitarte (14:00ak arte).

10.4. Onartutakoen behin betiko zerrenda 2021eko ekainaren 3ean argitaratuko da.

10.5. Data horiek aginduzkoak dira. Data horietako bat jaieguna baldin bada ikastetxea kokatuta dagoen herrian, herriko bestak izateagatik, jaieguna ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar den publizitatea emanen zaio aldaketari.

11.–Espedientea eta hura helaraztea.

11.1. Maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezartzen denez, Curriculum Bereziko Unitatea egin duten ikasleei buruzko informazioa zuzenean helaraziko diote elkarri ikastetxeetako orientatzaileek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz. Informazio horri Bigarren Hezkuntzaren amaierako laburpen txostena erantsiko zaio Lanbide Heziketa Bereziko ziklorako.

11.2. Artikulu horretan berean ezartzen denez, desgaitasunak eragindako hezkuntza behar bereziak dituzten eta derrigorrezko bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen garrantzitsuekin egin dituzten ikasleen kasuan, txosten psikopedagogikoa, ezarriko den ereduaren araberakoa, NHBBZra igorriko da. Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (NHBBZ) arduratuko da informazioa ikastetxe hartzaileari emateaz, inskribatu eta matrikulatu aurretik.

11.3. Aipatutako informazioa helarazteko azken eguna 2021eko ekainaren 17a da (14:00ak arte) 11.1 apartatuan aipatzen den kasuan, eta ekainaren 16a baino lehen (14:00ak arte) 11.2 apartatuan aipatzen den kasuan.

12.–Jaiegunak.

Ebazpen honen 3. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. Dataren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den edo diren hurrengo egunera edo egunetara aldatuko da. Egoera horretan suertatzen den ikastetxeak publizitatea eman beharko die data aldaketei.

13.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

13.1. Onartutako ikasleen behin betiko zerrendaren arabera tokia lortu duten ikasleek tokia lortu duten ikastetxean egin beharko dute matrikula, data hauetan: 2021eko ekainaren 10etik 12ra.

13.2. Matrikula formalizatzeko, ikasleek matrikularen inprimakia bete beharko dute; bertan, ikastetxeak eskatzen duen informazioaz gain, oinarrizko informazioa ere eman beharko da, NHBBZk Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko tramiteen fitxan xedatzen duenaren arabera.

14.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoak: creeninl@educacion.navarra.es eta inclusion.educacion@navarra.es.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (NHBBZ): 848 431230. Faxa: 848 431250.

–Inklusio Atala: 848 426229.

–Faxa: 848 426987.

2. ERANSKINA

Inskripzio eskabidea (DOC).

3. ERANSKINA

2021-2022 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozesuaren egutegia

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

EPE ARRUNTA

Inskribatzeko epea (inskripzio eskabideak eta hari atxiki beharreko dokumentazioa aurkezteko)

NHBBZk ezartzen duena izanen da

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

Maiatzaren 27a

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak aurkeztea

Maiatzaren 27a

Maiatzaren 31

(14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

Ekainaren 3a

Azken eguna txosten psikopedagogikoa aurkezteko, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza behar bereziak izanik, bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen esanguratsuekin egin duten ikasleei buruzkoa, bai eta, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza-premia bereziak izanik, beste irakaskuntza batzuk egin dituzten ikasleei buruzko txostena ere

Ekainaren 16a

(14:00ak arte)

Azken eguna Bigarren Hezkuntzaren amaierako laburpen txostena aurkezteko, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako, bertan curriculum gaitasunaren mailak jasota daudela, heziketa arlo guztietakoak, betiere, desgaitasunen bat izanik curriculum bereziko unitate bat egin duten ikasleen kasuan

Ekainaren 17a

(14:00ak arte)

Matrikulazio-egunak

Ekainaren 10a

Ekainaren 12a

(14:00ak arte)

4. ERANSKINA

Bigarren Hezkuntzako amaierako laburpen txostena Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2107829