122. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 28an hartua, zeinaren bidez partez baiesten baitira DISDIRA fundazioak eta APICE elkarteak jarritako gora jotzeko errekurtsoak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 26ko 282E/2019 Foru Aginduaren aurkakoak (agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia, bi Auritzen eta bat Iruñean, emateko lehiaketa).

Aurrekariak:

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak abenduaren 26an eman 282E/2019 Foru Aginduaren bidez, zeina 2020ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urtarrilaren 10ekoan, lehiaketa deialdi bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatean soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuko hiru lizentzia emateko (bi Auritzen eta bat Iruñean), maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako. Akats bat atzemanda oinarri arautzaileetan, deialdiari zuzenketa egin zitzaion Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren otsailaren 7ko 20E/2020 Foru Aginduaren bidez.

Deialdiak kudeatzen dituen organoari zuzenduta, gora jotzeko bi errekurtso jarri dira Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak abenduaren 26an emandako 282E/2019 Foru Aginduaren kontra, zeinaren bidez lehiaketa deialdi bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatean soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuko hiru lizentzia emateko (bi Auritzen eta bat Iruñean), maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako (2020ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 10ekoan).

Errekurtsoetako bat Inés Marcilla López de Dicastillo andreak jarri zuen, DISDIRA fundazioa (IFK: G31725369) ordezkatuz, eta 2020ko otsailaren 6an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

Bigarrena Fernando Izquierdo Jiménez jaunak jarri zuen, APICE elkartea (IFK: G-31851165) ordezkatuz, eta 2020ko otsailaren 7an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

2020ko abenduaren 18ko idazkiaren bidez, lehiaketan parte hartutako guztiek prozedurako interesdun gisa alegazioak egin ahal izateko izapidea abiarazi zen. Emandako epea amaitu da eta haietako inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Zuzenbideko oinarriak:

1.–Errekurtsoak epean eta behar den moduan jarri dira, eta legitimazioa duten pertsonek jarri dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek eta horiekin loturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluak xedatzen dutenaren babesean.

Horren haritik, kontuan izan behar da APICE elkarteak lehiaketan parte hartzeko eskaera aurkeztu duela, eta DISDIRA fundazioak ez –ahal izan duen arren, zeren irrati-jarduera garatu nahi zuen edozein pertsona fisiko edo juridiko aurkez zitekeen (besterik da gero baldintzak betetzea onartua izateko eta faseak gainditzeko)–, eta azken horrek alegatu duela oinarrien idazkerak bera bezalako irabazi-asmorik gabeko entitateei galarazi edo murriztu egiten diela beren proiektuak aurkezteko aukera.

2.–Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko organo eskuduna Nafarroako Gobernua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.–Errekurtsoen edukia eta metatzea.

APICE elkarteak honela egituratu du bere errekurtsoa:

Oinarrien erabateko deuseztasuna eskatzen du, eta beste lehiaketa baten deialdia egin dadila, maiztasun batzuk gordeta, tartean Iruñekoa, irabazi-asmorik gabeko transmisiorako; edo, subsidiarioki, honako hauen deuseztagarritasuna eskatzen du:

a) 10. oinarria, edo horren 1. apartatua behintzat.

b) 17. oinarria, edo 4. apartatuan bideragarritasun ekonomikoari buruz esaten dena behintzat.

Honako argudio hauek baliatzen ditu uzi horien alde:

1. Oinarriak deusezak direla dio, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak (hemendik aurrera, IKLO) 4. artikuluan ezarritakoa urratzen dutelako. Ideia hauetan oinarritzen du aurrekoa:

–Lizentzia batzuk irabazi-asmorik gabeko ikus-entzunezko zerbitzuentzat gordetzea legez bideragarria dela defendatzen du.

–Lizentzia batzuk irabazi-asmorik gabeko zerbitzuentzat gordetzea betebeharra dela uste du.

–Uste du ez dela arrazoitu zergatik ez den bete IKLOren 4. artikulua.

2. Oinarrien deuseztasuna aldezten du Espainiako Konstituzioaren (hemendik aurrera, EK) 9. eta 14. artikuluak urratzeagatik, IKLOren 32. artikuluarekin eta EKren 20. artikuluarekin loturik.

3. 10. eta 17. oinarrien deuseztasuna aldezten du EKren 9. artikulua urratzeagatik.

DISDIRA fundazioak honako hau adierazten du bere errekurtsoan:

Oinarri guztien erabateko deuseztasuna edo subsidiarioki haien deuseztagarritasuna eskatzen du, eta subsidiarioki:

a) 10. oinarri osoaren edo behintzat haren 1. apartatuaren deuseztasuna edo, subsidiarioki, deuseztagarritasuna.

b) 17. oinarri osoaren edo behintzat 4. apartatuan bideragarritasun ekonomikoari buruz esaten denaren deuseztasuna, edo, subsidiarioki, deuseztagarritasuna.

Honako argudio hauek azaltzen ditu uzi horien alde:

1. Alegatzen du oinarri guztiak inkongruenteak direla eta segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen dela.

2. Argudiatzen du urratu egin direla IKLO eta EKren 14., 20., 22., 38. eta 53. artikuluak, ondoren azalduko diren arrazoibideak emanez, oinarri nagusi honen gainean: haren iritziz, oinarriek IKLOren 31. artikuluko baldintzak ezartzen dizkiete irabazi-asmorik gabeko entitateei; artikulu hori transmisio komunitarioko zerbitzuak ematen diren kasuez ari da, baina entitate horiek emanaldi komertzialak ere egiteko aukera izan behar luketela ulertuta:

–Alegatzen du oinarriak ez direla bateragarriak IKLOk ezartzen duen oinarrizko araubidearekin.

–Adierazten du 10. oinarrian ezarritako baldintzak EKren 22. eta 38. artikuluetako autoantolaketarako eskubidearen kontrakoak direla.

–Alegatzen du EKren 20. eta 38. artikuluak urratu direla EKren 53. artikuluarekin loturik.

–Uste du oinarriek bereizkeriazko tratua ematen dutela, EKren 14. artikuluaren kontrakoa.

3. Adierazten du urratu egin direla IKLOren 27. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 11. artikulua.

Bi errekurtsoen edukia kontuan harturik, eta eskaera eta argudio berdinak azaltzen dituztela ikusirik, bidezkoa da biak prozedura bakarrean metatzea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluari jarraituz ebaztea.

4. Zer eskatzen den errekurtsoetan. Errekurtsoen bidez hau eskatzen da, laburbilduta:

a) Oinarrien erabateko deuseztasuna edo subsidiarioki deuseztagarritasuna, eta, APICE elkartearen kasuan, beste lehiaketa baten deialdia egin dadila maiztasun batzuk gordeta, tartean Iruñekoa, irabazi-asmorik gabeko transmisiorako.

b) Subsidiarioki 10. oinarri osoaren edo behintzat haren 1. apartatuaren deuseztagarritasuna.

c) Subsidiarioki, halaber, 17. oinarri osoaren edo behintzat 4. apartatuan bideragarritasun ekonomikoari buruz esaten denaren deuseztagarritasuna.

Alegazio eta uzi guztiek ardatz bera dute: irabazi-asmorik gabeko entitateei deialdian eman zaien tratamendua, hau da, ezarri zaizkien baldintzak, edota maiztasunen erreserbarik aurreikusi ez izana entitate horiek transmisio komunitarioa egin ahal izateko.

5.–Irabazi-asmorik gabeko entitateek transmisio komunitariorako maiztasunen erreserbarako eskubidea izatea.

EKren 149.1.21 artikuluak Estatuari esleitzen dio, eskumen esklusibo gisa, telekomunikazioen gaia, eta artikulu beraren 27. apartatuak eskumen esklusiboa ematen dio honako honen gainean: “Prentsaren, irratiaren, telebistaren eta, orokorrean, gizarte-komunikabide guztien araubideari buruzko oinarrizko arauak; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek ahalmenak izan ditzakete arau horiek garatu eta betearazteko”.

IKLO oinarrizko araua da, bere azken xedapenetako seigarrenak dioen bezala, eta 32.4 artikuluan ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorrak behar den jabari publiko erradioelektrikoa jarriko duela ikus-entzunezko komunikazioaren arloko irabazi-asmorik gabeko zerbitzu komunitarioak emateko, salbu eta lehendik badiren irabazi-asmorik gabeko komunikazio zerbitzu komunitarioak (horiek hamalaugarren xedapen iragankorrean jasorik daude).

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 55.1 artikuluan ezartzen duenez, Foru Komunitateari dagokio soinuzko eta telebista bidezko irrati-difusioaren araubidea legez garatu eta betearaztea, Estatuko arauan ezarritako modu eta kasuetan.

Eskumen hori baliatuz, eta Estatuko oinarrizko arauan ezarritakoarekin bat etorriz, urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzkoa. Foru dekretu horrek 24. artikuluaren 1. apartatuan dioenez, legez irabazi-asmorik gabekoak diren entitate pribatuek irabazi-asmorik gabeko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu komunitarioak ematen ahal dituzte, gizarte talde edo komunitate jakin baten gizarte, kultur edo komunikazio beharrei erantzuteko, eta, orobat, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta elkarteen ehuna osatzen laguntzeko Nafarroako Foru Komunitatean.

24. artikulu horren 2. apartatuak zehatz-mehatz ezartzen du ezen aipatu entitateek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak eman ahal izateko, Estatuko Administrazio Orokorrak jabari publiko erradioelektrikoa gaitu beharko duela aurretik.

Estatuko Administrazio Orokorrak ez du oraindik ezarri jabari publiko erradioelektrikoko maiztasunen erreserbarik irrati-komunikazioko zerbitzuak emateko Nafarroako Foru Komunitatean.

Honaino azaldutakoa kontuan izanik, hau ondorioztatu behar da: Estatuko Administrazio Orokorrak irabazi-asmorik gabeko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu komunitarioak emateko jabari publiko erradioelektrikorik “ad hoc” gaitzen ez duen bitartean, ezin da aldarrikatu Nafarroako Gobernuak jabari publiko erradioelektrikoaren erreserbak deialdietan iragartzeko eta adjudikatzeko eskumena duenik irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek irrati-zerbitzuak eman ditzaten.

Ildo beretik adierazi behar da behinola lehiaketa-deialdi bat egin zela irrati-difusiorako maiztasunak emateko, irabazi-asmorik gabeko entitateen transmisio komunitariorako erreserba eta guzti; baina Nafarroako Gobernuak erreserba hori deuseztatu zuen, deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri zutelako (Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 22an hartutako erabakia, zeinaren bidez baiesten baita Gotzon Muneta Larumbe jaunak Eusko Media SLren izenean eta hura ordezkatuz jarritako gora jotzeko errekurtsoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 7ko 31/2017 Foru Aginduaren aurkakoa (agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia, bi Auritzen eta bat Iruñean, emateko lehiaketa). Gaur egun, errekurtsoa baietsi eta erreserba deuseztatzera eraman zuten arrazoiek indar betean jarraitzen dute, Estatuak ez duelako gaia arautu eta erreserba hori egin ahal izateko beharrezkoa den arau-garapena oraindik ere egin gabe dagoelako.

Horren haritik gaineratu daiteke 2019an aurretiazko kontsulta-izapide bat hasi zela –APIDE elkarteak bertan parte hartu zuen– Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren aldaketa bat prestatzeko prozeduraren barnean. Kontsulta horretan hizpide izan zen, besteak beste, Nafarroan arau bidezko garapen propioa ematea IKLOren aurreikuspen honi: transmisio komunitariorako maiztasunen erreserbak egin ahal izatea irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, harik eta Estatuak gai hori arautu arte.

Horregatik guztiagatik, argi gelditzen da deialdiak ezin duela inola ere transmisio komunitariorako maiztasunik erreserbatu ez bada aldez aurretik horretarako bide emanen duen arauzko garapena egiten. Beraz, APICE elkartearen errekurtsoa ezetsi egin behar da irabazi-asmorik gabeko entitateentzat transmisio komunitariorako maiztasun erreserbarik ez izateagatik eskatu duen deuseztasunari edo deuseztagarritasunari dagokionez; baita APICE elkarteak lehiaketaren beste deialdi bat erreserba eta guzti egin dadila eskatuz aurkeztu duen uziari dagokionez ere, ez dagoelako hori ahalbidetuko duen arau-esparrurik.

Ezetsi egin behar da, era berean, erreserbarik eza ez dela justifikatu dioen alegazioa. Justifikaziorik ezak inoiz ez luke deialdia baliogabetuko, baina, gainera, deialdian ezin denez halako erreserbarik aurreikusi, ez dago inolako justifikaziorik erantsi beharrik, legez zuzena delako deialdian egindakoa. Ohikoa, espero izatekoa edo aurreikusia den horretatik desbideratuko balitz, orduan bai, eska liteke erabakiaren justifikazioa. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi justifikaziorik ez izateak oinarriak eta deialdia baliogabetzen dituenik.

6.–Oinarrien iluntasuna eta segurtasun juridikorik eza. Bi errekurtsoek azpimarratzen dute lehiaketaren oinarriak ez direla behar bezain argiak, irabazi-asmorik gabeko entitateek entitate komertzialekin lehiatzeko moduko irrati-eskaintza aurkeztu ahal izateko adinakoak. Alegatzen dute entitate horiei eskatzen zaiela memoria ekonomikoa aurkezteko IKLOren 32.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta ez dagoela argi IKLOren 32. artikuluko gainerako baldintzak eta mugak aplikatzen zaizkien ala ez; alegia, ez dago argi lizentzia bat eskuratuz gero nahitaez erabili behar luketen irrati komunitariorako, IKLOren 32. artikuluak muga horiek aurreikusten baititu kasu horretarako, ala lizentzia komertzial bat eskuratzeko aukera izanen luketen.

Hori dela-eta, esan beharra dago oinarriak argiak direla xedatzen dutenean irabazi-asmorik gabeko entitateek –eta ez gainerakoek– memoria ekonomikoa aurkeztu behar dutela IKLOren 32.6 artikuluan ezarritako eran. Finantzatzeko funtsen jatorria eta xedea justifikatu behar direla besterik ez du ezartzen artikulu horrek, eta urteko aurrekontuan 50.000 euroko muga jartzen die irratiei, ikus-entzunezkoen arloko agintaritzak besterik baimendu ezean. Beraz, oinarriek espresuki IKLOren 32. artikuluaren 6. apartatua aplikatzeko deia egiten dutenez, apartatu hori baizik ez da aplikatzekoa izanen oinarrien aginduz, eta gainerakoak, izatekotan, legearen indarrez baizik ez dira izanen aplikatzekoak, baina ez oinarrietako dei horrengatik. Alegia, oinarriek ez dute behin ere adierazten aplikatzekoak direnik IKLOren 32. artikuluaren gainerako apartatuak, eta horiek aplikatuko dira baldin eta aurkeztutako proiektuak manu horretan aurreikusitako irrati komunitarioko ereduen gainekoak badira, soil-soilik. Bestalde, oinarriek ez dute inon adierazten irabazi-asmorik gabeko entitateen proiektuek transmisio komunitarioko irrati-difusiorako izan behar dutenik; hortaz, ezin da halako interpretazio murriztailerik egin. Hori bai, oinarriek irabazi-asmorik gabeko entitateei eskatzen diete memoria ekonomikoa aurkez dezatela IKLOren 32.6 artikuluko baldintzak betez. Beraz, ezin da nabaritu ez deialdiaren testua iluna denik ez segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen duenik, eta ezetsi egin behar da errekurtsoen atal hori.

7.–Irabazi-asmorik gabeko entitateek irrati-difusioko lizentzia komertzialetarako lizitatzeko eskubidea izatea. Bi errekurtsoetan argudiatzen da oinarriek ezin dietela irabazi-asmorik gabeko entitateei eragotzi irrati-difusio komertzialeko maiztasunetarako lehiatzea, eta irrati komunitarioko proiektu soilak nahitaez aurkeztera behartu, berdintasunerako, enpresa-askatasunerako eta entitateen barne-autoantolaketarako eskubideen aurkakoa litzatekeelako hori.

IKLOren testutik, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretutik edo aurkaratutako oinarrietatik beretatik ez da ondorioztatzen irabazi-asmorik gabeko entitateak ezin direla irrati-difusio komertzialerako lizentziak eskuratzeko asmotan lehiatu, baizik eta, aukera hori ukatu gabe ere, bestelako eredu bat erabiltzeko aukera ematen zaiela, eskakizun gutxiagokoa eta mugaren batzuk dituena, hain zuzen irrati-difusio komunitarioaren eredua, zeinak ez baitu inola ere alboratzen eredu komertziala. Entitate bakoitzaren hautua izanen da proiektu komertziala edo komunitarioa aurkeztea. Beraz, puntu horretan inolako diskriminaziorik ez dagoenez, errekurtsoetako argudio hori ere ezetsi egin behar da.

8.–Irabazi-asmorik gabeko entitateei eskatutako baldintzak Irabazi-asmorik gabeko entitateei IKLOren 32.6 artikuluko baldintzak eskatzen zaizkie deialdiaren oinarrietan, entitate komertzialei ezarritakoaz bestelako araubidea erabiliz. Hori, errekurtsogileen iritziz, tratu desberdintasuna da, lehenbizikoen kalterako, eta Konstituzioak aldarrikatzen duen berdintasun printzipioa urratzen du.

Alegatzen dutenez, batetik, lehiaketaren 2. oinarriaren arabera “lizentziak pertsona fisikoek zein juridikoek eskura ditzakete, helburu komertzialekin edo irabazi-asmorik gabe”, eta bestetik, 10. oinarriak honako hau dio: “Irabazi-asmorik gabeko erakundeek proiektuaren memoria ekonomikoa aurkeztu beharko dute, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 32.6 artikuluan aurreikusitako moduan eta mugekin”; eta oinarriek ez dute argitzen zer zentzutan diharduen ustiapen gastuen urteko 50.000 euroko mugak, debeku hori ikus-entzunezkoen arloko agintaritzaren balizko baimenaren baldintzapean baitago.

Horrela, modu berezi edo partikularrean aurkaratzen dute lehiaketaren 10. oinarria, uste dutelako irabazi-asmorik gabeko entitateek ez dakitela eskaintzaren urteko gastuek gaindituko ote duten urtean 50.000 euroko zenbatekoa, edo zer kasu edo irizpideren arabera baimendu edo ukatu lezakeen ikus-entzunezkoen arloko agintaritzak muga ekonomiko hori gainditzea.

Eskaintza aurkeztean auzi hori garrantzitsua dela baieztatzen dute. Lehenik, eskatzaileak zerbitzua emateko dauzkan baliabide ekonomikoen araberako irrati- eta teknika-eskaintza egiten duelako, eta, beraz, baliabideok lortzeari edo urteko zenbatekoari mugak ezartzeak eskaintzaren kalitatea baldintzatuko duela eta, horrenbestez, beste eskaintza batzuen aldean balorazio kaskarragoa ekarriko duela. Ohartarazten dute, gainera, 10. oinarriak hau dioela: “Balorazio mahaiak eskaintza onar dezan, haren dokumentazio ekonomikoak jaso beharko du zer inbertsio eta zer gastu egin behar diren lizentzia behar bezala ustiatzeko, aurkeztutako eskaintzarekin bat; eta, bermatu beharko du finantzaketa nahikoa eta iraunkorra dela, irratia ekonomikoki bideragarria izan dadin lizentziak dirauen bitartean”. Beraz, Mahaiak erabaki lezake zerbitzuaren prestazioa bermatzeko ez dela aski urtean ustiapen gastu hain txikiak izatea, batez ere Iruñeko lizentziarako, estaldura eremu zabala baitu eta biztanle dentsitate handia, eta 6.000 PRAko potentzia duten transmisio ekipamenduak behar baititu –Aurizko lizentziek, berriz, 300 PRAkoak–, eta, ondorioz, inbertsio handiagoa ekipamendu teknikoan eta mantentze lanetan.

Alegazio horien aurrean abiapuntutzat hartu behar da deialdiak ezin duela berez, arauak emateko gaikuntzarik gabe, maiztasunen erreserba bat ezarri irabazi-asmorik gabeko entitateen transmisio komunitariorako, eta horregatik hautatu dela entitate horiei lehiatzen uztea entitate komertzialekin edo irabazteko asmoa dutenekin batera, eskainitako lizentziak eskuratzen saiatzeko, berentzako erreserbarik ez egon arren. Aukera hori ez da diskriminaziotzat hartu behar; alderantziz, neurri inklusiboa da, eta lehiarako bidea ematen die emisio komertzialerako nahiz komunitariorako maiztasun bat eskuratzeko, nahi duten bezalakoa, aurkezten duten proiektuaren ezaugarrien arabera. Ezin zaio eutsi interpretazio murriztaileago bati, oinarriek ez dutelako behin ere xedatzen irabazi-asmorik gabeko entitateek ezin direnik lehiatu emisio komunitarioetarako lizentziak lortzeko, ezta emisio komertzialetarako ere. Aplikatu behar den arau-esparruak berak ezartzen du pertsona fisiko edo juridiko guztiek lortu ahalko dituztela lizentziak –tartean lizentzia komertzialak, noski–, eta irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan, gainera, modalitate komunitarioan emititzeko lizentziak lor daitezkeela adierazten du. Oinarriak, beraz, ez dira nahasiak eta ez dute inola ere nahasteko biderik ematen, eta gainetik duten ordenamendu juridikoaren esparruan interpretatu behar dira.

Lehiaketan irabazi-asmorik gabeko entitateek nola parte hartu behar duten berariaz arautu ondoren, deialdiak araubide berezia ezartzen du haientzat, entitate komertzialentzat ezarritakoaz bestelakoa, baina ez zorrotzagoa. Zehazki, haien elkarte ego gizarte izaerarekin bat datozen baldintzak ezartzen dizkie, entitate komertzialek baino tamaina ekonomiko txikiagoa eta soldatapeko langileak baliatzeko ahalmen txikiagoa dituztelakoan, izaera horri dagokion moduan. Horretarako, IKLOk eta Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak mota horretako entitateentzat aurreikusten dituzten baldintzak eskatu besterik ez du egiten deialdiak, eta entitate komertzialetatik bereizten ditu, une oro haien ezaugarrietara moldatzen saiatuz. Irabazi-asmorik gabeko entitateentzat araudi orokorrak ezarritako araubide espezifiko hori IKLOren 32.6 artikuluan dago, eta irrati-difusio komunitarioko kasuetarako soilik aipatzen da; ez dira berariaz aipatzen irrati-difusio komertzialaren formula nahiago duten irabazi-asmorik gabeko entitateak. Aurkaratutako deialdiaren oinarriak, ordea, lehiaketan parte hartzen duten irabazi-asmorik gabeko entitate guztiengana hedatzen dute araubide hori, eta horrek ez du urratzen aplikatu beharreko lege-esparrua. Deialdiak betekizun xumeagoak eskatzen ditu, entitate horiek garrantzi ekonomiko txikiagoa dutelakoan entitate komertzialek baino; hala, apaldu egiten ditu baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazio ekonomikoa. Entitate mota bakoitzari entitate mota horretarako ustez egokiagoak diren baldintzak eta dokumentuak eskatzen zaizkio, besterik gabe.

Bereizketa hori ez da ez batzuen ez besteen kontrako diskriminazioa. Izan ere, deialdiak irabazi-asmorik gabeko entitateei memoria ekonomikoa aurkezteko eskatzen die, IKLOren 32.6 artikuluan ezarritako baldintzekin, eta entitate komertzialek aurkeztu behar duten dokumentazio zorrotza aurkeztu beharretik salbuesten ditu, baina tratu desberdintasun hori batzuen eta besteen ezaugarri desberdinetan eta ahalmen ekonomiko ustez desberdinetan oinarritzen da, eta eskakizunak kategoria bakoitzari moldatzen zaizkio bestearen kalterik gabe. Hala, kontuan izan behar da bideragarritasun ekonomikoa edo ahalmen ekonomikoa ez dela deialdi honetan balora daitekeen elementua, aurreko deialdietan bezala puntu gehiago edo gutxiago lortzeko balio duena, eta onartua izateko baldintza bihurtzen dela. Horregatik, lehiaketaren puntu horretan proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da xede bakarra, bakoitza gai den ala ez zehaztu eta lehiaketan onartzeko edo ez onartzeko. Horregatik ezarri dira betekizun desberdinak bi kategorietarako, bi errealitateei hobeki egokitzen saiatuz, eta ez dira elkarrekin lehiatzen puntu horretan.

Beste kontu bat da alegatzea irabazi-asmorik gabeko entitateei urteko aurrekontua 50.000 eurora mugatzeak eragoz lezakeela entitate horiek proiektu lehiakorrak aurkeztea, entitate komertzialek aurkeztu ahal dituztenen parekoak, hasieratik ahalmen txikiagoa dutelako. Hori dela-eta, esan behar da ezen, lehiaketan puntuak banatzen diren moduan banatuta, proiektu bakoitzaren balorazioan kalitatea eta barne-koherentzia lehenesten direla, beste proiektu batzuekin konparaziorik egin gabe, eta ez duela axola zenbat diru inbertitu den, proiekturako baliabideen nahikotasun eta egokitasunak eta proiektuaren kalitateak baizik. Ekonomikoki ahaltsuenak diren proiektuak lehenetsiko direla esatea etorkizuneko hipotesi bat da, eta ez dago lehiaketaren balorazio tauletan oinarriturik. Taula horiek proiekturako kaudimen ekonomikoa frogatu dutelako onartuak izan diren entitateei bakarrik aplikatzen zaizkie. Eskakizun teknikoetara egokitu ahal izateko kaudimen ekonomikoaren puntu hori, beraz, jada gainditua izanen dute, lehiaketan onartu badituzte.

Azkenik, irabazi-asmorik gabeko entitateek 50.000 euroko atalasea gainditu ahal izateko ikus-entzunezkoen arloko agintaritzaren baimena behar dutela-eta, argitasun edo zehaztasun falta dagoela alegatu da. Horri buruz esan behar da entitate horien izaerak justifikatzen duela atalase hori ezartzea. Izan ere, entitate komertzialek baino baliabide propio gutxiago izaten dituzte, oro har, eta borondatezko edo munta txikiko ekarpenen mendean egon ohi dira. Horregatik, orientazio gisako muga bat ezartzen zaie urteko aurrekontuan, haien proiektuen bideragarritasuna bermatzeko, baina horrek ez du esan nahi entitate horiek ezin dutenik aurrekontu handiagoa aurkeztu, justifikatzen badute, hori bai, jakinda organo eskudunaren baimena beharko dela aurrekontu handiago hori onartzeko. Hori ez da hesi bat, irabazi-asmorik gabeko entitate horiei ez baitzaie eragozten aurrekontu handiagoko proiektuak aurkeztea; baina ohartarazten zaie zenbateko horretatik gora baimena beharko dutela, eta, zehaztasun handiagorik ezean, argi dago baimen hori ezin dela nahierara eman. Aitzitik, aintzat hartuko da soil-soilik zenbakiak taxuzkoak izatea eta proposatutako finantzaketa-iturriak sendoak eta aurkeztutako proiekturako egokiak izatea. Beraz, oinarriak ez dira zehaztugabeak eta irabazi-asmorik gabeko entitateei ez diete mugarik jartzen baldin eta behar den interpretazio sistematikoa eta lizitatzaileen onerakoa egiten bada, bidezkoa den moduan.

Aurrean esandako guztiagatik, puntu honetan aztertutako arrazoi, argudio eta uziak ere ezetsi egin behar dira (10. oinarria aurkaratzen dute, bai eta klausulen testu osoa ere, zentzu honetan).

Aurreko guztia oinarri harturik, ulertu behar da entitate komertzialentzat eta irabazi-asmorik gabekoentzat araubide desberdin bana izatea, eskatzen zaizkien baldintzei dagokienez, bi entitate moten ezaugarrietara hobeki moldatzeko modua dela, horien guztien parte-hartzea errazteko eta interes orokorra babesteko eskaintzen bideragarritasuna bermatuz, nahiz eta bideak desberdinak izan entitatearen izaeraren arabera. Hori inoiz ez litzateke izanen diskriminazioa edo nahasbidea, baizik eta bermea eta erraztasuna, legearen araberakoa izateaz gain.

Beraz, errekurtsoak ezetsi egin behar dira argitasun faltari, diskriminazioari eta IKLOren eta EKren artikuluen urraketari dagokienez.

9.–17.4 oinarriaren deuseztasuna. Bi errekurtsoek eskatzen dute 17.4 oinarriaren deuseztasuna edo subsidiarioki deuseztagarritasuna. Ulertu behar da 17. oinarriaren laugarren paragrafoaz ari direla. Manu horrek honako hau xedatzen du: “Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, irrati-eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketa hausten ez bada, bideragarritasun ekonomikoaren multzoan puntuazio handiena lortzen duenaren alde eginen da, eta, azken buruan, seinalea emateko eta hedatzeko estudioei buruzko atala hartuko da kontuan. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean”. Bi errekurtsoek diote kendu egin behar dela errentagarritasun ekonomikoaren aipamena berdinketa hausteko irizpide gisa, ez dagoelako oinarrietan aurreikusita kontzeptu horren puntuaziorik eta, beraz, ezin delako berdinketa hausteko irizpide gisa erabili.

Izan ere, 17. oinarriaren laugarren apartatua lehenagoko deialdietatik jaso da, eta haietan bazuen zentzua bideragarritasun ekonomikoa berdinketa hausteko irizpide gisa hartzea, kontzeptu hori beste atal bat zelako lehiaketaren balorazioaren barnean eta bazuelako bere puntu-esleipena; horrek berdinketa hausteko irizpide bilakatzen zuen. Egungo deialdian, aldiz, onartzeko irizpide bilakatu da bideragarritasun ekonomikoa. Edo entitate eskatzaileek irizpide hori betetzen dute, edo ez dute betetzen eta hautaketa prozeduratik kanpo gelditzen dira, baina jada ez da balorazio irizpide bat. Horregatik, ez zaio punturik esleitzen kontzeptu horrengatik, eta ez du zentzurik berdinketa hausteko irizpide gisa erabiltzea, ez duelako batere zentzurik hura aplikatzeak.

Horregatik, puntu honetan bidezkoa da errekurtsoak baiestea eta deialdiaren 17. oinarriaren laugarren apartatuan bideragarritasun ekonomikoari buruz dagoen aipamena erabat deuseza dela adieraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1.c) artikuluarekin bat etorriz, zeren bere izaeragatik aplikaezina eta ondorioz ezinezkoa baita egintza administratibo horren edukia. Horrenbestez, 17. oinarriaren laugarren apartatua honela geldituko litzateke, deuseza deklaratutako aipamena kenduta:

“Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, irrati-eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketa hausten ez bada, seinalea emateko eta hedatzeko estudioei buruzko atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde eginen da. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean”.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1.–Partez baiestea DISDIRA fundazioak eta APICE elkarteak jarritako gora jotzeko errekurtsoak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 26ko 282E/2019 Foru Aginduaren aurkakoak (agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia, bi Auritzen eta bat Iruñean, emateko lehiaketa).

2.–Adieraztea erabat deuseza dela deialdiaren 17. oinarriaren laugarren apartatuan (foru aginduaren eranskinean) bideragarritasun ekonomikoari buruz dagoen aipamena, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1.c) artikuluarekin. Honela idatzita gelditzen da apartatu hori:

“Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, irrati-eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketa hausten ez bada, seinalea emateko eta hedatzeko estudioei buruzko atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde eginen da. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean”.

3.–Gainerakoan aipatu errekurtsoak ezestea, eta adieraztea erabat baliozkoa dela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 26ko 282E/2019 Foru Aginduaren edukia (agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusiorako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia, bi Auritzen eta bat Iruñean, emateko lehiaketa), bai eta haren eranskinak ere, eta aurrera egin behar dela foru agindu horretan ezarritako prozeduran.

4.–Igortzea erabaki hau Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalera eta jakinaraztea DISDIRA fundazioari eta APICE elkarteari, bai eta lehiaketan parte hartu duten gainerakoei ere –eranskinean ageri dira–, adieraziz honek administrazio bidea amaitzen duela eta honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, bi hilabeteko epean erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, aplikatuz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoa.

5.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2106937