120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

369E/2021 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Allon, 2. poligonoko 1546. lursailean, El Chaparral izeneko tokian, “Drift” zirkuitua egiteko proiektuak ingurumenean izanen duen eraginari buruzko txostena ematen baita. Sustatzailea Aritz Busto Taberna da.

Proiektuak ingurumenean edukiko duen eragina ebaluatzeko prozedura erraztua hasteko asmoarekin, 2020ko martxoaren 31n Alloko Udalak txosten honen goiburuan aipatzen den proiektua aurkeztu dio Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 45. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua (9 a taldea). Beraz, bertan ezarritakoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Eskaerarekin batera ez zen aurkeztu ez oinarrizko proiektua, ez proiektu teknikoa, ez ingurumen-agiria. Horregatik, apirilaren 6an Biodibertsitatearen Zerbitzuak errekerimendua bidali zuen eta eskatzaileak irailaren 2an egin zion jaramon eta urbanizazio-proiektua aurkeztu zuen. Horren funtsezko datuak txosten honen II. eranskinean daude.

2020ko urriaren 9an ingurumen-agiria gehitu zitzaion dokumentazioari. Horren arabera, proiektuaren ondorio guztiak onargarriak dira, zarata izan ezik: zarata-gehikuntza larritzat jotzen da. Proiektuaren eraginaren azken kalifikazioa honako hau da: bateragarria.

21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz, azaroaren 9an kontsultak hasi ziren proiektuaren eraginpeko administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta aplikatu behar zenez erabakitzeko behar zen informazioa biltzeko. 17 erakunderekin egin zitzaien kontsulta eta 7k erantzun zuten. Izapide horren emaitza ingurumen-eraginari buruzko txosten honen I. eranskinean ageri da.

PROIEKTUAREN ANALISIA, 21/2013 LEGEAREN
III. ERANSKINEKO IRIZPIDEAK KONTUAN HARTUTA

Egindako kontsulten erantzunak kontuan hartuz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak II. tituluaren II. kapituluaren 1. atalean ezarritako analisia egin da, III. eranskineko irizpideak aplikatuz.

Proiektuaren helburua da “drift” zirkuitua instalatzea eta abian jartzea. “Drift” ibilgailua gidatzeko modalitate bat da, oinarrian duena ibilgailuari irrist eragitea mugimenduaren norabidearekin angelu jakina sortuta.

Zirkuitua Alloko udalerriko ipar-ekialdea egin nahi dute, 2. poligonoko 1546. lursailean, herrigunetik 2.700 metrora, gutxi gorabehera. Hegoaldeko mugan Georgia Pacific enpresaren industria erabilerako hiri-lurrak daude. Katastroaren arabera lurzatiaren azalera 190.425,43 m²-koa da. Zirkuitua egiteko 50.389,06 m² erabiliko lirateke lurzatiaren hego-ekialdean. Lurzatia ia erabat laua da (% 2ko maldak); gaur egun lehorreko labore-sailak dira. Lurzatiaren lerrokadura IM-HE norabidean dago Mirabeteko bidean zehar (Camino del Vado ere esaten zaio). Lurzatia egokitzeko ez dago urbanizazio-obrarik egin beharrik, ez eta lur-mugimendu handirik ere.

Jarduera eginen den lurzatia ez dago Natura 2000 sareko zona babestu baten barruan, ez ondoan. Ega ibaia 400 metrora dago, eta ibaiaren tarte hori ere ez dago espazio babestuen sarearen barruan.

Udalak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jasotako erantzunen arabera honako ondorio hauek ateratzen dira: instalatu nahi den zirkuitua bateragarria da udalerriko hirigintzako planeamenduarekin eta ez du eraginik edukiko udalerriko hirigintza-zerbitzuetan, behar diren azpiegiturak bere kabuz ezarriko baititu. Lurzatia lurzoru urbanizaezinean dago; kategoria: nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen ertaina; C mota: paisaia-intereseko lurzorua. Baimena ematen ahal da kategoria honetako lurzoruan kirol jardueretarako edo aisialdiko jardueretarako eraikuntzak eta instalazioak egiteko. Txostenean, gainera, aztertzen da proiektua bateragarria ote den LAPekin eta paisaia-integrazioarekin.

Egindako kontsultei emandako erantzunak eta espedienteari atxikitako dokumentazioa ikusita, Ingurumen Eraginaren Atalak honako hau adierazten du proiektuak eraikuntza-fasean zein jarduerari ekin ondoren ingurumenean eta paisaian eduki litzakeen ondorio nagusiez:

Airearen kalitatea

Zirkuituko jarduerak eragina edukiko du inguruko airearen kalitatean, ibilgailuen kutsadura ondoan dagoen industriak sortzen duenari gehituko baitzaio. Zirkuituko jardueran, ibilgailuek errekuntza-gasak sortuko dituzte; gainera, inguruko trafikoa gehituko da, parte-hartzaileak eta ikusleak ibilgailuz iritsiko baitira zirkuitura. Nolanahi ere, jarduera eremu zabalean eginen da, goi-ordoki batean, eta alde horretan haize nagusiak nondik jotzen duen jakinik, uste da ibilgailuen kutsadura-eragina baxua izanen dela, baldin eta gidariak asfaltozko bidetik badabiltza. Obretan, baliteke hautsa harrotzea haizeak gogor jotzen duenean; nolanahi ere, horren eragina laburra izanen da.

Ura eta lurzorua

Lurzatia ur-lasterretatik urrun dago. Gainera, Egaren lehen terrazan dago eta ez dauka uholde-arriskurik. Hurbilen dagoen ur-lasterra Agua Salada trokan dago, lurzatiaren iparraldeko mugan dagon ibartxoaren hondoan. Ur-laster hori 150 bat metrora dago; beraz, ez dirudi proiektuak eraginik izanen duenik bertan.

Dokumentazioak argi uzten du proiektua iragazkortasun handiko lurretan ezarri nahi dela. Beraz, pentsatzekoa da arrisku handia egonen dela lurzoruak eta lurpeko ur-masa kutsatzeko. Izan ere, zirkuituan ibilgailuak nola ibiliko diren kontuan hartuta, eta jakinik ikusleak ere ibilgailuetan etorriko direla, baliteke isurketak gertatzea, nahi ez dela edo ibilgailuetako motorretako erregaiaren edo olioaren biltegiak hautsita. Gainera, pneumatikoetako partikulak askatuko dira ibilgailuak gidatzean sortuko den marruskaduraren ondorioz. Gero, gerta liteke hondakin horiek jariatze-urek beste norabait eramatea edo lixibiatu gisa lurrean barna iragaztea eta lurpeko uretara edo ur-laster publiko batera iristea, batez ere euri asko botatzen duenean.

Hori dela eta, proiektuan ezartzen da hondakin-urak araztuko direla: boxen inguruko hondakin-urak bilduko dira eta hidrokarburoak bereiziko dira. Gainera, prebentzio-neurriak eta ingurumena zaintzeko neurriak ere ezartzen dira eta txosten honetan azaltzen dira.

Landaretza

Proiektu honen eraginpeko lurretan lehorreko laborantza-saila dago. Ez dago landare naturalik. Iparraldeko, hegoaldeko eta ekialdeko mugetan karraska-basotxoak daude (Quecus rotundifolia); Aragoi Behereko eremu mesomediterraneoko arte hostobiribilen basoen sailekoak dira (Querco rotundifoliae S.).

Proiektuaren inguruan ez dago Batasuneko intereseko habitatik; kartografiatutako habitat hurbilena 400 metrora dago, Ega ibaiaren inguruan: sahasti eta makaldi mediterraneoak. Nolanahi ere, kartografiatuta ez egon arren, Agua Salada sakanean, proiektuko lurzatiaren iparraldean, badago Batasuneko habitat bat: HIC 9340), Q. ilex eta Q. rotundifolia Spiraeo obovatae-Quercetum rotundifoliae basoa.

Proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentazioari Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren 2020ko irailaren 7ko txostena erantsi zaio. Dokumentazio horren arabera proiektuak ez du eraginik edukiko katalogatutako landaretzan eta horregatik ez da ezartzen baldintzarik, proiektuan proposatzen direnez besterik.

Beraz, proiektuan landaretza babesteko ezartzen diren neurriei eta txosten honetan ezartzen diren neurri osagarriei esker uste dugu obrak egiten diren bitartean inguruko landareek ez dutela inolako kalterik jasanen.

Zirkuitua jardunean hasi ondoren baliteke sortzen den hautsak nolabaiteko eragina izatea zuhaitz horietan. Nolanahi ere, ez da hauts askorik sortuko, zirkuitua asfaltatuta egonen baita, baldin eta eraginaren prebentziorako eta eragina zuzentzeko neurri egokiak aplikatzen badira: pistak ureztatzea; debekatuta egotea ibilgailuak asfaltatutako pistatik kanpo ibiltzea).

Fauna

Ingurumen-agirian proiektuak animalietan izanen duen eragina aztertzen da, hain zuzen ere nola narriatuko duten haien lasaitasuna ibilgailu motordunekin egiten den aisialdiko jarduerak sortzen dituen zaratek, eta adierazten da eragina larria izanen dela. Hala ere, agiriak adierazten du lehendik ere bazegoela zarata inguru horretan, industria-jarduera bat baitago, eta zarata-mailaren gehikuntza moderatua baizik ez dela izanen. Beste alde batetik, agiri horretan adierazten denaren arabera, jardueraren zaratek eragozpenak sortzen ahal dizkieten animaliak bizitzeko probabilitatea oso baxua da (horretarako Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren txostena hartzen da aintzat) eta ondorioz eragin hori gertatzeko arriskua hutsaren hurrengoa da.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du jarduerak sortuko duen kutsadura akustikoa (102 dbA-ra iristen ahal da) izanen dela eraginik handiena, inguruan bizi diren animalien portaera-patroiak aldatzen ahal ditu eta. Eragin honen balorazioa txosten honetako zarataren analisiaren atalean zehazten da.

Paisaia

Paisaiari dagokionez, ingurumen-agirian adierazten da eremua laua dela, inguruko lurrak oso humanizatuta daudela (lehorreko laborantza, batez ere), hurbilean industria-instalazio handia dagoela eta urbanizazio-lanak oso errazak izanen direla, lur-mugimendurik egin beharko ez delako. Horiek guztiak kontuan harturik, proiektua erraz da integratzen bere inguruan. Hala ere, ingurumen-dokumentazioak ezartzen da landareak sartzen ahal direla jarri nahi den instalazioa inguruan hobeki integratzeko.

Proiektuak paisaian izanen dituen ondorioak aztertu dira eta uste da hura paisaian integratzeko neurriak ezarri behar direla, kontuan eduki behar baita zirkuitua egin nahi den eremuan laborantza-lurrak eta basoak daudela (alde batera utzi behar da handik gertu industria-jarduera bat dagoela, landaretza naturalak ezkutatzen baitu).

Ondare historikoa eta kulturala

Kontsulta egin zaio Nafarroako Gobernuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta jakin dugu Neolitiko Aroko aztarnategia dagoela, 3. kategoriakoa.

“Nafarroako Inbentario Arkeologikoan bildutako informazioaren arabera lurzati honetan Chaparral deritzon aztarnategia dago, 3. mailakoa; identifikazio-kodea: 09310120042...

3. mailako aztarnategietan obrak egiten ahal dira, baina ezinbestekoa da kontrol arkeologikoarekin egitea, eta hori kontuan eduki behar da espedientea izapidetzen denean, bai udalerrian bertan, bai Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunetan”.

Aztarnategia egin nahi den aparkalekutik oso gertu dago; beraz, nahitaez ezarri behar dira eraginik ez izateko prebentzio-neurriak eta, gainera, obrak hasten direnean kontrol arkeologikoa ezarri beharko dute arlo horretako teknikari eskudunek.

Abelbideak eta intereseko beste bide eta zona batzuk

Zirkuituak ez du ukitzen abelbiderik batere, ez eta interes kulturaleko ez aisialdiko intereseko biderik ere. Inguruan, proiektua egin nahi den tokitik 400 metrora, Ega ibaiaren ur-ertzean, aisialdiko gune bat dago; industrialdeko bidetik heltzen da bertara.

Arriskuak

Ingurumen-agirian egin den arriskuen analisian pertsonek obretan eduki litzaketen ezbeharrak baizik ez dira kontuan hartu.

Ingurumen Eraginaren Atalak bazter utzi ditu uholde-arriskua eta lurrikara-arriskua eta baso-suteen arriskuaren ebaluazioan jarri du arreta, batez ere udako suteen arriskuan.

Jarduera egin nahi den tokia Nafarroako erdialde-hegoaldean dago. Zona horretan sua erabiltzeko murrizketak daude euri gutxi egiten duen urteko hil beroenetan. Hil horietan, lurzoru urbanizaezinean motordun ibilgailuekin ibiltzeko honako foru agindu honen 10. artikuluan ezartzen dena aplikatzen da: 222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, arautzen duena nola erabili behar den sua lurzoru urbanizaezinean baso-suterik ez gertatzeko. Hori dela eta, txosten honetan suterik ez gertatzeko ezartzen diren prebentzio-neurriak aplikatuko dira.

Hondakinak

Instalazioan ez dira eginen ibilgailuak mantentzeko lanak. Horregatik, ingurumen-agirian ez da proposatzen inolako neurririk hondakinak direla eta, ez prebentziokorik, ez zuzenketakorik, obrak egiten diren bitartean eta instalazioa jardunean dagoen bitartean jardun oneko praktikak aplikatzeaz besterik.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du ongi kudeatu behar direla zulaketaren ondoriozko soberako lurrak. Lur horiek, nolanahi ere, lurzatian bertan geldituko dira.

Zarata

Ingurumen-agiriaren arabera proiektuaren zarataren eragina onartzeko modukoa da; izan ere, handik hurbil industria-jarduera bat dago eta beraren kalitate akustikoaren helburua 75 dbA da egunez eta 65 dbA gauez, 1367/2007 Errege Dekretuaren A taularen arabera (1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez). Horrenbestez, proiektu hau ezarri aurretik ere animaliak badaude zarata-maila nahiko handien eraginpean.

1367/2007 Errege Dekretuak honako hau ezartzen du V. eranskinean g) motako zona akustikoen mugei buruz (Babes berezia behar duten naturaguneak):

Kutsadura akustikoaren kontrako babes berezia behar duten naturaguneak sartu behar dira. Naturagune horietan babesa ezarri beharra eragiten duen zerbait egon behar da: animalien ugaltze-zonak edo babestu beharreko habitatak. Halaber, landa zabaletako eremu lasaiak ere sartu behar dira, hain zuzen ere isilean mantendu nahi direnak turismorako edo ingurunean zaintzeko.

Ingurumen Eraginaren Atalak zirkuituak edukiko duen eragina nolakoa izanen den aztertu du eta ondorioztatu du zarata izanen dela eragile nagusia, kontuan hartuta aldi berean 20 ibilgailu ibiliko direla eta sarbideetan jendea eta ibilgailuak ibiliko direla joan-etorrian: 102 dbA arte, proiektuaren arabera; kopuru hori kalkulatzeko antzeko beste zirkuitu batzuek sortzen duten zarata hartu da kontuan.

Zarataren eragina zirkuituaren mugez haraindi helduko da; izan ere, baliteke Allon entzutea, 3 km-ra egonik ere. Nolanahi ere, zarataren eragina txikitzat jotzen da, distantzia nahikoa izan baitaiteke eragozpena ezerezean uzteko. Dena dela, beste alde batetik, aski handia izan daiteke inguruko animalientzat, baldin eta ugaltze-zonetan edo ziklo biologikoko faseren batean eragiten badie.

Gaitz denez animaliek jasateko moduko zarata-maila ezartzen, uste da kasu honetan gutxienez ere ondoko industria-jarduerari ezarritako muga bera paratu behar dela. Gainera, zarata neurtzeko erreferentzia Ega ibaiaren ur-ertza izan behar da, kalteak jasan litzakeen fauna egon daiteke eta.

Horrenbestez, egunez gehieneko zarata-maila 75 dbA izanen da (gauez ezin da zirkuitua erabili), Ega ibaiaren ur-ertzean neurtuta. Ingurumena zaintzeko planean hortik gorako zarata-mailarik antzemanez gero, jardueraren dimentsioak aldatu beharko dira eta zirkuituan aldi berean erabili daitezkeen ibilgailuen kopurua murriztu beharko da.

Gainera, nahitaez ezarri behar dira zarataren eraginaren kontrako prebentzio-neurriak eta eragin hori zuzentzeko neurriak, honako ardatz hauetatik abiatuta: zarata sortzen den tokian bertan murriztea edota zarata hedatzea eragozten duten oztopo akustikoak jartzea.

Klima aldaketa

Proiektuak klima aldaketan edukiko duen eragina dela eta, kontuan eduki behar da berotegi-efektuko zenbat gas sortuko duten zirkuituan dabiltzan ibilgailuek eta zenbat sortuko duten erabiltzaileek eta langileek beren joan-etorrietan erabiltzen dituzten ibilgailuek, proiektua egiteko hautatu den lekua herriguneetatik urrun eta bakarturik baitago. Horrez gainera, lurzoruaren erabilera aldatzen bada eta nekazaritzakoak diren lurretan aparkalekua, pistak eta hormigoitutako guneak jartzen badira,CO2 atxikitzeko ahalmena gutxituko da.

orobat, gogoan eduki behar da berotegi-efektuko gasak sortuko direla eraikuntza-obretan eta zirkuituaren jardunean eraikin eramangarrien bizitza erabilgarrian (energiaren kontsumoa: elektrizitatea eta berokuntza).

Ingurumen-agirian ez da zehazten erregaien kontsumoen balantzerik, ez eta energia-kontsumoarenik ere. Nolanahi ere, instalazioaren tamaina ertaina denez eta jarduera batez ere asteburuetan eta noizean behinka eginen denez gero, CO2 gutxi isuriko da eguratsera eta, beraz, aldaketa klimatikoan izanen den eragina onartzeko modukoa izanen da, baldin eta prebentzio-neurriak (ibilgailuen kontrol teknikoa) eta zuzenketa-neurriak (asfaltoz, hormigoiz edo zabor-legarrez estaltzen ez diren eremuetan landareak sartzea) aplikatzen badira.

Aurrean azaldu den guztia, aurkeztutako dokumentazioa eta kontsulten erantzunak kontuan edukita eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak ingurumenean eduki lezakeen eragina aztertuta, ez da aurreikusten ingurumen-ebaluaziorako prozedura arrunta aplikatu beharra dakarren eraginik gertatuko denik.

Hala ere, ez proiektuan ez ingurumen-agirian ageri ez diren baldintza batzuk bete behar dira, bai obretan, bai zirkuituaren jardunean, bai jardueraren jarraipenean, eta ingurumen-eraginari buruzko txosten honetan ezartzen dira, proiektua bateragarria izan dadin ingurumen-balioak, paisaia-balioak eta balio historiko-kulturalak babestearekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten honetan ezarritako baldintzetan. Horrenbestez, aurreko guztia aintzat edukita eta 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak oinarritzat hartuta, uste dugu proiektu honek ez diola kalte handirik eginen ingurumenari, txosten honetan ezartzen dena betez gero. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1.- Allon, 2. poligonoko 1546. lursailean, El Chaparral izeneko tokian, “Drift” zirkuitua egiteko proiektuak, zeina Aritz Busto Tabernak sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-eraginaren txosten honetan adierazten den bezala, eta, beraz, ez da hark ingurumenean edukiko duen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean arautzen den ebaluazioa).

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

1.–Jarduera abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4D eranskinean ageri da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak 74. artikuluan ezartzen duenaren arabera, kasuan kasuko udalak udal lizentziaren bidez zehaztuko ditu emisioen gehieneko muga eta, instalazioaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, horiek ordezten dituzten neurri tekniko baliokideak, gai kutsagarrien emisioa eguratsera, uretara eta lurrera egiteari buruzkoak, bai eta hots eta dardarei buruzkoak ere; horiez gainera, hondakinen sorrerari, kontrolari eta kudeaketa egokiari buruzko prozedurak eta metodoak zehaztuko ditu, eta ingurumenaren babesa eta pertsonen osasuna eta segurtasuna, bai eta ondasunena ere, bermatzen dituzten neurri zuzentzaileak eta agindu teknikoak ere bai.

2.–Aurrekoarekin bat etorriz, jardueraren eraginik handiena zaratak sortuko duenez, horren kontrola udalaren eskumenekoa da. Nolanahi ere, gidalerro hauek proposatzen dira:

a) Zarataren jarraipenerako plana egin beharko da. Hain zuzen ere, jenderik gehien biltzen den egunetan zarata neurtuko da zirkuitutik 400 metrora, Ega ibaiaren ur-ertzean, ingurumen-kalterik handien gertatzen ahal den tokian, eta egiaztatuko da gehieneko kopurura (75 dbA) iristen den edo ez. Izan ere, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren arabera (dekretu honek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du) zirkuitua egin nahi den lurzatia “g” motako eremu akustikoa da (Babes berezia behar duen naturagunea). Eremu honetan landa zabalak daude. IAT ziurtagiririk gabe iristen diren ibilgailuen motorrak zirkulazioan sortzen duten zarata neurtu beharko da, proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumena zaintzeko planean adierazten den bezala.

b) Honako ordu-tarte hauek ezartzen dira zirkuituaren jardunerako: azaroaren hasieratik martxoaren hasierara arte, 18:00ak arte. Martxotik urria amaitu arte, arratsaldeko 20:00ak arte, uztailean eta abuztuan izan ezik, bi hilabete horietan 21:00ak arte erabiltzen ahalko baita.

c) Zarataren jarraipenean egiaztatzen bada ezarritako maila gainditzen dela, jardueraren dimentsioak aldatu beharko dira eta zirkuituan aldi berean erabili daitezkeen ibilgailuen kopurua murriztu beharko da.

3.–Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenean xedatzen denarekin bat etorriz, trafikoari buruzko azterlana egin beharko da eta zuzendaritza nagusi horri aurkeztu beharko zaie. Azterlanean zehaztu behar da proiektuak bide-sarean edukiko duen eragina onargarria den edo ez.

4.–Obrak egiten direnean, haiek ukitzen dituzten eremuetako landare-lurra erauziko da eta ongi banakatuta gordeko da, lurzatia lehengoratzeko lanak egin behar direnerako. Harrien proportzioa handia bada ere, lurzatiko azaleko geruza horretako materia organikoa eta haziak lagungarriak izanen dira lurzatiko landaretza atzera ere lehen zegoen bezala uzteko.

5.–Lurzatiaren iparraldeko mugako landaretza babestu behar da; horretarako, lurzatiaren itxitura zuhaitzetik 5 metrora egin beharko da eta, gainera, bitarteko lur-zerrenda hori ez da ukitu beharko obrak egiten direnean.

6.–Obrak egiten ari direla euri-zaparrada handirik gertatzen bada, euri-uretan esekiduran dauden solidoen kontrola eginen da; horretarako, beharrezkoa izanez gero, esekiduran dauden solidoak atxikitzeko sistemaren bat ezarriko da lurzatiko drainatze-gune nagusietan (lasto-fardelak, esate baterako).

7.–Zirkuituan, ibilgailuak berariaz ezarritako tokietatik baino ezin izanen dira ibili.

8.–Saneamendu-instalazioetatik eta hidrokarburo-bereizgailutik ezin izanen da isuri ezer.

9.–Zirkuitua jardunean dagoenean, kontrol zorrotzak ezarriko dira ibilgailuen motorretatik ez isurtzeko ez oliorik ez hidrokarburorik. Hain zuzen ere, egunero ikuskatuko dira isurketa horiek jaso ditzaketen lekuak, eta horiez gainera horien inguruko 5 metroko lur-zerrenda ere bai.

10.–Orokorrean, 222/2016 Foru Agindua bete behar denez (ekainaren 16koa, arautzen duena nola erabili behar den sua lurzoru urbanizaezinean baso-suterik ez gertatzeko), eta kontuan edukita jarduera lurzoru urbanizaezinean eginen dela, zirkuitua ezin izanen da erabili udan (10. artikulua. Ibilgailu motordunak mendiko pistetan eta makinak lurzoru urbanizaezinean). Beraz, udan zirkuituari arautegi hori aplikatuko zaio. Uda hasieran bidezko baimena eskatu beharko zaio Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoak Kudeatzeko Atalari.

11.–Chaparral aztarnategi arkeologikoa (identifikazio-kodea: 09310120042), 3. mailako babesa dauka, hurbil dagoenez, obrak egiten direnean (lurra irauli aparkalekua egiteko) kontrol arkeologikoa egin beharko du arlo honetako teknikari eskudun batek.

Gainerako obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat joko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

12.–Zirkuitua eta beraren instalazio osagarriak paisaian ahalik ondoen integratzeko, eta ahalik zaratarik gutxien sortzeko, landareak jarriko dira perimetroan, iparraldean badagoen landare-pantaila sendotzeko eta hegoaldean pantaila berria sortzeko. Karraskak (Quercus rotundifolia), Aleppo pinuak (Pinus halepensis) eta abaritzak (Quercus coccifera) sartuko dira. Horiez gainera, fruta-arbolak ere sartzen ahal dira: olibondoak eta almendrondoak. Zuhaitzak 1,5 m-koak izan behar dira gutxienez eta batetik bestera 5 metro utzi behar dira. Ahal dela, bi ildotan eta hiruzuloka landatu behar dira.

Ez dago fronteak oso-osorik estali beharrik, hau da, zuhaitz-multzoak jartzen ahal dira, baina gutxienez frontearen % 60 estali behar da. Landareei zurkaitz sendoak ezarri behar zaizkie. Jarduerak irauten duen bitartean mantendu beharko dira, edo erabat errotu arte, eta horretarako honako lan hauek egin beharko dira: udan ureztatu, jorratu, inausi eta ongarria eman.

13.–Gainera, zoladura jartzen ez den toki guztietan inguru honetako berezko belar-espezieak ereinen dira, CO2 xurgatzeko gaitasuna duten lursailak egon daitezen.

14.–Kanpoko argiztapena irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

15.–Zirkuituaren ahoak egitean eta lurrak berdintzean sortzen den soberako lurra lurzatian bertan erabiliko da, desdoikuntza fisiografikorik ez gertatzeko. Obretan zein jardueran sortzen diren gainerako hondakinak behar bezala kudeatu beharko ditu baimendutako hondakin-kudeatzaile batek (hondakin bakoitza bere ezaugarrien arabera).

16.–Ingurumen-jarraipena dela eta, proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen-agiriko ingurumena zaintzeko plana bete beharko da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 52. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

17.–Proiektuan eta ingurumen-agirian ezartzen den bezala, jarduera amaitzen bada, sustatzaileak lehen bezala utzi beharko du lurzatia, hau da, oraingo nekazaritza-itxurara ekarri beharko du.

18.–Ingurumen-agiri hau emateak ez du galarazten beste baimen batzuk (administratiboak eta bestelakoak) ere eskatu behar izatea aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera, ez eta agintaritza eskudunek kasu bakoitzean eskatzen dituzten baldintzak erabat bete behar izatea ere.

3.- Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4.- Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.- Ebazpen hau honako hauei jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak sor ditzan: Lurralde Antolamenduaren Atalari, Alloko Udalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Basozainei (barrutia: Lizarrerriko Hegoaldea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko apirilaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei

Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legeak 46.1 artikuluan ezartzen duenaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei eta haien eskura jarri da dokumentazio hori 2020ko azaroko idazkien bitartez.

KONTSULTAK

JAKINARAZPENA

ERANTZUNA

ALLOKO UDALA

2020-11-9

2020-09-02

VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA ERREGISTROAREN, ONDASUN HIGIGARRIEN ETA ARKEOLOGIAREN ATALA

2020-11-9

2020-11-02

NEKAZARITZAKO AZPIEGITUREN ZERBITZUA

2020-11-9

2020-11-26

HERRI LANEN ETA AZPIEGITUREN ZUZENDARITZA NAGUSIA. LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUA

2020-11-9

2021-03-03

TURISMOA ETA MERKATARITZA ANTOLATU ETA SUSTATZEKO ZERBITZUA

2020-11-9

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAREN ATALA

2020-11-27

2020-12-16

KUTSADURAREN AURKAKO AURRENEURRIEN ATALA

2020-12-21

2020-12-23

OIHANAK KUDEATZEKO ATALA

2021-02-05

HONDAKINEN ATALA

2021-01-11

LARRIALDIETAKO AURRENEURRI, INFORMAZIO ETA PRESTAKUNTZA ATALA

2021-01-12

2021-01-13

LARRIALDIEN ETA KOMUNIKAZIO SISTEMEN PLANGINTZA ETA KOORDINAZIO ATALA

2021-01-13

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

2021-01-11

EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑEA-ECOLOGISTAS EN ACCIÓN

2020-11-9

LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA

2020-11-9

NAFARROAKO EHIZA FEDERAZIOA

2020-11-9

SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA

2020-11-9

GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA

2020-11-9

Alloko Udala

Alloko Udalak hirigintzako bateragarritasunaz egindako txostenaren arabera instalatu nahi den zirkuitua bateragarria da udalerriko hirigintzako planeamenduarekin eta ez du eraginik edukiko udalerriko hirigintza-zerbitzuetan, behar diren azpiegiturak bere kabuz ezarriko baititu. Nolanahi ere, ohartarazpen hauek egiten dira:

Lurzatia lurzoru urbanizaezinean dago; kategoria: nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen ertaina; C mota: paisaia-intereseko lurzorua. Baimena ematen ahal da kategoria honetako lurzoruan kirol jardueretarako edo aisialdiko jardueretarako eraikuntzak eta instalazioak egiteko.

Horrez gainera, hirigintzako txostenean POT4-Erdialdea lurraldearen antolamenduko plana ere aipatzen da. Horren arabera, lurzatiaren zati bat babespeko lurzoruan dago (azpikategoria: ustiapen naturaleko lurzorua-Ureztatutako laborantza) eta berariaz debekatuta dago halako lurretan kirol-jardueretarako edo aisialdiko jardueretarako instalazioak jartzea.

Gainerako zehaztapenak (formalak, estetikoak eta eragin bisualari buruzkoak) direla eta, box-moduluak paisaian erraz integratzeko moduko koloreez pintatu behar dira. Gainera, Udal Planaren ordenantzen 111. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, proiektuan adierazten da ezen, beharrezkoa izanez gero, landare-espezie autoktonoez egindako pantailak paratuko direla alboetan. Proposatzen da gutxienez 1,50 metroko garaiera duten zuhaitzak landatzea, hosto erorkorrekoak eta hosto iraunkorrekoak konbinatuz, bi ildotan eta hiruzuloka, batetik bestera 5 metro utzita.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

Zerbitzu honek Herri-lurren Atalaren bidez adierazten du jarduera Alloko 2. poligonoko 1546. zenbakiko herri-lurreko sailean egin nahi dela. Horregatik, “aprobetxamendu eta gozamena” galarazita dagoenez (bizilagun guztiei baitagokie) eta sustatzailea udala bera ez denez, instalazioa egin aurretik eta obra lizentzia eman aurretik Alloko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu behar du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilera lagatzeko eta/edo bide zortasuna eta karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Lagapen hori izapidetzeko, desafektazio-espedienteak eginen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalean. Espediente horietan herri-lurren ondarea babesteko beharrezkoak diren baldintzen agiria eta itzulketa-klausula ezarriko dira, beste baldintza batzuk beste.

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Atal honek adierazten du ezen, eragin sektorialen eta lurralde-eraginen baloraziorik ezean, hirigintzako bateragarritasuna ebazteko udalaren hirigintzako txostena hartu behar dela aintzat.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren bidez adierazten du ezen aurkeztutako dokumentazioan agertzen dela zirkuituko sarbideetan dagoeneko badagoela nahiko trafiko: ibilgailu astunen eguneko batez besteko intentsitatea 200tik gorakoa. Ez du ezer esaten instalazioak zirkuituko sarbideko trafikoan eta Alloko eta inguruetako errepideetakoan ekarriko duen gehikuntzari buruz. Horregatik, eskatzen dute egin dadila trafikoari buruzko azterlana eta bidal dakiola zuzendaritza nagusi honi, instalazioak bide-sarean edukiko duen eragina onargarria denez ebazteko.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atala

Atal honek adierazten du ezin duela egin eskatutako txostena, aurkeztutako dokumentazioan ez baitago DRIFT zirkuituak ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko azterlanik, lurzoruaren kutsadura, eguratserako emisioak eta zarata kontuan hartzen duenik. Horregatik, ezin da ebaluatu zirkuituaren jarduerak ingurumenean edukiko duen eragina. Dokumentazioan proposatzen den gauza bakarra da hobi septikoa egitea komunetako ur beltzak tratatzeko eta hidrokarburo bereizgailua jartzea boxen eremu zolatu txikian (300 m²) euri-urak tratatzeko.

Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atala

Erantzun dute ez dela behar txostenik.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Atal honek esan du aparkalekutik oso gertu Chaparral aztarnategi arkeologikoa dagoela (identifikazio-kodea: 09310120042) eta 3. mailako babesa daukala.

Adierazi du 3. mailako aztarnategietan obrak egiten ahal direla, baina ezinbestekoa dela kontrol arkeologikoarekin egitea, eta hori kontuan eduki behar dela espedientea izapidetzen denean, bai udalerrian bertan, bai Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunetan”.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

“Drift” pista bat ezarri nahi dute Alloko herri-lurretako 2. poligonoko 1546. zenbakiko lurzatian, hain zuzen ere ekialdeko behealdeko B, L eta M azpilurzatietan (50.389,06 m²).

Instalazioak erabiliko dituzten ibilgailu gehienak IAT indarrean duten turismo homologatuak izanen dira. Hala ere, zirkuitua lasterketak eta probak egiteko denez gero, homologatu gabeko ibilgailuak ere erabiltzen ahalko dira, baina aurretik egiaztatuko da ez dutela sortzen 102 dbA-tik gorako zaratarik (horixe da sustatzaileak proposatu duen gehieneko zarata-muga, ibilgailu motordunen beste lasterketa eta proba zirkuitu batzuetan aplikatzen dena aintzat hartuta). Ezartzen da aldi berean gehienez 20 ibilgailu ibiliko direla zirkuituan.

Jarduera asteburuetan eginen da, egunez. Hala ere, bilakaeraren arabera, asteko eskaintza zabaltzen ahalko da.

Instalazioetan honako jarduera hauek ere eginen dira, besteak beste: drift ikastaroak; drift lehiaketak eta txapelketak; azelerazio-lehiaketak; BMW, Nissan, motor, kart eta abarren elkarretaratzeak; slalom eta Time Attack entrenamenduak; gidatze-ikastaroak.

Alloko herrigunea (5 km-ra) eta zirkuituaren ondoko paper-fabrika dagoen industrialdea lotzen dituen errepidetik iritsiko da zirkuituko aparkalekura.

Bisitariak kanpoko aparkalekutik hesitutako eremura sartuko dira. Eremu honen oina angeluzuzena izanen da eta azalera 25.200 m²-koa izanen da; bertan, alde batetik boxak, instalazioak eta zerbitzuak egonen dira eta beste batetik zirkuitua bera. Hori guztia ia erabat laua den goi-ordoki batean eginen da (malda % 2koa besterik ez da).

Instalazioen eta zerbitzuen esparrua 14 metro zabal izanen da eta zirkuituko zuenarekiko paraleloan egonen da. Zuzenaren erdian boxen esparrua egonen da. Hor 15 cm lodi izanen den hormigoi armatuzko zolata jarriko da, eta barruan sifoirik gabeko bi hustubide egonen dira, 15 metroko tartearekin, kutsatutako urak bereizgailuaren eta hobiaren artean egonen den kutxeta batera eramateko. Horren alboetan bi muinotxo sortuko dira ikusleentzat.

Boxak aldi baterako eraikuntza modularrak izanen dira, 10x30 m-ko neurrikoak. Bulegoak, komunak eta zirkuituko instalazioak ere bertan egonen dira. HA250 hormigoi armatuzko 15 cm-ko lodierako zolata baten gainean paratuko dira. Bulegoen moduluaren neurriak 4,00x2,05 m izanen dira eta garaiera 2,30 m-koa; kanpoko akabera txapa pintatua izanen da. Komunen moduluaren neurriak 2,55x2,40 m izanen dira eta akabera panel nerbioduna izanen da.

Zirkuitua 512 metro luze izanen da eta 8 metro zabal batez beste; 5 cm-ko zoladura asfaltikoa paratuko da. Trazaduran bi eremu egonen dira: batetik, boxen aurreko zuzena, erdiko tartean; bestetik, bihurgune ugariko eremua (oraindik ez zehaztu nolakoa izanen den).

Pistaren trazadurak ez du eraginen orografia eta paisaia aldatzeko moduko lur-mugimendurik. Zirkuituaren oinarria finkatzeko eta azaleko euri-uren isuria errazteko egiten diren lur-mugimenduen ondorioz soberan gelditzen diren lurrak pistaren ertzetako muinotxoak sortzeko erabiliko dira.

Zirkuituko pista oinarrizko zoladura asfaltikoz eginen da, oinarri pikortsu trinkotuaren gainean paratuta. Aparkalekuaren eremuan bi gauza besterik ez dira eginen: lurra zarpiatu eta zagor trinkotua bota.

Zirkuituko 120 m-ko zuzenaren ipar-mendebaldean hormigoi armatuzko hormatxoa eginen da; neurriak: 50 m luzea, 100 cm garai eta 25 cm lodi.

Perimetroko itxitura bihurdura bakuneko sare galvanizatua izanen da, bi metroko garaierakoa, masa-hormigoizko zapatetan bermatutako zutoinetan finkatua. Zutoinen artean hiru metro utziko dira. Multzoak bi orriko sarrera-atea edukiko du.

Garbitzeko ura hornitzeko, 1.000 litroko lau biltegi egonen dira eta presio-taldea jarriko da; horiek guztiak zerbitzuen moduluen ondoan eginen den hormigoi armatuzko plataformatxo baten gainean egonen dira. Plataformaren neurriak 6 x 1,50 m izanen dira.

Saneamendu-sare orokorrean SIMOP INT5000S dekantazio-hobia egonen da: 5 m³, 26 biztanle-baliokide. Polietileno gogortuz egindako biltegia izanen da, 193 cm-ko diametrokoa eta 223 cm garai, guztira. Urpean gelditu ezin den karga freatikorik gabeko eremu egonkortuan lurperatuko da, hormigoi armatuzko lauza baten gainean (300x300 cm eta 20 cm-ko lodiera). Hobia sarbidetik gertu jarriko da.

Uren saneamenduaren sistema SIMOP SH2/6649/03 SEPARADOR HIDRO. C/DEC. + BY PASS 3 l/s hidrokarburo-bereizgailu batekin osatuko da. Horren bidez boxen eremuko euri-urak tratatuko dira: gehieneko emariaren (1,875 l/s) % 20.

Lurraren ezaugarriak onak dira ura drainatzeko, iragazkortasuna errazten duten zabor-legar naturalak baitaude. Drainatze-ildoetatik euri-urak zirkuituaren hego-ekialdeko itxituraren ondoko ezpondara isuriko dira.

2021eko urtarrilaren 28ko komunikazioaren arabera, arazte-sistemako urak eta hidrokarburo-bereizgailuko euri-urak ez dira isuriko bideko drainatze-sistemara, ez eta ur-laster publikoetara ere.

Zirkuituan eta ondoko eremu osagarrietan oinarrizko zerbitzu elektrikoak eta argiak egonen dira. Zirkuituko argietarako eta zerbitzuen moduluetan eta administrazio moduluetan behar den elektrizitatea plaka fotovoltaikodun instalazio batek hornituko du.

Udalak egokitzat joz gero, landare-tratamenduak ezarriko dira eta zuhaitz-lerroak landatuko dira ertzetan eta behar diren gainerako tokietan. Aurrekontuan ez dago horretarako partidarik.

Sarbidetik gertu, zirkuitutik nahiko urrun, oinarrizko hiri-altzariak jartzeko asmoa dago: eserlekuak eta paper-ontziak.

Zirkuitua jardunean hasi ondoren makinak erabili beharko dira pista mantentzeko, batez ere motonibelagailuak eta marruskagailuak.

Iragarkiaren kodea: F2106549