120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151/2021 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez PROEDUCAR-HEZIGARRI programan duten partaidetza luzatzen zaie, 2021-2022 ikasturtean, pandemiaren ondoriozko konfinamenduak ukitutako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei. Aipatu programaren esparrua da Europako Gizarte Funtsaren “Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programa”.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea ezartzen du.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren xedea da hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, 2021-2022 ikasturtean, Europako Gizarte Funtsaren “Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programa” izenekoaren esparruan. PROEDUCAR-HEZIGARRI programa luzatzea ezinbestekotzat jotzen da interes orokorra babesteko, bai eta oinarrizkotzat ere, hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamendurako.

Europako Batzordeak honela definitzen du eskola arrakasta: eskola-uzte tasak jaistea, derrigorrezkoa ez den Bigarren Hezkuntza bukatzea eta goi mailako hezkuntzan parte hartzea. Gauza jakina da esparru horretako desberdintasunek zerikusi handia dutela familien jatorri sozialarekin eta haien baldintza ekonomikoekin. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak orientabideak proposatu eta baliabideak jarri behar ditu hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerrarazten laguntzeko eta Nafarroako ikasle guztien hezkuntzaren bikaintasuna sustatzeko.

Hezkuntzarako sarbidea legez bermatua dagoen arren, horrek ez du ziurtatzen denek garatuko dituztela gizarte eta lan bizitzan beharrezkoak diren gaitasunak. Izan ere, eskola porrotaren eta eskola uztearen tasa altuek eta gizarte eta hezkuntza bazterketak mugatu egiten dute hezkuntzaren gaitasuna, gizarte sustapenerako eta berdintasuna lortzeko tresna den aldetik. Horrenbestez, ikasle guztiek hezkuntza arrakasta lortzeko aukera izan dezaten, hezkuntza sistema osoaren gainean egin behar da lan, hezkuntza etapetan kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerraraziz, bai eta hezkuntza prozesuaren beraren zenbait elementu ere, zeinek areagotu egiten baitituzte hasierako desberdinkeriak, hezkuntza sistemarekiko lotura haustea bultzatzen baitute eta, azken finean, eskola porrota izateko eta eskola uzteko arriskuak handitzen baitituzte, batez ere egoera ahuleneko gizarte taldeen artean.

Nazioarteko ikerketek eta ikastetxeetako praktika askok erakutsi dute, aspalditik, zein hezkuntza estrategia diren onak eskola arrakasta lortzeko, desberdinkeriak gainditzeko eta kohesio soziala sustatzeko, eta zeintzuek sortzen duten gizarte bazterketa. Hala ere, estrategia eta praktika positiboak ikastetxeetako eskola bizitzan txertatzea ez da erraz eta azkar egiten den zerbait.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 57/2019 Ebazpenaren bidez PROEDUCA-HEZIGARRI programan parte hartzeko onartutako ikastetxeek, lehenago programa-kontratuan ez zeuden horiek, ezin izan dute hiru ikasturteko konpromisoa behar bezala garatu COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi egoera dela kausa. Horregatik, aipatu programan duten partaidetza ikasturte batez luzatzeko aukera ematen zaie ikastetxe horiei, ikasleen aniztasunari erantzuteko egiten dituzten proiektuen ezarpena finkatze aldera, hezkuntza komunitatearen parte-hartze eta konpromisoarekin eta Hezkuntza Departamentuaren laguntzarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea PROEDUCAR-HEZIGARRI programan duten partaidetzaren luzapena, ikasturte batez, lehenago kontratu-programan ez zeuden eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 57/2019 Ebazpenaren bidez aipatu programan hasi ziren ikastetxeei.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Prestakuntza eta Kalitate Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak. PROEDUCAR-HEZIGARRI Nafarroa programa, hezkuntza inklusioa eta eskola arrakasta hobetzeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan

Lehena.–Xedea.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren helburu orokorra da eskola porrotaren eta garaia baino lehenagoko eskola uztearen kontra borrokatzea, eta ikasle guztien hezkuntza inklusioa eta eskola arrakasta sustatzea, hobekuntzarako proiektu bat ezarriz eta gauzatuz, ikastetxe bakoitzaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez. Hitzarmen horretan, ikastetxeak ikasleen inklusioa eta eskola arrakasta hobetzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du, eta administrazioak prozesu horretan laguntzeko konpromisoa hartzen du, aholkularitza eta prestakuntza emanez, bai eta proiektua garatzeko behar diren baliabideak ere.

Programa bi alderdi hauek uztartzen saiatzen da: ikastetxeen autonomiaren aitortza, eta hezkuntza administrazioak hezkuntza praktikak bideratzeko duen betebeharra, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzea helburu. Horregatik, programa honetan ikastetxeek prestatuko dituzten hobekuntza planetako jarduketek helburu hauek sustatuko dituzte: hezkuntza inklusiboa, ikasleen eta familien parte-hartze proaktiboa, ikastetxeetako bizikidetza, berrikuntza metodologikoa gaitasunen arabera lan egiteko, eta, azkenik, prestakuntzako ebaluazioa.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak dira lehenago kontratu-programan ez zeuden eta 2018-2019 ikasturtean PROEDUCAR-HEZIGARRI programan hasi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak.

Hirugarrena.–Helburuak.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren helburuak honako hauek dira:

1. Baldintzak sortzea ikasleek hezkuntza sisteman jarraituko dutela eta eskola arrakasta izanen dutela bermatzeko, batez ere zaurgarritasun egoeran dauden ikasleen kasuan.

2. Antolaketa eta ebaluazio aldaketak sustatzea, baita aldaketa metodologiko eta komunitarioak ere, ikasle guztien hezkuntza premiak asetzeko, ikuspuntu inklusibo batetik.

3. Ikasle guztien ikaskuntza eta eskola errendimendua hobetzea erraztea.

4. Ikasleak beren ikaskuntza/irakaskuntza prozesuan era proaktiboan inplikatzea bultzatzen duten hezkuntza egoerak sustatzea, ikasleek hezkuntza proposamenetan eta erabakietan parte har dezaten.

5. Profesionalak sentsibilizatzea eta prestatzea, talde lanaren bidez ikasle guztiekin esku hartzeko gauza izan daitezen, bereziki hezkuntza sistema goiz uzteko arrisku egoeran daudenekin.

6. Ikastetxeen sareko lana garatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak eta hezkuntza arrakasta lortzeko jarduketak zabaltzea.

7. Familiek eta gizarte inguruak ikastetxearen bizitzan parte har dezaten sustatzea.

8. Gelan eta ikastetxean bizikidetza positiboko giroaren garapenean aurrera egitea.

Laugarrena.–Programaren garapena.

Programa ikasturte batez luzatuko da. 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko ekainaren 31n bukatuko da.

Luzapenak 3. fasea (Hobekuntza planaren garapena) gauzatzea ahalbidetuko du:

–Aurreko fasean hartutako antolaketa, curriculum eta metodologia erabakiak abian jartzea. Ikasturtea bukatutakoan, praktika hori baloratzea.

–Prozesuaren eta ikasleen emaitzak baloratzea.

–Proposamenak eta erabakiak Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) eta Urteko Programazio Orokorrean (UPO) jasotzea.

Ikastetxeek aholkularitza emanen diete programaren aurreko faseetan dauden ikastetxeei; aholkuak eta laguntza emanez barneko balorazio prozesua gauzatzeko, hobekuntza plana diseinatzeko eta jarduketak zehazteko.

Bosgarrena.–Sareak. Eraketa eta funtzionamendua.

Programan parte hartzen duten ikastetxeek gutxienez 5 ikastetxek osatutako sareetan jarraituko dute.

Sare hauek edukiko dute eraldaketa-prozesuari buruzko aholkuak emanen dituen pertsona bat. Aldian behin, sareek topaketak egiten ahal dituzte, esperientziak trukatzeko eta prestakuntza elkarrekin jasotzeko.

PROEDUCAR-HEZIGARRI sareetan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak eutsiko dio batzorde/talde eragileari, zeina zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko (Hezkuntzarako Laguntza Unitatea) kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko baitute. Batzorde horretako kide batek edo gehiagok, ikastetxearen tamainaren arabera, koordinatzaile-lana hartuko du/dute beren gain, ikastetxean prozesuaren buru izateko, sarearen bileretan parte hartzeko eta ikastetxeko batzordea dinamizatzeko.

Sarea gutxienez ere hilabetean behin bilduko da. Bilerotan hezkuntza-praktika egokietan eta ikastetxeen eraldaketan sakonduko da. Proposamenak ikastetxe bakoitzaren klaustroan aurkeztuko ditu koordinatzaileak, batzordearen laguntzarekin.

Seigarrena.–Aldeen konpromisoak.

Ikastetxeak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

1. Batzorde edo talde eragileari eustea, programa dinamizatu eta finkatzeko eta haren jarraipena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea: zuzendaritza taldeko kide bat, orientazio departamentuko edo HLUko kide bat eta hezkuntza mailetako ordezkariak.

Batzordeko kide bat edo bi programaren koordinatzailea izanen dira. Ikastetxeari astean hainbat ordu esleituko zaizkio, zuzeneko irakaskuntza moduan hartuko direnak, ikastetxe bakoitzeko koordinatzailea/ak lan egiteko.

Asteko ordu horiek esleituko zaizkie ikastetxeei programan inplikatuta daukaten ikasle kopuruaren arabera, ondoko taula honi jarraiki:

INPLIKATUTAKO IKASLEAK

KOORDINAKETARAKO ORDUAK

500 baino gehiago

4 ordu

300 eta 500 artean

3 ordu

100 eta 300 artean

2 ordu

100 baino gutxiago

ordu bat

Esleitutako orduak erabiliko dira batzordeak PROEDUCAR-HEZIGARRI programa garatzeko egiten duen lana finkatu eta koordinatzeko.

Halaber, batzordeko kide bakoitzak irakaskuntza zuzenekoak ez diren dedikazioko 2 ordu izanen ditu astean, norberaren eskola-ordutegian kontatuko zaizkionak.

Ikastetxeak batzordeko kideak direnen ordutegiak egokituko ditu, astero bilduko direla eta koordinatzailea/ak astearte goizeko sarearen koordinazio bileretara joanen dela/direla bermatzeko, baita adituekin egiten diren topaketetara ere. Gomendatzen da batzordeko kideak KPBkoak (Koordinazio Pedagogikorako Batzordea) ere izan daitezen.

2. Adosturiko ekintza plana ezartzea.

3. Koordinatzaileak PROEDUCAR-HEZIGARRI programak astearte goizean antolatzen dituen hezkuntza topaketetara joatea.

4. Ikastetxean bertan prestakuntza proiektu bat garatuko da deialdiari lotutako irakasle guztiendako, programako jarduketak ardatz hartuta.

5. Ekintza plana jasotzea eta horren ondoriozko jarduketak erregistratzea ikastetxearen agiri instituzionaletan, hezkuntza komunitateak partekatzen eta bere egiten duen proiektu bat baita, eta programatutako jarduketa guztiak biltzen dituen proiektu bateratzaile gisa hartzea.

6. EGIFerako (Europako Gizarte Funtsak) justifikazioan eskatzen diren informazio inprimakiak, parte-hartzaileei buruzkoak, betetzea.

7. Hezkuntza Departamentuak eskatzen duen informazio guztia ematea, ebaluazio tekniko eta ekonomikoa egin ahal izateko.

8. Egindako jarduketak eta EGIFek ikastetxearen komunikazio tresnetan eman duen laguntza zabaltzea.

Hezkuntza administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Ikastetxeei tresnak eskaintzea, gai hauek lantzeko: ikastetxearen barne balorazioa, kudeaketa eta antolaketa ereduak, jarduketa plan koordinatuen garapena eta ezarpena, eta prozesu osoaren balorazioa.

2. Ikastetxeetako prestakuntza plan berekien garapena erraztea, deialdi honen eraginpeko esparruetan.

3. Kanpoko adituen laguntza ematea, prozesuaren fase batean edo programaren garapenari lotutako gai batean beharrezkoa bada. Aurreko puntuak gauzatzeko, Departamentuak prestakuntza talde bat izendatuko du, ikastetxeei prozesu osoan laguntzeko.

4. Asteko ordu batzuk ematea (irakaskuntza zuzenekoak edo eskola ordukoak) koordinatzaileei (seigarren oinarria, 1. puntua).

5. Parte-hartzaile guztiei egiaztatzea jaso duten prestakuntza, eta berrikuntza proiektuan koordinatzaile gisa (batzordekideei) edo parte-hartzaile gisa (parte hartzen duten gainerako irakasleei) egindako ekarpena ofizialki aitortzea.

6. Ikastetxeen sareko lana sustatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak eta hezkuntza arrakasta lortzeko jarduketak zabaltzea.

Zazpigarrena.–Batzordeen osaera.

Batzordea edo talde eragilea zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko dute.

Matrikulatutako eta programan inplikatutako ikasleen kopuruaren araberakoa izanen da osaera:

INPLIKATUTAKO IKASLEAK

BATZORDEKIDEAK

500 baino gehiago

7 lagun

300 eta 500 artean

5 lagun

100 eta 300 artean

4 lagun

100 baino gutxiago

2-3 lagun

Ahalegina eginen da batzordean bloke bakoitzeko ordezkari bat egon dadin eta familien eta komunitatearen (auzoa edo herria) ordezkariak sar daitezen prozesuaren faseren batean, eta bileretan parte har dezaten, ahal den neurrian.

Haur eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza dituzten ikastetxeetan, bi batzorde eratuko dira, ahal den neurrian. Batzordeetako baten koordinatzailea Haur eta Lehen Hezkuntzako sarearen bileretara joanen da, eta beste batzordekoa Bigarren Hezkuntzako sarearen bileretara joanen da.

Zortzigarrena.–Ikastetxeen aukeraketa.

1. Luzapena eta 6. oinarrian aipatutako orduak eskainiko zaizkie PROEDUCAR-HEZIGARRI programan 2018-2019 ikasturtean sartu ziren eta 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetako kontratu-programako deialdietan ez zeuden ikastetxeei.

Iragarkiaren kodea: F2107569