120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAZTI

Udal ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Olaztiko Udalak, 2020ko urriaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan.

Horren iragarkia 2020ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta orduz geroztik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuarekin bat, hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da Olaztiko udalerriko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzaren testu osoa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Olaztin, 2021eko apirilaren 15ean.–Alkatea, Joseba Vizuete Ascargorta.

ALDAKETA, HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Olaztiko udal hilerriaren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Olaztiko Udalari dagokio, horren jabea baita, ordenantza honen xedapenen arabera, eta beste administrazio publiko batzuen berezko eskumenak deusetan ukatu gabe.

2. artikulua. Olaztiko Udalak honako eginkizun hauek beteko ditu, udal hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Esparrua administratu eta mantentzea, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo nitxoaren aurrealdea, mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

b) Lurzatiak eta hilobiak banatu eta ematea.

c) Edozein motatako ehorzketa eskubideak onartu, aldatu, eta haien iraungipena adieraztea.

d) Hilotzak eta gorpuzkiak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz, salbu eta Udalak ezarritako epeetatik kanpora denean, partikularrak eskatuta.

e) Ondorio horretarako gailuak erabiliz, zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak.

f) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Udalak udalerriko beharrizanei erantzuteko beste hilobi eraiki eta banatuko ditu.

Ehorzketa-eskubidea emateko, beharrezkoa izanen da hildako pertsona honako egoera hauetako batean egotea:

a) Olaztiko udalerrian erroldatuta egotea.

b) Olaztiko udalerrian jaioa izatea (udalerrian erroldatuta egon ala ez).

c) Olaztiko hilerrian lurperatuta dagoen pertsona baten ezkontidea, izatezko bikotekidea edo lehen mailarainoko odol-ahaidea (gurasoak eta/edo seme-alabak) izatea.

Hilobiak motaren arabera banatuko dira, eta ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie kale, talde eta koadrotan banatuta.

4. artikulua. Udalak ez du lurrean ehorzteko zerbitzurik eskainiko, herriko premiak asetzeko adina nitxo dituelako.

Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko, legeek debekatutako bereizketa ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

5. artikulua. Hilerriak indarreko legediak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak izanen ditu.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

8. artikulua. Hilerriaren barnean ez da baimenduko salmenta ibiltaria, eta ez da emanen merkataritza edo publizitaterako posturik edo baimenik, ezta helbururako egokiak diren apaingarriei buruzkoak izanda ere. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

11. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortuko da, honako atal hauek jasoko dituena:

a) Hilobiak.

b) Ehorzketak.

c) Hobitik ateratzea eta lekualdaketak.

d) Erreklamazioak.

II. TITULUA

Ehorzketa eskubidea

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

12. artikulua. Nitxoen, kolunbarioen eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea sortuko da kontzesio egintzarekin batera.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko. Gaur egun daudenak mantenduko dira.

13. artikulua. Nitxoak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioak 15 urterako izanen dira, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

14. artikulua. Olaztiko Udalak hilerriko zerbitzua eginen du toki administrazioari buruzko legeria orokorrean ezarritakoarekin bat eta hilotzen gaineko osasunari buruzko legeriarekin bat.

15. artikulua. Nitxoak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, hura ondoren onesten bada ere. Bestelakorik adierazi ezean, titularra izanen da bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa.

Kontzesioak ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz edo, ordena korrelatiboan, dauden leku hutsak osatuz emanen dira.

16. artikulua. Nitxoetan egin daitezkeen ondoz ondoko ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko haietako lehenaren kontzesio epearen iraupena.

17. artikulua. Aitzineko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

18. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da hilerriko erregistroan inskripzioa eta geroagoko komunikazioak eginda, eta haren inguruabarrak dagokion inskripzioak adierazten dituenak izanen dira.

19. artikulua. Hilobiak hilerriko erregistro liburuan inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean honako datu hauek aipatuko dira:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.

d) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har hautatzen duen ordezkariaren izen-abizenak eta helbidea, halako hautatzen denean.

f) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-abizenak eta helbidea.

g) Inter vivos edo mortis causa egintzen ondoriozko eskualdaketak, ondoz ondoko titularren izen-abizenak eta egoitza eta, hala denean, ezkontide gozamendunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita.

h) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein hilotz edo gorpuzki den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

i) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

j) Ordaindutako tasak eta subjektu pasiboa.

k) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

20. artikulua. Kontzesioa administrazio agiri batean gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, adjudikazio eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.

21. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistro liburuan, honako zehaztasun hauekin:

a) Oinordetza edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistro liburuan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.

b) Panteoi baten lehen adjudikazioan bi ezkontideak titularrak izanen dira, hori eskatzen badute.

22. artikulua. Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan hileta-zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, beren jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bestelako entitate juridikoak.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea iraungitzea

23. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen iraupena bukatzeagatik.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Hilerria ixteagatik.

h) Ordenantza honetan ezarritako tasa ez ordaintzeagatik.

24. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batek eragindako iraungipena adieraziko da espedientea bururatzen duen berariazko ebazpen batean, eta, betiere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

25. artikulua. Iraungipena aurri egoerak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei hitzordua emanen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da iragarkia argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren ediktu-tauletan.

Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak bertaratzen badira eta eskualdaketa justifikatu, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta ondorio horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.

26. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, bestela, erre eginen dira, salbu eta hilaren senideek edo haien baimena duten beste batzuek gorpuzkiak familiaren eskutan uzteko eskatzen badute.

Orobat, familiakoek hilarria eta gainerako apaingarriak kendu beharko dituzte, edo bestela udal zerbitzuei eskatu berek ken ditzaten.

III. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

27. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek bete beharko dituzte honako arau hauek:

a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako esleitzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira.

e) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak leku baimendu batera, betiere eraikitzailearen kontura; ezin izanen dira hilerriko edukiontzietara bota. Baldintza horiek bete ezean ez zaio hilobiari altarik emanen.

28. artikulua. Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

29. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

30. artikulua. Landareak eraikinen osagarritzat joko dira eta horiek bete beharreko arau berberak errespetatu beharko dituzte. Eskubideen titularrak haiek zaintzeaz arduratu beharko dira eta ezin izanen dute inola ere bide publikoa okupatu, ezta alboko eraikuntzak kaltetu ere. Edozein gehiegikeria haien kontura zuzenduko da, ondorio horretarako aurretik egindako eskaeraren bidez.

31. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako esleitutako lekuetan utzi beharko dira.

32. artikulua. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA

Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

33. artikulua. Kasuko obra lizentziaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada, garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bestelako ikurrak edo objektuak jartzeko obrak.

IV. TITULUA

Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

34. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritako tasak sorrarazita.

35. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehortzi edo hobitik ateratzeko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileko senideek horren aurka daudela berariaz adierazten badute, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

36. artikulua. Gorpuak ezin izanen dira ehortzi heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, hurrengo salbuespenak egonen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

b) Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, espedienteari erantsitako dokumentu batean, xedatzen dituen gorabeherak badira.

II. KAPITULUA

Ehorzketak

37. artikulua. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik ondoren erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek edo hurbilekoek. Beste mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.

b) Lurperatzeko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

38. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

39. artikulua. Nitxo hutsetan ez da errautsik utziko, horretarako kolunbarioak baitaude. Kolunbarioetara ekarriko diren errauts bakarrak udalerriko bizilagun hilenak izanen dira.

40. artikulua. Lurrean ez da ehorzketarik eginen. Ordenantza hau onetsi arte egin diren ehorzketak lehengo araudiaren bidez gobernatuko dira eta, beraz, bertan ezarritako epeei jarraituko diete.

41. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

Nitxo eta kolunbarioetan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek bi hileko epean idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute.

42. artikulua. Arau orokor gisa, debeku da beste hilerri batzuetatik gorpuzkirik ekartzea hilerri honetako nitxo berri batera. Hala ere, gorpuzkiak ehortzi ahalko dira nitxo batean, hildako bat ehorzten denean.

43. artikulua. Ehorzketak Udalak baimendu edo alta emandako panteoi, nitxo edo kolunbarioetan eginen dira.

Nitxo eta kolunbarioetan, Udalak eginen du ehorzketa. Aldiz, panteoietan, familiak eginen ditu ehorzketak, horretarako zerbitzua kanpoan kontratatuz eta bere bizkar.

44. artikulua. Panteoi, nitxo edo kolunbario bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, salbu ehorzketa eskubidearen titularrak nahita eta berariaz mugatzen badu ehorzten ahal diren pertsonen kopurua edo horien zerrenda aldaezina edo baztertzailea ezartzen badu. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

III. KAPITULUA

Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea

45. artikulua. Orokorrean, hobiratu zenetik bost urte iragaten ez bada ez da hilotzik ateratzerik izanen, epaile batek agindu ezik.

Salbuespenetan, Osasun Departamentuak hilotzak ateratzeko baimena eman dezake.

Nolanahi ere, hilotz bat ateratzen denetik berriz ere ehorzten den arteko epea ez da inoiz berrogeita zortzi ordu baino luzeagoa izanen.

46. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, beste hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak eskaera aurkeztu beharko du.

47. artikulua. Hilotza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa zer hilobitan egin nahi den, horrexen gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da. Lurrean ez da berrehorzketa egiterik izanen.

48. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak hobitik ateratzeko, osasun agintaritzaren baimena beharko da, beste hilerri batera eraman daitezen erregelamenduak jasotzen dituen kasuetan (Hilotzen gaineko Osasun Arauen Erregelamendu onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren I. multzoa).

49. artikulua. Hobitik ateratzeak Udalak adierazten duen ordutegian eginen dira eta ahaleginak eginen dira esparruan ahalik eta jende gutxien dagoenean egin daitezen.

50. artikulua. Hamar urte iragatean gorpuzkinen berrehorzketak egiten ahalko dira nitxo berrietara, betiere beste hilotz bat ehorzten denean.

Berriz ehortzi nahi diren gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak familiaren kontura eta beraren bizkar izanen dira, eta Udaletik kanpoko zerbitzuek eginen dituzte, udal zerbitzuei aurretik horren berri emanda.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak

51. artikulua. Tasa ordainarazteko zerga-egitatea ordenantza honen tarifen eranskinean adierazten diren zerbitzuak egiteari dagokio.

52. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat egiteko eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisikoak izan, pertsona juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

53. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

54. artikulua. Aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak aitzinetik ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen du udal bulegoetan, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

55. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108.1. artikuluan xedatuarekin bat. Halaber, Olaztiko Udalak eguneratu ahal izanen ditu, osoko bilkuran erabakita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio panteoiak erabiltzeko kontzesioa ematea eta deklaratzea eskubidearen azkentzea, panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeari dagokionez. Gainerakoetan, hilobien, nitxoen eta kolunbarioen erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Errespetatuko dira lurzatiaren, nitxoaren eta/edo panteoien jabe gisa agertzen direnen hobiratzeak.

Bigarrena.–Denbora mugarik gabe emandako kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako administrazio kontzesiotzat hartuko dira. Hala behar badu, zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.

Hirugarrena.–Lehenagoko araudiaren arabera gobernatu ziren lurzatien, hilobien eta nitxoen erabiltzaile guztiek haien erabilera bukatuko dute, kontzesio bakoitzaren epea iragan arte. Gero, lekurik behar baldin bada, Udalak gorpuzkinak ateratzeko eskatzen ahalko du.

Laugarrena.–Udalak, sei hilabeteko epean, hilerriko erregistro liburua sortuko du, ordenantza honen aurreko adjudikazioak eta jabeak kontuan hartuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo apalagoko udal arau eta ordenantza guztiak, baldin eta ordenantza honi kontra egiten badiote edo kontrakoa esaten badute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren jarriko da indarrean, legez ezarritako epea igaro ondoren.

TARIFEN ERANSKINA

Tasak:

–Ehorzketak

A) Nitxoan: 50 euro. Okupazioaren gehieneko epea 15 urte izanen da (luzaezina).

B) Kolunbarioan: doan. Okupazioaren gehieneko epea 15 urte izanen da (luzaezina).

C) Panteoian: familiaren kontura. Okupazio epea 50 urte izanen da gehienez. Epe hori 20 urtez luza daiteke.

Iragarkiaren kodea: L2106707