120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 559307.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkezturiko txostena aztertu da, non adierazten baita beharrezkoa dela euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak aitortzen du euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela eta, ondorioz, Nafarroako herritar guztiek euskaraz hitz egiteko eskubidea dutela; hori kontuan izanik, eta

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onestea

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira (R 1 410000235).

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

B30002 B3200 4809 334102: Euskara ikasteko helduentzako laguntzak berraktibatzeko plana

2021

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea euskara ikasteko laguntza indibidualak arautzea da Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturiko pertsona helduentzat.

Euskara ikasteko ikastaroei dagozkien ordainketetarako emanen dira laguntzak, baldin eta ikastaro horietarako matrikulazioa 2020ko urriaren 20tik 2021eko abuztuaren 15era gauzatu bada, eta ikastaroa amaituta badago 2021eko irailaren 20an.

Hala, deialdi honetara aurkezten ahalko dira aurreko laguntza deialdirako eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren matrikulaturiko ikastaroei dagozkien ordainketak; Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren irailaren 3ko 72E/2020 Foru Aginduaren bidez onartu zen laguntza deialdi hori. Halaber, deialdi honetara aurkezten ahalko dira 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ikastaroei dagozkien ordainketak, udako ikastaroei dagozkienak barne. Ikastaroak, edonola ere, amaituta egon beharko dira 2021eko irailaren 20an.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze modalitateak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzakoak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateak honakoak izanen dira:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroak gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzeko, gutxienez 40 ordu izan behar dituzte.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Euskara ikasteko berariazko ikastaroak, eta eskabidearen aniztasunari egokituak; nolanahi ere, 40 eskola-ordu baino gehiagokoak behar dute.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarririko dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarririko betebehar orokorrez gainera, honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabekoen kasuan, eskabidea gurasoek eginen dute, edota adingabekoaren tutoretza duenak. Atzerritarren kasuan, Atzerritarren Identifikazio Zenbakia (AIZ) eduki beharko dute.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Euskara-ikastaroren batean izena emanda egotea 2020ko urriaren 20tik 2021eko abuztuaren 15era, eta ikastaroa amaituta egotea 2021eko irailaren 20rako. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Gutxienez eskolen %80 hartu dituela egiaztatzea. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana. Eskolak hartu izana edo aprobetxamendua ikastaroa amaitzean egiaztatu beharko da.

3.2. Honakoak dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.–Aurrekontu erabilgarria eta dirulaguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 20.000,00 eurokoa da, gehienez ere, 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Euskara ikasteko helduentzako laguntzak berraktibatzeko plana” izeneko B30002-B3200-4809-334102 partidaren kargura.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da, ikastaro motaren ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegiak:

  • 40 ordutik 79 ordura bitarteko ikastaroak: 65 euro.
  • 80 ordutik 200 ordura bitarteko ikastaroak: 125 euro.
  • 201 ordutik 270 ordura bitarteko ikastaroak: 225 euro.
  • 271 ordutik 400 ordura bitarteko ikastaroak: 300 euro.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

  • 100 ordutik 189 ordura bitarteko ikastaroak: 125 euro.
  • 190 ordutik 250 ordura bitarteko ikastaroak: 225 euro.

–Berariazko ikastaroak:

  • 40 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak: 125 euro.
  • 101 ordutik 200 ordura bitarteko ikastaroak: 225 euro.
  • 201 ordutik 400 ordura bitarteko ikastaroak: 300 euro.

4.3. Behar den epean eta moduan aurkezturiko eskabideen artean banatuko da aurrekontuan aurreikusiriko laguntzen zenbatekoa; betiere, deialdiko baldintzak betetzen badira. Eskaturiko dirulaguntzek onetsiriko diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa. Edonola ere, eskabidearekin batera aurkezturiko gastuak esleituriko dirulaguntzaren zenbateko osoa baino txikiagoak badira, eskatzaileak aukera izanen du diruz lagunduriko ikastaroagatik geroago eginiko ordainketen egiaztagiriak ere aurkezteko. Egiaztagiri horiek aurkezteko epea, nolanahi ere, 2021eko irailaren 24an bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskaturiko agiriak aurkeztea.

5.1. Eskabidea formulario baten bidez eginen da (II. eranskina). Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Euskara-ikasteko-helduentzako-laguntzak-2020ko-urriaren-20tik-aurrera-egindako-matrikuletarako.

5.2. Aurreko puntuan aipaturiko tramite telematikoa erabiltzen ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusiriko edozein bide erabiliko da eskabidea egiteko, eskabidea eta beste laguntza eskabide batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dira, II. Eranskinari jarraikiz, dagokion dokumentazioarekin batera.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal ireki batean sartuko dira, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkioten.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

–Eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskabide batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Matrikula edo inskripzioa egin zeneko egunaren egiaztagiria.

–Diruz lagunduriko ikastaroari dagokion ordainketa egin izanaren frogagiria.

–Ikastetxe edo euskaltegiaren ziurtagiria, ikastaroa gutxienez %80ko asistentziarekin egin duela egiaztatzen duena. Ziurtagiria ikastaroa amaitu ondoren aurkeztuko da, eta, betiere, 2021eko ekainaren 24a baino lehen.

–Erroldatze agiria. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek soilik erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko egunean hasi eta 2021eko abuztuaren 20an bukatuko.

5.5. Eskabideak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zazpi egun naturaleko epean akatsak zuzentzeko edo aginduriko agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta esleipeneko ebazpenean inguruabar hori adieraziko da.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondotik.

6.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskabideen ebaluazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskara Sustatzeko Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onarturiko eskabideak kontuan harturik, onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko hori baldintzapetuko du egiazko datuen arabera eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarririkoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo zazpi egun naturaletan.

6.4. Laguntza deialdi hau ebatzi ondoren, dagozkion zenbatekoak ordainduko dira.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.3. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.4. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarririko kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute dirulaguntza:

a) Dirulaguntza lortu bada horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskabidea formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste dirulaguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasoriko laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarririkoa izanen da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikular batzuek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandakoekin. Hala ere, ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu bererako ematen dituenekin.

9.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagunduriko ikastaroarengatik ordainduriko kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskatzaileen datu pertsonalen tratamenduak jarraitu eginen dio Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Segurtatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarririkoari.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuan duen webgunean jarriko du laguntzak ematen dituen ebazpena; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Legeria aplikagarria.

Deialdi hau oinarri hauetan xedaturikoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririkoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko erregelamenduan xedaturikoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. Eranskina.–Eskabidea.

Bete beharreko eredua deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106676