120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa Lizarrako Udalaren enpresa-mintegiko azpiegitura eta zerbitzuak erabiltzeko erregelamenduan eta lokalak adjudikatzeko deialdiaren oinarrietan. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2021eko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa egitea Lizarrako Udalaren enpresa-mintegiko azpiegitura eta zerbitzuak erabiltzeko erregelamenduan eta lokalak adjudikatzeko deialdiaren oinarrietan. 2021eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 23an.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Lizarran, 2021eko maiatzaren 7an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

Erregelamenduaren aldaketak honako xedapen hau gehitu du:

Lehen xedapen gehigarria.–Lokalen lagapena irabazi asmorik gabeko entitateei.

Xedapen honen xedea da erregulatzea enpresa-mintegian dauden lokalen doako lagapenaren araubidea eta erabilera-arauak, nolabaiteko desgaitasun maila duten edo bazterketa arriskuan dauden pertsona edo kolektiboendako jarduera proiektuak abiarazteko asmoa duten irabazi asmorik gabeko entitate edo elkarteen mesedetan; hori guztia, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 128.1 artikuluaren babespean.

Lizarrako Udalak solairu bakoitzeko lokal bat bakarrik jarriko du mota honetako entitate edo elkarteen eskura, eta gainerako espazioak erreserbatuko ditu erregelamendu honi erantsitako lokalak eskatzeko oinarri arautzaileen 2. puntuan adierazitako baldintzak betetzen dituztenendako. Hala ere, eskaera egiteko unean lokal gehiago egonen balira erabilgarri, horien lagapena baimendu ahal izanen da; hala ere, neurri honen iraupena aipaturiko puntuko pertsona eta entitateek eginiko eskaeraren araberakoa izanen da, eta dagokion erabakian jaso beharko da, entitate onuradunak hala eskatzen zaionean lokala Lizarrako Udalaren eskura jartzeko hartzen duen konpromisoarekin batera.

Aurretik eskaera eginda (eskaerarekin batera garatu beharreko jardueraren eta eskatutako lokalaren beharra justifikatzeko azalpen memoria erantsi beharko da), Lizarrako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak ebazpena emanen du, erabilgarri dauden lokalen arabera, aurkeztutako eskaeren arabera eta ekimenaren interes publikoaren arabera, lehentasuna emanez beren jarduketa esparrua Lizarrako hirian edo Estellerrian duten entitateei.

Lokalaren lagapenak Erregelamendu honetan jasotzen den gehieneko iraupena izanen du, nahiz eta salbuespenez luzapenak ematen ahalko diren justifikatutako inguruabarrei erantzute aldera, horren berri jasota espedientean.

Elkarteak irabazteko asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan edo arlo horretako eskumenak dituen beste administrazio batean jasotzen bada elkarteak ez duela inolako jarduera ekonomikorik, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea dela, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

Doako lagapen edo erabilera-baimen baten entitate onuradunak betebeharra du betetzeko lagapen akordioan, Erregelamendu honetan eta arlo honetan aplikagarri diren araudietan araututako baldintzak. Orobat, beren estatutu propioak betetzeko betebeharra izanen dute batez ere, eta Udalak horiek betetzen dituztela egiaztatzeko eginiko errekerimenduei erantzutekoa.

Iragarkiaren kodea: L2107443