116. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Epea irekitzea Parisen urriaren 24tik 26ra NATEXPO 2021 azokan Nafarroako standean parte hartzeko eskaera egiteko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, lan egiten du Nafarroako Komunitateko eta haren enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko. Plan horretan, Frantzia identifikatu da lehentasunezko herrialdeen artean nekazaritzako elikagaien sektorearen nazioartekotze ekintzak bideratzeko, arreta berezia jarriz ekoizpen ekologikoari, hazkunde esponentziala ari baita izaten Frantzian merkatu nitxo hori. Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2021erako ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta elikagai ekologikoen ekoizpenaren arloko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea Natexpo 2021 nazioarteko azokan. Azoka hori Parisen eginen da, 2021eko urriaren 24tik 26ra.

Frantziakoa sektore ekologikoaren merkaturik inportanteena bihurtzen ari da: datuen garapenaren arabera, espero da 3 urte barru Frantziak Alemania gainditzea eta Europako bio produktuen lehen kontsumitzaile bihurtzea. Ekoizpen nazionalak ezin du ase dagoen beharra; izan ere, gaur egun Frantziak kontsumitzen duenaren %33 inportatzen du. Nafarroarentzat Frantzia da bio merkatuaren lehen bezero naturala: gertutasunagatik, kultura ekologikoagatik edo orokorrean produktuaren kalitate-prezioagatik.

Natexpo azoka gune estrategikoa da Nafarroako enpresek merkatu horretara ailegatu ahal izateko. Azoka hori urtero antolatzen da Lyon eta Parisen artean txandaka, eta batez ere Frantziako merkatuko erakusketari eta enpresak biltzen ditu. 2020ko edizioa Lyonen egin zen, COVID-19aren ondorioz, murrizketa handiekin. Hurrengo edizioa, berriz, Parisen eginen da eta espero da 1.350 erakusketari eta 20.000 bisitari bertaratzea.

–Ekintzaren helburuak:

  • Bio elikaduraren esparruan “Nafarroa” marka Frantzian ezagutaraztea, eta kalitatezko eta gertutasun geografikoko produktuekin lotzea.
  • Enpresa parte-hartzaileei erraztea Frantziako bezeroekin eta inportatzaileekin elkartzea.

–Sektorea/segmentua:

  • Elikadura ekologikoa.

–Ekintzaren edukia:

  • Enpresa nafarren eskura jartzea Natexpo azokako elikadura guneko “Nafarroa Bio” standa. Enpresako modulu bat eskaintzen da, eta bi modulu, enpresa elkarteak badira.
  • Enpresa topaketak antolatzea, inportatzailerekin eta bezero potentzialekin. Horretarako, aurretik enpresa topaketen agenda pertsonalizatua prestatuko da misio honetan izena eman duen enpresa/entitate bakoitzarentzat.
  • Azoka izan aurretik, esportatu litekeenaren diagnostiko bat egitea, helburu duena parte hartzen duen enpresa bakoitzak Frantziako bio merkatuan sartzeko duen prestaketa baloratzea.
  • Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.
  • Entitate parte-hartzaileak sustatzea eta zabaltzea, “Nafarroa Bio” standaren barnean.
  • Azokan sartu ahal izateko paseak ematea (enpresa bakoitzeko pase bat; bi pase, eskaera enpresa elkarte batek egiten badu).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

–Parte hartzeko baldintzak:

1. Elikadura ekologikoaren sektoreko enpresa, taldea edo elkartea izatea, eta helbide fiskala Nafarroan izatea.

Enpresa talde edo elkartetzat hartuko dira haien artean elkartzeko akordio batekin lotuta daudenak.

2. Ekoizpen ekologikoaren zigilua izatea.

3. Web-orria frantsesez izatea.

4. Frantsesez dakien kontakturako komertzial bat izatea, Natexpo azoka izan aurretik, izan bitartean eta izan ondoren erantzunen duena (curriculuma erantsi).

Talde edo elkarte baten bitartez parte hartu behar duten enpresek bete behar dituzte 2. baldintzatik 4.era, eta ezin izanen dute banakako eskaera bat aurkeztu. Eskaera bakarra aurkeztuko dute, ekintza komertzial honetan parte hartzen duten enpresa guztien datuekin.

–Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, beranduenez 2021eko ekainaren 30aren gauerdian, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convocatoria-para-la-participacion-en-la-feria-natexpo-2021 Dagokion eskaera orria bete behar da. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

–Gehienez parte hartzen ahal duten enpresen kopurua:

NATEXPO azokako ekintza honetan gehienez ere 10 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du izen-emate fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako presentzia prestatzeko.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
  • Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 21ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106630