116. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SALDIAS

Ordenantza, Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Saldiasko Udalak, 2018ko uztailaren 27an egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Desgaitasuna duten pertsonendako Saldiasko Udalak aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Erabakia 2018ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Saldiasen, 2021eko apirilaren 16an.–Alkatea, Jacinto Domínguez San Nazario.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENDAKO SALDIASKO UDALAK APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, Desgaitasuna duten pertsonendako Saldiasko Udalak aparkatzeko txartelak ematea arautzea. Horretarako beteko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta jasoko da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1. Desgaitasuna duten pertsona fisikoak, egoera hauetakoren batean badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa izatea gainerako apartatuetako (D, E, F, G eta H) puntuak batuta.

Aplikatu beharreko baremoa:

A. Gurpil-aulkian ibili behar izatea.

B. Mugitzeko behar-beharrezkoak izatea bi makila.

C. Mugitzeko gauza izatea, baina eskasia intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzea, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzeko zailtasunak sortzea.

EZ DU

MUGAPEN ARINA

MUGAPEN LARRIA

MUGAPEN OSO LARRIA (ezin du)

D. Eremu lauetan ibiltzea

0

1

2

3

E. Oztopoak dituzten eremuetan ibiltzea

0

1

2

3

F Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G. 40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H. Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

b) Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2. Egoitza Saldiasen duten pertsona fisikoak edo juridikoak, desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektibora soilik bideratutako ibilgailuak badituzte, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Zerbitzu horiek Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotzen dira, baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean ere (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak:

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta berak soilik erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balioaldia:

Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende dago: titularraren adina eta mugikortasunaren gaineko irizpeneko ezaugarriak; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.

–18 urtez gorakoendako, bost urteko balioaldia du txartela ematen den egunetik aitzina, baldin irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua agertzen badu.

–Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordura arteko balioa izanen du, hurrengo artikuluan xedatua deusetan ukatu gabe.

–Titularra 18 urtez beherakoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.

–Nolanahi ere, indarraldia amaitutzat joko da Saldiasko biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskabidea egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

5. artikulua. Behin-behineko aparkatzeko txartela:

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

1. Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

2. Txartela Udaleko Erregistro Orokorrean eskatuko da, ordenantza honen eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

3. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Desgaitasuna duen pertsonaren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuko arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Ordenantza honen lehen artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisikoek nahiz juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Txartelaren titularrek, baldin eta txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zama-lanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; baldin eta helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

f) Txartelak eskuratzeko eskatu zitzaizkion baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, horren berri eman beharko dio txartelaren onuradunak Udalari, horren arabera erabaki beharko baita berritzen edo deuseztatzen zaion. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

g) Txartela galdu, norbaitek ebatsi edo hondatuz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

Ebasten badute, salaketaren frogagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Halakoetan, Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera gelditzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako zigorrak jarri ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke baita interesdunei entzunaldia emateko espedientea izapidetu aurretik ere.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

10.1. Arau hauste administratiboak honako hauek dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.

Arau-hausteak 600 eurotik 1.000 eurora arteko zehapena izanen du.

Datuak faltsutu edo ezkutatu dituztenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

Arau-hausteak 1.000 eurotik 2.000 eurora arteko zehapena izanen du. Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnek erabiltzea.

Arau-hausteak 2.000 eurotik 3.000 eurora arteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

10.2. Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Espediente hori tramitatuko da administrazio publikoek zehatzeko ahala erabiltzearen gaineko legean eta erregelamenduan xedatzen denari jarraituz.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jarriko da bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2106370