116. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

10/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Atarrabiako “Torres de Barcos” izeneko esku-hartze orokorreko proiektua onesten duena.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Adierazitakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da Atarrabiako 124 etxebizitzatarako, 5 ataritan banatuak daudenak eta jabeen erkidego bakarra dutenak. Zehazki, honako atari hauek dira:

–Agustin Garcia Bordel kalea, 1, 3, 5 eta 7 zenbakiak.

–Kapanaburua kalea, 5 zenbakia.

Bost bloke edo dorre dira, 70eko hamarkadaren hasieran eraikiak. Merkataritzarako eta beste erabilera batzuetarako beheko solairua dute, eta horren gainean beste 12 solairu, bakoitzean bi etxebizitzarekin, eta atikoa, salbu eta Agustín García Bordel kaleko 5. zenbakia, horrek ez baitu atikorik. Esku-hartzearen bidez, inguratzaile termikoa eta instalazioak hobetuko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Atarrabiako Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Atarrabiako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Atarrabiako “Torres de Barcos” jabeen erkidegoarentzako esku-hartze orokorreko proiektua onestea, honako atari hauek hartzen dituena: Agustin Garcia Bordel kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakiak eta Kapanaburua kaleko 5 zenbakia.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea Etxebizitza Zerbitzuari, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Atarrabiako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2106431