114. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKURRA

Udal hilerria arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Ezkurrako Udalak, 2020ko irailaren 11n egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Ezkurrako udal hilerria arautzen duen ordenantza.

Erabakia 2020ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 2an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ezkurran, 2021eko apirilaren 22an.–Alkatea, Jaione Zabalo Juantorena.

EZKURRAKO UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Udal hilerria eta ehorzketa eskubideak

1. artikulua. Eskumenak.

Ezkurrako Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste agintari batzuek alor berean esleiturik dituzten legezko eskumenak; hori dena, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduarekin.

2. artikulua. Ezkurrako Udalaren ahalmenak.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek biltzen dituzte:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilerriko eremu orokorrak zaindu, garbitu eta egokitzea. Partikularren betebeharra izanen da behar bezala mantentzea eta zaintzea hilobiaren edo nitxoaren ingurua, segur, xahu eta apain egon dadin, ordenantza honetako atal egokian araututakoaren arabera.

c) Bertako barne araubidea erregulatzea, barne hartuta nitxoen, hilobien, kolunbarioen, lurren eta hezurtegien antolaketa, banaketa, erabilpena eta ustiapena, bai eta hilerrira sartzen direnen eskubideak eta betebeharrak zehaztea ere.

d) Partikularrek ordaindu beharreko tasak eta eskubideak arautzea, zehaztea eta jasotzea.

e) Hilotzak ehortzi, atera eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

f) Araudi hau betetzen dela zaintzea, eta, hala ez bada, zehatzea.

3. artikulua. Eskumenak.

1. Alkatetzaren ardura izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, eta, horretarako, behar adina langile izanen ditu, behar diren arauak emanen ditu eta, eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak eginen dizkio Udalari.

Era berean, Alkatetzari egokituko zaio ordenantza honen interpretazioaz sortzen ahal den edozein zalantza argitzea.

2. Udalbatzarrari egokituko zaio nitxoak eta/edo kolunbarioak ematea.

4. artikulua. Definizioak, ezaugarriak eta luze-zabalak.

–Panteoi tradizionala: eraikuntza honen barnean familia bateko zenbait kide hobiraturik daude, eta haien gorpuzkiak banakoendako apaletan paratzen dira.

–Nitxoak: ilaraz osatutako eraikuntzak dira, bata bestearen gainean ezarriak, banakako ehorzketak ilaran direlarik.

Nitxoek elkarren hurreneko ordenari jarraikiz ezarritako zenbakia dute; hari men eginen zaio ehorzteko tenorean.

–Hilobiak: banakoendako ehorzketak, lurrean.

–Kolunbarioak: apalen gisara kokatutako nitxo txikiak, errauts kutxak edo hilobietako gorpuzkien hezurrak uzteko erabiltzen direnak; izan ere; hilobi horiek, lagapen epea beteta, beste ehorzketa batzuk egiteko erabiliko dira, edo Udalaren jarduketaren baterako, hala nola sarbideak berrantolatzeko edo bestelako obra, konponketa edo birmoldaketa bat egiteko.

5. artikulua. Hilobiak etxeen artean banatzea.

1. Herriko etxe bakoitzak hilobietarako partzela baten erabilera esleituta izanen du hilerrian, honako zirkunstantzia hauen arabera:

–Etxe horietan bizi direnak Ezkurran erroldatuta egotea.

–Edo, bestela, bizi direnak Ezkurran erroldatuta ez badaude ere, etxe horietan oraindik hil ez diren pertsonak jaio izana.

2. Aurreko atalean esandakoarekin bat, etxe batean jaiotako eta/edo erroldatutako pertsona guztiak hil ondoren, eta azken ehorzketatik hobitik ateratzea posible den gutxieneko aldia errespetatuta, partzela berriz Udalaren esku geratuko da.

3. Etxe bat saltzeak edo besterentzeak berekin dakar jabe berriek etxeari lotutako partzelaren gaineko eskubidea izatea, beti ere Ezkurran erroldatzen badira, eta etxearen aurreko titularrak etxearen jabe izatearen ondorioz partzelaren gainean zuen eskubide oro galduko du.

4. Ezkurran erroldatuta daudenentzako etxe bakoitzari esleitutako partzeletan egiten diren ehorzketak gorabehera, eta Ezkurran ehortzeko eskubideak dituzten gainerako pertsonen ehorzketei aurre egiteko, hurbileneko familiari eta etxeari eta duten partzelari egokituko zaie ehorzketa hori.

6. artikulua. Nitxo eta kolunbarioen kontzesioa.

1. Ezkurrako udal hilerrian dauden leku arazoak direla eta, honako hauek izanen dute ehorzteko nitxo eta/edo kolunbario bat erabiltzeko kontzesiorako eskubidea:

a) Heriotza gertatu eta Ezkurran erroldatuta urtebete baino gehiago egon diren pertsona guztiek, bai eta dagokien etxekoek (ezkontideak, adingabeko seme-alabak, edo emantzipatu gabeko adin nagusikoak, etab.) ere.

b) Ezkurrakoak diren pertsona fisikoak: halakotzat hartuko dira, jaiotza herriko erregistro zibilean inskribatuta egon zein ez, lehen bizilekua eta errolda Ezkurran izan dutenak.

2. Ordenantza hau indarrean jarri baino lehen egindako nitxo esleipena errespetatu eginen da. Hala ere, hilobi bat emanda daukatenek beste bat edo batzuk eskatzen ahalko dituzte, beharrezkotzat jotzen badute, eta Udalak baliabideen eta beharren arabera erabakiko du.

3. Nitxoak eta/edo kolunbarioak etxez etxe esleituko dira, etxe bakoitzari bat egokituko zaio, eta aurreko ataleko a) taldean daudenek izanen dute lehentasuna, b) taldean daudenen aurretik.

4. Aurreko ataletan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek dagokien etxerako nitxo eta/edo kolunbario baten erabilera emateko eskatzen ahalko diote Udalari, eta horrek, premiak eta baliabideak argudiatuta,nitxoa ematen ahal den ala ez erabakiko du.

5. Hilerrian, guztira, hutsik dauden hobiratzeko bi gune izanen dira beti (nitxoak edo kolunbarioak), ustekabeetarako eta kokapen zaileko kasuetarako.

6. Nitxoak eta/edo kolunbarioak gorpuak edo gorpuzkiak hobiratzeko baino ez dira ematen.

7. artikulua. Prozedura.

1. Kolunbarioak eta/edo nitxoak erabiltzeko kontzesio prozedura interesdunek eta/edo hildakoaren ordezkariek eskatuta hasiko da.

2. Ezkurrako Udalak erabakiko du eskaera aintzat hartzen den ala ez, zer baldintzatan eta, hala egokituz gero, zer nitxo edo kolunbario emanen den.

Eskaera gehiagok betetzen badituzte eskatzen den erabilerarako nitxoen eta/edo kolunbarioen kontzesioa lortzeko baldintzak, lehenik eta behin, 5. artikuluan ezarritako lehentasun ordena kontuan hartuko da, eta eskaerak gehiago balira egin beharreko kontzesioak baino lehen lehentasun taldean, zozketa publiko bat eginen da, kontzesiodunak aukeratzeko. Azken kasu horretan, Udalak nitxo eta/edo kolunbario gehiago eginen ditu ahalik eta lasterren, onuradun edo kontzesiodun izan ez direnentzat.

8. artikulua. Transmisioak.

Panteoiak, nitxoak eta/edo kolunbarioak erabiltzeko eskubideak inter vivos ezin besterenduzkoak izanen dira, ez kostu bidez ez kostu gabe. Horrelako eskualdatze bat gertatzen bada, emandako kontzesioa azkendu eginen da.

9. artikulua. Identifikazioa.

Nitxoetan eta/edo kolunbarioetan, hilarri eta/edo identifikazio plaka egokiak paratuko dira, Ezkurrako Udalak onartutako eredura egokituta. Gutxienez, hildakoa edo ehorzketa edo kontzesio eskubidearen titularra identifikatu beharko da.

10. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea.

1. Hilotzak hilerrian bertan lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, bai eta beste hilerri batera eramateko ere.

2. Desobiratze guztiak indarreko osasun xedapenetan ezarritakoaren arabera eginen dira, osasun neurri guztiak hartuta.

3. Egin beharreko desobiratzeak jakinarazteari dagokionez:

a) Zer egun eta ordutan eginen diren esanen zaie interesa dutenei, lan hori ikus dezaten, nahi badute.

b) Era berean, aurrez jakinaraziko dira, araudian ezarritako izapideak egin ondoren, epea azkentzeagatik edo ordenantza honetan edo beste xedapen batzuetan ezarritakoa ez betetzeagatik egiten direnak.

11. artikulua. Mantentze akastuna.

1. Hilobien, nitxoen edo kolunbarioen kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

2. Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, bai eta arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko zordunketa interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia, nitxoa, kolunbarioa edo hezurtegia Udalari itzuliko zaio.

3. Kontzesioaren titularrak hondatutzat jotzen ahal duen edozein hilobi berriz ere Udalaren jabari osokoa izanen da, administrazio espediente egokia izapidetu ondoren, zeinean interesdunari entzunen baitzaio.

12. artikulua. Hilerriko erregistro liburua.

Liburuak hiru atal izanen ditu, non honako hauek jasoko baitira:

a) I. atala: nitxoen, kolunbarioen eta hilobien kontzesioak.

Nitxo, kolunbario eta/edo hilobi bakoitzaren xehetasunak jasoko ditu, eta bakoitzaren ondoz ondoko kontzesioak zehaztuko dira, bai eta, hala egokituz gero, haien eskualdaketa eta amaiera ere, zergatia zehaztuta.

b) II. atala: ehorzketak, hobitik ateratzeak eta berrehorzketak. Dataren arabera, zer nitxo, kolunbario, hilobi eta/edo hezurtegi egin diren zehaztuta.

–a) azpiatalak I. taldeko hilotzak.

–b) azpiatalak II. taldeko hilotzak.

Idazpenak arlo hau arautzen duen foru araudiaren arabera eginen dira, eta, desobiratzeen kasuan, aditzera emanen da nora eramanen diren hilotza edo gorpuzkiak, eta, berrehorzteen kasuan, nondik datozen hilotza edo gorpuzkiak.

13. artikulua. Araudi osagarria.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legediari eta bereziki hileta osasuna arautzen duenari jarraituko zaio.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

1. ATALA

Orokortasunak

14. artikulua. Irekitzeko ordutegia:

Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien ariora.

15. artikulua. Baimendu gabeko jarduketak.

Honako hauek debekatuta egonen dira, bai hilerriaren barruan, bai haren eraginpeko eremuan:

a) Edozein lan mota egitea gauez hilerriaren esparruan, behar bezala justifikatutako salbuespenetan izan ezik.

b) Zuzenean edo zeharka barrutiaren solemnitatea eta bildutasuna urratzen duen, ezaugarri horren aurkakoa den edo berekin hilobiak profanatzea, hondatzea edo bortxatzea dakarren edozein ekintza egitea.

c) Udalak baimendu gabeko edozein obra edo lan egitea.

d) Edozein produkturen salmenta ibiltaria.

e) Hilerrian edo haren eraginpeko eremuan mantentze lanen ondoriozko hondakinak, lore arrastoak edo beste edozein hondar mota uztea.

f) Mota guztietako zuhaitzak eta/edo zuhaixkak landatzea, baztertu gabe ordenantza hau indarrean jarri aurretik landatu zirenak bertan egotea.

16. artikulua. Sartzeko debekua.

1. Debeku da guztiz, baimen berezirik ez bada, autoak, motozikletak, bizikletak edo bestelako ibilgailuak sartzea.

2. Arduradunek besoetan dituztenean baino ez da baimenduko maskotak sartzea, eta debekatuta egonen da beste edozein animalia sartzea.

17. artikulua. Ehorzketak eta desobiratzeak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek lurperatzeko orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik arduradunari.

18. artikulua. Hilarriak eta ikurrak.

1. Hilarriak eta gurutzeak egitean, ezarritako neurriei jarraituko zaie.

2. Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzek, oroigarriek eta ikurrek errespetuzkoak eta lekuaren araberakoak izan beharko dute.

3. Aurreko ataletan jasotakoa bete ezean, Udalak aldatzeko eskatzen ahal du, indarreko araudira egokitzeko, eta errekerimendua betetzen ez bada, betearazte subsidiarioa egiten ahal du, dagokion lana egin eta kostua eskatuta kasuan kasuko kontzesioari.

2. ATALA

Hilerria berritzeko eta bestelako lanak

19. artikulua. Obrak.

Udalak, hilerria berritzeagatik edo ixteko erabakia ez den beste arrazoi batengatik, hilobi eta/edo nitxoren bat kendu behar badu, beste bat esleituko dio kontzesio hartzaileari.

III. TITULUA

Ehorzketa eskubideen iraupena

20. artikulua. Ehorzketa eskubideen iraupena.

1. Ehorzteko nitxoen erabilera 99 urterako emanen da.

2. Kolunbarioen erabilera 99 urterako emanen da.

3. Ehorzketa eskubideari edo kontzesioari uko egiten bazaio eta/edo bata edo bestea azkentzen bada, lekua automatikoki libre geratzen da, eta beste kontzesio eta/edo ehorzketarako baliagarri. Senideak arduratu behar dira gorpuzkinez, eta, bestela, jakinarazpena egin ondoren, hezurtegi komun batera eramanen dira, hobitik ateratzeko epea igaro ondoren.

21. artikulua. Azkentzea eta iraungipena.

1. Kontzesioak honako arrazoi hauek direla-eta azkentzen ahal dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

c) Inter vivos transmisio bat egiteagatik, edo egiten ahalegintzeagatik.

d) Berekin azkentzea dakarten ez-betetzeak.

e) Interesdun/kontzesio hartzailearen nahiagatik.

2. Kontzesioak honako arrazoi hauek direla-eta iraungitzen ahal dira:

a) Kontzesio epeak pasatzeagatik.

b) Hilobiak, nitxoak, kolunbarioak edo panteoiak hondatuta egoteagatik. Hondamendi egoera hori adierazteko eta ondorioz kontzesioa iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da Udaleko alkatearen ekimenez, eta epe bat emanen da, interesdunak egokitzat jotako alegazioak aurkezteko, eta udalbatzarrak ebatziko du.

c) Ehorzketa eskubidea erregelamendu honetan xedatuaren aurka erabiltzeagatik.

3. Kasuan kasuko kontzesiorako eskubidea azkentzen edo iraungitzen bada, geratzen ahal diren gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramanen dira, une bakoitzean desobiratzeko indarrean dagoen araudian aurreikusitako epea igaro ondoren.

IV. TITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak

22. artikulua. Zerga egitatea.

Ordenantza honetan, kolunbario bat erabiltzeko eskubidea ematea da zerga egitatea.

23. artikulua. Subjektu pasiboak eta salbuespenak.

Ordainarazte honetan, zergadun moduan, kolunbario bat erabiltzeko kontzesioa eman zaien pertsona fisikoak eta juridikoak dira subjektu pasiboak.

Hala ere, Ezkurran jaio diren edo Ezkurran erroldatuta urtebete baino gehiago daramaten ekonomia ahuleko pertsonak tasa ordaintzetik salbuetsiko dira, eta oinarriko gizarte zerbitzu egokien ziurtagiri bidez justifikatu beharko dute aurreko hori.

24. artikulua. Zerga-oinarria eta kuota.

Zerga oinarria 335ekoa da, eta tributu kuota zerga oinarriaren %100.

25. artikulua. Sortzapena.

Zerga egitatea den eskubidearen kontzesioa lortzen denean sortuko dira tasak.

26. artikulua. Ordainketa.

Tasa likidazioa jakinarazi eta hogeita hamar egun naturaleko epean ordaindu beharko da.

27. artikulua. Ez-ordaintzeak.

Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

V. TITULUA

Erregelamendu honetako arauak ez betetzea

28. artikulua. Zehatzeko eskumena.

Hileta zerbitzuak arautzen dituen erregelamendu-ordenantza honetan bildutako arau hauste administratiboak egiten dituena Udalak zehatzen ahalko du, ondoren adierazten denarekin bat, baztertu gabe egitateak arau hauste administratiboa izateko aukera beste gai mota batean.

29. artikulua. Arau hauste motak.

1. Hauek arau-hauste administratibo arintzat hartuko dira:

a) Nitxo/kolunbarioa mantentze eta apainketa baldintza egokietan ez izatea, beti ere hori osasun arriskua edo bestelakoa ez bada hilerriaren gainerako erabiltzaileentzat.

b) Lanak egitea hilerrian gauez, berariazko baimena izan ezean.

c) Automobilez, motozikletaz, bizikletaz, ibilgailuz edo mota guztietako animalia debekatuak eramanez sartzea hilerrian.

d) Udalak onartutako ereduekin bat ez datozen hilarriak, ikurrak edo inskripzioak eta abar paratzea.

e) Udalak baimendu gabeko obrak egitea.

2. Hauek arau-hauste administratibo astuntzat hartuko dira:

a) Nitxo/kolunbarioa mantentze eta apainketa baldintza egokietan ez izatea, beti ere hori osasun arriskua edo bestelakoa bada hilerriaren gainerako erabiltzaileentzat.

b) Zuzenean edo zeharka barrutiaren solemnitatea eta bildutasuna urratzen duen, ezaugarri horren aurkakoa den edo berekin hilobiak, nitxoak edo kolunbarioak profanatzea, hondatzea edo bortxatzea dakarren edozein ekintza egitea.

c) Hilerrian edo haren eraginpeko eremuan, edozein produktu motaren salmenta ibiltaria egitea.

d) Erabiltzeko emandako hilobia, nitxoa eta/edo kolunbarioa ehorztea ez den beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Hilerrian gizakienak ez diren gorpuzkiak edo bestelako objektuak lurperatzea.

f) Udalak eskatutakoa ez betetzea.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin egitea.

3. Hauek oso arau-hauste administratibo astuntzat hartuko dira:

a) Behar den baimenik gabe ehorztea edo hobitik ateratzea.

b) Urtebetean hiru arau hauste astun egitea.

c) Ehorzketa eskubide bat inter vivos merkaturatzea, eskualdatzea edo eskualdatzen saiatzea.

30. artikulua. Zehapenak.

1. Aipatu arau hauste administratiboak egiteagatik, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau hauste administratibo arinak egiteagatik: idatzizko kargu-hartzetik 500 euroko isuneraino.

b) Arau hauste administratibo astunak egiteagatik: 501 eta 3.000 euro bitarteko isuna.

c) Oso arau hauste administratibo astunak egiteagatik: 3.001 eta 6.000 euro bitarteko zehapena.

2. Zehapenen kuantifikazioan, kontuan hartu beharko dira arau haustearen gauzatze maila, lortutako edo lortu nahi zen onura eta eragindako kaltea.

3. Era berean, zehapenaren zenbatekoa erabakitzeko, egitate arau hausleen konponketa edo zuzenketa eta/edo egindako kaltearen murrizketa kontuan hartu beharko dira.

31. artikulua. Eskumena.

Alkatetza izanen da arau hauste administratibo arinak eta astunak egiteagatik zehapenak ezartzeko organo eskuduna, eta Osoko Batzarra, berriz, oso arau hauste administratibo astunak egiteagatik zehapenak ezartzekoa.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Zerbait aldatu, obraren bat egin edo norbait ehorzten den bakoitzean, araudi honi jarraituko zaio. Beraz, ehorzketa bat gertatzen denean, emanda dagoen hilobian, nitxoan edo panteoian izanda ere, araudi hau bete beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2106691