112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Ordenantza, Dirulaguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Milagroko Udalak, 2021eko otsailaren 2an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Milagroko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2021eko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat hartu da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Milagron, 2021eko apirilaren 23an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

ORDENANTZA, MILAGROKO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

I. Milagron gizarte egitura egunetik egunera hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik, egungo bizia garatzeko alor ugaritan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena, eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko espazioak.

Milagroko Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, ematen dituen aurrekontuko partiden bidez elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu nahi du.

II. Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak (221. artikulua eta ondokoak), Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III. Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du udal ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/15 Legearen 3. artikuluan jasoak; orobat, dirulaguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikatzekoa den araudia.

a) Ordenantza honen xedea da Milagroko Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

Beren ordenantzen xedapenek arautuko dituzte geroan Milagroko Udalak dirulaguntzei buruzko berariazko ordenantzez hornitutako gaiak.

Kasu horretan osagarri gisara aplikatuko dira ordenantza orokor honen xedapenak.

b) Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte-laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Hirigintza eta industria.

–Herritarren partaidetza.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

2. artikulua. Dirulaguntzaren kontzeptua.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Milagroko Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskura ditzaketen pertsonen aldekoa, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezi bat har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea .

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Lege honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatuko dira honako printzipio hauei jarraituz:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

2. Dirulaguntzak emateko orduan, kontuan hartu beharko dira dirulaguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpide, xede eta prozedurak.

3. Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua kontsignatzea aurrekontuan.

Onuradunak

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publikoak zein pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatu ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Milagron egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzaileak izan ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten egindako jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitarteko bat ezartzen horretarako.

4. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

6. artikulua. Debekuak.

1. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, salbu eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtsoan egotearen deklarazioa jaso dutenak, kontu-hartze judizialaren pean daudenak, eta Konkurtsoari buruzko Legearen arabera desgaiturik daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitasun aldia amaitu ez bazaie.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartuak izan direnak, auziren batean erruduntzat joak izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean edo, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak egunean ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapen baten ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren edo Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun izan ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako batasunak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

2. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

3. Artikulu honen 1. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 2. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

4. Artikulu honen 1. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren iraupena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da iraupena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5. Artikulu honen 1. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

6. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabili ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

Dirulaguntzak emateko prozedurak

7. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean tramitatuko da, esan nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza adjudikatuko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Hala ere, dirulaguntzen oinarri arautzaileek salbuetsi dezakete ezarritako baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskabideen lehentasun-hurrenkera ezartzeko betekizuna, baldin deialdian kontsignatutako kreditua nahikoa bada, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren dagoen eskaera-kopuruari begiratuta.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez eman ahal da dirulaguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko, eta aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

A) Aurrekontuetan modu izendunean aurreikusitakoak.

Udalaren aurrekontu orokorrean dirulaguntza izendunaren onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea) zehaztu behar dira, eta organo kudeatzaileak behar bezala justifikatu behar du lehia printzipioa ezin dela aplikatu.

Aurrekontuko partida Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik onuradunaren alde, harik eta organo eskudunak dirulaguntza emateko ebazpena ematen ez duen artean, horretarako prozedura ezarri eta gero.

Halaber, aurrekontu ekitaldi batean dirulaguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide itxaropenik sortzen.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz hasiko da zinegotziaren proposamenaren bidez edo alderdi batek eskatuta, eta dirulaguntza emateko ebazpenarekin edo hitzarmenarekin amaituko da.

Dirulaguntza emateko egintza edo hitzarmena dirulaguntza emate hori arautzeko oinarri izanen dira, eta aurrekontua gauzatzeko oinarriekin batera, aplikatu beharreko baldintza eta konpromiso espezifikoak ezarriko dira haietan, betiere ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta lehia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

Ebazpenak, hitzarmenak edo, hala badagokio, aurrekontua exekutatzeko oinarriek alderdi hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurrekontuko zein kredituri egozten zaion dirulaguntza.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Onuradunak justifikatzeko epea eta modua.

f) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

g) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekiko.

h) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera.

i) Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

j) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek berdinduta.

B) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

C) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz hasiko da, eta dirulaguntza emateko emakida ebazpenarekin edo hitzarmenarekin amaituko da.

Dagokion espedientea irekiko da, eta nahitaez sartu beharko dira bertan:

1. Dirulaguntzen izaera berezia justifikatzen duen memoria.

2. Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

Ebazpenak, hitzarmenak edo, hala badagokio, aurrekontua exekutatzeko oinarriek alderdi hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurrekontuko zein kredituri egozten zaion dirulaguntza.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Onuradunak justifikatzeko epea eta modua.

f) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

g) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekiko.

h) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera.

i) Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

j) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek berdinduta.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete da, gehienez ere. Epea dirulaguntza emateko prozedurari hasiera ematen dion ebazpena onetsi eta hortik aitzina zenbatuko da, salbu ebazpenak berak ondorioak geroratzen baditu ondoko data baterako.

8. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Hastapena:

a) Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluari jarraikiz.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

b) Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskabideak aurkez daitezke, Milagroko Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera aurkeztu dira dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzarako deialdian zehazten diren dokumentuak eta txostenak.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, baldin eta bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik ebazpena emanda, lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

2. Instrukzioa:

a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

b) Instrukzio organoak bere kabuz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

Ebaluazioa egin ondoren, kide anitzeko organoak, oinarri arautzaileetan adierazitako kideek osatua, egindako ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena eginen du, eta instrukzio organoari helaraziko dio. Dagokion alorreko informazio batzordea, instrukzio organo gisa aritzen ahalko da.

c) Instrukzioa egiten duen organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

3. Ebazpena.

a) Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak dirulaguntza emateko prozedura ebatziko du.

b) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

4. Epea.

Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izan ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela jasotzen bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

5. Jakinarazpena:

Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpena jakinarazteko, dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.

9. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

1. Baimentzen ahalko da diru-laguntzen deialdia egin, eta gastua egoztea laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei.

2. Deialdian adierazi beharko da ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Kopuru hori zenbatetsia izanen da, dirulaguntzari buruzko arauek aurreikusi dutenean eskatzaileek aldez aurretik jaso dezaketela ordainketa. Hasiera batean onetsitako kopurua aldatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion espedientea tramitatzea.

3. Araudian berariaz ezartzen denean konturako sarrerak egin ahal izatea, urte anitzeko dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta egotziko zaio ekitaldi bakoitzari.

10. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Deialdia onar daiteke horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta honako inguruabar hauetako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa zenbatetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabaki ahal izanen du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guztien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude: laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

c) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketei buruz eskatzen dioten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak egunean dituztela frogatzea.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatu ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezala iragartzea dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

12. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, honako agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Justifikazioko kontua, jatorrizko fakturekin edo gastua justifikatzen duten fakturen fotokopia konpultsatuekin batera, eta dagokion ordainketaren egiaztagiriekin batera. Fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izan daitezke, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, kontu-ikuskari akreditatu batek egindako kontu-ikuskatzea aurkez daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Milagroko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Dirulaguntza arautzen duen oinarri bakoitzak ezarri ahal izanen du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian.

–Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egin ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izan daitezke, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

–Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak ere egin ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek aurreikus dezakete emandako funtsen gaineko bermeen araubidea.

13. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

14. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntza arautzen duten oinarrietan. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta dirulaguntzari buruzko arauetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatu ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

15. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8 artikuluei jarraituz eginen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan ezarritakoak dira.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2106646