112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

492/2021 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak emana, “Nafarroa” 2021eko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVIII. edizioaren deialdia egin, eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta Laboral Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako deialdia egin dute 2001. urtetik aurrera. Sari horren azken helburua izan da gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzea herrialde eta herri pobretuetako gizarte sektore babesgabeenen alde egiten den borondatezko elkartasun lanaren garrantziari buruz, eta, aurten, arreta berezia jarri zaie zaurgarritasun handiena duen populazioan pandemia sortzen ari den ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei.

2021eko apirilaren 9an, “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVIII. edizioaren deialdirako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Laboral Kutxak.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Nafarroa” 2021eko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVIII. edizioaren deialdia egitea eta haren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean heldu dira oinarri horiek.

2. Ebazpen hau eta “Nafarroa” 2021eko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Laboral Kutxako Nafarroako Lurraldeko Zuzendaritzari.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 15ean.–Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia, Andrés Carbonero Martínez.

I. ERANSKINA

“NAFARROA” 2021EKO ELKARTASUNAREN NAZIOARTEKO SARIAREN XVIII. EDIZIOAREN OINARRIAK

1. Sariaren xedea eta zenbatekoa.

1.1. Sari honen xedea da goraipatzea eta aitortzea instituzioek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsona fisikoek egindako lana; garapenerako nazioarteko lankidetzaren edozein arlotan, eta, bereziki, garapen jasangarriaren helburuak lortzeko eginiko ekarpenengatik nabarmendu diren horiena, hain zuzen. COVID-19aren pandemiak zaurgarritasun handieneko populazioetan eragindako ondorio ekonomiko, sozial eta sanitarioak kontuan izanik, gaur egun ezinbestekoa da lehentasuna ematea horiek arintzea helburu duten ekimen eta erantzun kolektibo guztiak ikusarazteari eta indartzeari.

1.2. Saria 25.000 eurokoa da, eskudirutan. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, bilakaera epidemiologikoari egokitutako formatuan eta behar bezala iragarriko den egunean. Saritutako entitatearen arduradunak edo saritutako pertsonak, saria onartu ondoren, hitzematen du saria emateko antolatzen ahal diren jardueretan parte hartuko duela.

1.3. Saritutako entitatearen arduraduna edo saritutako pertsona Nafarroara etor badaiteke saria jasotzera, antolakuntzak bere gain hartuko ditu bertan egoteak dakartzan gastuak.

2. Hautagaiak aurkezteko tokia eta epea.

2.1. Hautagaitzak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxara jo beharra dago, zeina eskuragarri baita Eskubide Sozialetako Departamentuaren web orrian. Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera bidaliko dira.

2.2. Proposamenak posta elektronikoz ere aurkez daitezke, premiosolidaridad@navarra.es helbidearen bidez, edo Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira igortzen ahal dira (González Tablas 7; 31005 Iruña, Espainia), posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean adierazita “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako dela. Bidalketa mezularitza zerbitzuaren bidez egiten bada, bidaltzen den egun berean jakinaraziko da posta elektronikoz, goian aipatutako helbidearen bidez.

2.3. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko ekainaren 15ean bukatuko.

3. Entitate proposatzaileak.

3.1. Edozein herrialdetan legez eratutako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, etab.) aurkezten ahal dituzte hautagaitzak, baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta abarrek ere, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio autonomikoak izan ezik.

Aurreko bi deialdietako hautagaitza finalistak berreskuratzen ahalko dira.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaitzak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek guztiak onartzea.

4. Eskaturiko dokumentazioa.

Hautagaitzarekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proposatutako pertsonen datuak edo entitatearen nortasun juridikoarenak biltzen dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen memoria (2.000 hitz gehienez), zeinetan frogatuko baitira saria eskuratzeko egindako merezimenduak: ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).

c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.

Aurreko deialdietan hautagaitza bat proposatu duten entitateek, aurtengoan hori bera proposatu nahi badute berriro, agiri sinatu bat aurkeztu beharko dute, non adieraziko baita zein urte eta ediziotan aurkeztu zen hautagaitza, eta orduan aurkeztutako gainerako agiriak orain ere baliodunak direla (informazio osagarria edo bestelako materialak, hala nola DVDak, liburuak...). Era berean, eguneratuta aurkeztu beharko dute datuak biltzen dituen agiria (II. eranskina) eta azalpen memoria (III. eranskina); eta beste agiri osagarri batzuk aurkezten ahal dituzte.

Errekerimendua egiten ahalko da hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko da ezen, hala egin ezean, hautagaitza bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela.

5. Tramitazioa.

5.1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Laboral Kutxak hasiera bateko hautaketa ez loteslea egiten ahalko dute, saria erabakiko duen epaimahaiari igortzeko. Horretarako, finalisten proposamenarekin batera, aurkeztutako gainerako hautagaien zerrenda ere igorriko diote.

5.2. Hasierako hautaketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:

a) Elkartasun lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.

b) Nazio Batuek COVID-19aren aurkako borrokan erantzun humanitario globalerako egin duten planaren helburuekin bat egitea (Global Humanitarian Response Plan. COVID-19).

c) Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko eginiko ekarpena.

d) Edukiaren izaera berritzailea.

e) Iraupena: esku-hartzearen xedeko komunitatean edo arloan duen errotze maila.

f) Lana zenbateraino dagoen zuzenduta kolektibo kalteberen alde.

g) Lankidetza eta/edo koordinazioa antzeko erakunde edo sareekin.

h) Saria emateak herritarrengan, erakundean edo esku-hartzearen xedeko eremuan dituen onurak eta/edo ondorio positiboak.

i) Hautagai diren entitateen ahalmen instituzionala edo proposatutako pertsonen ibilbide profesionala.

j) Proiektu osoan genero ikuspegiak duen txertatze maila.

5.3. Sari honi buruzko edozein informazio jasotzeko, Nafarroako Gobernura jotzen ahalko da (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), +34848425043 telefonoaren bidez eta premiosolidaridad@navarra.es helbidean.

Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6. Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Zazpi pertsonak osatuko dute epaimahaia (mahaiburua eta sei mahaikide), elkartasunaren arloan izen handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artetik hautatuta. Epaimahaiaren osaketan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea aurreikusiko da.

6.2. Sarituko den hautagaitza hautatzeko, epaimahaiak hasiera bateko hautaketan erabilitako irizpide berberei jarraituko die.

6.3. Epaimahaiak aho batez proposatuko du nori eman saria, edo, guztien adostasuna lortzen ez bada, kideen gehiengo soilaren bidez.

6.4. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.5. Saria jendaurrean emanen da, bilakaera epidemiologikoak ahalbidetuko duen formatuan eta entitate deitzaileek garaiz jakinaraziko duten egunean.

6.6. Saria ematen den egunean eta biharamunean, sarituak edo saritutako entitatearen ordezkariak prestasun osoa izanen du antolakuntzak proposatzen ahal dituen ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.

II. ERANSKINA

Proposatutako pertsonen datuak edo entitatearen nortasun juridikoari buruzkoak (PDFa).

III. ERANSKINA

Azalpen txostena

Honako alderdi hauei buruzko azalpena ematea 2.000 hitzetan, gehienez ere:

–Hautagai den pertsonaren edo entitatearen ibilbide profesionala.

–Elkartasun lanaren xede den eskualdeko testuinguru soziala, ekonomikoa...

–Zenbateraino dagoen errotua lanaren xede den eskualdean edo komunitatean.

–Zer talderekin egiten den lan, eta zenbat diren onuradunak, gutxi gorabehera.

–Egiten diren jardueren eta jarduketen deskripzioa, eta horien artean COVID-19aren aurkako borrokan erantzun humanitario globalean kokatzen direnak adieraztea.

–Koordinazioa eta/edo lankidetza beste entitate edo sare batzuekin.

–Esku-hartzearen xedeko herritarrek edo eskualdeek lortzen ahal dituzten alboko/zeharkako onurak, sariaren diruaren eta aitortzaren ondorioz.

–Aurkeztu nahi diren beste datu interesgarri batzuk.

Iragarkiaren kodea: F2106264