112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2021 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita “Pirinioetako toki entitateendako dirulaguntzak, Pirinioetako Planari lotutako ekintzak finantzatzeko” deritzon deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 556305.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezartzen denez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatu, lagundu, eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako Mahaia” izenekoa, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artziko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta eta egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta herrietakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7. atala, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2. atala, Pirinioak).

Abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez onetsi ziren 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 90.000,00 euroko kreditu bat dago, “Suspertu plana: Pirinioetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izeneko 330000 33100 4609 921100 partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren entitateek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Pirinioetako toki entitateendako dirulaguntzak, Pirinioetako Planari lotutako ekintzak finantzatzeko” deritzon deialdia.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 90.000,00 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu-aurrekontuaren “Suspertu plana: Pirinioetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izeneko 30000 33100 4609 921100 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 29an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE-EREMUAN DAUDEN TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, PLAN HORREKIN LOTUTAKO EKINTZAK GAUZATZEKO 2021EAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta eta egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Planaren egitura proposamen multzo batek osatzen du, lehentasunen eta gaien arabera antolatuta: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

Deialdi honen helburua da Pirinioetako lurralde-eremuan dauden toki entitateei dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, haien bidez plan horretako helburuak eta proposamenak finantzatzeko. Pirinioetako Planaren esparru geografikoa Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean definitzen den moduan, bai eta Artziko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek ere.

Kontuan hartu behar da, bestalde, espero dela COVID-19aren pandemiak inpaktu soziosanitario eta ekonomiko handia izatea Nafarroa osoan, eta horrek areagotu dezakeela hiri eremuen eta landa eremuen artean egun dagoen arrakala. Joerak zalantzazkoak direla ahaztu gabe, lehentasuna da ahalik eta gehien gutxitzea lurraldeen artean gaur egun dauden desberdintasunak, krisi global honek zenbait kasutan larriagotuko dituenak. Egoera halakoa denez, deialdi honetan onartu beharko dira bestelako proiektu batzuk ere, krisi global honek eragindako arazoak eta aukerak identifikatzen lagunduko dutenak eta Pirinioaldea “normaltasun berrira” egokitzeko eta hobetzeko lan-ildoetan jardungo dutenak, betiere lurralde honen berezitasunei kasu eginez.

2. Entitate onuradunak.

Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki entitateek, egoitza Pirinioetako Planaren esparru geografikoan dutenek.

Toki entitate bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko du, bakarrik edo beste entitate batzuekin batera.

3. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

4. Ekintza diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira Pirinioetako Planean jasotako eskaerei eta beharrei erantzuten eta haren helburuak betetzen laguntzen duten ekintzak, sektore hauetan sartzeko modukoak badira:

–Turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak.

–Industriak, ekintzailetza berdea eta Lurralde Garapen Jasangarria.

–Abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza.

–Etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

–Plan horretan proposatzen diren ekintzen osagarri diren beste sektore batzuk.

–COVID-19aren pandemiak lurraldean izanen dituen ondorioak arintzearekin lotutakoak.

Pirinioetako Planaren eskaerak eta beharrak adierazten dituen erreferentziako agiria hau da: “Plan del Pirineo en Marcha-Pirinioko Plana Martxan. De la reflexión participada a la acción conjunta (2020ko maiatza)”; web-orri honetan ikus daiteke: https:\\www.navarra.es\home_es\serviciosempleado\descargar-fichero\bLZCkrVjD982pRJD47qGx1f7VfDGmG\El Plan del Pirieno en marcha-comprimido.pdf

5. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Ekintzak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

a) Antolaketa.

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

10 puntu

1. ESPERIENTZIAK PROIEKTUEN KUDEAKETAN. Proiektuen kopurua eta proiektu horietan kudeatutako zenbateko osoa.

4 puntu

2. ENTITATEAREN GAITASUNA ANTOLAKETA ETA KUDEAKETARAKO. Langileak, entitatearen egitura eta bitarteko teknikoak.

6 puntu

b) Ekintza proiektua.

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

90 puntu

1. TESTUINGURUA. Jarduketa-eremuaren testuinguru sozialaren eta ekonomikoaren deskribapena eta proiektuaren onuradunak, aurrekariak eta justifikazioa.

10 puntu

2. PROIEKTUAREN PLANGINTZA ETA DESKRIBAPENA. Plangintza, egutegia eta deskribapen teknikoa. Lurraldean gauzatzen diren beste ekintza batzuekiko osagarritasuna.

20 puntu

3. BERRIKUNTZA ETA SAREKO LANA. Elkarlana beste entitate batzuekin eta sareko lana. Sormena eta originaltasuna. Proiektuaren jasangarritasuna. Transferigarritasuna.

20 puntu

4. ZABALKUNDEA, KOMUNIKAZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA. Proiektuaren zabalkunde, komunikazio eta sentsibilizaziorako jarduerak.

10 puntu

5. JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA. Proiektuaren jarraipen eta ebaluaziorako sistemak definitu, diseinatu eta ezartzea.

5 puntu

6. ONURADUNAK ETA GIZATALDEEN INKLUSIOA. Gizataldeen deskribapena eta haien inklusioari laguntzeko neurriak.

5 puntu

7. GENERO IKUSPEGIA. Genero ikuspegia txertatzea proiektuan.

10 puntu

8. FINANTZAKETA ETA AURREKONTUA. Proiektuaren finantzaketa orokorraren egitura eta aurrekontuaren zehaztapena.

10 puntu

6. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

Dirulaguntzen bidez soilik finantzatuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari dagozkion gastuak, 8. oinarrian ezarritako epean egindakoak. Zehazki, diruz lagunduko dira ondoko gastu kontzeptu hauek, betiere merkatuko balioekin bat etorriko direnak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Langile gastuak, betiere lagundutako jarduera sustatzen duten toki entitateetako plantilla organikokoak ez direnenak.

b) Laguntza teknikoa: proiektua garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak entitatetik kanpo kontratatzea (memoriak, planak, proiektuak eta beste erredaktatzeko gastuak barne).

c) Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea, gehienez ere haien zenbateko osoa.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

e) Materialak argitaratzeko gastuak. Soilik proiektuaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza.

f) Jarduera garatzeko beharrezkoa den material suntsikorraren gastuak.

g) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

h) Entitate batzuen artean garatzen diren proiektuen kasuan, joan-etorri kolektiboen gastuak, adibidez, mikrobusen alokairua edo taxi zerbitzua.

i) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

j) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

6.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

7. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

7.1. Deialdi honek, guztira, 90.000,00 euroko zuzkidura izanen du, 2021eko gastu-aurrekontuko “Suspertu plana: Pirinioetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izeneko 330000 33100 4609 921100 partidaren kargura.

7.2. Dirulaguntza justifikatutako gastu diruz lagungarrien %80koa izanen da toki entitateek banaka aurkezten dituzten proiektuetarako, eta %100ekoa, 2 toki entitatek edo gehiagok batera aurkezten dituzten proiektuetarako.

Banaka aurkezten diren proiektuetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa da, eta 20.000 eurokoa zenbait toki entitateren arteko elkarlaneko proiektuetarako.

7.3. Proiektuak puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 5. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte. Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntzaren portzentajea osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio behin-behinekoz. Onuradunak uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, ordenari jarraikiz. Bestela, halakorik ez badago, gainerako proiektuei emandako dirulaguntzari gehituko zaio, dirulaguntza horren zenbatekoaren proportzioan, 18. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

7.4. Entitate batek proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu, dela bakarrik dela beste entitate batzuekin batera, haietako bat baizik ez da diruz lagunduko modalitate bakoitzean (banakakoa eta elkarlanekoa); balorazio handiena izan duena, hain zuzen.

Edonola ere, gertatuko balitz entitate bakoitzaren lehendabiziko proiektuei (banakakoak zein elkarlanekoak) dirulaguntza eman eta gero dirua egotea soberan, zenbateko hori erabiliko litzateke entitateek aurkeztu bai baina hasieran dirulaguntzarik jaso ez zuten proiektuak finantzatzeko, lortutako balorazioaren araberako ordenari jarraikiz, eta partidako aurrekontua agortu arte.

8. Exekuzio epea.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuen exekuzio epea 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 5era artekoa izanen da.

9. Toki entitateek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskinaren araberakoa.

Elkarlanean aurkezten diren proiektuen eskaeretan, entitate eskatzaileetako bat arituko da gainerakoen ordezkari ondorio guztietarako, eta hark ordainduko ditu gastu guztiak eta dirulaguntza osorik jasoko.

Dirulaguntzen eskaerak I. eranskineko eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkaritza duenak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

d) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

10. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

10.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

10.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

11. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

11.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

11.2. Eskaerak 5. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

11.3. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

12. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

12.1. Dirulaguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori bukatuta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

12.2. Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio. Bigarrenik, erreserban dauden onuradunen eskaerak erantzunen dira, 7. oinarriko 4. apartatuan ezarritako lehentasun-ordenarekin bat. Kasu horretan, beharrezkoa da eskaera onetsita duten udal guztiek (erreserban daudenek barne) aurkeztea obren amaiera justifikatzen duen dokumentazioa, egindako gastuaren frogagiriak eta 14. oinarrian ezarritako gainerako dokumentazioa. Dirulaguntza toki entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.

12.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak Gobernu Irekiaren Atarian jarriko dira jendaurrean, jakinarazi ondoko hilabetean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.4. Dirulaguntzak emateko ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitate interesdunek, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

13. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren (GEH) bidez.

14. Justifikazio-agiriak.

14.1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak. Hala, 2021eko azaroaren 15ean amaitzen da epea gastuen justifikazioa eta jardueraren ordainketak aurkezteko (egun hori barnean dela). Zehazki, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, oinarri hauetako IV. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak, oinarri hauetako V. eranskineko ereduari jarraikiz. Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Egindako jardueren frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VI. eranskineko ereduari jarraikiz.

–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena.

–Kasuan kasuko toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena:

  • Toki entitateak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.
  • Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

14.2. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

14.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, ekintzak egiteko epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2021eko azaroaren 5a baino lehen.

15. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta entitate onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 14. oinarrian adierazitako frogagiriak.

16. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

17. Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

18. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialak eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

i) Entitate onuradunak jakinarazpena jasotzen duenetik zazpi egun balioduneko epea du eman dioten dirulaguntzari uko egiteko, baldin hala egitea erabakitzen badu. Horretarako, komunikazio bat bidali beharko dio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, laguntzarik gabe gelditu direnei aurrekontuan krediturik ez izateagatik, lortutako balorazioaren arabera, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.

j) Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

l) Frogatzea, kasuan kasuko toki entitateko idazkariaren ziurtagiri baten bidez, kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euro baino handiagoa bada kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzuen kasuan.

19. Dirulaguntzak itzultzea.

19.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

19.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

20. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

21. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

22. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaerak aurkezteko inprimakia.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko.

III. eranskina.–Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa.

IV. eranskina.–Proiektuaren amaierako memoria eta gastuen justifikazioa.

V. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

Deskargatu I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinak dituen agiria.

Iragarkiaren kodea: F2105505