112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

45E/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen indargabetzailearen 2. atalean ezarritako epea, hau da, udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onetsiak izanik, eskubide osoz egindako ordezpena dela-eta orain lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena behar duten parke eolikoak egin eta abian jartzeko ezarri zena.

Energia elektrikoaren hornidura interes ekonomiko orokorreko zerbitzu bat da, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 2. artikuluan xedatzen denez. Lege horretan energia iturri berriztagarriez baliatzen diren ekoizpen instalazioak arautzen dira, energia elektrikoa ekoizteko gainerako teknologien modu bertsuan, ezarri beharreko berezitasunak ukatu gabe.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2016-2030 aldirako onetsitako Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiaren arabera, energia berriztagarriena eremu ekonomiko estrategikoa da Nafarroarentzat.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparru juridikoa, zeina ezarri baitzen Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren bidez, nabarmen gaindituta gelditu da ondoren onetsi den araudiarekin. Horregatik, bat etorriz Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren 2016-2030 S3 Estrategian ezarritakoarekin, arau berri bat onetsi zen, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoak baimentzeko prozedura Nafarroan. Foru dekretu berri horrek indarrik gabe utzi zuen 1996ko foru dekretua eta, horrez gainera, Nafarroan kokatzen diren parke eolikoen titularrek bete beharreko tramite administratiboen araudi berri bat ezarri zuen. Foru dekretu horren atarikoan hauxe jasotzen da: “Beraz, prozedura berria bat dator, zaharra baino areago, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearekin eta ingurumen nahiz hirigintza erregulazio berriarekin, helburua baita ziurtatzea prozesuaren funtzionaltasuna, tramiteen sinplifikazioa eta instalazio mota honen sustatzaileen segurtasun juridikoa”.

Esparru berri horretan, 56/2019 Foru Dekretu horren lehen xedapen indargabetzaileak hauxe xedatzen du bigarren atalean: “Foru dekretu honek indarra hartzen duenean osotara edo zati batean gauzatu gabe dauden udalez gaindiko proiektu sektorialak foru dekretu honetan ezarritako lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimenek ordeztuko dituzte eskubide osoz”. “Baimen horiek titularra gaitzen dute parke eolikoak egin eta abian jartzeko gehienez ere bi urteko epean foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.”

Kontua da azken bi urteotan energia berriztagarrien gaineko arau asko eta asko eman direla, Energia Zerbitzuaren kudeaketa administratiboa kolapsatu dutenak, baita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren beraren kudeaketa administratiboa ere, lurzoru urbanizaezineko baimenen tramitazioari dagokionez. Gainera, ezin dira alde batera utzi COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioak (besteak beste, hornitzaileek ekipamenduak entregatzearekin, baimenen tramitazioekin edo instalatzaileek obrak burutzearekin lotuak). Agerikoa da COVID-19ak zuzeneko eragina izan duela energia berriztagarrien proiektuen eraikuntza prozesuetan, eta obrak geldiarazi dituela. Kontuan hartu behar da epeak eten zirela baina bakarrik prozedura administratiboen tramitazio epeei dagokienez. Hortaz, horrek ez zuen batere eraginik izan parke eolikoetako titularrei parke eolikoak egin eta abian jartzeko ezarri zitzaien epeari dagokionez, hots, bi urteko epea, 56/2019 Foru Dekretuak indarra hartu zuenetik.

Parke eolikoetarako baimena Nafarroan arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen die energiaren, lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloko eskumenak dituzten departamentuetako titularrei foru dekretu hura garatzeko behar diren xedapenak emateko, zeinek bere eskumenen esparruan.

Adierazitako guztia kontuan harturik, bidezkoa da hiru urte gehiago luzatzea maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenaren 2. atalean ezarritako epea, guztira bost urtekoa izan dadin, gehienez. Horrenbestez, epe horren barruan egin eta abian jarri beharko dira udalez gaindiko proiektu sektorial gisa behin betiko onetsitako parke eolikoak, zeinak, eskubide osoz ordeztuak izan ondoren, orain lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena behar baitute. Luzapen horren ondorioz, aukera egonen da parke eoliko horiek egin eta abian jartzeko, betiere energia berriztagarrien sektorearen gaineko esparru juridiko berriari egokitutako epe batean eta COVID-19ak eragindako pandemiaren jokaleku berrian. Horrela, titularrei behar den segurtasun juridikoa ematen zaie, aipatutako foru dekretuaren atarikoan adierazten den bezala.

Horrenbestez, erabiliz maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak departamentu honen titularrari ematen dion gaikuntza foru dekretu hori garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuari dagokionez (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri zituena) eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Beste hiru urtez luzatzea udalez gaindiko proiektu sektorial gisa behin betiko onetsi ziren parke eolikoak egin eta abian jartzeko ezarritako epea, hain zuzen, eskubide osoz ordeztuak izan ondoren orain lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena behar dutenak, halaxe xedatu baitzen Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautu zuen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenaren 2. atalean. Luzapen horren ondorioz, epe hori bost urtekoa izanen da gehienez.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2107430