2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TABAR
Ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Kontzejuko Batzarrak, 2018ko azaroaren 2an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2018ko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 26an, eta legeak ezarritako jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta testu osoa ematen da jarraian.
Tabarren, 2019ko urtarrilaren 16an.–Kontzejuko burua, Miguel Ángel Benito Martínez de Espronceda.
KONTZEJUAREN ORDENANTZA, TABARKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 39.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Tabarko Kontzejuari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.
Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Tabarko Kontzejuko alkate kontzejuburuari eginen diote eskaera.
4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.
5. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.
6. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
a) Heriotza egunean Tabarren erroldatutako herritarren hilotzak.
b) Herrian gutxienez ere 5 urte (frogaturik) bizi izan direnen hilotzak.
c) Goiko baldintzak ez beteta ere, aurrekoak edo ondorengoak Tabarko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak.
Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira zerbitzuagatik.
Tabarko Kontzejua arduratuko da hilobia, nitxoa edo kolunbarioa ehorzketarako prestatuta edukitzeaz.
7. artikulua.
a) Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.
8. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen ahal diren lapurretengatik edo kalteengatik.
9. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egiteagatik tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lurrak, lurreko hilobietarako, nitxoetarako edo kolunbarioetarako, 10 urterako gutxienez.
10. artikulua. Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea.
Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten. Epe hori iraganik, Kontzejuak berak eginen ditu lan horiek, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.
11. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere amai daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.
II. KAPITULUA
Hilotzak ehorztea, hilobitik ateratzea,
lekuz aldatzea eta autopsiak egitea
12. artikulua.
1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hilotzen gaineko osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaio.
2.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.
3.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak atera edo ehorzteko, hilerri honetara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.
13. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.
Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.
14. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.
Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta ezarritako errotazioari jarraituko zaio; hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabea den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senideak.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako abisurik eman beharko, nahiz eta senideei garaiz jakinarazten saiatu beharko den. Panteoien kasuan, epea amaitzen bada edo ezarritako errotazio txanda aplikatzen bada, jabea den familiak lehen aipaturiko adierazpen argia egin beharko du.
15. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senide baten beste hilobi batean jarri beharko dira.
16. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean nitxoak edo kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).
Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
17. artikulua. Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senide batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularrarengandik hurbilena den familiak eskatzen badu. Kasu horretan, ehorzketa zaharraren data izanen da baliozkoa antzinatasunari begira, hilotzak hobitik atera eta ehorzketa berriak egiteko. Horregatik, eta kontuan harturik 14. artikuluan aipatutako errotazioak ehorzketa berrian eragina izan dezakeela, Tabarko Kontzejuak baimena ez ematea erabaki ahalko du, uste badu berriz hilobitik atera arte gelditzen den denbora tartea laburregia dela.
III. KAPITULUA
Hilerriko hilobien erregistroa
18. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:
a) Hilobien identifikazioa.
b) Ehorzketa eguna.
c) Hildakoaren izen-deiturak.
d) Eskualdaketak, bertan azalduta data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.
e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.
f) Gertaerak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertaera.
Kontzejuko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor sartzea eragozteko.
Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.
IV. KAPITULUA
Tasak, hilerrian zerbitzuak emateagatik
19. artikulua. Tributu kuota edo tasa eta zerga-oinarria berdinak dira; azken hori ordenantza honen 20. artikuluan zehazten da.
20. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:
1.–Ehorzketak.
a) Tabarko Kontzejua ez da ehorzketaz arduratuko, ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren kasuetan. Ehorzketaren kostua eskatzailearen gain geldituko da.
b) Ordenantza honen 6. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 500 euro ordaindu beharko dizkio Tabarko Kontzejuari, lur eremua 10 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako moduan.
2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorzteko tasak.
Ordenantza honen 6. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Tabarko Kontzejuari, lur eremua 10 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako moduan.
Lehendik dauden hilobietan ehortziz gero: 200 euro, 6. artikuluan adierazitako kasu guztietan.
3.–Hobitik ateratzeak.
Hilerriko hilobi guztietarako: eskatzaileak ordainduko du zerbitzuaren kostua.
4.–Hilerriko beste lan batzuk.
Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.
21. artikulua.
a) Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, eta izan daitezke pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.
b) Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.
22. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.
23. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagozkion tasak baizik ez dira ordainduko.
24. artikulua. Zerbitzuak egin aitzin ordainduko dira 20. artikuluan ezarritako zerbitzuen tasak, premia larria dagoenean izan ezik.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Hilotzen gaineko osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: L1900822