110. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1511E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 557548.

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzea Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat da. “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa (2019-2023)” delakoan finkatutako helburuetako bat da berariazko neurriak sustatzea lan-eremuan kolektibo kalteberek aukera-berdintasuna izan dezaten. Koronabirusaren krisiak pertsona kalteberenen lan-egoera okertu du, lan-merkatuan berriz sartzeko zailtasunak areagotu egin zaizkielako. Langabeziaren areagotzeak, lan-merkatuaren ziurgabetasunak eta enpresen ezegonkortasunak lana lortzeko aukerak murrizten dizkiete zenbait kolektibori. Horregatik, pertsona horiendako lan-aukerak sustatzea, beren kontratazioa finantzatuz, oinarrizkoa da lan munduan berriz sar daitezen, bereziki egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean.

Hala, programa honen bidez sustatu nahi da pertsona hauen kontratazioa: luzaroko langabeak, genero-indarkeriaren biktimak, errenta bermatua jasotzen dutenak, 45 urtetik gorakoak, Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazteak eta lan kontuengatik atzerritik itzulitakoak. Horrela, Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresek enplegua sortzea bultzatzen da, eta erraztasunak ematen dira lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektibo horiek lanean hasteko.

Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren laguntzak EBko REACT baliabideekin kofinantzatzen ahalko dira %100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “BH REACT-EB 1-Lan-merkatuan sartzeari, lanpostuak eta kalitateko enplegua sortzeari eta enplegua mantentzeari (gazteen enplegua barne) laguntza ematea, eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei laguntzea”.

Nafarroako Gobernuak apirilaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 680.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu aurrekontuaren partida honen kargura: “COVID. Kolektibo espezifikoak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241111 partida.

4. Era berean, 1.500.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Enpresa eta entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbide soziala eta fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

d) Kontratu mugagabeagatik eta mugagabe bilakatzeagatik emandako dirulaguntza bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulua egiteko, langilea kontratatzen den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

2.4. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako erakunde publikoak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa eta fundazio publikoak.

3. Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan egiten diren kontratuak, baldin eta atal hauetako baten barnean sartzen badira:

A) 4.1.b) oinarrian aipatzen diren pertsonetako batekin egindako kontratu mugagabeak eta mugagabe bilakatutako aldi baterako kontratuak. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.

B) Aldi baterako kontratu hauek:

B1.–Betebehar hauek betetzen dituztenak:

–Kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

–Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.

–Kontratatutako pertsonak 4.1.b.3 oinarrian aurreikusitako taldekoak izanen dira.

B2.–Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak.

Diruz lagungarriak izaten ahalko dira hasiera batean diruz lagundu diren eta iraupena 12 hilabetekoa baino gutxiagokoa zuten kontratuei egindako luzapenak.

Gutxienez ere 3 hilabetez luzatuko da kontratua.

Luzapen horretarako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

3.2. Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.

3.3. Kontratuak lan arloko legeriak aurreikusitakoa beteko du.

3.4. Ez dira inoiz diruz lagunduko kontratu mugagabeak edo mugagabe bilakatutakoak, baldin eta zehapen prozedurak irekitzearen ondoriozkoak badira.

3.5. Praktikaldiko kontratuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

4. Kontratatuen betebeharrak.

4.1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribaturik egotea.

b) Lan-merkatuan sartzeko zailtasunaren arabera, handienetik txikienera ordenaturik dauden talde hauetako batekoa izatea:

b.1) Gazteen Bermearen Sisteman inskribaturiko gazteak.

b.2) Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak: 45 urtetik gorako pertsonak, lan kontuengatik atzerritik itzulitako pertsonak.

b.3) Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak: kontratatzen diren unean errenta bermatua jasotzen duten pertsonak, genero-indarkeriaren biktimak edo luzaroko langabeak.

b.4) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bat sinatzen duten pertsonak.

Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

Deialdi honen ondorioetarako, lan kontuengatik atzerritik itzulitako pertsonatzat hartzen da baldintza hauek betetzen dituena:

a) NL-NEZen inskribaturik egotea atzerrian bizi eta itzultzeko asmoa duen pertsona gisa.

b) Itzultzeko datatik kontratuaren egunera arte hilabete bat baino gehiago iragana ez izatea.

Ez dira atzerrian bizi izandako denboratzat hartuko atzerrian egindako egonaldi laburrak, ikasle-mugikortasun, kanpamendu, opor, turismo edo antzeko arrazoi ludikoengatik egindakoak. Era berean, ez dira lanalditzat hartuko atzerrian egindako ikasketekin lotutako praktikak, edo boluntario gisa emandako zerbitzuak edo ordainsari ekonomikorik ez dakarren beste edozein.

4.2. Pertsonaren batek lana uzten badu diruz lagunduriko epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat, eta, betiere, ordezten den pertsonaren lanaldi, lansari eta talde bera (edo zailtasun handiagokoa) errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Kasu horretan ez da dirulaguntza handiagorik emanen.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

Kontratua mugagabea duen pertsonaren batek lana uzten badu, diruz lagundutako aldia hiru urtekoa dela joko da, betiere ondorio hauetarako.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:

KONTRATU MOTA

b1 TALDEA

b2 TALDEA

b3 TALDEA

b4 TALDEA

Mugagabea

5200

7150

9100

-

Mugagabe bilakatua

5200

5200

5200

-

Indarraldia

-

-

4000

-

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua

-

-

-

4000

Kontratua emakume bati egiten bazaio, zenbatekoa %10 handituko da.

Zenbateko horiek kontratu mugagabeenak dira, edo lanaldi osoko aldi baterako kontratuenak, 12 hilabetekoak edo gehiagokoak badira. Iraupena edo kontratuari dagokion lanaldia laburragoa bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

Aldi baterako kontratazioen kasuan, gehienez ere 12 hilabeterako dirulaguntza ematen ahalko da.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, ulertuta hilabete batek 30 egun hartzen dituela.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan-kontratua.

c) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (I. eranskina).

d) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Orobat, “de minimis” araubidearen barnean dauden adieraziko da (II. eranskina).

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.

f) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (III. eranskina).

Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

g) Kontratazio mugagabeen edo mugagabe bilakatutako kontratazioen kasuan, kontratazioa egiten den hilabetean eta aurreko urteko hilabete berean enpresak izan dituen langile finkoen kopuruak eta haien egoera adieraziko dira. (IV. eranskina).

h) Europar Batasuneko betebeharrak ezagutzen dituelako aitorpena (V. eranskina).

j) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7. Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diruz lagunduko dira soilik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren hasten diren kontratuak.

Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

7.3. Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8. Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

9. Dirulaguntzaren ebazpena eta ordainketa.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Pertsona onuradunarekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren laguntzak EBko REACT baliabideekin kofinantzatzen ahalko dira %100eko tasarekin, Nafarroako 2014-2020 EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “BH REACT-EB 1-Lan-merkatuan sartzeari, lanpostuak eta kalitateko enplegua sortzeari eta enplegua mantentzeari (gazteen enplegua barne) laguntza ematea, eta norberaren konturako langileei eta ekintzaileei laguntzea”. Kasu horretan, entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

f) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

g) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

h) EGIFen ekarpena jendaurrean paratzea, web-orrian ondoko esaldia ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

“Enpresa honek laguntza jaso du, EBko REACT baliabideek %100ean konfinantzatua, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez, COVID-19aren pandemiaren aurrean Europako Batasunak izandako erantzunaren zati gisa”. Esaldi hau ondoko logotipo honekin batera agertuko da:

F2107319_0.pdf

Era berean, DIN A3 neurriko kartel bat ikusgai jarri beharko du, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez.

12. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak. Halaber, Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartu beharko dituzte. Nafarroako Gobernuak, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten ahalko dituzte kontrol horiek, kasua bada.

13. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

14. Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

14.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

14.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.3. Aldi baterako kontratua garaia baino lehen bukatzen bada eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren eta berandutze-interesen hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

14.4. Kontratu mugagabeengatik edo mugagabe bilakatutakoengatik emandako dirulaguntzei dagokienez, eta betiere ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, dirulaguntzaren parte bat baizik ez da itzuli beharko, hau da, diruz lagundutako kontratazioan eskatutako hiru urteko epea betetzeko falta den denboraren araberakoa, berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, non eta enplegu-emaileak ez duen pertsona hori ordezten, gehienez ere hilabeteko epean, beste pertsona batekin. Ordezkapena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzearen ondorioz uzten bada lana, ez da ordezkapenik eginen. Onuradunak itzuli beharko ditu emandako dirulaguntza eta berandutze-interesak.

14.5. Lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada diruz lagundutako aldia bukatu aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren arabera, berandutze-interesak barne.

14.5. Dirulaguntza hartzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15. Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.empleo.gob.es/uafse/) programa operatiboa kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

16. De minimis laguntza.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte.

17. Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18. Aplikatu beharreko araudia.

Laguntza hau Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko (EB) 2020/2221 Erregelamendua, (EB) 1303/2013 Erregelamendua aldatzen duena honako hau xede duten baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez: COVID-19aren pandemiaren eta bere ondorio sozialen testuinguruan krisia konpontzen errazteko laguntza ematea eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzea (REACT-EB).

19. Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2107319