110. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11/2021 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Arte Gaztearen 2021eko Topaketak programaren deialdia eta haren sarien oinarri arautzaileak onesten dituena, eta gehienez 28.800 euroko gastua baimentzen duena sariak emateko.

Apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, Gazteriari buruzkoak, 3. atala eskaintzen die gazteen aldeko politikei. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) 1. apartatuan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko dituela.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz.

Xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gazteriaren Institutua da organismo eskuduna gai honetan. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 1.1 artikuluaren azken apartatuak berresten du eskumen hori. Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu eta bere estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ere berresten du eskuduntza hori, 19. artikuluaren c) apartatuan ezartzen baitu gazteen kultur sormena eta gazteek artean parte hartzea sustatu behar dela, ekintza hauen bitartez: dirulaguntzen deialdiak, sariketak, egoitza artistikoen sustapena, besteak beste; eta ezartzen du, halaber, eginkizun horiek betetzea Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren ardura dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Arte Gaztearen Topaketak izeneko programa hogeita hamabost urtean egin da, eta hainbat arte modalitate bildu ditu: musikak, genero literarioak, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta diseinua. Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu, eta artistak gure mugetatik kanpo hedatzen lagundu du.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arte Gaztearen 2021eko Topaketak izeneko programaren deialdia, oinarri arautzaileak eta ebazpen honi atxikitako gainerako eranskinak onestea.

2. 28.800 (hogeita zortzi mila eta zortziehun) euroko gastua baimentzea lehiaketa honen modalitate bakoitzari dagozkion sariak ematea finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren 2021erako aurrekontuetako “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09120 4809 232100 partida ekonomikoaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak eskuragarri egonen dira web orri honetan: https://www.juventudnavarra.es/eu.

4. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

ARTE GAZTEAREN 2021EKO TOPAKETAK IZENEKO PROGRAMAREN XXXVI. EDIZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Oinarri hauen xedea da Arte Gaztearen 2021eko Topaketak izeneko programan parte hartzeko baldintzak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez, Arte Gaztearen 2021eko Topaketak antolatzen ditu honako modalitate hauetan: arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musikak, diseinua eta literatura.

Arte Gaztearen Topaketak programak helburu hauek ditu: egungo sorkuntza eta arte gaztearen ekoizpena, erakusketa eta zabalkundea sustatzea; Nafarroako Gazteriaren Institutuak komunitate artistiko gaztearekin lotuta duen eginkizunari buruz hausnartzea, eta artista gazteen prestakuntzan laguntzea. Horretarako, programan zehar lantegiak, tutoretzak eta prestakuntzarako beste mekanismo batzuk eginen dira lau modalitateetan. Topaketak amaitzean, aukeratzen diren proiektuak jendaurreko jarduera ireki batzuetan aurkeztuko dira. Jarduera horien helburua da parte hartzeko prestakuntza artistikoa eta arteen arteko elkarrizketa sustatzea, jaialdi formatuan.

2021eko Arte Gaztearen Topaketan parte hartzeak jarraian aurkezten diren oinarriak onestea dakar.

2.–Modalitateak.

Arte Gaztearen 2021eko Topaketak programaren XXXVI. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak eta musikak (ikus I. eranskina).

–Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak (ikus II. eranskina).

–Diseinua (Ikus III. eranskina)

–Literatura (Ikus IV. eranskina).

3.–Parte-hartzaileak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

Nafarroako foru izaera zibila edukitzea, edo Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea edo bizitzea, eta 14tik 30 urte bitarte izatea, biak barne, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako beteak.

Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 adin horretatik gorakoak izaten ahalko dira.

Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 Nafarroatik kanpokoak izaten ahalko dira.

Taldearen edo kolektiboaren ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

4.–Inskripzioak.

Arte Gaztearen Topaketak programan inskribatzeko eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta hilabetekoa izanen da.

Eskaerei dokumentazio hau erantsiko zaio, aurkezten ahalko dena paperean, edo formatu elektronikoan, jaisteko esteka bat bidalita:

Inskripziorako inprimaki betea. Inprimaki hori Gazteriaren web orritik ere deskarga daiteke: https://www.juventudnavarra.es/es/encuentros-de-arte.

Artistaren eta, halakorik bada, taldeko kide guztien nortasun agiri nazional edo AIZen fotokopiak.

Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, Nafarroako foru izaera zibila duela adierazten duena.

Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

Txostena (Interneten bidez aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez. Txostenaren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honetan jaso dira (I.-IV. eranskinak).

Norbanakoek inskripzio-eskabideak aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko edozein erregistro-bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Taldeek eta kolektiboek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dituzte eskaerak nahitaez.

Norbanakoek eskaerak postaz aurkezten ahalko dituzte. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Zazpi egun balioduneko epea emanen da, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko; zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko da.

5.–Epaimahaia.

Modalitate bakoitzeko epaimahaia, ospe handiko hiru pertsonak osatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatzen du. Hona hemen edizio honetako epaimahaia:

Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak: Miguel Zozaya, Punto de Vistako eta Nafarroako Ateneoko programatzailea. Lorea Alfaro, artista, MLDJ; artistentzako gune autokudeatu bat zuzentzen du Bilbon. Iker Fidalgo, artista eta arte ekoizlea.

Arte eszenikoak eta musikak: Inés García Azpiazu, Dj, musikan eta generoan espezializatua. Txori Garcia, antzerki eta dantza aktorea. Maia Villot, artista eszeniko eta komisarioa.

Diseinua: Sandra Arróniz, moda-diseinatzailea eta sortzailea. Germán Úcar, diseinatzailea eta Estudio Bronce-ren zuzendaria. Miguel Goñi, moda eta produktu argazkilaria.

Literatura: Uxue Juarez, poeta, idazle eta irakaslea. Hasier Larretxea, poeta, idazlea, performance-egilea. Garazi Arrula, idazle eta editorea.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak idazkari baten laguntza izanen du. Idazkari horrek hitza izanen du, baina botorik ez. Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileen artetik izendatuko da. Ahalmena izanen du, lehenengo instantzian, sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

6.–Hautapen prozesua.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak 4 eta 10 proiektu bitarte aukeratuko ditu jasotako eskaeren artetik. Proiektu horiek jaialdian aurkeztuko dira.

Epaimahaiak, modalitate bakoitzean, bere eztabaiden akta eginen du, erabakiak gehiengoz hartuko ditu eta proiektuak hautatuko ditu honako irizpide hauetan oinarrituta:

–Proiektuaren kalitate artistikoa, honako faktore hauek aintzat hartuta: proposamenaren sendotasun formala, proposamenaren formaren eta edukiaren arteko egokitasuna, haren modalitateko egile edo obra garrantzitsuen obran adierazitako ezagutza, aurkezpena, heldutasuna erabilitako lengoaia artistikoan (20 puntu). Hautatua izateko, proiektuak 12 puntu lortu behar ditu gutxienez.

–Esperimentazioa eta ikerketa (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 12 puntu lortu beharko dira.

–Nola egokitzen den aurkeztutako proiektua deialdi honen ezaugarrietara (5 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 3 puntu lortu beharko dira.

Gainditzeko, hautatuek 27 puntu lortu beharko dituzte, gutxienez.

Gainera, epaimahaiaren lana izanen da hautatutako artistekin banakako tutoretzak eta lantegiak egitea.

Hautaketa parte-hartzaile guztiei jakinaraziko zaie, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez.

Hautatutako pertsonek eta taldeek, beren hautaketaren jakinarazpenarekin batera, Nafarroako Gobernuaren banku-transferentzia bidezko ordainketaren jatorrizko agiria jasoko dute, beren proiektua hautatzeagatik dagokien sariaren ordainketa jaso ahal izan dezaten. 10 egun naturaleko epean, hautaketa jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dokumentu hori aurkeztu ez badute, programatik baja emanen zaie, eta horrek diruzko saria galtzea eta norberaren obra jaialdian aurkeztu eta erakusteko eskubidea galtzea ekarriko du.

7.–Sariak.

Lau modalitateetako epaimahaiek 34 proiektu aukeratzen ahalko dituzte, eta horiek jendaurrean aurkeztuko dira Topaketen amaierako jaialdian, urriaren 15etik 17ra bitartean; modalitate bakoitzean gutxienez 4 proiektu eta gehienez 10 aukeratuko dira. Aukeratutako 34 proposamenek 600 euroko saria jasoko dute. Halaber, sartzen ahalko dira diziplinarteko programa batean, zeinean prestakuntzako jarduerak eta lantegiak eginen dituzten epaimahaiko kideekin. Mahaikide horiek, gainera, proiektuen jarraipena eginen dute.

Hautatutako 34 proposamenen artean, eta jendaurrean aurkeztu ondoren, lau modalitateetako epaimahaiak 8 obra nabarmenenak aukeratuko ditu, eta 8 sari emanen zaizkie, bakoitza 1.050 eurokoa. Nafarroako Gazteriaren Institutuak saritutako zortzi proiektuak hedatzen lagunduko du, 2022an Nafarroako jaialdi eta ekitaldien programazioan parte har dezaten erraztuz, horien kudeatzaileek egokitzat jotzen badute.

Hautatutako 34 proiektuentzako sariak eta horien artean nabarmenenak diren zortzientzako sariak emateko ebazpen bana emanen du Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak. Eztabaidak biltzen dituzten aktak eta epaimahaiaren epaia sari guztiak emateko moduaren justifikazioak dira.

Sariak emateko ebazpenak jendaurrean jarriko dira, bai Nafarroako Gazteriaren Institutuko iragarki oholean (Yanguas y Miranda kalea 27, 31003, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Topaketako parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa ematearren bakar-bakarrik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Saria jasotzen duten proiektuak eta lanak jendaurrean erakusten eta zabaltzen badira, beren publizitatean sartu behar dute Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Gazteriaren Institutuak saria eman diela dioen aipua.

8.–Proiektuaren garapena.

Hautatutako pertsonei elkar ezagutzen eta garapen profesionala lortzen laguntzeko, topaketa eta prestakuntza jarduerak eginen dira Uharte Zentroan. Tailerrak eta aurkezpenak irailaren 17tik urriaren 3ra bitartean izanen dira, hiru asteburutan, eta epaimahaikideek eginen dituzte.

Hautaturiko artistek edo artista taldeek beren proiektuen aurkezpen/lagin/emanaldi bat eginen dute jendaurrean, modalitate bakoitzari egokitzen zaion formatuan, urriaren 15tik 17ra bitartean, Topaketa jaialdian. Formatuak horretarako bidea ematen duen guztietan, emanaldia egiteko tokia Uharte Zentroa izanen da.

9.–Gorabeherak.

2021eko Arte Gaztearen Topaketetan gerta daitezkeen gorabeherak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, apelaziorik gabe. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.

Modu berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.

10.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko, eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio NGIari.

Topaketa programan parte hartzen duten artistek beren irudia eta sorkuntza-materiala erabiltzeko irudi-eskubideak lagatzeko klausula bat ezartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuak. Baita tailerretan izena ematen duten eta horiek zabaltzeko erabiltzen diren ikus-entzunezko materialetan ager daitezkeen pertsonentzat ere.

11.–Harreman iraunkorrak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27. 31003. Iruña.

Telefonoak: 848 423 900-848 427 841.

Helbide elektronikoa: secadmonhtn@navarra.es.

Webgunea: https://www.juventudnavarra.es/eu.

I. ERANSKINA

Modalitatea: Arte eszenikoak eta musikak

Xedea.

Musikaren, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkuaren edo hizkera eszeniko garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektuak, muntaiak edo lanak.

Musiken kasuan, gutxieneko errepertorioa 20 minutukoa izanen da.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

Obraren laburpena.

Lanaren edo proiektuaren fitxa teknikoa: taldeko kideak, instrumentuak, behar berariazkoak, eta abar.

Proiektua Interneten ikusteko esteka edo bideo-grabaketa edo MP3 formatuan (gehienez 10 minutu).

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzeko.

Lehiaketaren garapena.

Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza eta topaketa jarduerak eginen dira Uharte Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

Hautatutako artistek beren proiektuak Uharte Zentroan aurkeztuko dituzte, 2021eko urriaren 15tik 17ra. Proposamena, bere izaera dela eta, ezin bazaie egokitu Uharte Zentroko espazioei, beste espazio batzuetan egitea baloratuko da: esaterako, kultur etxeetan eta musikarako kontzertu aretoetan. Hala bada, datak aurreratzea litekeena da.

Talde bakoitzak egin beharreko emanaldiaren datak eta ordua koordinatuko dira, baita antzezpenerako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

II. ERANSKINA

Modalitatea: Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak

Xedea.

Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen proiektuak edo piezak: pintura, eskultura, grabatua, argazkia, bideoartea, performance-a, zinema, instalazioa, teknologia berriak, edo modalitate honetan ohikoa den edozein teknika eta formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.

Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, izenburua, neurriak, iraupena, formatua, muntaia egiteko argibideak eta behar espezifikoak zehaztuz, beharrezkoa bada.

Obra bistaratzeko estekak sar daitezke.

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharte Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

Hautatutako proiektuak Uharte Zentroan erakutsiko dira, 2021eko urriaren 15tik 17ra.

Emanaldiak eta muntaiak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

III. ERANSKINA

Modalitatea: Diseinua

Xedea.

Diseinuaren edozein arlotako proiektuak, piezak edo bildumak: jantziak, osagarriak eta ehunak; barrualdeak, espazioak, kanpoaldeak eta paisaiak; grafikoa, editoriala eta publizitatea; industriala eta produktuarena; animazioa eta interaktiboak, eta egungo diseinuari lotutako beste edozein formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, neurriak, formatua, muntaia egiteko argibideak eta behar espezifikoak zehaztuz, beharrezkoa bada.

Obra bistaratzeko estekak sar daitezke.

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharte Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

Hautatutako proiektuak Uharte Zentroan erakutsiko dira, 2021eko urriaren 15tik 17ra.

Emanaldiak eta muntaiak artista bakoitzarekin koordinatuko dira. Baldintza teknikoak erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

IV. ERANSKINA

Modalitatea: Literatura

Xedea.

Poesia, narrazio, saiakera, komiki, album ilustratu edo beste edozein generotako testu edo proiektuak, edo egungo literaturari lotutako beste edozein.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

Testua osoa, pdf formatuan (Times New Roman 12, 1,5eko tartearekin).

Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, eta prestakuntza zein topaketa jarduerak eginen dira Uharte Zentroan, hautatutako pertsonentzat.

Hautatutako proiektuak Uharte Zentroan aurkeztuko dira, 2021eko urriaren 15tik 17ra.

Hautatutako artista bakoitzarekin aurkeztu beharreko obraren datak eta ordua koordinatuko dira, baita behar diren baldintza teknikoak ere; horiek erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F2105852