11. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EUGI

Ordenantza, hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Eugiko Kontzejuko Batzarrak, 2020ko irailaren 24an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza berri bat, arautzen dituena Eugiko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta zerbitzuak emateko eskubideak eta tasak. Iragarkia argitaratu zen 2020ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 19an.

Jendaurrean egoteko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betikoz onetsi da, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Eguin, 2020ko abenduaren 24an.–Burua, Unai Seminario Gurbindo.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EUGIKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eugiko Kontzejuari dagozkio kontzejuko hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere galarazi gabe beste agintari batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak; hori dena, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, mantendu eta egokitzea, bai eta zaindu eta garbitzea ere.

b) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

c) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dion guztian.

d) Nitxoen eta kolunbarioen antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Hilerrian behar adina nitxo huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera.

4. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, baldin legezko tramiteak bete badira. Halaber, ordenantza honetan aipatzen diren kostuak eta/edo tasak ordaindu beharko dira.

II. KAPITULUA

Ehorzketak, desobiratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak

5. artikulua. Ehorzketak, desobiratzeak, berrehorzketak eta hilotz eta gorpuzkien lekualdatzeak eginen dira bat etorriz Nafarroan indarrean den hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamenduarekin.

6. artikulua. Desobiratzeak egin daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko eta beste hilerri batera eramateko. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera egin behar dira, behar diren osasun neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Desobiratzeak zer egun eta ordutan egin behar diren jakinaraziko zaie eskatzaileei, lan hori ikusi ahal dezaten, nahi badute.

8. artikulua. Hilerrian berean beste toki batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ez daitezke eraman gorputegira.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar berekin, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsetan baldin badira.

b) Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen desobiratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

10. artikulua. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen desobiratzeko, salbu eta epaile baten aginduz.

Hala ere, ateratzen ahal dira hilabete horietan hildako baten ezkontidearen edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak, hildakoarekin batean ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan.

Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Egoki diren liburuetan idatzi beharko dira ehorzketak, desobiratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak.

III. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak

12. artikulua. Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik. Kontzesioaren gehieneko epea 99 urte izanen da, luzapenak barne.

13. artikulua. Nitxoen kontzesioa 20 urterako izanen da, eta beste 20 urtez luzatzen ahal da, aldez aurretik eskatuta, aurreko artikuluan ezarritako gehieneko epearekin.

14. artikulua. Kolunbarioen kontzesioa 30 urterako izanen da, eta beste 30 urteko luzapenak izaten ahal dira, aldez aurretik eskatuta, gehienez ezarritako epearekin.

15. artikulua. Kontzesioa luzatzea eskatuko da epemuga bete baino bi hilabete lehenagotik gehienez ere, eta 15 egun lehenagotik gutxienez, eta baldintza izanen da une horretan indarrean diren prezioak ordaintzea.

Nolanahi ere, Eugiko Kontzejuak, urtean behin, epemuga bukatzen dela jakinaraziko die interesdunei, luzatzea eskatu edo uko egin dezaten.

Kontzesioaren azkeneko epea bukatzen denean, aukera hauek izanen dira: gorpuzkiak kolunbario batean ehorztea, edo hezurtegi orokorrera edo beste leku batera eramatea, edo familiak errautsak jasotzea, egokia dena. Kasu horietan, gastuak interesdunaren kargura izanen dira.

16. artikulua. Kontzesioa jakinarazi eta 15 eguneko epean ordainduko da, eta ordainketa frogatu arte ez du inolako ondoriorik izanen.

17. artikulua. Ehorzketarako nitxo edo kolunbario bat eskatzen duenak 30 euroko fidantza ordaindu beharko du, bermatuko duena nitxoan edo kolunbarioan hilarria jarriko duela ehorzketa egin ondoren eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Hilarriak osorik estaliko du horma-hilobiaren hutsunea. Interesdunek aipatu hilarria epearen barnean jarritakoan, fidantza itzuliko zaie.

Bestela, fidantzaren zenbatekoa galduko dute eta Kontzejuak, bere kargura, hilarri arrunta jarriko du, inskripziorik gabekoa, nahitaez izanen dena ingurukoen estetikoaren araberakoa.

Debekatuta dago nitxoetan edo kolunbarioetan zulatze edo arbastatze lanak egitea fabrikan, jartzeko uztaiak, kako-iltzeak eta abar, baina loreak paratzen ahal dira finkoak ez diren elementuekin.

18. artikulua. Kontzesioak honako arrazoi hauek direla-eta iraungitzen ahal dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

19. artikulua. Behar baino nitxo edo kolunbario huts gutxiago baldin badago, kontuan harturik herriko errolda, ehorzketa zaharrenak husten hasiko dira, eta hurrenkera hori ezin izanen da aldatu. Desobiratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da familiakoei aldez aurretik garaiz jakinarazten. Gorpuzkiak aldatuko dira kolunbario edo hezurtegi batera, edo, bestela, familiak errautsak jasoko ditu, egoki dena. Kasu horretan, sortutako gastuak eskatzailearen konturakoak izanen dira.

IV. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzu egiteagatik

20. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

–Ehorzketak.

–Desobiratzeak.

–Berrehorzketak.

–Lekualdatzeak (hobitik ateratzea eta ehorztea).

–Kontzesioak.

21. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua diren entitateak.

Kontzesioei dagokienez, kontzesioen titularrak dira subjektu pasiboak.

22. artikulua. Zerga-oinarria da adierazten dena ordenantza honen prezioen eta tasen eranskinean, eta tributu-kuota eta zerga-oinarria berberak izanen dira.

23. artikulua. Nitxo edo kolunbario batean bi gorpuzki edo gehiago batera ehorzteko baimena ematen denean, tarifak %25 igoko dira bigarrenetik aurrerako gorpuzki bakoitzeko.

24. artikulua. Hilerri honetako gorpuzkiak berrehorzteko, tasak ordaindu beharko dira desobiratzeagatik eta berriz ehorzteagatik. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

25. artikulua. Zerbitzua eman aurretik ordaindu beharko dira ehorzteagatik, desobiratzeagatik, berrehorzteagatik eta lekualdatzeagatik ordaindu beharreko tasak, salbu premia larria dagoenean edo Kontzejuko bulegoetan egun baliogabeak direnean.

Kontzejuak urtean zehar ezarritako datetan ordaindu beharko dira kontzesio-zerbitzuek dakartzaten tasak.

26. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzu guztiak ordainduko dira une oro indarra duten prezioen arabera, salbuespenik gabe.

27. artikulua. Ordenantza honetan jaso gabeko guztiari dagokionez, bete beharko da indarreko legeria, eta kasu guztiak banan-banan aztertuko ditu Kontzejuko Batzarrak.

TARIFEN ERANSKINA

–Ehorzketak 150,00 euro.

–Desobiratzeak: 150,00 euro.

–Berrehorzketa: 75,00 euro.

–Nitxoen kontzesioa, 20 urterako: 150,00 euro.

–Nitxoen kontzesioa, 20 urterako luzapena: 150,00 euro.

–Kolunbarioaren kontzesioa, 30 urterako: 150,00 euro.

–Kolunbarioen kontzesioa, 30 urterako luzapena: 150,00 euro.

Ordainketak zatika egin daitezke.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantzaren aldaketa hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean, 2020an edonolako baimena lortu duten interesdunek eska dezakete aplika dakiela aldaketa honetan aurreikusitako araubidea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartutakoan indargabetuta geldituko da hilerria erabiltzeko gaur egun indarra duen ordenantza.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantzaren aldaketa honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2016228