108. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRUAZU

Udal ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arruazuko Udalak, 2020ko azaroaren 19an egin bilkuran, legez eskatzen den gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen Arruazuko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2021eko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 11n.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Arruazun, 2021eko apirilaren 14an.–Alkatea, Gorka Ovejero Ganboa.

ORDENANTZA, ARRUAZUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Arruazuko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek izanen dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak, herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Udalari berari dagozkio Arruazuko Udalaren herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, aprobetxamendu-araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arruazuko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Arruazuko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Arruazuko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka eginen dio pribatizazio saio edo haien kalterako ekintza orori.

8. artikulua. Arruazuko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Arruazuko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulaziorik edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadurarik bada. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Arruazuko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko baimena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Arruazuko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Arruazuko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Arruazuko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Arruazuko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Arruazuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak baldin badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Arruazuko Udalak argituko ditu, kasuz kasu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Arruazuko herri-basoaren antomandurako planaren arabera, aziendak erdialdean edo bazkalekutarako prestatutako harizti aldean (11. eta 12. kantoietan) larratzen ahal dira, behealdeko mendi magaletan, haranaren barrenetik gertukoetan. Bazkaleku honen zati bat berriki ezarri den itxitura bereizle baten bidez zedarritu da. Itxiturak bazkarako eremua eta azienden ausikietatik babestu nahi diren zuhaiztiak bereiztea ahalbidetzen du. Azienda larratzeko erabiltzen den herri-lurren eremu horrek 65 hektarea hartzen ditu guztira, baina bazkatzeko nolabaiteko balioa duen azalera 36 hektarea ingurukoa da (32,3 hektarea bazkarako hariztiak, eta 3,7 hektarea larreak), gainerakoa belar, harri eta sastrakaz eratutako zuhaiztia da. Gaur egun bazkarako prestatu eta zedarritutako 18 hektarea harizti daude erabilgarri.

Baso-antolamendurako planean kalkulatutako abere-zama potentzialaren arabera, bazkarako prestatu eta zedarritutako hariztian 2020-2021ean egitekoa den bakantze eta sastraka-garbiketa amaitutakoan, 16 AzLUkoa izan beharko luke zedarritutako eremu barruko abere-zamak. Kontuan hartu behar da azienda larriko unitate batek 12 hilabetetik gorako behi edo behor baten, edo 6 ardiren baliokidetasuna duela.

Sartuko diren hazitarako animaliak bertako arrazakoak izan beharko dute ezinbestean.

Azienda gobernatzeko moduari dagokionez.

Gomendatzen da larratze mistoa egitea, eta saihestea abereak alde jakin batzuetan ibil daitezen, zorua ez narriatzeko, askak dauden hariztian gertatzen den bezala. Askak kokatuko dira lurra osasuntsu eta ez-buztintsua dagoen tokietan, eta bideen ondoan.

Herri-larreak erabili beharko lirateke martxoaren amaieratik edo apirilaren hasieratik azaroaren bukaera arte, ardi aziendaren kasuan. Behorrak eta behiak urte osoan zehar egon ahalko lirateke herri-lurretan. Udazken eta neguan, askekin, lurra ez hondatzeko.

Hala ere, gorabehera klimatologikoen edo bazkaleku beharraren arabera, epeak luzatu edo laburtzen ahal dira.

17. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Herritarrendako adjudikazioaren AzLUak kontatuko dira. AzLUen %80, bai eta Nekazaritza Politika Erkiderako banatzen diren herri-lurretako hektarea guztiak ere, ogibide nagusia nekazaritza dutenentzat erreserbatuko dira.

b) Enkante publikoan adjudikatuz. Enkante publikoan adjudikatuko dira gainerako AzLUak; hau da, zama potentzialaren eta herritarrei zuzenean adjudikatutakoaren arteko aldea.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira onuradunak herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioan. Horretarako, aziendak Arruazuko Udalaren katastroan izan beharko dituzte, eta horiek urte osoan udal mugartean egon beharko dute; halaber, alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta erregistro hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, titularrak toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide. 1 AzLU.

b) Behi bat, sei ardi-abelbururen baliokide da.

c) Behi bat, ustiapen estentsiboko lau zerri-abelbururen baliokide da.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

Azienda larria identifikatzeko (zaldi eta behi aziendak), markatu eginen dira kanpaina bakoitzaren hasieran, Udalak ezartzen dituen egunetan.

19. artikulua. Ahuntz azienden larratzea berariaz arautuko da, inguruko beharren arabera, eta zerri aziendarena baimentzen ahalko da, behar diren baimenak eskuratzen badira betiere.

20. artikulua. Azienda mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezartzen dira:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

Zaldi azienda, urtebetetik gorakoa, 9 euro buruko; behi azienda, urtebetetik gorakoa, 9 euro buruko, eta 1,50 euro ardi aziendako buru bakoitzeko.

b) Enkante publikoan adjudikatuz:

Zaldi azienda, urtebetetik gorakoa, 35 euro buruko; behi azienda, urtebetetik gorakoa, 30 euro buruko, eta 5 euro ardi aziendako buru bakoitzeko.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona balio erreal horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten. Udalaren aldetik, alkateak edo zinegotzi batek izanen du bere gain herri-larreetako abelburuen kontrola eta jarraipena egiteko ardura.

21. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Herri-larreak ez dira a priori itxitura berriekin banatuko.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

22. artikulua. Toki korporazioaren erabaki baten bidez, eta iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten.

23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

24. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurrak adjudikatuko dira bazkan jasan dezaketen abere-zamaren arabera.

25. artikulua.

1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da entitatearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki-erakundeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Arruazuko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

27. artikulua. Arruazuko Udalak urtero edo bi urtean behin eta eskariaren arabera ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, baso-antolamenduaren mozketa planean ezarritakoaren arabera mendian dagoen egurraren kontuan harturik. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko urriaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Udalak epe hori luzatzeko eskubidea izanen du klimatologia, epaitzak entregatzeko eguna, edo bidezkotzat jotzen dituen beste arrazoi batzuk kontuan hartuta. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Udalak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

29. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Arruazuko Udalak bere aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

31. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Udaleko basozainari eginen zaie kontsulta. Udalaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta zur egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena, eta azken horrek udal basozainaren txostena edukiko du horretarako. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.

33. artikulua. Udalak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

34. artikulua. Erabat debeku da zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

35. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituen “San Donato ehiztarien elkartea” izeneko 10376 zenbakiko ehiza-barrutiko ehizaren aprobetxamendua bat etorriko da indarreko araudiarekin (Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, kontuan harturik zer aldaketak egin zizkioten lege horri ekainaren 13ko 18/2002 Foru Legean eginiko aldaketek eta xedapen osagarriek).

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

36. artikulua. Udalak indarrik gabe utz ditzake herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiei proiektureb batek eragiten badie, indarreko araudian ezarrita dagoenari jarraikiz, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Mendiko pisten eta herri-lurretako finketara sartzeko bideen erabilera

37. artikulua. Arruazuko Udalaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak eta gerta daitezkeen gehiegikeriek eta erabilera txarrek ekarri dute erregulazioa; izan ere, Udalaren betebeharra da haiek egoki zaintzea.

38. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, industriako edo aisiako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauen gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

39. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.

40. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua baldin badago, udal basozainaren oharrei jarraituko zaie.

41. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

42. artikulua. Debeku da ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko egitea, salbu eta Udalak baimena ematen badu.

43. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

44. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

45. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

46. artikulua. Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sor daitezkeen arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezar dezake Udalak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

47. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 km/h da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 km/h, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

48. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Bestetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

–Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

–Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

–Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

–Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

–Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

–Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

–Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, bai eta, azienda identifikatzeko, abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txosten teknikoa eginen du Udalak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2106200