108. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

99E/2021 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Irabiako Zentral Hidroelektrikoaren eta Irabiako etxolan egonen den presako larrialdi aretoaren artean, Orbaizeta udal mugartean, komunikazioetarako eta energiarako lurpeko konexioa egiteko proiektuari. Acciona Energía SA da proiektuaren sustatzailea.

2020ko martxoaren 10ean, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) eta M) epigrafeetan sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da behe tentsioko elektrizitaterako eta komunikazioetarako kableak konektatzea zentralaren eta Irabiako etxolaren artean, telekontroleko ekipoak jarriko baitira hor, etorkizunean presaren larrialdi plana ezartzeko.

Konexio hori honela eginen da: lehenengo zati bat zentraletik, 30 m-koa, baso magalean bermatutako metalezko erretiluan, eta lurpeko lubaki bat instalazioaren emakida hidroelektrikoaren lursailetan. Lubakiak hiru zati izanen ditu: lehenengoak (15 m) zentralaren sarrera zeharkatuko du; bigarrenean (10 bat metro) metalezko erretiluaren beste zati bat jarriko da malda handiko ezponda harritsuan (sarreraren iparraldean); eta, hortik aurrera, hirugarren zatia (20 bat metro), larreetan, Irabiako etxolaraino.

Lubakia egiteko erabiliko diren makinak dagoeneko eginda dauden sarbideetatik iritsiko dira dagozkien zatietara; zenbait puntutan jarriko dira, zehaztutako adarretan lubakia egiteko. Hiru hurritz ertain-txiki moztu beharko direla aurreikusten da.

Aurkeztutako dokumentazioan, hondakinen azterlan bat jaso da. Horren arabera, obrako soberako lurrak eta harriak berrerabiltzea proposatzen da, eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak edukiontzi bidez biltzea eta kudeatzaile egokiari ematea.

Natura 2000 Sarean, “Orreaga-Iratiko oihana” Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) eta Erabilera Publikoko Mendian sartuta dago proiektua. Hala eta guztiz ere, proposamena ez denez oso garrantzitsua, eta lubakia zer lursail motatan eginen den kontuan hartuta, ez du inpakturik izanen KBEko habitat naturaletan, floran eta faunan, eta ez du ukipenik eraginen gunearen integritatean.

Espedientean Orbaizetako Udalaren aldeko txostena jaso da.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Jarduketa Orbaizetako 7. poligonoko 2. lurzatian eginen da. Aipatutako katastroko lurzatia Nafarroako Erabilera Publikoko Mendien Katalogoko 1. mendian dago: 1. zenbakia, Aezkoa mendia, Aezkoako Batzarre Nagusiaren jabetzakoa. Basoak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Irabiako Zentral Hidroelektrikoaren eta Irabiako etxolan egonen den presako larrialdi aretoaren artean, Orbaizeta udal mugartean, komunikazioetarako eta energiarako lurpeko konexioa egiteko proiektuari. Acciona Energía SA da proiektuaren sustatzailea.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Jarduketak aurkeztutako memoriari jarraikiz eginen dira.
  • Makinak nola sartu erabakitzean, aurreikusitako lubakiaren alboan barreiatuta dauden zuhaixkei eta zuhaitzei eta larreei ahalik eta kalte gutxien egiteko ahalegina eginen da.
  • Ez da eraikuntzako materialik, eta, bereziki, hormigoirik, isuriko ur bideetan.
  • Obran sortutako hondakin guztiak edukiontzietan bildu beharko dira, edo baimendutako zabortegietara eraman.
  • Lubakien azaleko zatiak lehengoaren antzeko egoerara leheneratu beharko dira; belar espezieak erein beharko dira (raygrass motakoak), inguru horretako espezie naturalak baino lehiakorragoak ez direnak.
  • Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, oharra helarazi beharko zaio Aezkoa Kintoa barrutiko Basozaintzari (948184715 686502927).

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), instalazioan edo azpiegituran lur azalaren gainetik ateratzen diren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretatik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Irati ibaiaren zaintza eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat joko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3.–Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua leheneratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Orbaizetako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (“Aezkoa-Kintoa” 2. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106340