108. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez garatzen baita Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozesua.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan egindako aldaketen ondorioz, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, eta bertan ezarritako printzipioak betetze aldera, beharrezkoa izan da ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartzeko araudia eguneratzea, bai eta onarpen horri guztiari dagokionez efizientzia eta eraginkortasun handiagoak lortzen jarraitzeko mekanismoak ezartzea ere.

Horretarako, 33/2021 Foru Dekretua eman da, apirilaren 28koa, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzea, betiere honako printzipio hauek azpimarratuta: hezkuntzarako eskubidea bermatzea, baldintza berdinetan sartzea, eta gurasoek edo legezko tutoreek ikasleen ikastetxea aukeratzeko duten askatasuna; halaber, arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ikasleak bereizi ez daitezen hartu beharreko neurriak ere xedatzen dira, betiere hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleak modu egoki eta orekatuan banatuz ikastetxeen artean.

Aipatutako dekretuak, azken xedapenetako lehenean, berau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko ahalmena ematen dio hezkuntzaren arloan eskumena duen kontseilariari.

Hori guztia kontuan hartuta, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan erregelamenduz xedatutakoa garatu behar da, eta, foru agindu honen bidez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozesua osatzen duten jarduerak arautu behar dira, betiere, ikasle guztiak berdintasun eta kalitate baldintzetan sartuko direla eta familiek ikastetxea aukeratzeko askatasunari izanen dutela bermatuta, eta bi horiek hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze egoki eta orekatuarekin uztartuta.

Halaber, hezkuntzarako sarbidea edo ikastetxearen hautaketa askea bermatzeaz gainera, foru agindu honekin zenbait mekanismo ezarri nahi dira, ikasleak onartzeko prozesuaren kudeaketaren kalitatea hobetzen laguntzeko. Horretarako, zenbait printzipio arauemaile ezarriko dira, honako hauei buruzkoak: diskriminaziorik eza, berdintasuna arauen aplikazioan, hezkuntza kalitatea, aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa. Era berean, aurrera egiten jarraitu nahi da hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleak diru publikoz finantzatutako ikastetxeetan modu orekatuan banatzeari dagokionez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eta horretarako zenbait neurri ezarri dira, hala nola ikasle horiendako ikaspostuak nahitaez erreserbatzea ikastetxe guztietan. Bestalde, aurrera egiten jarraitu nahi da, halaber, hezkuntza programazioko jarduketetan eskola segregazioa saihesteari eta arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik egoera ahulean dauden ikasleen eskolatzeari dagokienez ere.

Foru agindu honen testuak berrogeita sei artikulu ditu, lau kapitulutan, hamar xedapen gehigarritan, xedapen indargabetzaile batean eta azken xedapen batean banatuak.

I. kapituluaren izenburua “Xedapen orokorrak” da, eta foru agindu honen xedea eta aplikazio eremua zehazten dira bertan, baita honako hauekin loturiko alderdiak ere: iraunkortasuna bermatzea, jarduketak planifikatzea; ikaspostu hutsak zehaztea; ikaspostuak erreserbatzea. Azkenik, ikastetxeei eta Hezkuntza Departamentuari buruzko informazioa ere biltzen du.

II. kapituluak –zeina lau ataletan baitago egituratuta– ikasleak onartzeko prozesu arruntaren jarduerak zehazten eta antolatzen ditu. Prozesu horretarako epeak eta egunak –bai eta dagozkion jarraibideak ere–, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko dira (ebazpen hori urtero argitaratuko da).

II. kapituluko lehen atalean, ikasleak onartzeko prozesu arruntaren inguruko informazioa arautzen da, alderdi orokorrak xehatzen dira, eta ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko prozedura azaltzen da. Ahal dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitzen duen webgunearen bidez egin beharko da, telematika bidez, eta horrela prozesua administrazio elektronikoaren eskaera berriei egokituko zaie, bai eta Irisgarritasunari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeari edo irisgarritasunaren arloan indarrean den legediari ere. Halaber, honako hauek ere zehazten dira: eskabideak baztertzeko kasuak, ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak eta irizpide osagarriak, eta puntuazioari eta berdinketarik gertatuz gero jokatzeko modua. Lehen atal hori amaitzeko, onartu diren ikasleen eta onartu ez diren ikasleen behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxarote zerrendak arautzen dira, erreklamazioei eta uko egiteei buruzko alderdiak eta aukera gehigarrietarako prozedura jasotzeaz gain; aukera gehigarrietarako prozedurari gagozkiola, ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan onartzeari eta onartu diren ikasleen eta onartu ez diren ikasleen behin betiko zerrendei eta behin betiko itxarote zerrendei lotuta dago soil-soilik, eta, hala badagokio, ordutik aurrera onartuko dira ikasleak.

Bigarren atalean, bestalde, Batxilergoko irakaskuntzetarako ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideen eta ikasketa-espedientearen egiaztapena eta balorazioa ezartzen dira, bai eta irizpide osagarriaren egiaztapena eta balorazioa ere. Ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak bat datoz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84. artikuluan aurreikusitakoarekin. Lehentasunezko irizpide guztien artean, garrantzi berezia eman zaio ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta egoteari, edozein izanik ere haien kopurua, bai eta bizilekuaren edo guraso edo legezko tutoreen lantokiaren hurbiltasun irizpideari ere, Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan definitutako eremuen eta eragin eremuen eta inguru mugakideen eta, orobat, familia-unitatearen per capita errentaren lehentasunezko irizpidearen arabera. Bigarren atal horrek hurbiltasun linealaren irizpide osagarria ere jasotzen du. Irizpide hori aplikatzen ahalko da, hain zuzen ere, ikasleen lehentasun-ordena ezartzeko nahikoak ez badira lehentasunezko irizpideak –eta, kasuan kasu, ezta ikasketa-espedientea ere–.

Hirugarren atalak hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat gordetako ikaspostuen esleipena zehazten du, eta, horretarako, halako ikasleen definizioa eta ikasle horien onarpenean izan beharreko oreka jasotzen ditu, baldintza hori betetzen duten ikasleen eskolatze indizearen bidez, bai eta ikasle horiendako ikaspostuak erreserbatzeari, eskabideak izapidetzeari eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen egiaztapenari buruzko alderdiak ere. Halaber, hala badagokio, orokorrean aurreikusitakoak baino hezkuntza ratio txikiagoak aurreikusteko eta hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea faboratzen duten neurriak hartzeko aukera ere jasotzen du. Hirugarren atal honetan araututako eta ikasle horien eskolatze egokia eta orekatua lortzera bideratutako neurri guztiak ezarri aurretik, Hezkuntza Departamentuak arestian aipaturiko indizea –urtero eratzen duena– emanen du (hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatzeari dagokionez ikastetxeen egoerari buruzko indizea, hain zuzen).

Azkenik, II. kapituluko laugarren atalak ikasleak onartzeko prozesu arruntaren azken jarduketak arautzen ditu, hala nola matrikulazioa, aukera hobetzeko eta ikaspostuak esleitzeko prozedura, behin betiko itxarote zerrenden indarraldia eta, azkenik, ikastetxe batean matrikulatutako ikasleak sartzea.

III. kapituluak –epe arruntetik kanpoko onarpen prozesuari buruzkoak– ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo jasotako eskabideekin lotutako prozedura alderdiak lantzen ditu, ikasturtea hasi aurretik edo ikasturtea hasi ondoren, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea kontuan hartuta, halako ikasleen presentzia orekatua izan dadin euren jarduera eremuko funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak ikasgela bakoitzean gehienez egoten ahal diren ikasleen kopurua ehuneko hamarreraino handitzea baimenduko duela jasotzen da III. kapituluaren bukaeran, ikasturtea hasi ondorengo eskabide posible guztiei –kapitulu honetan jasotakoei– erantzuteko.

IV. kapituluan onarpen prozesuko berme organoak arautzen dira. Halakotzat jotzen dira Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak. Organo horiek guztiek izanen dute, hain zuzen, beren osaeran, gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa sustatzeko ardura. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren eta foru agindu honen printzipio arauemaileetako batekin bat etorriz, tokiko eskolatze batzorde horiek zaindu eginen dute, batik bat, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleek presentzia orekatua izatea beren lurralde esparruan funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan. Iruñeko eta Iruñerriko barrutiari dagokionez, tokiko eskolatze batzordeei esleitutako eginkizunak bere gain hartuko ditu Hezkuntza Departamentuaren barnean eskolatze gaietan eskumena duen unitateak.

Foru agindu honek hamar xedapen gehigarri ditu, honako gai hauei buruzkoak: datu pertsonalak babestu eta konfidentzialtasunez tratatu beharra; ikasle adingabeen guraso-ahala esleituta dutenen arteko desadostasunak; urte berean jaiotako anai-arreben eskabideak; ikasturtean zehar ikasleen artean egondako bajak jakinaraztea; itundu gabeko ikastetxe pribatuak; hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen erroldan sartutako ikasleen berri ematea; zerbitzu osagarriak; hezkuntza eskaintzan ezaugarri propioak eta bereziak dituzten ikastetxeak; kalifikazio kualitatiboak Batxilergoko irakaskuntzetara sartzean eta dokumentazioa artxibatzea eta zaintzea.

Foru agindu hau amaitzen da orain arte aplikatzen zen araudia indargabetzeko xedapen indargabetzaile bakar batekin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jartzeari buruzko azken xedapen batekin.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak derrigorrezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta, honako hau

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea honako hau da: Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak –funts publikoekin sostengatuak– egiteko Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozesua garatzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Honako hauei aplikatuko zaie foru agindu hau: foru agindu honen xedean ezarritako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen edozein mailari dagozkion irakaskuntzak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetan sartzeko eskabidea egiten duten ikasleei, bai eta, eskolatuta egonik ere, arestian aipatutako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetan ikasketak amaitu aurretik ikastetxez aldatzeko eskabidea egiten duten ikasleei ere.

3. artikulua. Jarraitzeko bermea.

Funts publikoekin mantendutako ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu batean matrikulatutako ikasleek bertan jarraituko dutela bermatuta izanen dute apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan ezarritako baldintzetan, eta jarraitutasun berme hori ere atxikitze ikastetxera eramanen da.

4. artikulua. Atxikitako ikastetxeetako ikasleen lehentasuna.

Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoetan ikasleak onartzean, nahikoa ikaspostu ez dagoenean, lehentasuna izanen dute ikastetxeak atxikita daukan Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxetik, hurrenez hurren, datozen ikasleek. Halaber, itunpeko ikastetxe pribatuetan prozesu analogo bati jarraikiko zaio, baldin eta irakaskuntzak itunduta badaude.

5. artikulua. Jarduketak planifikatzea.

1. Foru agindu honetan eta apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan araututakoaren arabera, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozesuan egin beharreko jarduketak planifikatuko ditu, bai eta epeak eta jarduketa bakoitza egiteko egunak ezarriko ere.

2. Horretarako, eta urtero, ikasleak onartzeko prozesua eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez hasiko da. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta, besteak beste, honako hauek jasoko ditu: dagokion onarpen prozesuko jardueren egutegia eta hezkuntza laguntzako premia duten ikasleen eskolatze indizea, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 36.2 artikuluan eta foru agindu honen 31. artikuluan aipatzen dena.

6. artikulua. Hutsik dauden ikaspostuak zehaztea.

1. Ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako irakaskuntzetan onartzeko, eta betiere ikasturte bakoitzeko eskabideak aurkezteko epea baino lehen, funts publikoekin sostengatutako irakaskuntzetan ikastetxe bakoitzean hutsik dauden ikaspostuak zehaztuko eta argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, Departamentuak berak eratutako programazioaren arabera, bai eta, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, baimen araubidean ezarritakoaren eta itundutako unitate kopuruaren arabera ere.

2. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako ikaspostuak zehazteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Indarreko araudiak ikasgela bakoitzeko ezarritako ikasle ratioa.

b) Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat gordetako ikaspostuak, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 36.1 artikuluan eta foru agindu honen 32. artikuluan ezarritako moduan.

c) Ikastetxeko hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 36.2 artikuluan eta foru agindu honen 31. artikuluan aipatua.

3. Ikasleak gainerako mailetan onartzeko, Hezkuntza Departamentuak hutsik dauden ikaspostuak zehaztuko ditu, betiere ohiko ebaluazioak eta, hala badagokio, ohiz kanpokoak egin ondoren ikastetxeek emandako informazioaren arabera, hark egindako programazioaren arabera, bai eta, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, baimentze araubidean ezarritakoaren eta itundutako unitate kopuruaren arabera ere; artikulu honen 2. apartatuan jasotako alderdiez gain, honako alderdi hauek ere kontuan hartuko ditu:

a) Ikasleek lehentasuna izanen dute foru agindu honen eraginpeko eta funts publikoekin sostengatutako edozein irakaskuntza ikastetxe berean egiten jarraitzeko.

b) Atxikitako ikastetxeetako ikasleei arreta eman behar zaie.

c) Foru agindu honen 7.1 artikuluan ezarritako ikaspostuak erreserbatu egin behar dira.

4. Onarpen prozesuaren printzipio orokorrak kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak, prozesuaren ondoriozko inguruabarrak direla eta, hasieran zehaztutako ikaspostu kopurua aldatzen ahalko du.

7. artikulua. Ikaspostuen erreserba.

1. Foru agindu honen 6.3.c) artikuluan xedatutakoari dagokionez, honako egoera hauetako batean dauden ikasleei ikaspostua gordeko zaie:

a) Urteko onarpen prozesua eginen den ikasturtean atzerriko hizkuntza bat ikasteko atzerrian prestakuntza partzial bat eginen duten ikasleak. Kasu horietan, eta atzerriko egonaldiaren aurretik, ikasleek horren berri eman beharko diote Nafarroako ikastetxeari, eta adierazi beharko dute zein ikastetxetara joanen diren eta ikastetxe hori zer udalerri eta herrialdetan dagoen. Ikaspostua Nafarroan matrikulatuta dagoen ikastetxean erreserbatuko da, edo, hala badagokio, dagokion atxikitako ikastetxean. Horretarako, atzerriko egonaldiak, hezkuntza etapa bakoitzean, ikasturte oso bat gainditzen ez duenean baino ezin izanen da baliatu erreserba hori, nola ikasturte bakar batean osorik hala etapa osoan zehar zenbait ikasturtetan zatituta.

b) Batxilergoko ikasleak, baldin eta matrikula baliogabetzeari buruz indarreko araudian jasotako kasuetako edozeini atxikita badaude, urteko onarpen prozesua eginen den ikasturtean.

2. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleendako ikaspostuak erreserbatzeari dagokionez, foru agindu honen 32. artikuluan xedatutakoa beteko da.

8. artikulua. Ikastetxeen eta Hezkuntza Departamentuaren informazioa.

1. Funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek onarpen prozesuari buruzko informazioa eman beharko diete ikaspostuaren eskatzaileei, bai ikastetxean bertan, bai euren web-orrian.

2. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 3.2 j) artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek eman beharreko informazioak dagokion hezkuntza proiektua bildu beharko du, eta, hala badagokio, baita ikastetxearen berezko izaera ere.

3. Gainera, ikastetxeek onarpen prozesua erregulatzeko araudiari buruzko informazioa jarriko dute eskatzaileen eskura, prozesua ezagutzen eta ebazten laguntzeko, eta, horretarako, mekanismo apropos guztiak egokituko dituzte, onarpen prozesu osoan zehar parte-hartzaileei gardentasuna, publizitatea eta oinarrizko informazioa emateko eginbeharrak betetzen dituztela bermatzeko. Horretarako, eta interesdunek horren berri izan dezaten, informazio hori jendaurrean jarri beharko dute, foru agindu honen 9.2 artikuluan aipatzen den urteko ebazpena ere barne hartuta. Ebazpen hori utzi beharko da ikusgai Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesu arrunta amaitzen den egunera arte.

4. Hezkuntza Departamentuak funts publikoekin sostengatutako ikastetxeei buruzko oinarrizko informazioa zabaltzen lagunduko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio zaintzea ikastetxe guztiek ikaspostuen eskatzaileei artikulu honetan aipatzen den informazioa ematen dietela zaintzeko ardura.

5. Ikasle bat ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu batean matrikulatzen denean, nahitaez bete beharko da ikastetxearen hezkuntza proiektua, ikastetxearen berezko nortasunaren arabera jokatzeaz gain, eta alde batera utzi gabe, betiere, indarreko araudiak ikasleei eta horien familiei aitortzen dizkien eskubideak.

II. KAPITULUA

Ikasleak onartzeko prozesu arrunta

1. ATALA

Ikasleak onartzeko prozesu arruntean kontuan hartu beharrekoak

9. artikulua. Alderdi orokorrak.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak –funts publikoekin sostengatuak– egiteko ikasleak onartzeko prozesu arrunta apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan eta foru agindu honetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

2. Ikasleak onartzeko prozesu arruntaren ondoriozko epeak eta egunak –bai eta dagozkion jarraibideak ere–, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –hain zuzen, horretarako argitaratuko denean– zehaztuko dira.

3. Ikasleak onartzeko prozesu arruntak eskabideak aurkezteko epe arrunt bakarra izanen du, eta epe hori ikasmaila edo irakaskuntza bakoitzaren araberakoa izanen da.

10. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Foru agindu honen xedean jasotako irakaskuntzak egiteko ikastetxe batean sartu ahal izateko, hala badagokio, ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute ikasleek, adinez nagusiak badira, edo guraso-ahala duten gurasoek edo legezko tutoreek, berriz, adingabeak badira. Ahal dela, eskabidea telematika bidez eginen da, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituriko webgunetik. Eskakizun horretatik salbuetsita egonen dira atxikitako ikastetxera sartzen diren ikasleak; kasu horretan, foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa beteko da.

2. Familiek eskabidean agertzen den edozein ikastetxeren laguntza izaten ahal dute, hala eskatzen badute, eskabidea izapidetzeko. Hortaz, eskatzaileak hala eskatzen badu, ikastetxeak eskuordetuta aurkeztu beharko du eskaera.

3. Ikastetxe horiek laguntza emanen dute, eskabidean adierazitako ordena edozein dela ere. Horretarako, eskatzaileek dagozkien ikastetxeetako idazkaritzara jotzen ahalko dute laguntza hori eskatzeko. Eskabideak –eta, hala badagokio, aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria– behar bezala betetzen direla zainduko dute ikastetxeek.

4. Ikasle bakoitzarentzat eskabide bakarra aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Eskabide hori horretarako zehaztutako eredu ofizialari egokituko zaio, eta eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– ikasturte bakoitzerako zehazten diren epeetan aurkeztu beharko da. Halaber, zehaztuko da zein ikastetxetan egin nahi den eskolatzea (lehen aukera gisa adieraziko da ikastetxe hori), eta gehienez beste bost ikastetxe ere adierazten ahalko dira (lehendabizi aukeratutako ikastetxea esleitzen ez zaion kasuetarako), ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiz.

5. Eskabideak aurkeztean, kontuan izan beharko dira honako alderdi hauek:

a) Eskabideak aurkezteko epeak eta prozedura eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– adierazitakoak izanen dira.

b) Eskabidearekin batera –zeina alderdi guztietan beteko baita–, ikasleak onartzeko prozesu arruntean baloratzeko alegaturiko dokumentuak ere erantsiko dira, nola nahitaezkoak, hala ikasleak onartzeko irizpideak justifikatzen dituztenak, eta, hala badagokio, ikasketa-espedientea ere bai.

c) Eskabidean grabatutako datuak eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitu arte aldatzen edo zuzentzen ahalko dira.

d) Onartzeko eskabidea, behin eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitu ondoren, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako ikastetxeen eskura jarriko da, aplikazio informatikoaren bidez. Ebazpen horrek datuak sartzea, egiaztatzea eta barematzea ekarriko du berekin, besteak beste, betiere foru agindu honetan ikasleak onartzeko jasotako irizpideei jarraikiz.

6. Eskatzaileek beste ikastetxe batera aldatu nahi badute eta ikasmailaz igotzeari buruzko zalantzarik badute, formulario berean eskatzen ahalko dute bai ikasmailaz igotzeko eta bai, hala badagokie, ikasmaila errepikatzeko. Ondorio horietarako, ikastetxe bererako bi hezkuntza maila eskatzea sei aukera posibleetatik bi desberdin gisa zenbatuko da.

7. Inola ere ezin izanen dira baloratu eskabidean alegatu ez diren inguruabarrak.

8. Onartzeko eskabidea aurkeztean, baimena ematen da ikastetxe bateko ikaspostuetan onartutako ikasleen zerrendan eta itxarote zerrendan jaso beharreko datu pertsonalak argitaratzeko.

11. artikulua. Ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo utzitako eskabideak.

1. Ikasle berarentzat eskabide bat baino gehiago aurkezten badira, ikasle hori onartzeko prozesu arruntetik kanpo geldituko da.

2. Halaber, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren barnean eskolatze gaietan eskumena duen unitateak ikusten badu pertsona interesdunek aurkeztutako dokumentazioa edo dokumentazioan jasotako datuak faltsuak direlako zantzu arrazoituak eta nahikoak daudela, aurkeztutako eskabidea ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geratuko da jazoera horien berri izan bezain laster, alde batera utzi gabe erantzukizun penalak, administrazio erantzukizunak edo erantzukizun zibilak ere eragiten ahalko dituela horrek.

3. Eskabideak bazter geratuz gero, beste eskabide bat aurkezten ahalko da, baina epe arruntetik kanpokotzat joko da eskabide hori, eta foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Tratamendu horretatik salbuetsita egonen dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailarako egindako eskabideak baztertzeko kasuak. Halakoetan, foru agindu honen 15. artikuluko 3. apartatuan eta hurrengoetan jasotakoa beteko da.

4. Eskabide bat baino gehiago aurkezten diren kasuetan, eskabideak aurkezteko epe arruntaren ondoren horietako bati uko egiten bazaio ere, bikoiztutzat joko da eskabidea.

12. artikulua. Ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak eta irizpide osagarriak.

1. Ikasleak onartzeko prozesu arruntean lehentasunezko irizpide hauek ezarriko dira:

a) Ikastetxe berean anai-arrebak matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia gertu izatea.

c) Familia-unitatearen per capita errenta.

d) Ikasleak edo haren guraso, legezko tutore edota anai-arrebaren batek desgaitasuna izatea.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Guraso edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.

g) Legez familia ugariko kide izatea.

h) Ikaslea familia harreran egotea.

i) Familia gurasobakarra izatea.

j) Erditze anizkoitzean sortutako ikasleak.

2. Onartzeko lehentasunezko irizpideak egiaztatzeko eta baloratzeko, II. kapitulu honetako bigarren atalean jasotako 18. artikulutik 27. artikulura xedatutakoa beteko da.

3. Batxilergoko irakaskuntzetarako, aipatutako lehentasunezko irizpideez gain, ikaslearen ikasketa-espedientea hartuko da kontuan, II. kapitulu honen bigarren atalean jasotako 28. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Ikasleak onartzeko irizpide osagarria izanen da legezko guraso edo tutoreren baten bizilekuaren edo lantokiaren eta ikastetxearen helbide ofizialaren arteko hurbiltasun lineala. Ikastetxearen helbide ofiziala Hezkuntza Departamentuko ikastetxeen erregistroan agertzen dena izanen da. Hurbiltasun linealaren irizpide osagarria egiaztatzeko eta baloratzeko, II. kapitulu honetako bigarren atalean jasotako 29. artikuluan xedatutakoa beteko da.

13. artikulua. Puntuazioa.

1. Eskatutako ikastetxe bakoitzerako, II. kapitulu honen bigarren atalean ezarritako baremoa aplikatuko da; horren ondorioz lortutako puntuak batu eta emaitzarekin lehiatuko dira eskatzaileak; puntuazio horren araberako ordenan ezarriko da, azkenik, onarpen zerrendan eta itxarote zerrendan.

2. Eskabidean ikastetxeak zein ordenatan ezarri diren kontuan hartuz, eskatzaileari ikaspostua esleituko zaio onarturik gertatuko litzatekeen ikastetxeen artean lehentasun-ordenarik handienarekin adierazitako ikastetxean.

3. Berdinketarik badago, irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan, behar bezala egiaztaturik:

a) Ikastetxe berean anai-arrebak matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia hurbil izatearen atalean puntuazio altuagoa lortu izana.

c) Familia-unitatearen per capita errentagatik puntu gehien lortu dituena.

d) Ikasleak edota haren guraso, legezko tutore edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izateari buruzko apartatuan puntu gehien lortu dituena.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Guraso edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.

g) Legez familia ugariko kide izatea.

h) Ikaslea familia harreran egotea.

i) Familia gurasobakarra izatea.

j) Erditze anizkoitzean sortutako ikasleak.

k) Batxilergorako ikasleak onartzearen kasuan, ikasketa-espedientearen batez besteko puntuazioan nota altuena.

4. Aurreko apartatuan aipatutako berdinketa hausteko irizpideak ordena horretan aplikatuko dira ondoz ondo, harik eta berdinketa hautsi arte.

5. Berdinketak jarraitzen badu, hurbiltasun linealaren irizpide osagarria baliatuko da.

6. Hurbiltasun linealaren irizpide osagarria erabiltzeak ez badu balio berdinketa desegiteko, Hezkuntza Departamentuaren barnean ikasleak onartzearen esparruan eskumena duen organoak egindako zozketa publikoaren bidez ebatziko da berdinketa. Kasu guztietan, aldez aurretik jakinaraziko da zozketa horren prozedura, bai eta ekitaldi hori non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den ere; halaber, berdinketak hausteko ikasleak alfabetikoki ordenatzeko irizpideak ere zehaztuko dira. Inguruabar horiek guztiak eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– jasoko dira.

14. artikulua. Ikasleak onartzeko eta baztertzeko behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxarote zerrendak. Erreklamazioak eta uko egitea.

1. Hutsik dauden ikaspostuak esleitzeko prozesu arruntaren emaitza Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen webgunean argitaratuko da. Baztertutako eskabideen zerrendaz gain, onartu diren eta onartu ez diren ikasleen zerrenda ere jasoko da, bakoitzak lorturiko puntuazioarekin eta eskatzaileek jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazio zehatzarekin. Era berean, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak informazio bera emanen du argitara, berariaz bere ikastetxeko datuei buruzko informaziora mugatuta.

2. Horretarako, onartutako ikasleen behin-behineko zerrendak, behin-behineko itxarote zerrendak osatzen dituzten onartu gabeko ikasleen zerrendak eta, hala badagokio, baztertutako ikasleenak, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesu arrunta zehazten duenean– ezarritako epeetan argitaratuko dira, eta berariaz adieraziko da behin-behineko zerrenda horien aurka erreklamazioa jartzen edo ikasleak onartzeko prozesu arruntari uko egiten ahalko zaiola ikastetxeko edo ikastetxeetako –aipatutako urteko ebazpenean adieraziak– organo eskudunaren aurrean, hiru egun balioduneko epean behin-behineko zerrenda horiek argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Uko egiten den kasu guztietan, uko egiteak eskabidean jasotako eskaera guztiei eraginen die, eta, egon litezkeen erreklamazio guztiak bezala, ahal dela telematika bidez izapidetuko da, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituriko webgunearen bidez. Eskatzaileek eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako ikastetxeen laguntza izaten ahal dute, hala eskatzen badute, bai uko egiteak bai erreklamazioak izapidetzeko. Hortaz, eskatzaileak hala eskatzen badu, ikastetxeak eskuordetuta aurkeztu beharko du uko egitearen edo balizko erreklamazioaren eskaera. Horretarako, eskatzaileek dagozkien ikastetxeetako idazkaritzara jotzen ahalko dute laguntza hori eskatzeko.

4. Ikaslea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan onartuz gero, foru agindu honen 15. artikuluan jasotako kasuei erantzuteko, behin-behinekotasuna hainbat zerrendatara zabaltzen ahalko da, onartu diren ikasleen behin betiko zerrendak, baztertutakoen behin betiko zerrendak eta behin betiko itxarote zerrendak argitaratu aurretik.

15. artikulua. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan ikasleak onartzeko aukera gehigarrien prozedura.

1. Eskabideak aurkezteko epe arruntean parte hartu duten ikasleek ez badute ikasposturik lortu adieraziriko aukeretako batean ere, gehienez ere hiru aukera gehigarri hautatzen ahalko dituzte. Nolanahi ere, aldez aurretik eskuratutako eskubideak izanen dituzte, egon litezkeen itxarote zerrendetan sartzeari dagokionez.

2. Adieraziriko ikastetxe berri bakoitzari dagokion puntuazioa kalkulatzeko, ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideen artean –foru agindu honen 12.1 artikuluan jasoak– a) eta f) irizpideekin lotutako dokumentazio berria aurkezten ahalko da.

3. Orobat, gehienez ere hiru aukera eskatzen ahalko dituzte, eskabideak aurkezteko epe arruntean parte hartu arren, ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geratu diren ikasleek, honako kasu hauetakoren batengatik:

a) Ikasle berarentzat eskabide bat baino gehiago aurkeztu denean.

b) Foru agindu honen 11.2 artikuluan jasotako kasua gertatzen denean.

4. Artikulu honen 3. apartatuan aurreikusitako kasuetan, eta eskabide berri horretan adierazitako ikastetxe bakoitzari dagokion puntuazioa kalkulatzeko, ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak –foru agindu honen 12. artikuluan zerrendatuak– ziurtatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, baldin eta eskatzaileak egokitzat jotzen badu. Hala, hasieran alegatutako dokumentazioa horiek aurkezteko epe arruntean indargabetutzat joko da, ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo utzi dela iritzita.

5. Hautabide berriak aurkeztu aurretik, Hezkuntza Departamentuak, hala badagokio, artikulu honetan araututako prozedura hasi aurreko behin-behineko zerrenden ondoriozko ikaspostu hutsen zerrendaren berri emanen du. Horretarako, eskatzaileek ikaspostu hutsen zerrendan ageri diren ikastetxeak bakarrik adierazten ahalko dituzte.

6. Hautabide gehigarrien prozeduran parte hartzea, ahal dela, telematika bidez gauzatuko da, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituriko webgunearen bidez. Familiak hala eskatzen badu, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako ikastetxeek laguntza eman behar dute izapideak egiteko eta, hortaz, eskatzaileak hala eskatzen badu, ikastetxeak eskuordetuta aurkeztu beharko du eskaera. Horretarako, eskatzaileek dagozkien ikastetxeetako idazkaritzara jotzen ahalko dute laguntza hori eskatzeko. Eskabideak –eta, hala badagokio, aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria– behar bezala betetzen direla zainduko dute ikastetxeek. Aplikazio informatikoaren bidez, onartzeko eskabidea eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako ikastetxeen eskura jarriko da, behin eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitu ondoren. Horrek berekin ekarriko du, besteak besteak, datuak sartzea, egiaztatzea eta barematzea, betiere foru agindu honetan ikasleak onartzeko jasotako irizpideei jarraikiz.

7. Hautabide gehigarrien prozeduran parte hartzeko, honako kontsiderazio hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Eskabideak aurkezteko epeak eta prozedura eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean adierazitakoak izanen dira.

b) Ikasle bakoitzarentzat eskabide bakarra aurkeztu beharko da, zeina behar bezala beteta egonen baita. Eskabide hori horretarako zehaztutako eredu ofizialari egokituko zaio, eta gehienez ere hiru aukera gehigarri adieraziko dira, lehentasun-ordenaren arabera.

c) Hautabide gehigarrien prozeduran parte hartzeko eskabidearekin batera, baloraziorako alegatu nahi den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, artikulu honen 2. edo 4. apartatuetan ezarritako baldintzen arabera.

d) Eskabidean grabatutako datuak eskabideak aurkezteko epea amaitu arte aldatzen edo zuzentzen ahalko dira.

e) Onartzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea ikastetxe bateko ikaspostuetan onartutako ikasleen zerrendan jaso behar diren datu pertsonalak argitaratzeko.

8. Hutsik dauden aukera osagarriak esleitzeko prozeduraren emaitza Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen webgunean argitaratuko da. Onartu diren ikasleen eta onartu ez diren ikasleen behin-behineko zerrendak jasoko dira bertan, baita behin-behineko itxarote zerrendak ere, ikasleek lortu duten puntuazioarekin eta eskatzaileek jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazio zehatzarekin. Era berean, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak informazio bera emanen du argitara, berariaz bere ikastetxeko datuei buruzko informaziora mugatuta. Behin-behineko zerrenda horien aurka, zeinak eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –onarpen prozesua zehazten duenean– ezarritako epeetan argitaratuko baitira, erreklamazioa jartzen edo ikasleak onartzeko prozesu arruntari uko egiten ahalko diote aukera gehigarrietako prozesuan parte hartzen duten pertsonek ikastetxeko edo ikastetxeetako –aipatutako urteko ebazpenean adieraziak– organo eskudunari, hiru egun balioduneko epean behin-behineko zerrenda horiek argitaratzen diren biharamunetik zenbatzen hasita.

9. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, prozedura horretan parte hartzeak ez ditu inola ere urrituko beste eskatzaile batzuek hautabide gehigarrien aurreko fasean lortutako emaitzak eta eskubideak, hau da, behin-behineko lehen zerrendei aurkezturiko erreklamazioak eta uko egiteak –foru agindu honen 14. artikuluan aipatuak– ebatzi ondoren lortutakoak.

10. Aukera gehigarrietarako prozeduran parte hartzeagatik eskabideak baztertzeko kasuetako –foru agindu honen 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan jasoak– bat gertatzen bada, ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geldituko dira, eta foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da halako kasuetan.

16. artikulua. Ikasleak onartzeko eta baztertzeko behin betiko zerrendak eta behin betiko itxarote zerrendak.

1. Erreklamazioak ebatzi ondoren, eta, hala badagokio, aurkeztutako uko egiteak aplikatu ondoren, onartutako, baztertutako eta onartu gabeko ikasleek osatuko dituzte, hurrenez hurren, onartuen behin betiko zerrendak, baztertuen behin betiko zerrendak eta behin betiko itxarote zerrendak.

2. Zerrenda horiek Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen webgunean argitaratuko dira eta hartan agertuko dira nola ikasleek lortu duten puntuazioa hala eskatzaileek jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazio zehatza. Era berean, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak informazio bera emanen du argitara, berariaz bere ikastetxeko datuei buruzko informaziora mugatuta.

3. Zerrenda horiek onarpen prozesua zehazten duen eskolatze gaietako zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean ezarritako epeetan argitaratuko dira, eta berariaz adieraziko da horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaiola hezkuntza gaietan eskumena duen kontseilariari, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, zeinaren ebazpenak amaiera emanen baitio administrazio bideari.

4. Ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartzeagatik eskabideak baztertzeko kasuetako –foru agindu honen 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan jasoak– bat gertatzen bada, ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geldituko dira, eta foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da halako kasuetan.

17. artikulua. Onarpena.

1. Ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da onartutakoen behin betiko zerrendan agertzen denean.

2. Beste ikastetxe batean eskolatutako ikasle bat onartzen denean, automatikoki galduko du jatorrizko ikastetxeko ikaspostua. Onarpena eskatu den ikasturtean izanen ditu ondorioak erabaki horrek.

2. ATALA

Ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak, ikasleen ikasketa-espedientea eta irizpide osagarria egiaztatzea eta baloratzea

18. artikulua. Ikastetxe berean anai-arrebak matrikulatuta egotea.

1. Ikastetxean anai-arrebak matrikulatuz gero, horien kopurua edozein izanik ere, 3 puntu emanen zaizkio eskaerari.

2. Baloratze aldera, eskatzaileak inguruabar hori adierazi beharko du onartzeko eskabidean, eskatutako ikastetxe bakoitzerako.

3. Ikastetxean matrikulatutako anai-arrebatzat joko dira dagoeneko ikastetxe horretan eskolatuta daudenak, baldin eta onartzeko eskatzen den ikasturtean ikastetxe hartan eskolatuta jarraituko badute.

4. Halaber, foru agindu honetan jasotako baremoa aplikatzeko, honako kasu hauek ere anai-arrebatzat hartuko dira:

a) Indarreko legeriaren arabera ezkontza edo bikote egonkorrez osatutako familien seme-alabak, zeinak ez baitute zertan ezkontide bien seme-alabak izan.

b) Legez eratutako tutoretza edo familia-harreraren eraginpeko pertsonak, betiere familia-unitate beraren barruan badaude.

5. Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Familia liburuaren kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein bide, familia lotura frogatzeko balio duena.

b) Tutoretza edo familia-harreraren kasuetan, inguruabar hori egiaztatzen duen ebazpenaren kopia.

c) Ikastetxearen ziurtagiria, alegatutako anai-arreba guztien datu pertsonalak eta matrikulatuta dauden ikasmaila zehazten dituena.

19. artikulua. Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia gertu izatea.

1. Bizilekuaren hurbiltasuna balioesteko, ondoko hauen arteko egoera bakar bat hartuko da kontuan:

a) Ikaslearen bizilekua uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan zehaztutako eremuetan baldin badago: 4 puntu.

b) Ikaslearen bizilekua ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin badago: 3 puntu.

c) Ikaslearen bizilekua ikastetxearen eragin eremuaren mugakidea baldin bada: 1 puntu.

d) Ikaslearen bizilekua ez badago aurreko egoeretako batean: 0 puntu.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, ikastetxearen eragin eremutzat hartuko da ikastetxea kokatuta dagoen udalerria. Iruñeko eta Iruñerriko barrutiaren kasuan, honako udalerri hauek osatuko dute eragin eremua: Iruña, Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Ezkabarte, Galar Zendea, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Zendea eta Zizur Nagusia.

3. Eskabidean, bizilekuaren hurbiltasunaren ordez ikaslearen guraso edo legezko tutoreren baten lantokiaren hurbiltasuna hautatzen ahalko da irizpide gisa, eta ezin izanen da bi aldiz baloratu irizpide hori bi guraso edo legezko tutoreek lantokiaren hurbiltasuna alegatzen badute.

4. Bizilekutzat hartuko da ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta dauden tokia (ikaslea adinez nagusia bada, hori erroldatuta dagoena).

5. Ondorio berberetarako, lantokitzat hartuko da gurasoek edo legezko tutoreek lan egiten duten lantokiaren kokalekua.

6. Bizilekuaren hurbiltasuna egiaztatzeko, errolda ziurtagiri edo dokumentuaren kopia bat aurkeztu beharko da (ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta daudela jasotzen duen agiria, hain zuzen), edo, adinez nagusiak diren ikasleen kasuan, horien errolda agiria.

7. Gurasoen edo legezko tutoreen lantokiaren hurbiltasuna honela egiaztatuko da:

a) Besteren konturako langileentzat, enpresaren ziurtagiria aurkeztuta, non interesdunaren datu pertsonalak, Gizarte Segurantzako alta eta bere lantokiaren helbideari buruzko datuak agertzen diren, lan kontratuaren kopiarekin batera. Administrazio Publikoetako langileen kasuan, dagokion langileria burutzak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, interesdunaren datu pertsonalak eta lantokiaren helbideari buruzkoak jasotzen dituena.

b) Langile autonomoen kasuan, udalerriko udalak emandako Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren (EJZ) alta agiria aurkeztu beharko da, bai eta abian den urteko azken kuotaren ordainketaren kopia ere (edo, hura izan ezean, aurreko urtekoa). Indarreko araudiari jarraikiz, legeak ez badu derrigortzen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotera, dagokion udalak emandako irekiera lizentziaren kopia bat edo jardueren aurretiazko jakinarazpena aurkeztuta egiaztatuko da lan helbidea; nolanahi ere, interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena –lizentzia indarrean dagoela adieraztekoa– aurkeztu beharko da bi kasuetan.

8. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, dagokion eskabidean aukeratutako hautabidea, dela bizilekuaren hurbiltasunari dagokiona, dela lantokiaren hurbiltasunari dagokiona, ikasleak onartzeko eskabidean adierazitako ikastetxe guztiei aplikatuko zaie.

20. artikulua. Familia-unitatearen per capita errenta.

1. Familia-unitatearen per capita errenta honela balioetsiko da:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 3 puntu.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurden edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 2 puntu.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 1 puntu.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 0 puntu.

2. Irizpide hori baloratzeko eskatzen bada, errenta horren kopia bat aurkeztu beharko da dagokion puntuazioa emateko.

3. Irizpide hori baloratzeko, eskabidea aurkeztu den urte naturaleko aurreko bi urteko ekitaldi fiskalari dagokion familia-unitatearen errenta hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, aintzat hartuko da eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenena –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duena– argitaratzen den egunean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata.

21. artikulua. Ikasleak edo haren guraso, legezko tutore edota anai-arrebaren batek desgaitasuna izatea.

1. Ikasleak desgaitasunen bat badu eta desgaitasun hori ofizialki egiaztatuta badago, 2 puntuko balorazioa emanen zaio ikasleari.

2. Desgaitasuna ikaspostua eskatzen duen ikaslearen gurasoek, legezko tutoreek edo anai-arrebek dutenean, 0,5 puntu emanen dira, alde batera utzita zenbat pertsonak duten desgaitasuna, eta betiere ofizialki egiaztatuta badago.

3. Ikasleak edo haren gurasoetako, legezko tutoreetako edo anai-arrebetako batek gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun aitortua badu, desgaitutzat joko da pertsona hori.

4. Nolanahi ere, eta balioespen horretarako, ikaslearen anai-arrebatzat joko dira foru agindu honen 18.4 artikuluan jasotako kasu berberak.

5. Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, honako dokumentu hauetako baten kopia aurkeztu beharko da:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo dagokion autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena, ziurtagiria edo txartela.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena (GSIN), ezintasun iraunkor osoagatik, ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena.

c) Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako ezgaitasunagatik erretiro pentsioa esleitzen duena.

d) Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

e) Desgaitasun hori egiaztatzeko beste edozein ziurtagiri ofizial.

22. artikulua. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

1. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatearen egoera balioetsiko da bi inguruabarrak edo bietako bat gertatzen bada: 1 puntu.

2. Lehentasunezko irizpide hori baloratzeko, ezinbestekoa izanen da kondizio hori ofizialki egiaztatzea.

23. artikulua. Gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.

1. Guraso edo legezko tutoreren batek ikastetxean lan egiten badu 0,8 puntu emanen dira.

2. Irizpide hori baloratzeko, ezinbestekoa izanen da inguruabar hori ofizialki egiaztatzea. Halaber, kontuan hartu beharko da puntuazioa ezin izanen dela metatu bi gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxe berean lan egiten badute.

3. Honako hauek dira ikastetxean lan egiten duten gurasotzat edo legezko tutoretzat hartuko direnak: dagokion ikastetxearekin funtzionario harremanaren bitartez edo besteren konturako lan kontratuaren bidez lotuta daudenak eta ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitzen denean ikastetxean zerbitzua ematen ari direnak.

4. Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, langilearen datu pertsonalak eta plantillaren lantokiari dagozkionak zehaztuta.

24. artikulua. Legez familia ugariko kide izatea.

1. Legez familia ugariko kide bada ikaslea, 0,8 puntu emanen dira.

2. Familia ugaritzat joko da indarreko araudiaren arabera halakotzat aitortzen dena.

3. Legez familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren kopia bidez egiaztatuko da.

25. artikulua. Ikaslea familia-harrerako egoeran egotea.

1. Ikaslea familia-harrerako egoeran badago, 0,8 puntu emanen dira.

2. Familia-harreratzat hartuko da ikaspostua eskatzen duen ikasleena, baldin eta harrera hori agiri bidez formalizatuta badago.

3. Familia-harrerako egoera egiaztatzeko, harrera hori formalizatu duen agiri ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

26. artikulua. Familia guraso bakarrekoa izatea.

1. Guraso bakarreko familiako kide bada ikaslea, 0,8 puntu emanen dira.

2. Guraso bakarreko familia dela egiaztatzeko, inguruabar hori jasotzen duen titulu ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

27. artikulua. Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleak.

1. Erditze anizkoitzetik sortutakoa bada ikaslea, 0,8 puntu emanen dira.

2. Ikasleak erditze anizkoitzaren ondorioz jaio direla egiaztatzeko, inguruabar hori jasotzen duen agiri ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

28. artikulua. Batxilergoko irakaskuntzetarako ikasleak onartzen diren kasuetan, ikasketa-espedientea baloratzea.

1. Batxilergoko irakaskuntzetan sartuko diren ikasleak onartzerakoan, kontuan hartu beharko da ezarritako ikasketen ikasketa-espedientea, indarrean dagoen araudiaren arabera. Ikasketa horietan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan, eta indarreko araudian ezarritako irizpideen arabera kalkulatuko da nota hori.

2. Orokorrean, ikaslearen jatorrizko ikastetxeak kalkulatuko du batez besteko nota. Horretarako, atzerrian egindako ikastaroetan lorturiko kalifikazioak ez dira kontuan hartuko.

3. Batez besteko nota foru agindu honetan araututako gainerako lehentasunezko irizpideen balioespenetan lortutako puntuazioari batuko zaio.

4. Batxilergoko irakaskuntzetan onartzeko eskabidea egin behar duen ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila –edo maila horren baliokidea den antolakuntza neurria– egiten ari diren ikasleen kasuan, azken aldiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila –edo horren baliokidea den antolakuntza neurria– egin zuen mailara arteko ikasturtean erregistratutako kalifikazioen arabera kalkulatutako batezbesteko aritmetikoa hartuko da kontuan.

5. Ikasturtean gure hezkuntza sisteman Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan –edo maila horren baliokidea den antolakuntza neurrian– berandu sartu diren eta Batxilergoko irakaskuntzan onartzeko eskabidea egin behar duten ikasleen kasuan, eta ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartze aldera, bost puntu emanen zaizkie batez besteko nota gisa.

6. Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen eskatzaileek gure hezkuntza sisteman sartu nahi badute Batxilergoko lehen maila egiteko, ikasketak homologatzeko behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute onartzeko eskabidea egiteko unean; gainera, kalkulutako batez besteko nota jaso behar da egiaztagiri hartan. Halakorik ez bada, baldintzapeko bolantea aurkezten ahalko dute; kasu horretan, ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartze aldera, bost puntu emanen zaizkie batez besteko nota gisa.

7. Halaber, Batxilergoko irakaskuntzetara sartzen ahalko dira Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko edo Kirol Irakaskuntzako edozein titulu dutenak, bai eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako beste kasu batzuk ere. Kasu horietan guztietan, eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, irakaskuntzetan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan.

8. Batxilergoko irakaskuntzetan onartzeko eskabidea egin behar den ikasturte berean aurreko puntuan zerrendatutako edozein irakaskuntzatako azken maila egiten ari diren ikasleen kasuan, irakaskuntza horietako curriculuma osatzen duten mailen arteko azken-aurrekoa azken aldiz egin zuen ikasturtera arteko aktetan erregistratutako kalifikazioen arabera kalkulatutako batez besteko aritmetikoa hartuko da kontuan.

9. Egiaztapena egiteko, onartzeko eskabidea egiten denean, eskatutako batez besteko nota jasotzen duen dokumentazio akademikoaren kopia aurkeztu beharko da. Egiaztapen hori egiten ez bada, balorazioa zero puntukoa izanen da. Hala ere, egiaztapen hori ez da beharrezkoa izanen, baldin eta eskolatze gaietako zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– ikasturte bakoitzerako adierazten diren ikastetxeak edo ikastetxeek telematika bidez kontsultatzen ahal badute.

29. artikulua. Hurbiltasun linealeko irizpide osagarria.

1. Lehentasunezko irizpideen baloraziotik eta, hala badagokio, ikasleen ikasketa-espedientetik berdinketarik gertatuz gero, foru agindu honen 13. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera ebatziko da berdinketa hori, eta, berdinketak dirauen kasuetan, hurbiltasun linealaren irizpide osagarria erabiliko da.

2. Ondorio horietarako, honako kasu hauek hartuko dira hurbiltasun linealtzat:

a) Bizilekuaren eta ikastetxearen helbide ofizialaren arteko hurbiltasun lineala, Hezkuntza Departamentuko ikastetxeen erregistroan ageri den moduan. Ondorio horietarako, bizilekutzat hartuko da ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta dauden tokia (ikaslea adinez nagusia bada, hori erroldatuta dagoena).

b) Guraso edo legezko tutoreren baten lantokiaren eta ikastetxearen helbide ofizialaren arteko hurbiltasun lineala, Hezkuntza Departamentuko ikastetxeen erregistroan ageri den moduan.

3. Hezkuntza Departamentuak ofizioz aplikatuko du hurbiltasun linealaren irizpide osagarria, eskatzaile bakoitzak foru agindu honen 19. artikuluan aipatzen den lehentasunezko hurbiltasun irizpidea frogatzeko aukeratu duen bizileku hautabidearen edo lantoki hautabidearen arabera.

4. Hurbiltasun linealtzat hartuko da, irizpide osagarri gisa kontuan hartze aldera, Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman (SITNA) oinarritutako eskola kudeaketako EDUCA sisteman txertaturiko geolokalizazio baliabidearen bidez zehaztutako distantzia lineala, posta helbideak kudeatzeko sistemaren edo hura ordezten duen baliabideari jarraikiz.

5. Urtero, ikasleak onartzeko prozesua zehazten duen eskolatze gaietako zuzendaritza nagusiaren ebazpenak zehaztuko du irizpide hori erabiltzeko kontuan hartu behar den gehieneko distantzia, bai eta irizpide hori aplikatzeko behar diren gai guztiak ere.

6. Hurbiltasun horrengatik 0,5 puntu lortuko dira bizilekuaren edo lantokiaren helbideak dagokion ikastetxetik duen distantzia aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenean hurbiltasun lineal gisa urtero finkatzen denaren berdina edo txikiagoa bada.

7. Berdinketak badirau, hurbiltasun linealaren irizpide osagarria, hala dagokionean, onartzeko eskabidean adierazitako ikastetxe guztiei aplikatuko zaie, ikasleak onartzeko prozesua zehazteko eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenak xedatutakoari jarraikiz.

3. ATALA

Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei erreserbaturiko ikaspostuak esleitzea

30. artikulua. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen definizioa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasletzat hartuko dira ohikoaz bestelako hezkuntza arreta behar dutenak, honako kasu hauetakoren bat dela eta:

a) Hezkuntza premia bereziak izatea.

b) Heltze atzerapena izatea.

c) Hizkuntzaren eta komunikazioaren garapeneko nahasmendua izatea.

d) Arretarekin edo ikaskuntzarekin loturiko nahasmenduak izatea.

e) Ikaskuntzako hizkuntza maila larriki baxua izatea.

f) Gizarte eta hezkuntza ahuleziako egoeran egotea.

g) Adimen gaitasun handiak izatea.

h) Hezkuntza sisteman berandu sartu izana.

i) Kondizio bereziak edo eskola historiarekin loturikoak izatea.

31. artikulua. Oreka ikasleen onarpenean: hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea.

1. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 87.1 artikuluan ezarritakoa betetze aldera, hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bermatzeko xedea izanik, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatuko du, ikasleen bereizketa sozial eta ekonomikoa edo bestelako bereizketa saihesteko behar diren neurriak ezartzeaz gainera.

2. Gainera, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, hartu beharreko neurriak ezarri beharko dira ikastetxe bakarrean halako ikasleen kopuru handia metatzen denean. Ikasle guztiek hezkuntza eskubidea berdintasunez baliatzen ahalko dutela bermatzea izanen da neurri horien helburua.

3. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak aldian behin prestatuko du hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen indizea, ikastetxeen araberakoa, gutxienez alderdi hauek jaso beharko dituena: hezkuntza laguntzako berariazko premia dutenen baldintza pertsonalak, curriculum atzerapena eta hartutako hezkuntza neurriak.

4. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indize hori kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu bakoitzean ezaugarri horiek dituzten ikasleak eskolatzeko, eta eskolatze gaietako zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– jasoko da.

5. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizeak halako ikasleek ikastetxe bakoitzean duten eskolatze egoera islatuko du, Nafarroako hezkuntza sistemaren batezbestekoari dagokionez, bai eta ikastetxe bakoitzaren eskolatze indizea ere dagokion eragin eremukoei dagokienez. Indize hori banakatuta egonen da, batetik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetan, eta, bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzetan. Hori interpretatzeko, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Ulertuko da ikastetxean hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea batez bestekoa baino txikiagoa dela, baldin eta ikastetxe hartan ikasten duten ikasleen artean berariazko hezkuntza laguntzako premia dutenen portzentaje handiagoa badute.

b) Ulertuko da ikastetxean hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea batez bestekoa baino handiagoa dela, baldin eta ikastetxe hartan ikasten duten ikasleen artean berariazko hezkuntza laguntzako premia dutenen portzentaje txikiagoa badute.

6. Horretarako, eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzeko, modu banakatuan erreparatzen ahalko zaie, halaber, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– hala zehaztutako beste kontzeptu arrazoitu batzuei.

32. artikulua. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat erreserbaturiko ikaspostuak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleek ikastetxe bakoitzean duten eskolatze indizea –aurreko artikuluan aipaturikoa– kontuan hartuta, eta ikasle horien eskolatzea errazteko eta hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoetako ikaspostuen eta baimenduen zati bat gordeko du itunpeko ikastetxe pribatuetako, ohiko ebaluazioaren nahiz ohiz kanpoko ebaluazioaren ondoriozko aurreinskripzio eta matrikularako aldiaren amaierara arte.

2. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen maila eginen duten ikasleentzat ikaspostuak erreserbatzeko kasuetan, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei arreta emateko eskola unitate bakoitzak erreserbatu beharreko ikaspostuen kopurua desberdina izaten ahal da ikastetxe bakoitzean, eta eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztuko da.

b) Ikaspostuen erreserbak aurreinskripziorako epea amaitu arte iraunen du, eta, ondorio horietarako, eskabideak ohiko moduan aurkezten direnetik foru agindu honen 16. artikuluan aipatzen diren behin betiko zerrendak argitaratu aurreko unera arteko aldia hartuko da kontuan.

c) Ikaspostuak erreserbatzeko epea amaitutakoan, bete gabeko ikaspostu erreserbatuak askatuta geratuko dira ondorio guztietarako, eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasle izateagatik lehian sartu ez diren ikasleei eskaintzen ahalko zaizkie.

3. Gainerako ikasmailetan, ondorio berberetarako, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 87.2 artikuluan araututako ikaspostuen nahitaezko erreserba betetze aldera, ikaspostuen erreserba hori eginen da ikastetxeetan baldin eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea –foru agindu honen 31.5 artikuluan aipatzen diren bi irakaskuntza tarteetako edozeinetan– handiagoa bada dagokien eragin eremuko batez besteko indizea baino (horien ikaspostu huts posibleen eskaintza halako ikasleendako ikaspostuentzat izanen da esklusiboki). Aitzitik, eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indize hori kontuan hartuta, foru agindu honen 31.5 artikuluan aipatutako eragin eremuari dagozkion kasuan kasuko irakaskuntza tarteen batez bestekoa hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea baino txikiagoa den ikastetxeetan hutsik geratzen ahal diren ikaspostuen eskaintza kondizio hori betetzen ez duten ikasleentzat baino ez da izanen.

4. Halaber, aurreko apartatuan ezarritako ikaspostu erreserba aplikatzean, honako hauek kontuan hartu beharko dira:

a) Artikulu honetako 3. apartatuan jasotakotik salbuetsita egonen dira etapa edo hizkuntza-eredu bakoitzeko ikastetxe bakarra duten udalerrietan kokatutako ikastetxeak, baldin eta ikaspostu huts posibleen eskaintzaren ondoriozko ikasle onarpena hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat eta kondizio hori ez duten ikasleentzat berdin-berdin egiten bada.

b) Era berean, artikulu honetako 3. apartatuan jasotakotik salbuetsiko dira edozein hezkuntza-etapatara sartzeko kasu guztiak, baldin eta, indarrean dagoen araudiaren arabera, ikasle-ratioa aldatzea badakar, atzean uzten den etaparen ratioari dagokionez. Kasu horietan, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei arreta emateko eskola-unitate bakoitzeko erreserbatu beharreko ikaspostuen kopurua desberdina izaten ahal da ikastetxe bakoitzean, eta eskolatze-gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren urteroko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua finkatzen duen hartan– zehaztuko da. Kontuan hartuko da ezen, ikaspostuak erreserbatzeko epea amaitu ondoren, bete ez diren erreserbatutako plazak aske geratuko direla ondorio guztietarako, eta eskaintzen ahalko zaizkiela hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasle gisa aurkeztu ez direnei.

c) Erreserba mantendu eginen da ohiko ebaluaziorako aldia amaitu arte, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arte egin behar duten ikasleen kasuan, eta ezohiko ebaluazioaren aldia amaitu arte, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak eginen dituzten ikasleen kasuan. Erreserba hori, ondorio guztietarako, askatutzat joko da foru agindu honen 16. artikuluan aipatzen diren behin betiko zerrendak argitaratu aurretik.

5. Artikulu honetan araututako ikaspostuak erreserbatzeko kasu guztietan, behin erreserba epea amaituta dagoela, eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze egoki eta orekatuaren bermea –Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 87.1 artikuluan aipatzen dena– betetze aldera, ikasleak epe arruntetik kanpo (hots, foru agindu honen III. kapituluan araututako epe arruntetik kanpo) onartzea hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizearen arabera zuzenduko da. Indize horrek, halaber, zehaztuko du ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu bakoitzerako foru agindu honen 31.5 artikuluan aipaturiko bi irakaskuntza tarteetako bakoitzean eskaintzen ahal diren ikaspostu hutsen nolakotasuna, ikasle guztien hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bermatze aldera.

6. Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea kontuan izanik, orokorrean ezarritakoak baino ratio txikiagoak aurreikusten ahalko ditu, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea batezbestekoaren azpitik dauden ikastetxeentzat. Era berean, hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea faboratzen duten beste neurri batzuk ere hartzen ahalko ditu.

7. Arestian deskribatutako gogoeta guztien ondorioetarako, ikastetxe horien hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizearen batezbesteko eguneratua hartu beharko da kontuan, foru agindu honen 31.5 artikuluan aipaturiko bi irakaskuntza tarteetako bakoitzaren eragin eremuaren batez bestekoari dagokionez. Halaber, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendari nagusiak ikasleak onartzeko prozesua zehazteko urtero ematen duen ebazpenean jasoko da hori.

33. artikulua. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleendako ikaspostuak eskatzea eta kondizio hori egiaztagiri bidez frogatzea.

1. Onartzeko eskabidea foru agindu honen 10. artikuluan ezarritako moduan eta epeen arabera aurkeztu beharko da. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat gordetako ikaspostu bat eskatu nahi duten eskatzaileek berariaz hala adierazi beharko dute horretarako gaitutako laukitxoan. Ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako irakaskuntzetara sartzen diren kasuetan, edo –indarrean dagoen araudiaren arabera– atzean uzten den etaparen ratioari dagokionez ikasle-ratioa aldatzea dakarten hezkuntza-etapetara sartzen diren kasuetan, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat erreserbatuta ez dauden ikaspostuetara ere aurkeztuko dira ikasle horiek.

2. Eskabide horrekin batera, interesduna halako ikaslea dela egiaztatzen duen agiri ofiziala ere aurkeztu beharko da, honako hauek kontuan hartuta:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen maila eginen duten ikasleentzat ikaspostuak erreserbatzeko kasuetan, inguruabar hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztu beharko da derrigorrean.

b) Aurreko letran aipatutakoaz bestelako edozein ikasmaila eginen duten ikasleendako ikaspostuak erreserbatzeko kasu guztietan, Hezkuntza Departamentuak ofizioz aurkeztuko du egiaztapen hori, Nafarroako hezkuntza sistemaren barruan hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen errolda kontuan hartuta.

c) Informazio hori ezin bada dagokion erroldatik atera, nahitaezkoa izanen da egoera hori frogatzeko egiaztagiri ofizialak aurkeztea, salbu eta informazio hori telematika bidez kontsultatzen ahal bada eta interesdunak berariaz eskatzen eta baimentzen badu.

3. Ikaspostuen erreserba hori lortzeko aurkeztutako eskabideen kopurua hutsik dauden ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan jasotako baremazio irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren ondoriozko ikasleen lehentasun-ordena hartuko da kontuan.

4. ATALA

Ikasleak onartzeko prozesu arruntaren azken jarduketak

34. artikulua. Matrikulazioa.

1. Onartu diren ikasleen behin betiko zerrendetan –foru agindu honen 16. artikuluan aipaturikoetan– bildutako ikasleen matrikula formalizatzeko epea, bestalde, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– ezarriko da. Matrikula adierazitako epeetan formalizatzen ez bada, erdietsitako ikaspostua galduko du interesdunak, eta itxarote zerrenden ondoriozko eskubideak ere galduko dira. Halako kasuetan, foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da.

2. Matrikula ikasleak formalizatu beharko du, adinez nagusia bada, edo guraso-ahala duten gurasoek edo legezko tutoreek, berriz, ikaslea adingabea bada.

3. Ikastetxeek irakaskuntza bakoitzean matrikula formalizatzeko eskatuko den dokumentazioa erakutsi beharko dute, bai ikastetxean bertan bai euren webgunean.

4. Matrikula egiteko unean aurkeztu beharreko dokumentazioa, halaber, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– ezarriko da.

35. artikulua. Hautabidea hobetzea.

1. Eskabideak aurkezteko epe arruntean parte hartu duten ikasleek, zegokion eskabidean lehen aukerako ikastetxe gisa adierazita ez dagoen ikastetxe batean ikaspostu bat lortu badute, matrikula formalizatzeko unean, horretarako ezarritako laukian “hautabidea hobetzeko” aukera adierazten ahalko dute, eta, ordutik aurrera, egon litezkeen behin betiko itxarote zerrendetan egoten jarraituko dute. Aitzitik, eta hautabidea hobetzeko prozedura horri heltzen ez dioten ikasleen kasuan, aukeraketa horrek berekin ekarriko du ordura arte ikasleak egon litezkeen itxarote zerrenden ondoriozko eskubideak galtzea.

2. Hautabidea hobetzeko aukera hori hautatuz gero, ikaspostu bat lortzen ahalko da esleitutakoa baino lehentasun handiagoa duen edozein ikastetxetan, dagokion eskabidean adierazitakoen artean. Horretarako, kontuan hartu beharko da, orokorrean, hautabidea hobetzeko prozedura indarrean egonen dela foru agindu honen 38. artikuluan aipatutako behin betiko itxarote zerrenden indarraldia amaitu arte. Aurrekoa gorabehera, hautabidea hobetzeko prozeduraren aplikazioaren ondoriozko matrikula berri oro formalizatzean, interesdunen esku egonen da etorkizuneko hautabide hobekuntzei uko egitea edo hobekuntza horiei heltzen jarraitzea, eta, artikulu honetako 1. apartatuan araututako baldintzei jarraituko zaie kasu horietan guztietan.

3. Hautabidea hobetzeko prozedura aplikatzearen ondorioz ikaspostu berri bat erdiesten bada, lehendik esleitutako ikaspostua galduko du interesdunak automatikoki, eta matrikula berria formalizatu beharko du eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– horretarako adierazitako epeetan. Halaber, arestian aipatutako ebazpenean eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Matrikula adierazitako epeetan formalizatzen ez bada, interesdunak galdu eginen du erdietsitako ikaspostua, eta ordura arte zegozkion itxarote zerrenden ondoriozko eskubideak ere galduko dira. Halako kasuetan, foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da.

36. artikulua. Hautabidea hobetzeko prozedura aplikatzeagatik askatutako ikaspostuak esleitzea.

1. Hautabidea hobetzeko prozedura aplikatzeak ikaspostuak askatzea eragiten ahal du. Ikaspostu horiek esleipen berriak sortuko dituzte, foru agindu honen 16. artikuluan aipatzen diren behin betiko itxarote zerrenden konfigurazioan oinarrituta.

2. Horretarako, behin betiko itxarote zerrendetan agertzen diren eta lehen aldiz ikaspostua lortzen duten ikasleek matrikula formalizatu beharko dute eginbehar gisa, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– horretarako adierazitako epeetan. Hala, aipatutako ebazpenean eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eta foru agindu honen 35. artikuluan araututa dagoen aukera hobetzeko prozedurari heltzen ahalko diote zuzendaritza nagusi horrek hala onartuz gero. Matrikula adierazitako epeetan formalizatzen ez bada, interesdunak galdu eginen du erdietsitako ikaspostua, eta ordura arte zegozkion itxarote zerrenden ondoriozko eskubideak ere galduko dira. Halako kasuetan, foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da.

37. artikulua. Gainerako ikaspostuak esleitzea.

1. Hezkuntza Departamentuak ikaspostu bat esleituko die ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartu eta aurretik ikasposturik ez duten edo aurretik egungo bizilekuaz bestelako eragin eremu batean kokatutako ikaspostua duten ikasleei, hargatik eragotzi gabe hark eskuratutako eskubideak, dagozkien itxarote zerrendetan sartzeari eta barematzeari dagozkienak. Ikaspostuen esleipen horretatik salbuetsita egonen dira foru agindu honen 11. edo 15.10 artikuluan jasotako kasuren batengatik ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geratu diren ikasle guztiak.

2. Ondorio horietarako, behin betiko itxarote zerrendarik ez duten ikastetxe guztietan hutsik geratzen ahal diren ikaspostuen arabera esleituko ditu ikaspostuak Hezkuntza Departamentuak.

3. Ikaspostuak esleitzeko, foru agindu honen 12.1 artikuluan ezarritako lehentasunezko irizpideen puntuazioari dagokion baremoa hartuko da kontuan, a), b) eta f) irizpideak izan ezik.

4. Berdinketarik badago, irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan, behar bezala egiaztaturik:

–Familia-unitatearen per capita errentagatik puntu gehien lortu dituena.

–Ikasleak edo haren guraso, legezko tutore edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izatearen atalean puntuazio handiagoa lortzea.

–Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

–Legez familia ugariko kide izatea.

–Ikaslea familia-harrerako egoeran egotea.

–Guraso bakarreko familia izatea.

–Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleak.

–Batxilergoko irakaskuntzen kasuan, ikasketa-espedientearen batez besteko puntuazioan nota altuena.

5. Aurreko apartatuan aipatutako berdinketa hausteko irizpideak ordena horretan aplikatuko dira ondoz ondo, harik eta berdinketa hautsi arte.

6. Berdinketa hausten ez bada, zozketa publikoa eginen du Hezkuntza Departamentuaren barnean ikasleak onartzearen esparruan eskumena duen organoak, foru agindu honen 13.6 artikuluan aipatutakoak.

7. Ikaspostua esleitu ondoren, matrikula formalizatu beharko da, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– horretarako adierazitako epeetan, eta ebazpen horretan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Matrikularen formalizazioan, hautabidea hobetzeko prozedurari –foru agindu honen 35. artikuluaren 2. apartatuan eta hurrengoetan araututakoari– heltzen ahalko diote hala eskatzen duten pertsonek.

8. Matrikula adierazitako epeetan formalizatzen ez bada, erdietsitako ikaspostua galduko du interesdunak, eta ordura arte ikasleak zegozkion itxarote zerrenden ondoriozko eskubideak ere galduko dira. Halako kasuetan, foru agindu honen 41. artikuluan xedatutakoa beteko da.

38. artikulua. Behin betiko itxarote zerrenden indarraldia.

Foru agindu honen artikuluetan aipatzen diren behin betiko itxarote zerrendak argitaratzen direnetik onarpena eskatzen den eskabideari dagokion ikasturteko irailaren 20ra arte egonen dira indarrean.

39. artikulua. Ikasleak eskolatzea.

1. Ikastetxe batean matrikulatutako ikasleek ikasturtea hasteko zehazturiko epeetan ikastetxe horretara bertaratzeko betebeharra izanen dute.

2. Ikasleak, onarpen eskabidearen eraginpeko ikasturteko irailaren 16a baino lehen ikastetxera bertaratzen ez bada, galdu eginen du dagokion ikaspostua. Alabaina, eta kasu zehatz bakoitzerako, Hezkuntza Departamentuak egun hori luzatzen ahalko du, alegatutako arrazoiak aztertu eta baietsi ondoren. Nolanahi ere, arrazoiak data hori baino lehen jakinarazi beharko dira. Horretarako, ikastetxeek inguruabar horren berri emanen diote Hezkuntza Departamentuari, jakinaren gainean egon dadin eta behar bezala balora dezan.

3. Sartu behar hori –eta beharra ez betetzeak dakartzan ondorioak– ikasleak onartzeko prozesu arruntean parte hartu ez arren ikastetxe batean matrikulatuta dauden ikasleei ere aplikatzen ahalko zaie, bai eta foru agindu honen 7.1 artikuluan ezarritako ikaspostuak erreserbatzeko kasuetako edozeini atxikitako ikasleei ere.

III. KAPITULUA

Ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesua

40. artikulua. Alderdi orokorrak.

1. Foru agindu honen 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ikasleak onartzeko prozesu arruntak eskabideak aurkezteko epe arrunt bakarra izanen du, eta epe hori desberdina izaten ahal da maila edo irakaskuntzen arabera. Hala ere, ikasleak onartzeko epe arrunt horretatik kanpo, ikasleak onartzeko beste prozesu bat egonen da, kapitulu honetan xedatutakoaren araberakoa.

2. Epe arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozesua bi alditan banatuko da:

a) Onarpen eskabidearen eraginpeko ikasturtea hasi baino lehen eskabideak egiteko aldia.

b) Onarpen eskabidearen eraginpeko ikasturtea hasi ondoren eskabideak egiteko aldia.

3. Ikasleak onartzeko prozesu arruntaren ondoriozkoak izanik epe arruntetik kanpo dauden epeak eta egunak, bai eta dagozkion jarraibideak ere, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– jasoko dira.

41. artikulua. Eskabideak ikasturtea hasi aurretik egiteko aldia.

1. Artikulu honetan ezarritako ondorioetarako, ikasturtea hasi aurretik eskabideak egiteko aldian parte hartzen ahalko dute honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonek:

a) Eskabideak aurkezteko epe arrunta –foru agindu honen 10. artikuluan aipatzen dena– amaitu ondoren egoitza aldatzea justifikatzen duten ikasleendako ikaspostua eskatzen duten pertsonak. Ondorio horietarako, posta kodea aldatzen denean bizileku aldaketa justifikatutzat joko da, eta egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko da; zehazki, errolda ziurtagiri edo dokumentuaren kopia bat aurkeztu beharko da (ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta daudela jasotzen duen agiria, hain zuzen), edo, adinez nagusiak diren ikasleen kasuan, horien errolda agiria. Halaber, kontuan hartu behar da egoitza berriko altak ezinbestean izan behar duela eskabideak aurkezteko epe arrunta amaitu ondorengo data.

b) Ikaspostuetarako eskabideak aurkezteko epe arruntean eskabidea aurkeztu eta ikaspostua lortu duten baina matrikula egiteko ezarririko epeetan matrikularik formalizatu ez duten ikasleendako ikaspostua eskatzen duten pertsonak.

c) Ikaspostuetarako eskabideak aurkezteko epe arruntean eskabidea aurkeztu duten baina ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo geratu diren eta Nafarroako hezkuntza sisteman ikasposturik ez duten pertsonak.

2. Eskabideak aurkezteko epea abiarazi aurretik, eta ikasleak onartzeko prozesu arruntaren ondoriozko ikaspostuak esleitzearen ondorioz, Hezkuntza Departamentuak zehaztu eta argitaratu eginen du zein ikastetxetan dauden hutsik ikaspostuak, betiere hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea –foru agindu honen 31. artikuluan aipatzen dena– kontuan hartuta. Eskabideak aurkezteko epe hori eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– adierazitakoa izanen dira.

3. Parte hartzeko eskabidea, ahal dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitutako webgunetik aurkeztuko du telematika bidez ikasleak, adinez nagusia bada, eta haren guraso-ahala duten pertsonek edo haren legezko tutoreek, berriz, adingabea bada.

4. Eskatzaileek foru agindu honetan araututako edozein irakaskuntza ematen duten ikastetxeen laguntza izaten ahal dute, hala eskatzen badute, onarpen eskabidea izapidetzeko, eskabidean adierazitako ordena kontuan hartu gabe, eta eskatzaileek eskatuz gero, eskuordetuta egin beharko da hori. Horretarako, eskatzaileek dagozkien ikastetxeetako idazkaritzara jotzen ahalko dute laguntza hori eskatzeko, eta ikastetxeek zaindu eginen dute eskabideak behar bezala bete direla.

5. Ikasle bakoitzarentzat eskabide bakar bat aurkeztu beharko da, behar bezala beteta. Eskabide hori horretarako zehaztutako eredu ofizialari egokituko zaio, eta eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– ikasturte bakoitzerako zehazten diren epeetan aurkeztu beharko da. Halaber, zehaztuko da zein ikastetxetan egin nahi den eskolatzea (lehen aukera gisa adieraziko da ikastetxe hori), eta gehienez beste bederatzi ikastetxe ere adierazten ahalko dira (lehendabizi aukeratutako ikastetxea esleitzen ez zaion kasuetarako), ezarririko lehentasun-ordenari jarraiki. Horretarako, eskatzaileek artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen diren ikaspostu hutsak dituzten ikastetxeen zerrendako ikastetxeak baino ezin izanen dituzte adierazi.

6. Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte, horietan grabatutako datuak aldatzen ahalko dira. Behin epe hori amaituta, aplikazio informatikoaren bidez, dagokion onartzeko eskabidea, eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako ikastetxearen edo ikastetxeen eskura jarriko da. Izan ere, horiek izanen dute eskabide hori izapidetzeko ardura (dagozkion datuak sartu eta egiaztatzea ekarriko du horrek berekin).

7. Hezkuntza Departamentuak, aurretiko zozketaren –hots, foru agindu honen 13.6 artikuluan aipatzen denaren– arabera, ikaspostuak esleitzeko jarraitu beharreko ordena zehaztu eta ikaspostu horiek esleituko ditu, kontuan hartuta ikaspostu hutsei buruz aurretik egindako proposamena eta eskatzaile bakoitzak adierazitako ikastetxeen esleipen ordena, eta, betiere, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizeari –foru agindu honen 31. artikuluan aipatzen denari– jarraikiz.

8. Onartzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea ikastetxe bateko ikaspostuetan onartutako ikasleen zerrendan jaso behar diren datu pertsonalak argitaratzeko.

9. Ikasleak onartzeko prozesutik kanpo geratuko dira foru agindu honen 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan zerrendatutako edozein kasutan egindako eskabideak, eta derrigorrezko etapetako berezko irakaskuntzetara sartzeko kasu guztiak Hezkuntza Departamentuak ikaspostua ofizioz esleitzearen eraginpean egonen dira.

10. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozesuaren emaitza Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitzen duen webgunean argitaratuko da.

11. Ikaspostua esleitu ondoren, dagokion matrikula formalizatu beharko da, betiere eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako urteko ebazpenean –ikasturte bakoitzean ikasleak onartzeko prozesua zehazten duenean– zehaztutako epean. Derrigorrezkoak ez diren etapetako berezko irakaskuntzetara sartzeko kasu guztietan, ikasleak eginen du matrikula, adinez nagusia bada, edo guraso-ahala duten gurasoek edo legezko tutoreek, berriz, ikaslea adingabea bada. Derrigorrezko etapetako berezko irakaskuntzetara sartzeko kasu guztietan, Hezkuntza Departamentuak ofizioz eginen du kasuan kasuko matrikula.

12. Derrigorrezkoak ez diren etapetako berezko irakaskuntzetara sartzeko kasu guztietan, matrikula adierazitako epeetan formalizatzen ez bada, lortutako ikaspostua galduko da.

13. Ikasleak ikastetxera sartzeko, foru agindu honen 39. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Derrigorrezko etapetako berezko irakaskuntzetan ikasleak ikastetxera ez sartzeagatik ikaspostua galtzeko kasuetan, Hezkuntza Departamentuak ofizioz esleituko du ikaspostua.

42. artikulua. Eskabideak ikasturtea hasi ondoren egiteko aldia.

1. Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, ikasturtea hasi ondoren aurkeztutako eskabidetzat hartuko dira, halaber, eskabideak aurkezteko epea –foru agindu honen 41. artikuluan aipatua– amaitu ondoren jasotakoak.

2. Ikasturtea hasi ondoren eskabideak egiteko aldian parte hartzen ahalko dute honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonek:

a) Artikulu honetan aipaturiko aldia hasten den unean Nafarroako hezkuntza sisteman ikasposturik ez duten ikasleendako ikaspostua eskatzen duten pertsonak.

b) Nafarroako hezkuntza sisteman ikaspostua izanik, bizitoki aldaketa justifikatzen duten ikasleendako ikaspostua eskatzen duten pertsonak. Ondorio horietarako, posta kodea aldatzea joko da bizileku aldaketa justifikatutzat, eta egoera hori agiri bidez egiaztatu beharko da, ikaslea eta, gutxienez, haren guraso edo legezko tutoreetako bat erroldatuta daudela biltzen duen errolda-ziurtagiriaren kopiaren bidez, edo, hala badagokio, adin nagusiko ikasleen errolda-ziurtagiriaren kopia.

c) Ikasleendako ikaspostua eskatzen duten pertsonak, baldin eta eskabidea gerora sortutako salbuespenezko beste inguruabar batzuen ondorioz egin bada. Kasu horietan, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia arduratuko da aipatutako salbuespenezko inguruabarrak aztertzeaz eta, hala badagokio, dagozkion eskabideak baimentzeaz.

3. Eskabidea ikasleak, adinez nagusia bada, edo, bestela, haren guraso-ahala duten pertsonek edo haren legezko tutoreek aurkeztuko dute, ahal dela, telematika bidez, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitutako webgunetik, eta dagokion tokiko eskolatze batzordeari zuzenduko zaio, edo, hala badagokio, Iruñeko eta Iruñerriko barrutiari dagokienez, Hezkuntza Departamentuaren barnean eskolatze gaietan eskumena duen unitateari. Tokiko eskolatze batzorderik ez duten udalerrietan, eskabideak ikastetxeei eurei zuzenduko zaizkie.

4. Udalerriko ikastetxeek eskabidea izapidetzen lagunduko diete hala eskatzen duten familiei, eta, eskatzaileek eskatuz gero, gainera, eskabidea eskuordetuta aurkeztu beharko dute.

5. Horretarako, dagokion tokiko eskolatze batzordea –edo, hala badagokio, Iruñeko eta Iruñerriko barrutiari dagokionez, Hezkuntza Departamentuaren barnean eskolatze gaietan eskumena duen unitateak–, kudeatuko ditu jasotzen diren eskolatze eskabideak, apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 32.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera. Ikasleei buruzko datuak baloratu ondoren, esleipen proposamen bat eginen dute, lurralde eremuko ikastetxe guztietan eskolatzeari buruz dagoen informazioaren arabera. Horretarako, eta beren jarduketa eremuko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeen artean hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen presentzia orekatua zaintzeko, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizeari –foru agindu honen 31. artikuluan aipatua– erreparatuko diote, eta, azkenik, familiei entzun ondoren, proposatutakoen artean horiek aukeratutako ikaspostua esleituko zaie. Halaber, ikaspostuaren esleipen horren berri eman beharko die gurasoei, legezko tutoreei eta, hala badagokio, adinez nagusi diren ikasleei, bai eta dagokion ikastetxeari ere.

6. Ikaspostua esleitu ondoren, tokiko eskolatze batzordeek, Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunak, edo, hala badagokio, tokiko eskolatze batzorderik ez dagoen udalerrietako ikastetxeek, ofizioz matrikulatuko dituzte ikasle horiek derrigorrezko etapetako berezko irakaskuntzetara sartzen diren kasu guztietan.

7. Derrigorrezkoak ez diren etapetako berezko irakaskuntzetara sartzeko matrikula ikasleak formalizatu beharko du, adinez nagusia bada, edo guraso-ahala duten gurasoek edo legezko tutoreek, berriz, ikaslea adigabea bada.

43. artikulua. Ikasgela bakoitzeko ikasleen kopurua handitzea.

1. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak ikasgela bakoitzean gehienez egoten ahal diren ikasleen kopurua ehuneko hamar gehienez handitzea baimenduko du, ikasturtea hasi ondorengo eskabideen kasuei –kapitulu honetan jasotakoei– erantzuteko.

2. Horri dagokionez, tokiko eskolatze batzordeek –edo hala badagokio, Hezkuntza Departamentuaren barnean eskolatze gaietan eskumena duen unitateak– zainduko dute, batik bat, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleek presentzia orekatua dutela beren jarduketa esparruan funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan; horretarako, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea –ikastetxe bakoitzari dagokiona eta foru agindu honen 31. artikuluan adierazitakoa– kontuan hartu beharko da.

IV. KAPITULUA

Onarpen prozesuko berme organoak: Eskolatze batzordeak

44. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia.

1. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia Hezkuntza Departamentuko organoa da, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura zuzen aplikatzearen ardura duena. Batzorde hori eskolatzearen gaineko eskumenak dituen Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusiari atxikiko zaio.

2. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eskumen esparruan sartzen da ikasleen onarpena unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan.

3. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari dagokio ikasleak eskolatzeko prozesua koordinatzea eta gainbegiratzea, deusetan galarazi gabe Hezkuntza Departamentuak dituen eskumenak eta apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuak eta foru agindu honek tokiko eskolatze batzordeei esleitzen dizkien eskumenak. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak koordinatu eta gainbegiratuko du tokiko eskolatze batzordeen funtzionamendua.

4. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eginkizunak, funtzionamendua eta osaera apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 26., 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoak izanen dira.

5. Hezkuntza Departamentuak bere barneko organoen bidez eskolatuko ditu ikasleak, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak ezarritako irizpideen eta zuzentarauen arabera.

6. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 28.3 artikuluan ezarritakoa betetze aldera, Eskolatze Batzorde Nagusiko kideak eta horien ordezkoak eskolatzearen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira ikasturte bakoitzaren hasieran, eta haren osaketan gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa sustatuko da.

45. artikulua. Tokiko eskolatze batzordeak.

1. Tokiko eskolatze batzordea ikastetxe publikoak eta/edo itunpeko ikastetxe pribatuak dauden lurralde esparru batean eratzen den organoa da, ikasleak onartzeko prozesuaren gainean argibideak eta aholkua emateko, eta prozesu hori gainbegiratzeko, batzordearen eskumen esparruan.

2. Tokiko eskolatze batzordeek zainduko dute, batik bat, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleek presentzia orekatua dutela beren jarduketa esparruan funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan.

3. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan ezarririkoa betetze aldera, eta betiere Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, tokiko eskolatze batzordeak udalerri hauetakoak izanen dira: Altsasu, Bera, Elizondo, Etxarri Aranatz, Lesaka, Lizarra, Lodosa, Tafalla eta Tutera.

4. Tokiko eskolatze batzordeen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 32., 33. eta 34. artikuluetan ezarritakoak izanen dira. Era berean, haien funtzionamenduari dagokionez, honako hauek hartu beharko dituzte kontuan:

a) Ikaspostua onarpen aldiko epe arruntetik kanpo –foru agindu honen 42. artikuluan aipatzen da epe hori– eskatzen duten ikasleen guraso edo legezko tutoreek eskabidea, ahal dela, telematika bidez eginen dute, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituriko webgunearen bidez.

b) Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 34.4 artikuluan araututakoarekin bat, epez kanpo egiten diren eskaeretan, tokiko eskolatze batzordeak jasoko du ikasleen aurreko eskolatzearen gaineko informazioa, halakorik balego, eta ikaspostuen proposamen bat prestatuko du eskatutako eskolatze-aukerekin bat etorriko dena. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen presentzia orekatua bereziki zainduko da eta, orobat, gurasoek, legezko tutoreek edo, kasua bada, adinez nagusi diren ikasleek aukeratutako ikaspostua esleituko du proposatutako ikaspostuen artetik.

c) Tokiko eskolatze batzordeak esleitutako ikastetxeari bidaliko dio idatzizko eskolatze proposamena, bertan matrikulazioa formaliza dezaten.

d) Esleitutako ikaspostuarekin ados ez badaude, interesdunek alegazioak aurkezten ahal dituzte tokiko eskolatze batzordearen aurrean.

5. Ikastetxeek behar duten informazio eta dokumentazio guztia emanen dizkiete tokiko eskolatze batzordeei, beren lana egin dezaten. Halaber, une oro aholkua eskatzen ahalko diote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

6. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak gainbegiratuko du tokiko eskolatze batzordeen funtzionamendua, eta horren berri emanen dio eskolatzearen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiari.

7. Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 33.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, tokiko eskolatze batzordeetako kideak eta horien ordezkoak eskolatze gaietan eskumena duen unitatearen ebazpen bidez izendatuko dira ikasturte bakoitzaren hasieran, eta haren osaketan gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa sustatuko da.

46. artikulua. Iruñeko eta Iruñerriko barrutian eskolatzea.

Apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Iruñeko eta Iruñerriko barrutiari dagokionez, eskolatzearen arloko Hezkuntza Departamentuan eskolatze gaietan eskumena duen unitateak hartuko ditu bere gain tokiko eskolatze batzordeei dagozkien eginkizunak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Datu pertsonalak babestu eta konfidentzialtasunez tratatu beharra.

1.–Ikasleen eta horien familien datu pertsonalak lortzeko, tratatzeko eta ikastetxe batetik bestera igortzeko, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoa bete beharko da.

2.–Foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuz lortutako informazio guztia bertan aurreikusitako helburuetarako baino ezin izanen da erabili, eta isilpekotasun eta konfidentzialtasun betebeharraren eraginpean egonen dira ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuan betetzen duten eginkizunagatik informazio hori eskuratzeko aukera duten pertsona guztiak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ikasle adingabearen guraso-ahala duten pertsonen arteko desadostasunak.

1.–Ikasle adingabearen guraso-ahala duten pertsonen artean desadostasunak sortzen diren kasu guztietan, ebazpen judizialetan xedaturikoari jarraikiko zaio, edo, hala badagokio, pertsona horiek onartutako bitartekariak hezkuntza gaietan guraso-ahala baliatzeari buruz hartutako erabakian ezarritakoari.

2.–Ebazpen judizialik –edo, hala badagokio, bitartekariaren akordiorik edo ebazpenik– aurkeztu ez bada, edo emandako ebazpenetik ez bada ondorioztatzen nori dagokion erabakia, harik eta hura aurkezten den edo hori argitzen den arte honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Nafarroako hezkuntza sisteman lehen aldiz sartzen diren ikasleak onartzean, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan, betiere ikaspostu hutsik egonez gero:

–Desadostasuna eskolatzeko udalerriari buruzkoa bada, eta gurasoek edo legezko tutoreek ez badute bizilekurik udalerri berean, lehentasuna emanen zaio ikasle adingabearen zaintza esleituta duen edo adingabearekin bizi ohi den gurasoaren edo legezko tutorearen udalerrian eskolatzeari. Zaintza partekatua bada edo ikaslea bi gurasoekin edo legezko tutoreekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio, lehenik eta behin, ikasle adingabeak anai-arrebak dituen ikastetxeari, eta, halakorik ezean, gurasoetako edo legezko tutoreetako edozeinen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxeari.

–Desadostasuna udalerri berean eskolatzeko ikastetxeari buruzkoa bada, lehentasuna emanen zaio ikasle adingabeak anai-arrebak dituen ikastetxean eskolatzeari, eta, halakorik ezean, berriz, ikasle adingabearen zaintza esleituta duen edo adingabearekin bizi ohi den gurasoaren edo legezko tutorearen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean eskolatzeari. Zaintza partekatua bada edo ikaslea bi gurasoekin edo legezko tutoreekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio, lehenik eta behin, ikasle adingabeak anai-arrebak dituen ikastetxeari, eta, halakorik ezean, gurasoetako edo legezko tutoreetako edozeinen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxeari.

b) Ikasleak ikastetxez aldatzeko kasuetan, lehentasuna emanen zaio ikasle adingabeak eskolatuta dagoen ikastetxean jarraitzeari, salbu eta aldaketa hori ikasle adingabearen zaintza esleituta duen gurasoaren edo legezko tutorearen edo adingabearekin bizi ohi den gurasoaren edo legezko tutorearen bizileku aldaketaren ondorio bada. Zaintza partekatua bada edo ikaslea bi gurasoekin edo legezko tutoreekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio ikaslea eskolatuta dagoen ikastetxean jarraitzeari, harik eta dagokion ebazpen judiziala edo bitartekariaren akordioa edo ebazpena aurkezten den arte.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Urte berean jaiotako anai-arreben eskabideak.

Urte berean jaiotako anai-arreben eskabideen kasuan, anai-arrebetako bat onartzeak berekin ekarriko du urte berean jaiotako gainerako anai-arrebak onartzea. Horretarako, eta beharrezkoa izanez gero, kasuan kasuko ikaspostuen kopurua handitu eginen da, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatze indizea kontuan hartuta dagokion ikastetxeari aplikatu beharreko ikaspostu hutsen izaera gorabehera.

Laugarren xedapen gehigarria.–Ikasleek ikasturtean zehar izandako bajak jakinaraztea.

1.–Funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek berehala jakinarazi beharko dizkiote dagokion tokiko eskolatze batzordeari edo Hezkuntza Departamentuan eskolatze gaietan eskumena duen unitateari ikasturtean zehar beren ikasleen artean izandako bajak. Ondorio horietarako, eta derrigorrezko etapetako berezko irakaskuntzen kasu guztietan, ikasleen bajatzat hartuko da ikasketa-espedientea beste ikastetxe batera lekualdatzearen ondoriozkoa, betiere helmugako ikastetxeak lekualdaketa hori gauzatzeko behar den dokumentazioa eskatu badu aldez aurretik.

2.–Era berean, ikasleak behin eta berriz agertzen ez badira, eta ez agertze hori justifika dezakeen arrazoirik aurkezten ez badute, jakinarazpen hori egin beharko dute ikastetxeek. Ondorio horietarako, eta kasuan kasuko inguruabar zehatzak baloratu ondoren, ikasturtean zehar ikasleek izaten ahal dituzten eskolatze premiei erantzuteko erabiltzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak ikaspostu horiek.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Itundu gabeko ikastetxe pribatuak.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden itundu gabeko ikastetxe pribatuek eta atzerriko ikastetxeek ikastetxe horietan matrikulatutako ikasleei buruzko datuak eman beharko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, horrek zehaztutako moduan eta epeetan, datu horiek beharrezkoak direnean ikasle horiekin loturiko prozesu akademiko edo administratibo guztiak behar bezala izapidetzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen erroldan ikasleak sartu izana jakinaraztea.

Indarreko araudiak ikasleen gurasoei eta legezko tutoreei aitortzen dizkien informazio eskubideak betetze aldera, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen erroldan ikasleak sartzen diren kasu guztietan, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek berehala eman beharko diete egoera horren berri ikaslearen guraso-ahala duten gurasoei edo legezko tutoreei, eta berariaz adierazi beharko dute familiak jakinarazpen hori jaso duela.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Zerbitzu osagarriak.

Uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretua aplikatzearen ondorioz ikastetxe publikoan dagokien hizkuntza eredu jakin batean ikaspostua eskatzen duten eskatzaileek, beren eskaera betetzen ez bada, garraio eta jantoki zerbitzu osagarriak baliatzeko eskubidea izanen dute Hezkuntza Departamentuak esleitzen dien ikastetxean. Horretarako, eta aipatutako eskubidea baliatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean garraioari eta jantokiari buruz indarrean den araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira. Horrez gain, eskubide hori baliatzeko, honako baldintza hau bete beharko dute eskatzaileek: arestian aipatutako uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretua aplikatzearen ondorioz legokiekeen ikastetxea adierazi izana eskatutako ikastetxeen lehentasun-ordenan, eta dagokion eskabidean duen kokapena altuagoa izatea eskatutako hizkuntza eredua baino.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza eskaintzan berezko ezaugarriak edo berezitasunak dituzten ikastetxeak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe baten edo haren hezkuntza eskaintzaren berezko ezaugarriek –hala nola ikastetxeak irakaskuntza eleaniztunak emateak, curriculum espezializazio bat aitortua izateak edo kalitatea sustatzeko ekintza batean parte hartzeak– ez dituzte inola ere onarpen irizpideak aldaraziko.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Kalifikazio kualitatiboak Batxilergoko irakaskuntzetan sartzean.

1.–Kalifikazio kuantitatiborik jasotzen ez duten espedienteen kasuan, honako bihurketa eskala hau aplikatuko da: oso gutxi (2), gutxiegi (4), nahikoa (5,5), ongi (6,5), oso ongi (7,5), bikain (9) eta ohorezko matrikula (10).

2.–Hamartar kopuruaren eta biribiltzeko arauen ondorioetarako, aplikatzekoa den indarreko araudian ezarritako irizpideen arabera kalkulatuko da batez besteko nota.

Hamargarren xedapen gehigarria.–Dokumentazioa artxibatu eta zaintzea.

1.–Ikastetxeek, eskolatze batzordeek eta, hala badagokio, Hezkuntza Departamentuan eskolatze gaietan eskumena duen unitateak, artxibatu eta zaindu dute, ikaspostuak esleitzeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita gutxienez bost urtez, ikasleak onartzeko prozesuari dagokion dokumentazio osoa.

2.–Dokumentazio hori Hezkuntza Administrazioaren eskura egonen da, egoki iritzitako egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira honako hauek: 8/2015 Foru Agindua, otsailaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onesten dituena; 28/2015 Foru Agindua, martxoaren 17koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta erdi eta goi mailako heziketa zikloetako ikasketak eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko; eta 12/2009 Foru Agindua, otsailaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Horren bidez ezartzen dira ikastetxe publikoen eta itunpeko pribatuen eragin eremuak, Ikasleak onartzeko arauak ematen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen direnak. Indargabetuta geratzen dira, halaber, foru agindu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 4an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2107277