107. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

15/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Lakuntzako udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Arestian aipatutako arauekin bat eman zuen Nafarroako lehendakariak apirilaren 30eko 30 /2021 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lakuntzako udalerrian zirkulatzeko askatasuna mugatu baitzen 2021eko maiatzaren 8ra arte (egun hori barnean dela).

Alarma-egoera amaituta, Osasuneko kontseilariak foru agindu hau ematen du, osasun agintaritza den aldetik, Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakian aitortuta dauzkan eskumenekin bat. Erabaki horretan, deklaratu zen Nafarroako Foru Erkidegoa normaltasun berrian sartzen dela eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak eman zituen, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Orobat, ezartzen du Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Halaber, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken bi asteetan, apirilaren 22tik maiatzaren 6ra, Lakuntzako udalerrian SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 71 kasu diagnostikatu dira guztira. Intzidentzia metatua izan da 5.622 kasu 100.000 biztanleko; alegia, Nafarroan epe horrexetan izandakoa baino 19 aldiz handiagoa (296 kasu 100.000 biztanleko). Azken 7 egunetan, intzidentzia metatua 2.771 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, eta egonkortzeko joera hartu du 14 egunetan metatutako intzidentziaren eta 7 egunetan metatutako intzidentziaren arteko ratioa 2koa baita.

Intzidentzia tasa handienak 0-14 urte arteko taldean (39 kasu) erregistratu dira; kasuen %55, hain zuzen.

Azken batean, txostenak ondorioztatu du azken asteko intzidentzia Nafarroakoa baino 19 aldiz handiagoa dela, eta egonkortzeko joera hartu duela azken astean. Hortaz, komeni da udalerriak perimentralki itxita jarraitzea 2021eko maiatzaren 15era arte.

Foru agindu honetan ezarritako neurriek pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten dituzte. Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira baldintza batzuk tarteko direla. Lehenengo eta behin, horren oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea (STC 43/1983, maiatzaren 27koa), murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko (STC 13/1985, urtarrilaren 31koa), helburu horrekin proportzionalak izatea (STC 37/1989, otsailaren 11koa), eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea. Foru agindu honetan hartzen diren neurriek, oinarrizko eskubideak murrizten dituztenek, helburu dute Nafarroako pertsonen bizitza eta herritarren osasun publikoa babestea eta, bereziki, pertsona ahulenak, kutsatzeko eta sintomatologia larria izateko arriskua dutenak, baita hiltzekoa ere; izan ere, pandemian egiaztatu den bezala, pertsona batzuk ahulagoak dira SARS-CoV-2 birusaren aurrean, dela adinagatik, dela beste gaixotasun batzuengatik.

Aski frogatua geratu da neurri hauen beharra. Izan ere, 2021eko maiatzaren 1az geroztik itxiera perimetrala indarrean egon bada ere, gaur-gaurkoz, eta azken asteko datuen arabera, intzidentziak Nafarroakoa baino 19 aldiz handiagoa izaten jarraitzen du, eta egonkortzeko joeran badago ere, oso handia da oraindik. Hortaz, udalerriko biztanleen osasun publikoa babesteko eta birusa udalerri mugakideetara eta Nafarroako beste zati batzuetara zabal dadin saihesteko, beharrezkoa da mugikortasuna mugatzen jarraitzea maiatzaren 15era arte. Mantso bada ere, neurria eraginkorra izaten ari da udalerri honetako intzidentzia altua jaisteko apirilaren 30etik.

Aipatutako guztiagatik, gainera, murriztapen hauek betetzen dute proportzionaltasunaren printzipioa, zeren mugatzen baita udalerritik ateratzeko mugikortasuna salbuetsirik betiere pertsonentzat funtsezkotzat jotzen diren egoerak (osasuna, hezkuntza, pertsonen zainketa, ezinbesteko arrazoiak edo antzekoak), horietan ez baita mugatu mugikortasuna.

Foru agindu honetan hartutako neurriak apartekoak eta urgenteak dira, udalerriko kutsapenen tasa altua geldiarazteko, horrek herritar guztiengan kalte handia eragin dezakeelako, eta proportzionalak dira, kaltea txikiagoa baita herritarren bizitza ekonomiko eta sozialerako, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartuta izanen litzatekeena baino. Horrenbestez, neurriak proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, haien helburua baita kutsapenen kurba kontrolatu eta apaltzea, bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, kutsapenen kontrola eta bizitzeko eskubidearen, osotasun fisikoaren eta jendearen osasunaren babesa, horrek galarazi gabe, ahal dela, neurri hauek eta herriko interes ekonomikoak bateragarriak izateko ahalegina egitea.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Halaber, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Kasu honetan, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari eskatzen zaio neurri hauek berrestea, eta ez aurretik baimentzea, alarma-egoera maiatzaren 9ko 00:00etan bukatu baino lehen Osasuneko kontseilariak ez baitu ahalmenik oinarrizko eskubideak mugatzeko.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Mugak jartzea Lakuntzako udalerrian sartzeko eta bertatik ateratzeko.

1. Lakuntzako udalerrian pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuak egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla Haur Hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presakoak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduketa-protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Udal-mugartea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Estatuko segurtasun kidego eta indarrekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin.

Bigarrena.–Lakuntzan ez da aplikatuko Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduaren 1. puntuko 3.3 apartatuan xedatutakoa (foru agindu horren bidez prebentzio neurri apartekoak hartu dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz). Hortaz, ostalaritzako terrazak 21:00etan itxi beharko dituzte, eta ordu horretarako hutsik egon beharko dute.

Hirugarrena.–Foru dekretu honetan ezarritako neurriak 2021eko maiatzaren 9tik 15era arte egonen dira indarrean, bi egun horiek barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Lakuntzako Udalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko maiatzaren 9an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2107471