104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, azaroaren 11ko 82/2020 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Justizia Kontseilua sortu zen.

Azaroaren 30eko 361/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Justiziako Aholku Kontseilua sortu zen. Hala ere, aholkularitza organo horrek ez du jardunik izan 2011tik. Azaroaren 11ko 82/2020 Foru dekretuaren bidez, Nafarroako Justizia Kontseilua sortu zen, helburu honekin: parte hartzeko eta lankidetzarako foro bat aktibatzea, justiziako gizarte zerbitzua ematean inplikaturik dauden sektore guztiek bide bat izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko, eraginkortasunez.

Nafarroako Justizia Kontseiluak garai bateko Justiziako Aholku Kontseiluaren eginkizun berberak ditu, eta kideak ere berberak dira, alegia: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, nahiz eta orain kontseiluko lehendakarikide lanak egiten ez dituen, eta Nafarroako Botere Judizialeko gobernu organoetako kide diren bi pertsona, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak izendatu beharrekoak.

82/2020 Foru Dekretua onetsi ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakariak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txosten juridiko bat igorri du, non iruzkin batzuk egiten baitira botere judizialak organo horretan dituen kideen parte-hartzeari buruz. Iruzkin horiek kontuan harturik, eta parte-hartze hori erraztu nahian, foru dekretu hura aldatzen da, azpimarratuz Nafarroako Justizia Kontseilua kontsulta organo bat dela eta botere judizialaren ordezkari gisa parte hartzen duten pertsonek borondatez parte hartzen dutela bertan. Parte-hartze hori Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin berariaz sinatuko den hitzarmen baten bidez artikulatuko da.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko apirilaren hogeita batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Justizia Kontseilua sortzen duen azaroaren 11ko 82/2020 Foru Dekretua aldatzea.

Nafarroako Justizia Kontseilua sortzen duen azaroaren 11ko 88/2020 Foru Dekretua honela aldatzen da:

Bat. 1. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“1. Nafarroako Justizia Kontseilua sortzen da lankidetza, azterketa, eztabaida, partaidetza eta aholkularitzarako aholku organo gisa, Nafarroako Foru Komunitatean justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea sustatzeko asmoz.”

Bi. 2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

2. artikulua. Osaera.

1. Honako hauek osatuko dute Nafarroako Justizia Kontseilua:

a) Justiziaren arloko eskumena duen kontseilaria, edo berak eskuordetzen duena.

b) Nafarroako Botere Judizialeko kide diren hiru pertsona, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin berariaz sinatuko den hitzarmenean zehazten den bezala izendatuko direnak.

c) Nafarroako fiskal nagusia edo berak eskuordetzen duena.

d) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkaria edo berak eskuordetzen duena.

e) Nafarroako Abokatuen Elkargoen bi ordezkari, haien kideen artean izendatutakoak.

f) Nafarroako Prokuradoreen Elkargoaren ordezkari bat, haren kideen artean izendatutakoa.

g) Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkari bat.

h) Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren ordezkari bat, haren kideen artean izendatutakoa.

i) Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusia edo berak eskuordetzen duena.

j) Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendaria edo berak eskuordetzen duena.

Karguagatik izendatuta ez dauden ordezkarien kasuan, edo izendatutakoek eskuordetzen dituztenen kasuan, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzeko.

2. Justizia arloan eskumena duen kontseilaria Nafarroako Justizia Kontseiluko lehendakaria izanen da.

3. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendaria Nafarroako Justizia Kontseiluko idazkaria izanen da.

4. Artikulu honen 1. apartatuko b), c) eta d) letretan aipatutako karguak betetzen dituzten pertsonek kontseilukide izaera hartuko dute baldin eta Kontseiluko kargu horretaz jabetzea onartzen badute.

Hiru. 6. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“1. Nafarroako Justizia Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketak egitea eta horietan, ahal dela, datuak sexuen arabera bereizirik hartzen ahalegintzea.

b) Nafarroako Justizia Administrazioa hobetzen lagunduko duten jardun proposamenak egitea.

c) Organo eta entitate eskudunetan Kontseiluak egindako proposamenen berri izan dezaten eta, kasua bada, ezar daitezen sustatzea, eta halaxe egitea, halaber, Nafarroako Justizia Administrazioa hobetzen lagun dezakeen beste edozein proposamenekin.”

Lau. Xedapen gehigarri bakarraren 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“2. Nafarroako Justizia Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, nahikoa izanen da lehendakariak, idazkariak eta kideen erdiek hartzea karguaren jabetza”.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2106534