104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

98E/2021 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena «Goñi transformazio zentro berria (Magdalena), 6. poligonoko 1895. lurzatian» proiektua gauzatzeko, Iruñeko udal mugartean. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da sustatzailea.

2020ko urriaren 28an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da egungo aterpez kanpoko transformazio zentroa ordeztea, 13,2 kV-eko “Magdalena-Txantrea” aireko linearen 508. euskarrian eutsitakoa; horren ordez, aterpez kanpoko beste transformazio zentro bat jarri nahi da, trinkoa, postearen pean, armairu motakoa, lurrean jarrita, Iruñeko 6. poligonoko 1895. lurzatian.

Proiektuko instalazioak Iruñeko 6. poligonoko 1895. lurzatiko A azpilurzatian daude, abere ustiategi batean, han hazten dituzten abereek erabiltzen duten zelaigune batean.

Aipatutako 13,2 kV-eko “Magdalena-Txantrea” aireko linea horren bariante bat eginen da zelaigunearen ipar-ekialdean dagoen 507. euskarritik Goñi izeneko Transformazio Zentro (TZ) berrira (Magdalena) (180032800). Bariante horrek aireko baoa izanen du transformazio zentro berritik gertu egonen den airekotik lurpekora igarotzeko euskarri berri (N508) batera arte, eta lurpeko zati labur bat euskarri horretatik Goñi TZ berrira arte. N508 euskarritik eta Goñi TZ berritik gertuko eremua zolatu eginen da.

Gainera, desmuntatuko den transformazio zentroarekin lotuta zeuden behe tentsioko lineak birdefinitu beharko dira. Horretarako, transformazio zentro berritik behe tentsioko lurpeko linea labur bat jarriko da, airekora igarotzeko euskarri berri batera arte, eta hor gaur egungo behe tentsioko lineen bariante txikiak gauzatuko dira.

508 euskarriak 13,2 kV-eko “Magdalena-Txantrea” aireko linearen parte izateari utziko dio, eta Goñi TZ-rekin konektatzen duen eremuko behe tentsioko lineetako bat birjartzeko erabiliko da.

Espedientean Iruñeko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena eman zuen 2021eko martxoaren 15ean, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Espedientean Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena dago, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iruñeko udal mugarteko «Goñi transformazio zentro berria (Magdalena), 6. poligonoko 1895. lurzatian» proiektuari. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da sustatzailea.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Hala dagokionean, jarraian aipatzen diren neurriak hartu beharko dira, 13,2 kV-eko “Magdalena-Txantrea” aireko linearen zati bariantean (507. euskarriaren gurutzeta eta N508 airekotik lurpekora igarotzeko euskarri berria) elektrokutatzeko arriskutik babesteko hegaztiak:
  • Lotura eta konexio zubiak gurutzeten pean jarriko dira, eta isolatu eginen dira, teknikoki egokiak diren materialez eta bitartekoz forratuta.
  • Lotura isolagailuek 1 m-ko isolamendua izanen dute gutxienez, eta esekidurakoek, 0,7 m-ko isolamendua gutxienez.
  • Esekitako gurutzetarik badago, eroaleak isolatuta egon beharko dute euste graparen albo bakoitzean gutxienez metro batez.
  • Elementu tentsiodunak (grapak, konektoreak, terminalak, autobalbulak, etab.) babestu edo isolatu eginen dira (xede horretarako teknikoki egokiak diren grapa estalkiak, karpetak, estalkiak, aurrez forma emandako zorroak eta abar erabiliz).
  • Babeserako, maniobrarako, kontrolerako edo ebaketarako elementuak jartzen badira, alderantziz jarriko dira, gurutzeten pean, euskarriaren burutik distantzia egokira eta elementuak behar bezala isolatuta.
  • Proiektuak sortutako hondakinak haien izaeraren arabera kudeatuko dira, arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin bat.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimenak honako hauek hartzen ditu barnean: TZ berri bat jartzea, lehendik dagoenaren ordez, bai eta bi euskarri berri eta sare elektrikoaren hariteria ere, dagoenaren jarraian (dagoenaren zati bat desmuntatu eginen da).
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
  • Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, ingurune naturalean eragiten ahal diren kalteei eta jarduketa paisaian eta ingurumenean integratzeari dagokienez.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Urpean gelditzeko arriskuari dagokionez, Klima Aldaketaren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da:
  • Eskuragarri dagoen informazioa kontuan hartuta, instalazioaren aldeko txostena ematen dugu, honako baldintza hauekin:
  • a) Instalazioak proposatutako lekuan jasaten ahal dituen kalteak minimizatzeko, transformazio zentroaren elementu elektrikoak eta haizebideak 0,50 m-ko altueraren gainetik altxatzea komeni da, eta kontuan hartu behar da, gainera, ez dela lurzatira sartzeko aukerarik izanen urak eraikineraino iristea eragiten duen zerbait gertatuko balitz. Aireko lineen euskarri berriak balizko uholde bat jasateko kalkulatuta egonen dira; hortaz, ez da beharrezkoa izanen horiek altxatzea.
  • b) Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, 14bis.3 artikulua aplikatuz. Helbide honetan dago adierazpen horren eredua: http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf.
  • Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ez du bere gain hartzen etorkizunean lurzatiaren uholde arriskuagatik sortzen ahal diren kalteen erantzukizunik. Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen lurzatiak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.
  • Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.
  • Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo horren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3.–Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua leheneratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Iruñeko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko 7. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106259