104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

90E/2021 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: Uharte Arakil udal mugartean, Artxueta mendian, Aralarko San Migelen, etxolen eta errepikagailuen artean zuntz optikoa kanalizatzea. Vodafone ONO SAU da sustatzailea.

2020ko uztailaren 7an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da kanalizazio berri bat egitea NA-ARALAR FTTN kokagunea zuntz optikoko konexioz hornitzeko, REEren sarearekin interkonektatuta bi puntutan, gaur egungo zerbitzua hobetze aldera.

Uharte Arakilgo 2. poligonoko 363. lurzatian dauden komunikazio azpiegituren inguruan eginen da proiektua, San Migel tontorrean, Artxueta mendian. 85 m luze izanen den kanalizazio berriak Artxueta mendiaren gainean dagoen etxola eta leku berean dagoen telekomunikazio antena lotuko ditu. Proiektuari jarraikiz, konektatu beharreko instalazioetara sartzeko bide asfaltatuaren hegoaldeko ertzean eginen da kanalizazioa, leku berean lehendik dagoen Telefónicaren kanalizazioarekiko paraleloan. Lubaki txiki bat eginen da, eta 3 kutxatila jarriko.

Jarduketaren eremua Nafarroako Erabilera Publikoko Mendien Katalogoan 489. zenbakiz identifikatutako eta “San Migel” izeneko mendian dago; Uharte Arakilgo Udalaren jabetzakoa da.

Lursail horiek, gainera, “Aralar mendilerroa” Kontserbazio Bereziko Eremuan sartuta daude. Proiektua gauzatuko den ingurunean zenbait habitat interesgarri inbentariatu dira, Natura 2000 Sarearen espazioan lehentasunezkoak direnak; dena den, proiektuak ez die eraginen, proiektuaren eremuan gaur egun dauden instalazioen eta sarbidearen ondoko oso gutxi naturalizatutako lursailetan eginen baita.

2021eko martxoaren 8an, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren Basoak Kudeatzeko Atalak adierazi zuen jarduketa bateragarria dela “San Migel” mendiaren Erabilera Publikoko Mendi izaerarekin, eta zenbait neurri proposatu zituen obrak gauzatzeko eta proiektuaren eremuan dauden instalazioak egokitzeko. Bereziki aipatu behar da Artxueta mendiaren gailurrean dauden azpiegitura/okupazio/zortasun guztiak antolatzea gomendatu zuela, azpiegiturak optimizatzeko, eta eremu hori zer enpresak eta erakundek edo administraziok erabiltzen duten jakin ahal izateko zehatz-mehatz. Gaur egun zenbait enpresak eta administrazio publikok dituzte instalazioak eremu horretan, eta oso zaila da horietako bakoitzaren erabilera baldintza egokiak finkatzea (zortasunak/okupazioak eta abar finkatzeko).

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago, 2020ko azaroaren 13koa, baina zenbait baldintzarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak ere aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin, ez baita espero proiektuak inpaktu nabarmenik izatea ingurune naturalean, ez eta Kontserbazio Bereziko Eremuan edo haren integritatean ere.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: Uharte Arakil udal mugartean, Artxueta mendian, Aralarko San Migelen, etxolen eta errepikagailuen artean zuntz optikoa kanalizatzea. Vodafone ONO SAU da sustatzailea.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Obretan sortutako hondakinak zein bere izaeraren arabera kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduei emanez, gai honetan indarra duen ingurumenaren arloko legeriari jarraikiz.
  • Kanalizazio berria, ahal bada, eremura sartzeko bide asfaltatuaren barruan eginen da, edo haren galtzadaren alboko ertzetik. Hori ezinezkoa balitz, landaredi naturala duten eremuak ez okupatzeko moduan trazatuko da, bide ertzeko harrien artean jarrita.
  • Azkenean bidearen alboko larreak ukitu behar badira, belar zohiak kenduko dira lehenbizi, behar bezala bilduko dira, eta, ukitutako lursailak leheneratzean, gainetik jarriko dira, behin lubakia bete ondoren.

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Baimen honek telekomunikazio zentroak zuntz optiko bidez interkonektatzeko kanalizazio berriaren proiekturako balio du; betiere, aurkeztutako dokumentazioari eta baimen honetan jasotako zehaztapenei jarraikiz egin beharko da. Ez dira baimen honetan sartzen sare elektrikoan lehendik dauden azpiegiturak, ez eta telekomunikazio instalazioak ere; legezkotasun egoeran daudela jotzen da. Baimena eraginkorra izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea. Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (LAHFLTB) 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek hiru metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetatik neurtuta.
  • Espedientean ingurumenaren eta paisaiaren gaineko ukipenei dagozkien gaiak ingurumen arloko tramitazioaren eskumena duen organoak baloratuko ditu, eta jarduketa gauzatzeko, hark ezarritako neurri eta baldintzak bete beharko dira, bai eta aplikagarri den legeria sektorialean ezarritakoak ere.
  • Trazadurak Nafarroako errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian.
  • Herri-lurren Atalak 2020ko urriaren 26an emandako txostenarekin bat, Uharte Arakilgo Udalak okupazio espediente bat izapidetu beharko du, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren onarpena lortu. Horretarako, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo horren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat joko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3.–Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari, Uharte Arakilgo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Sakana Mendialdea 4. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106194