104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 21ean hartua, baimena ematen duena honako eragiketa estatistiko hau 2020ko Urteko Estatistika Programan sartzeko, horren luzapena onarturik: “Iruñeko gazte inkesta 2021”.

Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 26. artikuluak xedatzen du Nafarroako Estatistika Plana baliabide bat dela Nafarroaren interesekoa den estatistika jarduera publikoa sustatzeko, antolatzeko eta planifikatzeko. 2017-2020 aldirako, urriaren 21eko 14/2016 Foru Legeak onetsi zuen plan hori, eta hartan jaso dira aldi horretan egin beharreko estatistika eragiketak. Gaur egun, plan hori luzatua dago hurrengoa indarrean jarri arte, zeina Nafarroako Parlamentuan tramitatzen ari baita foru lege gisa.

Bestalde, 11/1997 Foru Legeak, 27. artikuluan, xedatzen du plana urteko estatistika programen bidez garatuko dela, zeinak Nafarroako Gobernuak onetsi beharko baititu, eta programa horietan eragiketa estatistikoen zerrenda jasoko dela. Eragiketa horietako bakoitzean, banakako fitxa gisa, 27. artikulu horrexetan zehazten diren ezaugarriak bilduko dira.

11/1997 Foru Lege horrek, 28. artikuluan, jasotzen du ezen Nafarroako Gobernuak, hala komeni denean edo presakoa baldin bada, baimena eman dezakeela Estatistika Planean edo Urteko Programan jasotzen ez diren eragiketa estatistikoak egiteko, eta eragiketa horiek ofizialtzat joko direla. Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez formalizatuko da baimen hori, aldez aurretik Nafarroako Estatistika Institutuak aldeko txostena eginda, zeinak jasoko baitu eragiketa horiek bat datozela estatistika plan eta programetan ezarritako helburu eta betebeharrekin, eta Estatistika Kontseiluko kideei komunikatu ondoren.

Nafarroako Estatistika Institutuak eragiketa estatistiko hau sartzearen aldeko txostena eman du, uste baitu egokia dela Gazte Plana prestatzeko informazio beharrari erantzutea, Plangintza estrategikoaren unitateak azaldu duen bezala.

Nafarroako Estatistika Kontseiluko kideei ere horren berri eman zaie, 11/1997 Foru Legeak zehazten duen bezala.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea “Iruñeko Gazte Inkesta 2021” eragiketa estatistikoa sartzea 2020ko Urteko Estatistika Programan, horren luzapena onarturik. Eragiketa horrek 2200441 zenbakia izanen du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Estatistika Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2106535