104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 2021eko ekitaldian zuzen ditzaten, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat. DDBN identifikazioa: 556227.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa egoeran bizi den biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Inguruabar horiek aintzat hartuta, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko.

Nafarroan, 1991. urtean jada arazo horien berri jakin zelarik, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, zeinak arau teknikoak jartzen baitzituen instalazio elektrikoetarako, abifauna babesteko xedez; dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du arau horiek honakoek bete behar dituztela: a) instalazio eraiki berriak; b) dauden instalazioen handitzeak edo aldaketak.

Dirulaguntza honen bidez bete nahi da linea elektrikoei buruzko eta abifauna babesteari buruzko indarreko araudia, linea elektrikoek hegaztien gainean eragiten duen afekzioa prebenitzeko eta minimizatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2021eko ekitaldian zuzen ditzaten, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu-aurrekontuko ‘’Suspertu Plana. Linea elektrikoak zuzentzeko jarduketak abifauna babesteko” izeneko 740003 74300 7700 261700 partidaren kargura.

4. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

LINEA ELEKTRIKOEN TITULARREI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2021EKO EKITALDIAN ZUZEN DITZATEN, ABUZTUAREN 29KO 1432/2008 ERREGE DEKRETUAK EZARTZEN DUENAREKIN BAT

I. ERANSKINA

Xedapen komunak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen helburua da linea elektrikoak zuzentzeko eta indarreko araudira egokitzeko laguntzen araubidea ezartzea, abifaunaren gaineko eragina minimizatze aldera.

Bereziki, tentsio altuko linea elektrikoak eroale biluziekin egokitzeko proiektuak finantzatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean bazeudenak (dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko). Zehatz esateko, hauek: Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean sartutako goi tentsioko aireko linea elektrikoen inbentarioan dauden babeseko eremuan kokatzen direnak, edo, inbentario horretan egon gabe, babes eremuan kokatzen direnak eta ez dutenak betetzen abifauna babesteko araudia.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa egoeran bizi den biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Inguruabar horiek aintzat hartuta, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko.

Beste alde batetik, Nafarroan, 1991. urtean jada arazo horien berri jakin zelarik, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, zeinak arau teknikoak jartzen baitzituen instalazio elektrikoetarako, abifauna babesteko xedez; dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du arau horiek honakoek bete behar dituztela: a) instalazio eraiki berriak; b) dauden instalazioen handitzeak edo aldaketak.

Dirulaguntza honen bidez bete nahi da linea elektrikoei buruzko eta abifauna babesteari buruzko indarreko araudia, linea elektrikoek hegaztien gainean eragiten duen afekzioa prebenitzeko eta minimizatzeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurria hauei zuzentzen zaizkie: lehen aipatutako babes eremuan dauden goi tentsioko linea elektrikoen titularrei (pertsona fisikoak edo juridikoak).

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri horren onuradun izan daitezke aurreko oinarrian deskribatutako pertsonak, baldin eta lineen zuzenketarekin lotutako inbertsioren bat egiten badute, hegaztien elektrokuzioari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko.

2. Aurreko puntuan adierazitako inbertsioak diruz lagungarriak izateko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza-eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

c) Foru Ogasunarekin bere zerga betebeharretan eta/edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako finantzaketa honako baldintza hauek betetzen dituzten linea elektrikoak egokitzeko proiektuak egiteko bakarrik ematen ahal izanen da:

a) Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua indarrean sartzean zeuden eroale biluzien bidezko goi-tentsioko aireko linea elektrikoak zuzentzeko proiektuak eta jarduketak.

b) Proiektuek Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean sartuta dauden goi tentsioko aireko lineen inbentarioan dauden linea elektrikoei buruzkoak izan behar dute (ebazpen horrek zehazten du Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Edo bestela, babes eremuetan egonik ere, Errege Dekretuaren arauak betetzen ez dituztenei buruzkoak.

c) Aintzat hartzen dituzten zuzenketa-jarduketek bete behar dituzte indarrean dagoen araudiak eta 2. eranskinak ezartzen dituzten baldintzak.

d) Jarduketak egin eta ordainduko dira dirulaguntza hau eskatzen denetik 2021eko azaroaren 5era arte.

e) Sorgailuak ez dira diruz lagunduko, zuzenketa egiteko beharrezkoak badira.

f) Gastu diruz lagungarrietan ez da BEZa sartzen.

g) Inbertsioari lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea baino lehen sortutako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Goi tentsioko aireko linea elektrikoen titularrentzako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Proiektu bakoitzerako dirulaguntza izanen da Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren %70ekoa. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarrian adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

3. Azken proiektu edo ekintzarentzat behar beste kreditu ez badago harentzat onartutako aurrekontuaren %70 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

4. Proiektu bakoitzarentzako dirulaguntza ez da inoiz izanen 20.000 euro baino gehiago, ezta 2.000 euro baino gutxiago ere (BEZa kanpo).

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

Katalogatutako espezieen hilkortasun-intzidentziak*¹

7 puntu

Katalogatu gabeko espezieen hilkortasun-intzidentziak*¹

3 puntu

Kontserbazio bereziko eremuetan (KBE) dauden lineak, zeinen kudeaketa planak lineen zuzentzeko neurria sartuta baitauka

12 puntu

Iraungitzeko arriskuan dauden hegaztien berreskurapen planen batek ezartzen dituen eremuetan dauden lineak

12 puntu

Lineak, zeinentzat deialdi hau argitaratu aurretik aurkeztu baita zuzenketa-proiektua Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuan, 1432/2008 Errege Dekretua betez

15 puntu

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean *² elektrokutatzeko 5. arrisku-maila duten lineak

6 puntu

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean *² elektrokutatzeko 4. arrisku-maila duten lineak

4 puntu

Partikularrak

20 puntu

Banatzaile txikiak *³

15 puntu

Ekoizleak

5 puntu

(*¹) Puntuazio guztia emanen da justifikatzen den heriotza kasu bakoitzarengatik.

(*²) 70/2018 Ebazpena, martxoaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zehazten duena Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

(*³) Halakotzat jotzen dira beren sareetan 100.000 bezero baino gutxiago konektatuta dauzkatenak (Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legea).

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, lehenagoko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke 1. kontzeptuaren balorazioa, eta berriro berdinduz gero, 2. kontzeptuarena eta horrela, hurrenez hurren, ordenari jarraikiz, berdinketa hautsi arte. Hala ere proiektuen arteko berdinketa ez bada hausten, diruz lagungarria den kopurua erabilgarri dagoen aurrekontutik hurbilen duena aukeratuko da.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1. Dirulaguntza hartzen duten pertsonek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean.

b) Laguntza egoki eman dela eta inbertsioa zuzen gauzatu dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

c) Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Kutsaduraren aurkako Ingurumen Eraginaren Atalak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo formaren aldaketa guztiak.

e) Proiektuak edo jarduketak 2021eko azaroaren 5a baino lehen gauzatu eta ordaintzeko konpromisoa.

f) Dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaera linea elektrikoaren titularrak sinatu beharko du, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko da.

2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bitartez http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, “Laguntza eskaerari laguntzen dioten inprimakiak” hirugarren eranskinean aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak, 3. eranskineko ereduaren arabera.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu.

d) IFZren kopia.

e) Ebazpen honetako 9. oinarriko “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa.

f) Dirulaguntza honen xedea diren linea elektrikoak zuzentzeko beste finantzaketaren bat lortzen bada, beste finantzaketei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

g) Linea elektrikoa zuzentzeko proiektua, hauek barne dituela: kartografia, zuzendu beharreko euskarrien gaur egungo egoeraren argazkia, aurrekontuak eta epeak. Berme bakoitzean erabili nahi diren elementu-motak zein diren zehaztu beharko da, eta justifikatu homologatuak daudela, gutxienez zuzenduko diren linea elektrikoen tentsiorako. Edonola ere, indarreko araudiak eta 2. eranskinak ezartzen dituzten baldintzak bete beharko dira.

4. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babesturik bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haietan sartzeko.

5. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ingurumen Eraginaren Atalari dagokio; atal hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari atxikita dago.

12. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Ingurumen Jarraipenaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Ingurumen Eraginaren Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

3. Batzordeko kide bakoitzak Biodibertsitatearen Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren adina jarduketa eginen dira eskatutako inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusirik, emateko proposamen-txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari bidaliko dio. Bertan adieraziko da entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak; halaber, zerrenda bat gehituko da, non baldintzak bete arren, aski aurrekonturik izan ez eta deialditik kanpo gelditu direnak agertuko baitira.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Biodibertsitatearen Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2021eko azaroaren 5a izanen da 2021eko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Ondoren aipatzen den dokumentazioa, laguntza jasotzeko beharrezkoa dena, aurkezteko azken eguna 2021eko azaroaren 8a izanen da:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (4. eranskina).

b) Obra amaierako proiektua, non egonen baitira zuzendutako euskarri guztien argazkiak, egindako jarduketa erakutsiko dutenak, eta erabili diren materialak homologatuak daudelako ziurtagiriak, gutxienez jarduketaren xedekoa izan den aireko linearen tentsiorako.

c) Jatorrizko fakturak edo horien kopiak, laguntza eskaeraren ondotik datatuak.

d) Fakturen ordainagiriak, datu hauek agertuko dituztenak, gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

e) Onuradunak jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztu beharko ditu, beharrezko egiaztapenak egiteko eskatuz gero

3. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da. Eskaerak aipatutako dokumentazioa ez badu, instrukzioa egiten duen unitateak interesdunari eskatuko dio bost egun naturaleko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Froga hori aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaren bidez eginen da.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 17. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Emandako laguntza baino gastu handiagoa justifikatzen bada, emakidan esandako kopurua baino ez da ordainduko

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 15. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galduko da.

2. Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, dirulaguntza ordainduko da, onartu den kopuruan, eta, lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, benetan frogatzen den inbertsioaren proportzioan.

3. Onetsitako zenbatekoetan ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik hutsik geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, seigarren xedapenaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunek frogatzen badute ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa istripuz hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

c) Onuradunen eritasun luzea.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, entitate onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Era berean, entitate onuradunak Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi beharko dio dirulaguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin. Bi kasuetarako, 3. eranskinean dagoen dokumentua beteko du.

19. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin.

21. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

23. oinarria.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta berauek aplikatuz diktatutako ekintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Xedapen berariazkoak

Indarrean dagoen araudia bete beharko da uneoro, bai estatukoa, bai autonomikoa. Halaber, baldintza hauek hartuko dira kontuan:

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatu beharko da. Amarratzeko grapa badago, grapa-estalki bidez estali beharko da.

–Isolamendu-distantzia eraginkorra lortzeko, ezin izango dira bastoiak bakarrik erabili, ezta luzagarriak ere amarratze-kateetan.

–Zubiak eta eroaleak isolatzeko, ezinen da silikonazko zintarik erabili.

–Erabilitako materialak gutxienez linearen tentsio nominalerako homologatuta daudela justifikatu beharko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina.–Laguntzako eskaerarekin batera aurkeztu beharreko inprimakiak:

–Laguntza eskatzeko inprimakia. 2020ko kanpaina.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeari buruz.

–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, dirulaguntza honen xedeko proiektuarengatik beste finantzaketa bat lortzen den kasurako.

IV. eranskina.–Laguntzen ordainketa eskaera, abifaunaren hilkortasuna murrizteko linea elektrikoak zuzentzeko inbertsioetarako. 2020ko kanpaina.

III. eranskina eta IV. eranskina dituen dokumentua deskargatu (DOC).

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2105508