104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1302E/2021 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, abenduaren 17ko 4476E/2020 Ebazpenaren 3.1, 14.6 eta 16.5 oinarriak aldatzen dituena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 17an emandako 4476E/2020 Ebazpenaren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2021eko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Deialdia garaiz diseinatu zen, prestakuntza jardueren sei hileko programazio bat aurreikusiz. Zerbitzuaz kanpoko arrazoiengatik, dirulaguntzen banaketa apirilaren 21era arte atzeratuko da, egun horretan ebatzi baitzen deialdia Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 1194/2021 Ebazpenaren bidez.

Laguntzak onesteko prozesuan gertatutako atzerapen horren ondorio zuzena da lehenengo seihilekoko prestakuntza ekintzen hasiera atzeratu behar izatea, eta, hala, ekintza horiek bi hilabete pasatxo iraunen dute, eta ez sei hilabete, hasieran aurreikusi bezala. Uko egiteko epea ere murriztu da, hilabete eskasekoa baita kasu guztietan.

Hortaz, beharrezkoa da deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, prestakuntza ekintza guztiak gauzatzeko antzeko baldintzak ezartzeko asmoz, zein seihilekotan gauzatu asmo diren gorabehera. Era berean, uko egiteko epea luzatuko da, dirulaguntzari uko egitea planteatu baino lehen entitateek denbora gehiago izan dezaten prestakuntza jarduera baloratzeko.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2021eko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea, honela:

–3.1. oinarria aldatzea. Honela geldituko da:

“3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira. Ekintzen programazioa seihilekotan banatu da, orientazio gisa.

Prestakuntza ekintzak dirulaguntza ematen den egunetik aurrera hasten ahalko dira, eta 2022ko uztailaren 1a baino lehen bukatuko dira. Epe horiek berak aplikatuko dira III. eranskinean jasotako erreserbako ekintzen kasuan.”

–14.oinarriko azken bi paragrafoen numerazioa gaizki eman dela ikusirik, 14.6 oinarriaren zenbakia aldatzen da, aurrerantzean 14.5 oinarria izanen baita, eta, horrenbestez, 14.5 oinarria 14.6 izanen da, zeina honela idatzita geldituko baita:

“14.6. Entitateak uko egiten ahalko dio emandako dirulaguntza gauzatzeari, betiere 2021eko abuztuaren 31 baino lehen. Kasu horretan, hurrengo deialdietan baloratzen bada emandako dirulaguntzak noraino gauzatu diren, uko egin ondoren gelditutako dirulaguntza hartuko da erreferentzia gisa.”

–16.5 oinarria aldatzea. Honela geldituko da:

“16.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea, gehienez, hilabetekoa izanen da, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2022ko uztailaren 31 baino lehen.”

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 17ko 4476E/2020 Ebazpenaren 3.1, 14.6 eta 16.5 oinarriak aldatzea, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2106751