104. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

29/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearengatik, eskumen osoa du Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz. Bestalde, aipatu 13/1982 Lege Organikoaren 23. artikuluak Nafarroako Gobernuari ematen dio erregelamendu-funtzioa, eta aipatzen du Nafarroako Gobernuak ematen dituen xedapen orokorrak foru dekretu izanen direla.

Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 13.bis artikuluak arautzen du minbiziak edo bestelako gaixotasun larriak jotako seme edo alaba adingabea zaintzeko lizentzia ordaindua; lizentzia horrek berekin dakar lanaldia erdira murriztea, ordainsaria murriztu gabe, edo, salbuespenez, lanaldiaren % 75era bitarte, seme edo alaba adingabeak luze egon behar badu ospitaleraturik eta, hortaz, zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar badu.

Lizentzia horren antzeko beste bat jasotzen du Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 49 e) artikuluak; bi xedapenetan eskatzen da, besteak beste, adingabea ospitaleratu izana, eta lizentzia eskatzea ospitalizazioan zehar edo adingabea etxera itzuli ondoren, hura zaintzeko.

Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salako 4. sekzioak 641/2020 epaia eman zuen 2020ko ekainaren 3an, eta, kasazio-errekurtsoaren barruan, LPOEren 49 e) artikulua interpretatzean ondorioztatzen du manu hori “aplikagarria dela adingabekoa ospitaleratzea beharrezkoa ez izan arren, zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar duen kasuetan ere, nahiz eta adingabekoa eskolatua egon”.

Kontuan hartuta epai horretan jasotako doktrina, eta helburu izanik horrelako lizentziak eman ahal izatea iraupen luzeko aldez aurreko ospitaleratzerik ez dagoen kasuetan, nahiz eta egiaztatu betetzen direla gainerako betekizunak, bidezkoa da Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 13.bis artikulua aldatzea, haien onuradun izan daitezen langile publikoak, frogatzen baldin badute, batetik, Gizarte Segurantzak dagokion prestazioa emateko oinarri gisa erabiltzen duen sistemaren zerrendan dagoela seme edo alaba adingabearen gaixotasun larria, adingabekoa aurretik ospitaleratua egon zein ez, eta bestetik, gaixotasun horrek berekin dakarrela zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea emateko beharra. Edozein kasutan, arauak ezartzen dituen gainerako betekizunak ere bete beharko dira.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren XI. kapituluan xedatuarekin bat, proiektua negoziazio kolektiboan aztertu da, negoziazio-mahai orokorreko sindikatuen ordezkariekin.

Halaber, kontuan harturik erregelamenduak Nafarroako administrazio publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordeak aztertu du eta horrek aldeko txostena eman dio.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko apirilaren hogeita batean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 13.bis artikulua. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 13.bis artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira. Honela idatziak geldituko dira:

“1. Funtzionarioek eskubidea izanen dute lanaldia erdira murrizteko, ordainsaria murriztu gabe, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme edo alaba adingabea zaintzeko, baldin eta adingabeko hori zuzenean, modu jarraituan eta etengabe zaindu behar bada gaixotasunaren tratamendu jarraituan zehar, kontuan hartu gabe aurretik ospitaleratu behar izan den ala ez. Salbuespenez, lanaldiaren murrizketa handiagoa izan daiteke, %75era bitartekoa gehienez, frogatzen bada hura beharrezkoa dela lizentziaren helburua betetzeko.

2. Lizentzia emanen da semearen edo alabaren ospitaleratzeak irauten duen bitartean eta/edo gaixotasunaren tratamendu jarraituak irauten duen bitartean; gehienez ere, adingabekoak hemezortzi urte bete arte.

3. Adingabekoaren ardura duen osasun zerbitzu publikoko sendagileak deklarazio bat eginda frogatuko da adingabekoa minbiziak edo beste gaixotasun batek jota dagoela, bai eta zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar dituela ere gaixotasunaren ospitaleratze eta/edo tratamendu jarraituak irauten duen bitartean. Adingabekoa onuraduna bada mutualismo administratiboaren araubide berezian, entitate horretako sendagile batek egin beharko dio frogagiria”.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretua garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2106532