101. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

80/2021 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalentzat, 2021. urtean elkartearen funtzionamenduan laguntzeko. DDBN identifikazioa: 556029.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarrizko eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen 27. artikuluak udalei aitortzen die babes zibilaren udal egitura bat sortzeko ahalmena.

2021eko otsailaren 9an lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalen artean suhiltzaile boluntarioen elkarteentzat, babes zibilaren arloan. Horren bidez, larrialdiak kudeatzeko sistema publikoan sartu ziren eta ahalbidetu zen babes zibilaren eta larrialdietako arretaren eremuan mobilizatzea, eta ekintza koordinatu baterako jarraibideak ezarri ziren. Horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartzen du parkeen jardueretarako dirulaguntzak emateko.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.a Suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten Nafarroako udalentzako dirulaguntzen deialdia onestea, 2021. urtean haren funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2.a Guztira 203.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

• 181.000,00 euro, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 054000 02800 4609 134200 partidaren kargura (“Udalentzako dirulaguntzak suhiltzaile boluntarioentzat”), suhiltzaile boluntarioen parkeetako gastu arruntetarako.

• 22.000,00 euro, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 054000 02800 7609 134200 partidaren kargura (“Udalentzako dirulaguntzak suhiltzaile boluntarioentzat”), suhiltzaile boluntarioen parkeetako inbertsioen gastuetarako.

3.a Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.a Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5.a Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Boluntarioen Bulegoari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

2021. URTERAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA SUHILTZAILE BOLUNTARIOEN UDAL ELKARTEA DUTEN NAFARROAKO UDALENTZAT. OINARRIAK

1.a Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2021. urtean suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, alderdiek 2021eko otsailaren 9ko esparru-hitzarmenean adostutakoaren arabera.

Diruz laguntzen den jarduerak onura publiko eta soziala du; izan ere, babes zibilarekin loturiko zerbitzu emate guztiak zerbitzu publiko gisa hartu behar dira, zalantzarik gabe, eta administrazio publikoekin batera jarduteko libreki eta beren borondatez elkartzen diren boluntarioen sustapena ere gisa horretara hartu behar da.

Suhiltzaile boluntarioen elkarteak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira, eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere ematen ahal zaie abisua.

2.a Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2021erako aurrekontuko partiden arabera):

• 181.000,00 euro gastu arruntetarako, 054000 02800 4609 134200 partidaren kargura (“Udalentzako dirulaguntzak –gastu arruntak– suhiltzaile boluntarioentzat”).

• 22.000,00 euro inbertsioetarako, 054000 02800 7609 134200 partidaren kargura (“Udalentzako dirulaguntzak –inbertsioak– suhiltzaile boluntarioentzat”).

3.a Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat duten eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4.a Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Alkateak edo tokiko korporazioko idazkari lanetan ari denak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, orrialde honetatik abiatuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari zuzenduta aurkeztuko dira, Boluntarioen Bulegoari hain zuzen.

Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua egin eta hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Interesdunen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.a Gastu diruz lagungarria.

Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamendurako eta haien parke, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar diren gastuak izanen dira lagungarriak, eta zehazki:

–Funtzionamenduko gastu arruntak:

• Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteko pertsonen eta ibilgailuen aseguruak.

• Ibilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.

• Langileen ekipamendua.

• Suteen aurkako ordezko material xehea.

• Ura eta hondakinak, argindarra, gasa.

• Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.

• Material xehea, osasun arloko materiala.

• Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.

• Beste ekipamendu batzuen eta instalazioen konponketa.

• Eraikinen konponketa.

• Bulegoko material suntsigarria.

• Esku-hartzeetarako material suntsigarria: apar-hautsa, sepiolita, koipegabetzailea, eta abar.

• Boluntarioen prestakuntza.

• Maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.

• Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (modalitate guztietan).

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:

• Parkeko eraikinetako obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar badute.

• Material inbentariagarria erostea larrialdietarako eta suhiltzaile boluntarioen elkartearen funtzionamendurako.

• Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.

Dirulaguntzaren xedetik kanpo daude gastu hauek berariaz:

–Parkeko beharrei ez dagozkienak.

–Zehaztugabeko gastuak.

–Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.

6.a Balorazio irizpideak.

Eskaerak baloratzeko, aurrekontu zenbatetsiak aurkeztu beharko dira, honela banatuta:

1) Ohiko gastu arruntak:

–Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.

–Ibilgailuen azterketa teknikoko gastuak eta ibilgailuen zergak.

–Anoa-hornidurako gastuak praktiketan, maniobretan eta esku-hartzeetan, eta prestakuntza gastuak.

–Erregai gastuak eta ibilgailuen mantentze-lanen gastuak.

–Ohikoak diren beste gastu arrunt batzuk, esku-hartzeetarako berariazkoak.

–Ohikoak diren beste gastu arrunt batzuk, berariazkoak ez direnak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, bulegoko materiala, eta abar).

2) Gastu arruntak, ohiz kanpokoak:

–Larrialdietako eta suhiltzaileen ibilgailuak gidatzeko berariazko baimenak lortzea.

–Jantziak, ekipamendu pertsonala eta berariazko materiala esku-hartzeetarako.

–Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (bere modalitate guztietan).

–Ohikoak ez diren beste gastu arrunt batzuk.

3) Inbertsioak:

–Eraikinetako obrak.

–Suhiltzaile boluntarioen elkartearen segurtasunerako eta funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren elementu inbentariagarriak erostea.

–Ibilgailuak, motorrak, motoponpak eta bestelako ekipamendu inbentariagarriak erostea, larrialdietan esku hartzeko.

–Beste inbertsio batzuk.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta honako ordena honetan (partidetako zenbatekoak zer ordenatan emanen diren zehazten du, eta haietan zer gelditzen den, horren banaketa ere bai):

–Pertsona eta ibilgailuen istripu aseguruak: % 100eko dirulaguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako boluntarioen segurtasunerako, baldin eta aurreko urtean justifikatutako zenbatekoen % 10 gainditzen ez bada, non ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik.

–Ohiz kanpoko gastu arruntak: eskatutakoen artean, % 100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, parkearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.

–Ohikoak diren gainerako gastu arruntak (aseguruak izan ezik) eta ohiz kanpoko gainerako gastu arruntak (% 100eko dirulaguntza dutenak izan ezik): gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako aurrekontuen proportzioan.

–Inbertsioak: eskaerei % 100eko dirulaguntza emanen zaie, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat parkearen funtzionamendu edo ekintzarako.

–Eskatzen diren gainerako inbertsioen kasuan, inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza. Suhiltzaile boluntarioen elkartearen jarduerarako lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioen kasuan, osorik diruz lagunduko dira. Gainerako erosketen kasuan, aurkezten eta arrazoitzen diren eskaeren proportzioan diruz lagunduko dira.

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, erosketa edo obra eskaera bakoitza egoki argudiatu, frogatu eta azaldu behar da.

7.a Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeburua: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa udal bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik % 100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontuarekin alderatuta desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da beti, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.

8.a Dirulaguntzak emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira laguntzak, eta hartan jasoko dira dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Laguntzak banatzen dituen ebazpena jakinaraziko da Nafarroako Atariko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuz, tramiteen katalogoan dagokion fitxan.

9.a Onuradunek bete beharrekoak.

I.–Dirulaguntza jasotzen duten udalek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honetan zehaztutako xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste ezertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

II.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, Udalak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera, izenpetutako lankidetzako esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–2021eko urriaren 31 baino lehen egitea eraikinetako obrak edo erosketak.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasun horiek, haien balio-bizitza osoan erabili ere, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduan –abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia– adierazitako gehieneko amortizazio-epeen taula ofizialen arabera. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, nolanahi ere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.

–Gidabaimen berezia ateratzeko dirulaguntza hartzen duen boluntarioari eskatzea sina dezala konpromiso bat udalarekin, hitz emateko elkartearen jardueretan jarraitu eta parte hartuko duela 4 urtez gutxienez.

Oinarri hauetan berariaz jasotakoez gain, udalaren betebeharrak izanen dira, orobat, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

10.a Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzak badu aldi bat: ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik, 2020ko azken bi hilabeteetako gastuak onartzen dira, aurreko dirulaguntzarik jaso ez badute.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2021eko azaroaren 8an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a) Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Azaldu beharko dira egin diren jarduerak, zerbitzuarekin lotura zuzena dutenak, prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak, gastu arruntetan ez daudenak, hala nola aparteko konponketak, gidabaimen bereziak lortzea etab.

b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo adierazpena, idazkariak/kontu-hartzaileak sinatua eta alkateak ontzat emana, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

c) Fakturak, egindako ordainketen frogagiriekin batera. Aurreko b) puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira.

Udal idazkariak, fede-emaile publikoa den aldetik, ahalmena izanen du fakturen eta ordainketen frogagirien ordez idazkariaren ziurtagiri bat aurkezteko, toki entitateko alkate udalburuak ontzat emana, b) puntuko fakturen zerrendekin batera, fede emanez egiaztatu duela zerrendetan aipatzen diren datu guztiak egiazkoak direla. Datu hauek azaldu beharko dira, gutxienez, kontabilitateko dokumentu bakoitzeko:

–Hornitzailea.

–Fakturaren edo ordainagiriaren zenbakia.

–Zenbatekoa.

–Ordainketaren data.

–Kontzeptua. Behar bezain zehatza eta osoa izan beharko du, gastua diruz lagungarria izan daitekeen egiaztatu ahal izateko.

Aipaturiko ordena eta blokeak mantendu beharko dituzte zerrendek, baita batuketa partzialak ere, eta Excel formatuan aurkeztuko dira.

Kudeaketa unitateak agertzen duen edozein zalantza argitu eta zehazteko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko du idazkariak.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskinaren arabera.

e) Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko dirulaguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.

Frogatzea eta horren ondoriozko ordainketak zatika egin daitezke, justifikazio partzialak eginez fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendak eta deskribapen taulak erantsita, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatu beharreko aldi edo jarduerari dagokienez. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta baldintza honetan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko dira.

Erosketak eta obrak urriaren 31 baino lehen bukatu behar dira; horrela, azken ordainketari begira, frogagiriak urtea bukatu baino lehen aurkeztu eta ordaintzen ahalko dira.

Kontura ordaintzen ahalko dira ezarritako epearen barnean egindako ohiko gastu arruntak, ordaindu eta justifikatu gabeak. Gastu horiek likidatzen diren unean justifikatu beharko dira eta, betiere, 2021eko ekitaldian. Justifikazio hori betetzen ez bada edo behar bezala justifikatzen ez bada, konturako ordainketa gisa jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean.

Ibilgailuen berariazko gastuak eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuak aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak frogatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, frogatu beharko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) dirulaguntzaren xedeko parkekoak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren eta haren zerbitzuen gastuak biltzen dituzten fakturak izanez gero, boluntarioen unitate bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztuko da.

11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, obra bat gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarrian. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Eskatutako kontzeptuetan aparteko aldaketak egin nahi badira urtean zehar, udalak arrazoizko idazki bat aurkeztuko du behar dena aldatu edo gehitzeko, eta unitate kudeatzailearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa hori onartzea ala ez.

11.a Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, eta kasuan kasuko berandutze-interesa eskatuko da.

12.a Finantzaketaren publizitatea.

Egiten diren publizitate eta iragarki guztietan aipatu beharko da elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela.

Jardueran erabiltzen diren ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia erakutsiko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13.a Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14.a Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15.a Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Aurrekontua.

III. eranskina.–Kideen zerrenda.

IV. eranskina.–Ibilgailuen eta beste ekipamendu eta baliabide batzuen zerrenda.

V. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuk jaso izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu I. eranskinetik V.era bitartekoak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105794