1. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abenduaren 22an hartua, “Berriozarren, Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakian dagoen etxebizitzen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Plana Berriozarko Udalak sustatu du.

Berriozarko Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakiko etxebizitzen eraikineko jabeen erkidegoak eskaturik, Berriozarko Udalaren Gobernu Batzarrak 2018ko ekainaren 6an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen “Berriozarren, Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakian dagoen etxebizitzen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik eraikinean igogailu bat instalatzea. Erabaki hori 2018ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 2koan.

Berriozarko Udalak 2019ko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, beti betiko onetsi zen “Berriozarren, Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, eta, hala, beharrezkoak diren argitalpenak egin ziren egunkarietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2019ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa).

Alkateak 2020ko martxoaren 4an emandako 20200176 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, “Berriozarren, Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari” jarraikiz, eta beharrezkoak diren argitalpenak egin ziren egunkarietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2020ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 27koa, eta 2020ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 6koa, ).

Berriozarko Udalak 2020ko irailaren 9ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatu plan bereziak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren (2020ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa).

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidegoen onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegietarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, presako okupazioak arrazoitu behar dira, prozedura hori salbuespenezkoa baita. Horregatik, Berriozarko Udalak aurkeztu ditu ukitutako atarian bizi diren pertsonei buruzko dokumentazioa eta txosten medikoak zein sozialak, non justifikatzen baita presakoa dela desjabetuko diren ondasunak okupatzea.

Era berean, espedientean bada Udaleko Idazkaritzaren idazki bat, non ondorioztatzen baita ezen, espedienteko dokumentazioaren arabera, frogatuta dagoela erabil daitekeela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko beharrezkoa den kreditua.

Horrenbestez, Berriozarko Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua ordaintzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortutako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. “Berriozarren, Gipuzkoako etorbideko 50. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Plana Berriozarko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Berriozarko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko abenduaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2015943